Berria. 2021eko otsailak 20. Gontzal Fontaneda.
Horrelaxe laburbiltzen dira Iruña-Veleiako bi epaiak, epaiketarena eta Eliseo Gilek aurkeztu zuen helegitearena. Biek kondenatu badute ere, aski da irakurtzea faltsuketaren edo faltsutzaileen frogarik ez dagoela ohartzeko.
Epaiek faltsutzea (IPCE) Espainiako Kultur Ondarearen
Institutuaren txosten batean oinarritu dute. Zeramikazko 36 pieza
ikertu ditu, gainazala soilik aztertuz [7. koadroa]; non denetik egon
daitekeen: zeramika, zarakarra, grafitoa eta kutsadura guztien
lorratzak, lurperatzearenak, erauzketa-lanenak, garbiketarenak eta pieza
batzuk eskuetan izan dituzten gutxienez zazpi erakunderenak
Gainera,
txosten hori ez da fidagarria. Adibidez, 15920. piezaren grafitoa [7.
koadroa] «grafito garaikidea» dela dio (hau da, faltsua), «testuaren
trazaduran altzairu herdoilgaitzezko zatikiak» daudelako; baina hauxe
ere aitortu du, «altzairuzko zatikiak garbiketa-prozesuan sartu izana
baliteke», eta ikerketa gehigarri hauxe proposatu du [10. koadroa],
«piezak agertzen dituen ziurgabetasunak direla eta, zarakarrak modu
kontrolatuan kentzea interesgarria izan daiteke piezaren azpian testurik
dagoenetz argi eta garbi egiaztatzeko».
Hau da, «ziurtasun eza»
ditu, «baliteke» esan bezala ez izatea, baina ez du kalifikazioa aldatu
eta grafitoa «garaikidea» dela esaten jarraitu du. Oinarria da txosten
hau!
Txosten horrek asmatutako faltsutzean oinarrituta, epaiek
Eliseo Gil kondenatu dute, ordurako hamabi urtez jendaurrean
«kondenatua» zena. Baina nahikoa da epaiketaren epaia irakurtzea
faltsutzailerik ez dagoela ulertzeko: epaiak [11. koadroa] hauxe
adierazi du, «ez da behar bezala frogatu berak [Eliseo Gilek] grafitoak
bere eskuz egin zituenik». «Behar bezala frogatu» ez denez gero, ez ditu
Eliseo Gilek faltsutu.
Ondoren
[11. koadroa], argudio biribila eman nahi izan du: «aipatutako akusatua
ekintzaren beraren eragilea da, grafitoak bere kabuz egin ez baditu
ere». «Frogatu ez delako», berak egin ez dituenez gero, gaizkide batzuk
asmatu beharko dira; «asmatu», bakar bat aurkitu ez duelako: hauxe
adierazi eta hamar aldiz errepikatu du, Eliseo Gilek grafitoak «bere
kabuz edo bitarteko batzuen bidez» egin zituela.
Baina ez ditu
behin ere «bitarteko» horiek identifikatu, nahiz eta identifikatzeko eta
auzipetzeko hamabi urte izan dituzten. Aise esateko, ez dute
izen-abizenik, «bitarteko» horiek ez dira existitzen. Egia esan, bi
epaiek inork, ez Eliseo Gilek ez beste inork, grafitoak faltsutu ez
dituztela frogatzen dute.
Eliseo Gilek bere duintasuna eta
errugabetasuna defendatzen ditu, eta beste helegite bat aurkeztea hartu
du helburu. Onartuko baliote, aurreko epaiak azkenean ondo irakur
lituzkete.
Orain arte hamabi urte galdu dira prozesuan. Hala ere,
zientzia da gai hau ebazteko bide bakarra, grafito horiek noiz grabatu
diren jakiteko berariazko azterketak eginez, eta grafito gehiago
agertzen diren ala ez ikusteko indusketa kontrolatu bat abiaraziz. «Egia
jakitea» horren erraza litzateke; baina auzitegiak, epaitegiak,
Aldundiak, Jaurlaritzak, unibertsitateak hamabi urte daramatzate uko
egiten, eta euskal zientzia eta kulturaren defendatzaileek
(Euskaltzaindia, Aranzadi, Eusko Ikaskuntza, Jakiunde) ez ikusiarena
egiten.
Euskal Herri gaixoa!
Naiz. “Alguien ha hecho algo”. Gontzal Fontaneda