“Iruña-Veleia”, Jon Odriozola Garan

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

“Altsasu eta La Manada Iruña-Veleian”, Koldo Urrutia-Euskeraren Jatorriaren artikulua Berrian

Abenduaren 3ko Berrian argitaratu zen.

Altsasu eta La Manada Iruña-Veleian

Bitxia da nola gertaera batzuek egoera baten argazkirik garbiena eta onena emateko gaitasuna eduki dezaketen. Adibidez, Altsasukoak erakutsi digu estatuek belaunaldi bakoitzari nola erakusten dioten nork agintzen duen. Kasu honetan Espainiak, oraingo gazteei, gatazkaren une adierazgarrienak bizi ez zituztenei, zer den eta zer egiteko prest dagoen ezin hobeto erakutsi die. 

Altsasuko ika-mikan egon zirenen bideoa ikusita dena muntaia hutsa dela argi dago, guardia zibilaren alkondara zapaldu barik dago, odol arrastorik ez du, ez ditu gero akusatu zituen pertsonak ezagutzen, baina berdin dio. Helburua bete dute: gazteengan beldurra sartzea, guardia zibilarekiko izua zabaltzea, haietako batek gazte baten bizitza izorra dezakeela jakinaraztea. 

Altsasu, Estatua noraino joateko prest dagoen eta errugabeak zein erraz zigortu ditzakeen ereduetako bat bihurtu zaigu.

Iruña-Veleian gauza bera gertatu da, baina bertsio autonomikoan. Ezin hobeto erakutsi digu Estatua eta haien hemengo laguntzaileak noraino joateko prest dauden. Dena muntaia hutsa da. Gaur egun zientziak hiru bide dauzka gai arkeologiko bat argitzeko: grafitoen datazioak Europako ohiko laborategietan egitea (idatzitako zeramika eta adreilu pilo bat datatu daitezke), kata publikoak egitea (beste arkeologo talde batek denon aurrean indusketak egitea) edota auditoria bat egitea, lan arkeologikoak enpresen kontabilitatea bezala, erraz auditatzen direlako Harris Matrixen metodoa jarraitu badute. Noski, ez dute hauetako bat ere egin nahi izan baina bi errugabe, Eliseo Gilek eta Oskar Eskribanok, 7 urteko kartzela eta 300.000 euroko isunaren eskaerak dituzte eta laster epaituko dituzte, Altsasuko gazteen antzera. 

Hemen ez da Guardia Zibila akusatzailea, Arabako Foru Aldundia, Arabako Fiskaltza eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila baizik, EHUko Letren Fakultatearen ezinbesteko laguntzarekin. Laurak ausartu dira egon ziren 10 arkeologo kanporatzera, indusketari prestigio osoa kentzera eta, batez ere, Eliseo eta Oskar epaitzera. Eta dena froga zientifikorik gabe egin dute, Eliseok berak eskatu zituen datazioei eta katei uko egin zietelako eta, haien bertsio ofiziala nagusitu dadin, hedabideak estuki kontrolatu dituztelako, erderazkoetan zentsura osoa ezarriz eta euskerazkoetan zalantzak edo txisteak zabalduz, gaia argitzeko dauden bide zientifikoak estaltzeko.

Altsasukoaren arrazoia kolonizatzaileekiko izua zabaltzea den bitartean, hemengo aferaren atzean dauden arrazoi nagusia, jakin nahi duenarentzat, azken 25 urteotan eta batez ere ETA desagertu ondoren, Estatua eta hemengo laguntzaileak egiten ari diren historiaren berridazketa zalantzan jarri izana izan da. Eta ez soilik historiaren berridazketa, baita euskeraren, emakumearen, genetikaren, mitologiaren eta hainbat  esparruren berridazketa ere, non betidanik izan ditugun ikuspegi eta sinismenak aldarazi nahi dizkiguten.

Historiari dagokionez, berridazketa hau ezin hobeto ikusten da EITBren Baskoniako beste historia bat dokumental askotan. Bertan esaten da erromatarrak etorri arte euskaldunok itsasoari bizkar ematen bizi ginela, ia ezkurrak soilik jaten genituela, ia gerrarik gabe lurralde hau kontrolatu zutela, etab. Ondorio argia erakutsi nahi digute: okupatzaileei esker “aurrera” egin genuela nahiz eta gure burujabetasuna galdu, herritar erdia esklabu bihurtu, emakumeak prostituitu, zergak ordaindu eta Euskal Herriak lurralde erdia baino gehiago galdu. Erromatarrekin aurreratu? Eta, batez ere, gure buruetatik errotik kendu nahi digute ideia hau: erromatarrek ez gintuztela erabat garaitu.

Euskerari dagokionez hizkuntza zapaltzailea izan dela dioskute, lehen hemen zeltaz hitz egiten zelako, eta ondorioz  latina (eta orain gaztelera) ez direla hizkuntza zapaltzaileak izan… eta horrelako “ideia” xelebreak zabaltzen ari dira. Genero kontuei dagokienez hemen beti patriarkatua egon dela herri inperialistetan bezala, etab. 

Euskeraren Jatorrian hasieratik gai honen jarraipen zorrotza egin genuen eta datazioen alde egin genuen, gure lehenengo bi biltzarretan parte hartu zuten eta Unibertsitateak erabat debekatuta dituen J. Naberan, B. Kapanaga, F. Zubiaga, I. Mujika, J.Segurola… moduko ikerleek gai batean bat zetozelako: gure hizkuntza egonkorra izan da eta ondokoena baino nabarmen gutxiago aldatu da. Eta, zorionez, Iruña-Veleiak gauza asko frogatu digu: hemengo hizkuntza euskera zela eta ez zelta, euskera hizkuntza egonkorra dela, erromatarrak hiltzaile hutsak zirela (grafito hunkigarri baten testua: “nire ama Roman hilda cistiana”), eta beste kontu asko.

Eta izenburuan esan dugun bezala, La Manada ere Iruña-Veleian dagoela esan behar dugu inpunitatearen erakusgarria bihurtu zaigulako. Iruña-Veleia ere bost aldiz bortxatu dute eta errudunei ez zaie ezer gertatu, momentuz. Lehenengo bortxaketan EHUko Arkeologia Sailak bi hondeamakina sartu eta aste batean eremu oso bat suntsitu zuen 2010ean: hormak, zoruak, gaineko guztia… Bigarren bortxaketa 2016an izan zen eta euskal hitz eta giristino gai gehien agertu ziren etxea suntsitu zuten. Felix Zubiagak dioen moduan “gure lehenengo ikastola” izan zen birrindu omen zutena. Hirugarrena berriki izan da, 2018an, beste hondeamakina batek I-II. mendeko bide bat di-da batean erabat desegin duelako, oraingoan Jaurlaritzaren Kultura Sailak ordainduta. 

Laugarren bortxaketa fisikoa baino jazarpena izan da, bullinga, Iruña-Veleiaren ohorea zikindu dutelako, Eliseoren aurka zaborra bota dutelako, argudiorik ezean. Eta bosgarren bortxaketa are sotilagoa da, euskeran, historian, zientzian, politikan eta hainbat arlotan ardurak dituztenek (arkeologoek, historialariek, euskal kulturako eragile gehiegik, unibertsitateek, alderdi politikoek, Euskaltzaindiak, Arantzadik, Eusko Ikaskuntzak, Kontseiluak…) gai honetan izan duten isilkeria. Izan ere, ez dago gauza tristeagorik bidegabekeria baten aurrean laguntza ukatzea eta ezikusiarena egitea baino. Azaroaren 19an 10 urte bete dituen afera honek herri honen aktore guztiak biluztu ditu, kotoi froga ezin hobea bihurtuta.

Baina zorionez, pertsona adierazgarri batzuk bustitzen hasi dira (baita isilik dirauten erakundeen barruan ere) eta benetan bihotz-bihotzez eskertu behar diegu gaia argitzearen alde jartzea. Orain da momentua denok bidegabekeriari hortzak erakusteko eta gaia zientifikoki argitu dadin gure laguntasuna eskaintzeko. Mesedez, izenpetu Iruña-Veleia argitzeko Manifestua eta parte hartu deituko diren ekintzetan.

Eta Dantek idatzi eta Martin Luther Kingek berretsi zuen moduan, hemen ere,  “Infernuko leku beroenak krisi moral handiko garaietan haien neutraltasunean jarraitu dutenentzat gordeta daude”.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Hitzaldia Laguardian abenduaren 19an

Bestalde, ikusgai dago Abadiñon Andoni Egaña eta Arkaitz Estiballesekin egin zen bertso-afariko bideoa. Milesker Nestor ‘Iputztar’.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Iruña-Veleiak presentzia handia Durangoko Azokan

Aurtengo Durangoko Azokan oso agerian geratu da Iruña-Veleiako auzia. I-V Argituk mahaia jarri du kanpoan egun gehienetan informazioa eskaini, liburuak saldu eta abar egiteko. Ostegunean azoka barrutik bueltatxo bat ere egin genuen bi pankarta handirekin. Eta liburu mordoa saldu da gure mahaian zein Pamielaren standean. Pankartak ere jarri dira kalean.

   

                              

                                               

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Grafito guztien transkrizioa eta argazkia klik batez blog honetan

Aspalditxotik genuen lana eginda baina orain arte ez dugu Internetera igo. Orrialde honetan goian eskumatan Grafito guztiak jartzen duen lekua klik egin eta grafito guztien transkrizioak agertuko zaizkigu pdf batean, eta beste klik batez argazkietara helduko gara.

Jaitsi ere egin daiteke pdf-a. Gaian sakondu nahi duenak ezinbestekoa du nire ustez transkrizioak eta argazkiak ezagutzea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

10 urteko bidegabekeria salatzen Arabako Epaitegiaren aurrean

2015eko urtarriletik daramagu bidegabekeria salatzen Arabako Aldundiaren eta Epaitegiaren aurrean. Azpiko argazkia gaur goizekoa da.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

“Qué está pasando con Iruña-Veleia?” (Pamiela) Durangoko Azokan salgai

Prezioa: 9,90. 

PRENTSA-OHARRA

Jende askok bere buruari egiten dion galdera: baina zer ari da gertatzen Iruña-Veleian? Hamabi urte igaro dira “ezohiko aurkikuntzak” egin zirela eta oraindik ez dakigu benetakoak ala faltsuak diren. Badakiguna da balizko iruzurgileak Damoklesen ezpatapean jarraitzen dutela sekula heltzen ez den epaiketaren zain, eta  urte askoko kartzela-zigorra eskatzen zaiela.

Liburu honetan galderari erantzuten saiatzen da egilea, lehenik gertakizunen  kronika zehatza eginez, eztabaidarekin zerikusia duen ezer  alde batera utzi gabe: euskal unibertsitatearen interesak, filologo batzuen jokaera erabakigarria antzinako euskarari buruzko zenbait teoria zalantzan jartzen delako, euskalduntze berantiarraren auzia, Vatikanoaren ustezko parte-hartzea, Cerdán kasua, euskal politikoen sineskortasuna eta ezjakintasuna, etab.

Aurkikuntzen deskripzioak eta interpretazioak ere leku handia hartzen du, benetakotasunaren aldeko eta aurkako argudioek bezalaxe. Eta jakina, analitiken eta datazioen gaiak; izan ere, zerbaitetan adostasuna badago, honetan da: Arkeometrian berezitutako laborategi batek oso denbora gutxian erabakiko lukeela auzia.

Iruña-Veleiako aurkikuntzen garrantziaz ere hitz egiten da: euskararen historia eta filologia, latinetik erromantzerako pausoak, erlijio kristauaren zabalkundea, etab.  Aztarnategi ikusgarria da, laino beltzek ilundua dutena; etorkizun oparoko lekua, erdi abandonatua dagoena.

Azken batean, kontzientziak astindu eta auziaren argitzea bizkortu nahi duen liburua da, lehen eskuko informazioa eta dokumentazioa eskainiz, horietako asko argitara gabea.

***

Mucha gente se hace la pregunta: ¿Pero qué está pasando con Iruña-Veleia? Han pasado más de 12 años desde que se produjeran los “hallazgos excepcionales” y todavía no sabemos si son verdaderos o falsos. Lo que sabemos es que  los supuestos falsificadores siguen bajo la espada de Damocles en espera de un juicio que no llega, con peticiones de muchos años de cárcel.

En este libro el autor trata de responder a la pregunta, haciendo primeramente una crónica detallada de los acontecimientos, sin dejar de lado ninguna de las cuestiones que afectan a la polémica: intereses de la universidad vasca, la decisiva actuación de algunos filólogos que ven cuestionadas algunas teorías sobre el euskera antiguo, el asunto de la euskaldunización tardía, la posible intervención del Vaticano, el caso Cerdán, la ingenuidad e ignorancia de los políticos vascos, etc.

La descripción e interpretación de los hallazgos ocupa también un lugar central, así como los argumentos a favor y en contra de la autenticidad. Y por supuesto  el asunto de las analíticas y las dataciones, pues existe unanimidad en que un laboratorio especializado en Arqueometría podría dirimir la cuestión en muy poco tiempo. Se indaga en los fuertes y oscuros intereses que impiden la resolución del caso.

Se incide también en la Importancia de los hallazgos de Iruña-Veleia : historia y filología de la lengua vasca, paso del latín al romance, expansión de la religión cristiana, etc.  Un yacimiento espectacular oscurecido por negros nubarrones, un sitio con un enorme futuro pero  prácticamente abandonado.

En definitiva, un libro que pretende remover conciencias y acelerar el esclarecimiento del caso proporcionando información y documentación de primera mano, mucha de ella inédita.

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

“Eta Iruña-Veleia, Erkoreka jauna?”, Jose Lui Erdoziaren artikulua Berrian

Iritzi-artikulu hau dator gaurko Berrian.

Eta Iruña-Veleia, Erkoreka jauna?                                                                                   2018ko azaroak 27

Ez duzu zalantzarik txikiena ere agertu Arabaren aldamenean hegoaldetik, Errioxako elkarte autonomoan, euskara bertako ondare kultural moduan aitor dezaten aipatu eremuko parlamentuko kideei aholkatzerako orduan. Eta txalotu egiten dut zure atrebentzia, are gehiago kontuan harturik ohituta gaituzula adierazpenak eta azalpenak ongi neurtuta egiten. Donemiliaga Kukulako glosak, Ojacastroko fueroa eta toponimia aipatu dituzu arrazoi moduan, errioxarrek euskara haien ondaretako onar dezaten. Eta, atzera berriz, txalotzeko modukoa iruditzen zait erakutsi duzun zaletasuna gure hizkuntzaren historiarekiko. Pisuzko arrazoiak hirurak ala hirurak eta pisuzkoak ez eze kontrastatuak edo, nolabait esateko, egiaztatuak ere bai. Euskal hizkuntzalari batek ere ez ditu zalantzan jartzen. Pirinioen hegoaldean euskaraz idatzitako hitzik zaharrenak omen Donemiliagako Kukulakoak. Hala uste genuen guztiok duela hamarren bat urte arte gutxienik. Ez da inolako eztabaidarik izan euskal hizkuntzalarien artean, egun oraindik zehatz-mehatz zer adierazten duten ez badakigu ere.

Baina duela hamar urte, Erkoreka jauna, Ajuria Eneatik Donemiliaga Kukula baino askoz ere gertuago dagoen Iruña-Veleia moduan ezaguna egin den indusketa lekuan, euskaraz idatzitako zenbait grafito agertu ziren. Faltsuak? Benetakoak? Adituak ez datoz bat. Bitartean, grafitoak aurkitu zituztenak auzipeturik eta kaleraturik. Hamar urte dagoeneko auzia erabaki gabe eta euskal instituzio guztiak beste alde batera begira. Zer garrantzia izan dezake euskararen aztarna zaharrenak hainbat mendetan aurrera daitezkeela ziurtatzeak? Eta Araban K. o. III-IV mendeetan euskara hitz egin zitekeela jakiteak?

Eusko Jaurlaritzari ez zaio orain arte ezer entzun Iruña-Veleiako aferari buruz. Errioxarren euskararekiko atxikipenak (souvenir kultural moduan baliatzeko ziur aski) bai arduratzen du nonbait, baina ez bertako hizkuntza ofizialaren historia hobeki ezagutzeak. Herri honetako hizkuntza eta historiarekiko atxikipena erakutsi duzu aldameneko Errioxaren kasuan, bada eman ezazu, mesedez, urrats bat gehiago eta bidera ezazu Iruña-Veleiako grafitoen azterketa arkeometrikoak burutzearena lehenbailehen. Ez dut zalantzarik badagoela zure esku egiteko hori. Kasurik okerrenean ere, hamar urteko amesgaiztoari amaiera emateko baliagarri izanen da eta mesede galanta eginen diozu hainbeste denboran zer egin ez dakien epaileari. Euskaltzaleok, bestalde, beharrezkoa dugu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Angiozarren hitzaldia Sardiniaz eguaztenean

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

Hitzaldiak asteartean Durangon eta ostegunean Hernanin, bertso-afaria larunbatean Abadiñon

Ekitaldi ugari antolatu du Iruña-Veleia Argitu ekimenak hil honetan.

HITZALDIAK IRUÑA-VELEIAZ

Durango. Azaroak 27, asteartea, 19:00. Pinondo. Hizlariak: Patxi Alaña eta Joseba Mintegi

Hernani. Azaroak 29, osteguna, 19:00. Biteri. Hizlaria: Juan Martin Elexpuru

BERTSO-AFARIA

Abadiño, Muntsaratz Txokoan. Abenduak 1. 21:00. Andoni Egaña eta Arkaitz Estiballes. Izena emateko: 636875734. (20 euro). Azkar ibili!

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina