SOS Iruña-Veleiak prentsaurrekoa emango du ostegun honetan, auziaren aro berria hizpide hartuta

Gauza jakina denez, joan den astean Arabako Herrialde Audientziak argi berdea eman zion Iruña-Veleiako kasuan auzipetuak dauden pertsonen aurkako epaiketari. Heltzear dagoen epaiketa dela eta, SOS Iruña-Veleiak autoaren eta honaino ekarri gaituzten gertakizunen analisia egingo du.

Eguna eta ordua: urtarrilak 18, osteguna, 11:00

Lekua: Aldabe Gizartetxea

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Artxibatzea eskatzen zuen helegiteari uko eginda, Eliseo Gil eta Oskar Eskribano epaitzeko bidea zabaldu du Arabako Audientziak

 Zortzi urteko instrukzio fasearen ondoren, azkenik joan den maiatzean ezagutu genuen Susana Junquera Bajo epailearen autoa. Haren arabera, ahozko epaiketa egin behar zen, horretarako nahikoa zantzu dagoela iritzita. Eliseo Gilen abokatuak errekurritu egin zuen, hainbat arrazoi emanez, eta auzia artxibatzea eskatu zuen.

Atzo ezagutu genuen Arabako Audientziaren erabakia. Honek ontzat ematen du, oro har, (berotasun handirik gabe, egia esanda) instrukzio epailearen ebazpena, eta iruzur larriaren akusazioa baztertzen duen arren,  bide ematen dio Lurmeneko arkeologoen epaiketari.

Notizia: Berria, Gara, Noticias, Correo. Euskeraren Jatorriaren balorazioa

Ezin esan harrituta gaudenik, ezagutzen baitugu hemengo justizia. Datorren astean adierazpen publikoa egingo du SOS Iruña-Veleiak eta izango dugu astia autoa eta horrek sortu duen egoera analizatzeko. Dena dela, gogoeta xume batzuk:

1) Nola akusa daiteke inor faltsutsailetzat frogatu gabe baldin badago faltsuketa egon dela? Auzi hau aurreiritzirik gabe, arretaz eta denbora eskainiz aztertu dugun ia guztiok ondorio honetara heldu gara: grafito hauek ezin dira faltsuak izan, hau da, benetakoak izateko txartel guztiak dituzte. Hogei txosten baino gehiago idatzi dira ildo horretan.

2) Une honetan, arkeometria laborategi espezializatuek soilik erabaki dezakete auzia. Hilabetean eta diru gehiegi xahutu gabe egin daitekeen gauza. Badira horrelako etxeak Europan: Britania Handian, Beljikan, Suedian… Behin eta berriz eskatu zaie hau Aldundiari eta Epaitegiari, baina ez dute nahi izan. Aitzitik, Madrilgo Kultura Ministerioko laborategira bidali zituzten (IPCE), eta handik etorritako txostena TXAPUZA ITZELA da, ikuspegi tekniko-zientifikotik defenda ezina. Funtzionario batek goikoek agindutakoa egin zuen, eta kito. Gainera, ez zituzten hezurrean (40 bat daude) eta adreilu egosi gabean (25) egindakoak aztertu, errazenak datatzen; benetakotasuna froga zezaketelako, ez dugu zalantzarik.

3) Nolanahi ere, epaitegiek ezin dute erabaki piezak benetakoak diren ala ez, auzi zientifikoa da hori. Epaitegiek frogatu beharko dute Eliseo Gil eta Oskar Eskribano faltsutzaileak direla. Eta zer “froga” dute euren kontra? Aurkitu al dute grafitoak egiten zituzten tailerra? Tresneria? Lekua? Paperik, gutunik, mezu elektronikorik, telefono-deirik… Zerbait? EZERREZ. Irakurrita daukagu 700 orrialdeko polizia-txostena, eta EZER ERE EZ!

4) Orain Aldundiak eta Fiskaltzak akusazioa formulatu behar dute. Frogak “asmatu”, kartzela-zigorrak eta diru-isunak zehaztu, eta abar. Fiskaltzak ez du ahorik zabaldu orain arte eta ez dakigu zer egingo duen. Arabako Aldundiak barrua, larrua izango al du bederatzi urtez akusatuen aulkian eduki duten Eliseo Gil errukarriaren aurka kartzela-urteak eta ehunka mila euroko diru-zigorrak eskatzeko?, jakinda edo behintzat susmatuta errugabea izan daitekeela? Ez nuke Aldundiko buruzagien larruan egon nahi. Gainera gauza hauek lehenxeago edo geroxeago argitu egiten dira eta oraintxe pentsatu beharko lukete historiak nolako hizkiz idatz ditzakeen beren izenak.

5) Euskal Herriko Unibertsitatea da demasia honen autore intelektuala. Honetaz lehenago ere asko idatzi dugu eta gero ere idatzi beharko dugu; utz dezagun, beraz, honetan. Dena dela, ez nuke horko zenbaiten larruan egon nahi.

Kategoriak Sailkatugabeak | 6 iruzkin

Elkarretaratzea gaur asteartea, 12:30, Justizia Jauregiaren aurrean

Gaur, urtarrilak 9, 12:30, elkarretaratzea egingo da Justizia Jauregiaren aurrean, BESTE BEHIN ERE. Motiboa ezagutzen duzue blog honen irakurleek.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Euskeraren Jatorriaren ‘Jatorriberri 58′ argitaratu da

Argitaratu da Euskeraren Jatorria Elkartearen Jatorriberri aldizkari digitalaren 58. zka., azaro-abendukoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Aurten ere inuzentekeria astun bat gogoan

2007ko abenduaren 28a, Inuzente Eguna.  Artean ia urtebete falta da auzia lehertzeko. Gyps ezizenaren azpian mozorrotzen denak idatzi txit graziosoa argitaratu du celtiberia.net blogean. EHUko irakasle Ricardo Gomezek egun berean eman du horren berri bere Filoblogia blogean.

Esan genuen urtero gogoratuko genuela zatarkeria handi hau gaurko egunez, egileak kaltetuei barkazioa eskatu arte, bederen. Hemen aurki daitezke testua eta kontestua, eta aipatzen diren pertsonaiei buruzko argibideak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Erreportaje luzea Sardiniako liburuaz ‘La Nuova Sardegna’ egunkarian

Sassarin egoitza duen La Nuova Sardegna islako bigarren egunkari irakurriena da. Abenduaren 21eko Kultura orrialdeetan Euskararen aztarnak Sardinian? liburuaz erreportaje zabala ekarri du Paolo Curreli kazetariaren eskutik. Bertan Paolo Francalacci genetistaren iritziak ere badatoz, liburuaren jorratzen den hipotesiarekin sintonian daudenak. Francalacci Sassariko Unibertsitateko genetika laboratorioaren burua da.

Ikusten da gai hauek Sardinian harrera hobea dutela gurean baino. Argitaratu zela zazpi hilabete igaro diren arren, ez da paperean ezer argitaratu gaiaz, aurkezpenekoaz at. Gainera, gure telebista publikoaren programazio arduradunen baten aldetik jasotako betoaren berri ere izan dugu. Egunen baten emango ditugu xehetasunak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

Emilio Illarregui arkeologoaren hitzaldia ostegun honetan Gasteizen

Lehengoan iragarri genuen bezala, Emilio Illarregui arkeologoak Qué nos cuentan las monedas celtíberas y romanas en Euskalerria izeneko hitzaldia emango du ostegunean, 18:00, Gasteizko alde zaharreko Landatxo Kulturetxean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Elkarretaratzea bihar asteartea, 12:30, Justizia Jauregiaren aurrean

Hilabeteak eta hilabeteak pasatzen dira (zazpi dagoeneko) eta Arabako Audientziak ez du erabakirik hartzen. Etsigarria, negargarria, salagarria. Noiz arte? Asteartean, eguerdiko hamabi eta erdietan elkarrataratzea beste behin ere Justizia Jauaregiaren aurrean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

‘Tierras, gentes y voces. El legado del euskera riojano’, Eduardo Aznar Martinezen liburu berria

Oraindik hedabideen aurrean aurkeztu ez bada ere, liburu-dendetan salgai dago Fiteroko seme Eduardo  Aznar Martinezen  Tierras, gentes y voces. El legado del euskera riojano (Pamiela). Egile beraren El euskera en la Rioja (Pamiela 2011) obraren jarraipena dela esan daiteke. Lan hartan  Errioxa-Soriako epigrafia erromatarrean aurkitzen diren euskal hitzak aztertzen zituen, batik bat. Honetan, zenbait epigrafe, txanponetako idazkun eta abar jorratu ondoren, Errioxa zabaleko (Elkarte autonomoa gehi ingurua: Araba, Burgos, Soria, Tarazona, Nafarroa) euskal toponimia aztertzen du, sakon, izen bakoitzaren etimologia aurkitzen saiatuz, toponimia historikoari garrantzi handia emanez. Mila leku-izenetik gora. Antroponimia (pertsona izenak eta ezizenak) eta Errioxako gazteleran aurkitu dituen euskal hitzak ere jasotzen eta aztertzen ditu. Azken eranskinak Sufijos aquitanos y textos ibéricos. Una interpretación du izenburua.

Ia 600 orriko azterketa bikaina, euskeraren historiaz arduratzen den orok irakurri beharko lukeena, gure ustez. Zer esanik ez “profesionalek”, filologoek, hizkuntzalaritza historikoa erakusgai dutenek batez ere.

Berrian egindako elkarrizketa

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Emilio Illarregui arkeologoaren hitzaldia Gasteizen abenduaren 21ean

Emilio Illarregi Segoviako IE University unibertsitateko irakaslea da. Egun, Tiermes-eko (Soria) hiri zeltiberiar-erromatarreko indusketen zuzendaria ere bai. Iruña-Veleiako auzian txosten bat egin du, Lurmenek aztarnategian egindako lana ontzat ematen duena. Los celtas en la Hispania romana izeneko haren hitzaldia ikus daiteke Interneten.

Abenduak 21, 18:00, Landatxo Kulturetxean (Alde zaharreko goialdean)

 

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina