Irulegiko eskua, belarrondokoak ezker-eskuin banatzen

Dagoeneko mundu guztiak du honen berri. Hemen Berriako lehen eguneko kronika. Egingo diogu jarraipena gaiari.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

‘Aro Berria Iruña-Veleian’, Tomas Elorzaren gutuna Berrian

Berria. 2022ko urriak 30 – Hernani

Urriaren 23an, BERRIAko Nasan atalean, Aro Berria Iruña-Veleian izeneko artikulu luze bat idatzi zuen Aitor Biainek. Hemendik zehaztapen batzuk egin nahi ditut:

«Bi urte dira Iruña-Veleia auziaren epaitegietako bidea amaitu zenetik». Gezurra. Eliseo Gilek helegitea jarria dauka epaiaren aurka. Beraz, epaitegietako bidea ez dago amaituta.

«Epaileak ondorioztatu zuen grafitoak faltsuak zirela». Erdizkako egia. Sententzian, epaileak espresuki esaten baitu 36 grafito hartzen dituela faltsutzat eta bat benetakotzat; 37 grafito horien zerrenda sententziaren 65. orrialdean dator (Interneten irakurgai). Beste 254 grafito ezohikori ez zaie inolako azterketa zientifikorik egin. Beraz, ezin da esan, orokorrean, Iruña-Veleiako grafitoak faltsuak direla.

«Euskarari, kristautasunaren hedapenari, eta antzinateari buruzko jakintza iraultzekoak ziren ezohiko aurkikuntzak…». Grafitoen egiazkotasun posiblean sinisten dugunok euskal kulturarentzat altxor bikaina izan daitezkeela uste dugu. Bi gauza eskatzen ditugu duela urte asko, etengabe: «piezen lagin bat arkeometrian adituak diren Europako laborategietan aztertzeko», eta «parteekin zerikusirik ez duten arkeologo entzutetsuek indusketa kontrolatuak egiteko».

Eskari horiek guztiak Iruña-Veleiako auzia argitzearen aldeko manifestua-n jasota daude, 2018an, eta kultura munduko 140 pertsonaren babesa izan zuten, gehien-gehienak euskaldunak, tartean idazleak, epaileak, musikariak, bertsolariak, kazetariak, irakasleak, katedradunak, erlijioaren mundukoak, aktoreak, arkeologoak…

Zeren beldur dira eskariok onartu nahi ez dituztenak?

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

‘ATA’, euskal deiadarra’, Patxi Zabaletaren artikulua Berrian

Berria, 2022-10-29

Iruña-Veleiako harresian ata idazkuna agertu zen orain dela hilabete batzuk, delako harresi horren garbiketa are-zorrotadaz egiten ari zirelarik. Hitz horren hiru letra edo hizkietatik bi oso garbi ageri direnak lehendik ere ikusiak omen zituzten tokiko ezagutza dutenek, nahiz eta erdiko hizkia —t, alegia— ez zuten ikusitzat ematen orain arte.

Zer dauka ezberdinik edo zein da ezberdintasuna oraingo aurkikuntza honen eta orain arteko egoeraren aurrean?

Eliseo Gil eta Lurmen S.L. enpresak 2005-2007 urteetan egindako indusketetan aurkitutako 400 eta gehiagoko idazkunetan, haietako 70en bat inguruk euskarazko izkribuak edo idazkunak zeuzkaten. Haien artean badira hamabi ata idazkun. Harresikoa bezala-bezalakoak.

Lurpean aurkitutako hamabi ata horiek aita edo Jainkoa esan nahi dutela ondorioztatu izan da; eta, orain harresian idazkun ber-bera eta itxuraz ere guztiz antzekoa agertzeak beste maila bat ematen dio eztabaidari. Harresiko idazkunak beste hamabien antza guztia izateak, zer adierazten du?

Bada horra, lurpean agertutako izkribuak ez direla eta ezin direla faltsuak izan. Lurpeko hamabi ata idazkunak ezin daitezkeela faltsutzat jo, harresikoa bezalako-bezalakoa izanik! (Jarraitzen du)

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

“Iruña-Veleiako auzia ez da amaitu”, Josetxo Mendiaren artikulua Independentean

Independentea.eus gunean, Josetxo Mendiaren iritzi-artikulua.

“Iruña-Veleiako ostraken auzia zoritxarrez ez da amaitu, eta Ana Del Val Arabako Kultur Diputatuak ondo asko daki. Izan ere, aurtengo maiatzean berarekin bilera bat izan genuen, bertan grafitoei hiru froga arkeometriko egitea eta ostrakak aurkitutako sondeo inguruan kata kontrolatuak egitea eskatu genion.

Froga arkeometriko hauen bitartez, grafito hauek benetazkoak edo faltsuak diren behin betikoz argi genezake.

  1. Karbonato kaltzikoen analitika: ostraka batzuetan hainbat hizki karbonato kaltzikoz estaliak daude eta karbonatoa benetazkoa bada azpian idatzitakoa ere bai.
  2. K-14 froga hizkiak dituzten hezurretan: hauen adina argituko digute.
  3. Termoluminiszentzia froga: esaldi idatziak dituzten adreiluak noiz egosi ziren esango digu. (jarraitzen du)

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Iruña-Veleiarako hurrengo bisita gidatua igande honetan, irailaren 4an

Iruña Veleia Martxan gunean argitaratuta

Iruña-Veleiarako hurrengo bisita gidatua igande honetan, irailaren 4an

11:00etatik 13:30etara. Doakoak dira.

Bisitan hainbat gai azaltzen da: indusketan topatutako grafitoen altxorra, epaiketan jakin izan duguna, hiriaren desagerpena eta Bagaudak, euskalduntze berantiarraren teoria deuseztatzeko duen garrantzia eta bisitarien galderak.

Izena emateko bidali watxap bat 663901248 telefonora edo telegrametik @patxideustu

Informazio hau kontakturen bati bidaltzea eskertzen da.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Iriaun gazteluaren misterioa

Urolako Nafar Zuztarrak elkarteko kide baten eskariz argitaratzen dugu gure herriko Elosu auzoan kokatuta zegoen gazteluari buruzko bideoa eta idatzia:

 2021eko uztailaren 24an Iriaun gazteluari buruzko hitzaldi bat eman zen Elosun (Bergara). Bertako auzo-alkate  Iñigo Zubeldia izan zen antolatzaileetariko bat. Asmoa zen Iriaun gaztelu nafarraren berreraikuntza birtuala egitea. Helburu horretarako nafar gazteluetan maisurik jakitunena eraman zuten: Iñaki Sagredo, hain zuzen ere. Jarraian kontatuko dizuegu han azaldu zena.

 Iriaun gaztelua Bergarako Elosu auzoan dago, Azkoitiko mugatik oso gertu. Gipuzkoako nafar gazteluetan ezezagunena da, ez baita idatzirik aurkitu berari buruz; eta esan daiteke ingurua abandonatuta dagoela. Hitzaldiaren antolatzaileek gazteluaren garrantzia nabarmendu nahi izan dute berreraikuntza birtualaren proiektuarekin.

