Nuñezen exkabadora fin-fin lanean (argazkiak)

Julio Nuñez EHUko katedraduna, arkeologo doktorea eta Iruña-Veleiako Zuzendaria berria, oso lan fina eta eraginkorra egiten ari da aztarnategian. Bi egunean, exkabadora eder bater laguntzaz, mila metro karratu inguru induskatu du eta arlauzadun terraza bat eta beste hainbat gauza aurkitu. Argazki hauetan ikus dezake munduak arkeologiaren arloan eredu bihurtzeko bidean dagoen langintza.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

SOS: TXIKIZIZIOA HASI DA!!!

Gaur arratsaldean aztarnategitik pasatu den pertsona batek esanda dakigu txikizizioa hasi dela: hainbat langile eta retroexkabadora bat ari ziren lanean, aztarnategiaren hegoaldean, ate nagusiaren inguruan. Lurmenek egindako sondeoetatik dakigu inguru horiek oso aberatsak direla arkeologia aldetik. Baina onartutako Plan Zuzendariaren arabera, 50 cm-ko sakonera arte exkabadoraz husteko baimena eman dio Nuñez zuzendari berriak bere buruari, kontuan izan gabe askoz ere azalago (20-30 cm) pieza ugari agertu zela leku horietan, Lurmenek 2005 eta 2006an egindako sondeoetan.
Txikizizioa hasi da, Nafarroako Iruñako Gaztelu Plazan gertatutakoaren edizio berri baten atarian gaude.
Bestalde, horrelako pegatak agertu dira Gasteizko kaleetan.

Kategoriak Sailkatugabeak | 3 iruzkin

Zuzenketa

Azkenengo sarreran, Alicia Canto “Complutenseko irakaslea” dela ipini nuen, eta ez da horrela: Madrileko Unibertsitate Autonomoko irakaslea da.
Barkatu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Zertan ari da EA Iruña-Veleian?

Lorena Lz de Lacalle EAkidea, Arabako Foru Aldundiko Kultura Diputatua, ari da izaten auzi negargarri honen protagonista nagusia. Haren bultzada politikoak (bere alderdiaren baimenaz) eragin du batez ere desastre hau, EHUren laguntza ezinbestekoaz, dena esatera.
Baina garai batean pasiada triunfala zirudiena guruzbide bihurtzen ari zaie diputatu andereari eta bere alderdiari. Finantziazioa ziurtatu gabe izateak urduritasuna ekarri die, eta horren lekuko ekainaren hasieran JM Larrazabal parlamentariak Legebiltzarrean egindako galdera.  Jaurlaritzak 30.000 euro besterik ez duela emango erantzun zien Blanca Urgel sailburuak. Eta berriki jakin dugunez, EAk mozio bat aurkeztuko du laster Arabako Batzar Nagusietan, erakunde honek Jaurlaritzari gehiago inplikatzea eskatzea lortzeko.
Egindako hankasartze izugarriak onartu eta atzera egin beharrean, aurrera jotzen ari da EA itsu-itsuan. Kontua da Aldundia zuzentzen duen  EAJ-PNV bazkidea aurrean eraman dezakeela Araban bere jokabideekin. Jelkideak ez al dira horrekin konturatzen?
Ea EAren beste bazkideren batek ere lozorrotik irten eta kontuak eskatzen dizkion. Oraingoan behintzat ezingo zaie erru guztia españolistei bota.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Faltsutasunaren aldeko foroak itzaltzen ari dira

Gauza jakina da Interneteko foroak izan direla faltsutasunaren aldekoen propaganda-armarik indartsuena auzia lehertu zenez geroztik. Eta batzordeko bi euskal filologo kiderik aktiboenetarikoak, goitizinez, noski. Kontua da TA (Terrae Antiquae, Celtiberia.net haren oinordekoa, Alicia Canto Complutenseko irakasleak zuzendua) eta IIM (Salvador Cuesta “Sotero”rena) mututu egin direla ia egun batetik bestera. Esan behar blog horiek oso ondo koordinatuta ibili direla Arabako Diputazioko Kultura Sailarekin.
Nola interpretatu itzalaldi hau? Mihi gaiztoek diote laino beltzez bete dela beren zerua: batetik,  ez dute lortu behar zen dirurik Plan Zuzendarirako, eta bestetik, laster jakingo omen den eta auziari 180 graduko bira emango omen dion notizia baten berri izan dute, dirudienez.
Benetakotasunaren aldeko blogek (Angulo oscuro, Ostraca Mundua), ostera, indarrean jarraitzen dute.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Gasteizko Euskal Filologiagatik auzo lotsa

Gaurko Berriak gaiari buruzko gutun zorrotz bat dakar, Xabi Etxabek sinatuta. Horrela dio:

Gasteizko Euskal Filologiagatik auzo lotsa

Oraintsu hauteskundeak izan dira Erresuma Batuan. BBC
telebistak hautagaiak elkarrizketatu nahi izan zituen, bakoitzaren
proposamenak ezagutzeko, kontrastatzeko, haien arteko aldeak ikusteko,
besteak beste. Eskoziarren edo galestarren hautagai nazionalistak ez
zituen gonbidatu, zertarako? Nahikoa zuten Cameron, Clegg eta
Brownekin. Hiru horietako inork ez zion uko egin telebistako eztabaida
publikoan parte hartzeari. Izan ere, horietako batek ezetz esan izan
balu, zer irudi emango zukeen? Hautesleek zer pentsatuko zuketen?

Arabako Iruñako ostraken inguruan bi joera argi ikusten ari
gara. Batetik, Arabako Aldundiak izendatutako batzarkide gehienek
faltsuak direla diote, 2008. urte amaieran argitaratutako txostenen
bidez -500 orrialdetan jasota dagoena-. Bestetik, zientzia arlo
berberetatik, alegia, hizkuntzalaritzatik, geologiatik, historiatik eta
arkeologiatik, ostraka horiek egiazkoak izan daitezkeela adierazi dute
15 txostenek -1.500 orrialde dituztenak-.

Idazkunen datazioak egingo balira, gaia argituko litzateke.
Baina ez dituzte egin nahi. Horrez gainera, gaia eztabaida
zientifikoaren bidez ere ez dute argitu nahi. Herrietan hainbat
hitzaldi izan dira, baina, orain arte, ez dira hitzaldi berean bi
alderdiak aritu. Batzordekideak