 Sagredok, lehenengo, eraikinaren testuinguruan jarri gintuen, horretarako Nafarroako historia kontatu zigun XI. mendetik hasi eta gaztelauen inbasioa gertatu zen arte. X. gizaldian nafar gazteluek lurralde, lege, ohitura eta hizkuntza komunak babesten zituzten. Mendilerroek osatzen zituzten barrera naturaletan kokatzen ziren gazteluak, eta berezko pasabideak zaintzen eta babesten zituzten. Gaztelako inbasioak gertatu ahala, Iruñatik gertuagoko mendilerroetan kokatzen joan ziren nafar gazteluak. Gaztelauen erasoek ez zuten etenik eta hala 1179an Antso Jakintsuak eta Alfonso VIII. Gaztelako erregeak bake-itun bat sinatu zuten, muga berriak zehaztuz. Muga berri horiek babesteko lurralde antolaketa berriak sortu zituen errege nafarrak. Besteak beste, Gasteiz hiria sortu zuen eta Aitzorrotzeko tenentzia ere bai. Eremu berri horretan hainbat gaztelu zeuden. Hortxe kokatzen zen Iriaun gaztelua. XII. mendearen amaieran Gaztelako eta Aragoiko erresumek, biek bat eginda, eraso egin zioten Nafarroko erresumari. Gasteiz hiriak eusten zion bitartean, gaur egungo Araba, Gipuzkoa eta Durangaldea inbaditu zituzten Gaztelako eta Aragoiko erregeek. Aitzorrotzeko tenentzia orduan erori zen, eta uste da Iriaun gaztelua ere orduan eroriko zela, baina ezin da oraingoz ziurtatu ez baita idatzirik aurkitu.

 Historia apur bat ezagututa, ondoren, Elosuko gazteluko lurretan egindako arkeologia lanak kontatu zizkigun Iñakik. 20x7m-ko haitz baten gainean kokatzen zen gaztelua. Buztin egosizko argamasa zatiak topatu zituzten, egurrezko armazoietan ohikoak zirenak. Beraz, ondorioztatu dute gazteluak egurrezko egitura izango zuela.

 Azkenik, berreraikuntza birtuala egin ahal izateko pausoak kontatu zizkigun. Oraindik zati askotan azterketa topografiko bat egin behar da, georradar edo antzeko teknologiak erabiliz. Datu guztiak jasotakoan modelaketarekin hasi beharko litzateke. Arestian esan bezala, eraikinak zurezko egitura izango zuen. Dorre bat izango zuela ere uste du arkeologoak, baita bizileku eta egurrezko barrera bat ere. Zulo (foso) bat aurkitzea ere espero da. Bianako gazteluarekin egindako lana jarri zuen adibide bezala.

 Tamalez, proiektua geldirik dago gaur egun. Dena den, Urolako Nafar Zuztarrak taldekoek bultzadatxo bat eman nahi izan diogu ideia zoragarri horri, bideo hau argitaratuz. Ea guztion artean lortzen dugun proiektu hori aurrera ateratzea. Eta behin amesten hasita, nork daki, agian, egunen batean, benetako berreraikuntza egitea ere lortuko dugu.

Joseba Eizagirre, Urolako Nafar Zuztarrak elkartearen izenean

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

ATA jartzen duen inskripzioa, gainean gurutzea duena, agertu da Iruña-Veleiako harresian

Duela gutxi, bistaratuta dagoen I-Vko harresi zatia garbitu dute presiozkoa hondar-txorroa erabiliz, eta ate nagusitik ez oso urrun, ATA idazkia agertu da harlauza batean, gainean gurutze bat duena. Gogoratu dozena bat aldiz agertzen dela ATA grafito eztabaidatuetan, bere esanahia aita delarik ziurrenik, kristauen jainko aita, hain zuzen. Beste froga bat gehiago faltsutzat jotako grafitoen benetakotasunaren alde. Badirudi betidanik egon dela hor, aztarnategia aspalditik ezagutzen dutenek beti hor ikusi dutela diote, baina ez zaiola inportantziarik eman. Egia esan, azken hamabi urtean sarri pasatu gara hormaren aurretik eta ez dugu ikusi, zikinak estalita zegoelako. Iruña-Veleia Martxan-eko kide bat izan zen konturatzen lehena, duela pare bat hilabete.

Hemen klik eginda ikus daiteke talde honek inskripzioaz Independentea.eus-en argitaratu duen artikulua.

Iruña-Veleia

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

Iruña-Veleiako jaia uztailaren 3an, Iruña-Veleia Martxan-en eskutik

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Sardinia.eus bloga jaio da

2017an argitaratu genuen Euskararen aztarnak Sardinian liburua (Pamiela) eta 2021ean  Euskararen ustezko kidetasunak Italian eta Korsikan  argitaletxe berean. Beste pauso bat eman nahi dugu sardinia.eus izeneko blog honekin. Paperak dituen mugez jabetuta, sarea erabiltzea pentsatu dugu gai hauetan interesatuak gaudenon artean informazioa zabaltzeko eta trukatzeko.

Edukiak

Blogaren izenburuak adierazten duen bezala, Sardinia eta Euskal Herriaren arteko harremana izango da blogaren ardatza, zehazkiago, paleosardinieraren eta euskeraren artekoa. Eta maila berean, bigarren liburuko gaia, hau da, Euskal Herria eta Korsika – Alpeak – Italia. Baina ez gara bi esparru hauetara mugatuko. Euskeraren antzinatearekin eta historiarekin (batez ere antzinakoarekin) zerikusia duen orok izan dezake lekua blogean. Hizkuntza izango da ardatza, baina ez dira horregatik baztertuko beste ezagutza-arlo batzuk: Historia, Arkeologia, Genetika, Antropologia…

Poliki-poliki, ezarriaz joango gara edukiak: aipaturiko bi liburuen pasarteak, argazkiak, mapak, toponimia-zerrendak, etab. Blogaren jarraitzaileen ekarpenak ere, interesgarriak direnean, jarriko dira ikusgai.

Hizkuntzak

Bloga euskeraz izango da nagusiki, baina beste hizkuntza batzuetan eginiko ekarpenak ere onartuko dira. Euskerarik ez dakien jendearen parte-hartzea bultzatu nahi dugu. Bereziki interesgarriak izan litezke italieraz egindakoak, gaur hizkuntza hori nagusi den eremu geografikoan kokatzen baita aztergaiaren alor nagusia. Ingelesa, gaztelera, frantsesa, katalana… izan daitezke beste hizkuntza batzuk. Nolanahi ere, itzulpen automatiko zerbitzu erosoa erantsi diogu blogari, eta horrek asko erraztuko du hizkuntza ezberdinen presentzia eta blogarien arteko harremana.

Biblioteka

Blogaren gaiei zuzenean edo zeharka lotutako liburu eta artikuluen biblioteka ere izan nahi du atari honek. Horretarako, gure ordenagailuetara jaitsi daitezkeen pdf-ak ezarriko ditugu blogaren biltegian, eta pdf-ak ezinezko direnean linkak bilatzen saiatuko gara. Behin baino gehiagotan erreferentzia bibliografiko soila ematera mugatu beharko dugu.

Eztabaida-foroa

Eztabaida-foroa ere izan nahi du blogak. Eztabaida sosegatua eta begirunetsua, deskalifikaziorik eta irainik gabea. Horretarako, jarraitzaileek beren izen-abizenez sinatu beharko dituzte iruzkinak eta ekarpenak, ez da ezizenik edo nickik onartuko. Bakoitzak bere esanen eta iritzien jabe izan behar du.

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

Zeramika gainean egindako milaka grafito aurkitu dituzte Egipto iparraldean

Frantsesezko sciencesetavenir webgunean irakurri daitekeenez, 15.000 grafito baino gehiago aurkitu dituzte antzinako Athribis hirian, Sohag hiritik hurbil. Garai Ptolomeikokoak dira, II K.a. eta II K.o. bitartekoak, gutxi gorabehera. Tinta beltzez edo ilintiz eginda daude idatziak eta marrazkiak. Arkeologoen arabera, horietako asko eskola-umeek eginak izan daitezke. Xehetasun eta argazkia gehiago ezagutu arte itxaron beharko da, baina ematen du zenbait paralelismo egon daitekeela Iruña-Veleiako grafitoekin: zeramika puxketen erabilera masiboa, eskola-umeak izatea askoren egileak, etab. Hori bai, hemen tintaz edo ilintiz daude eginak, eta I-Vn, berriz, grabatuta. Bestalde, ezin da ahaztu Arabako hirian gai egipiziarrak agertzen direla hainbat ostrakatan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina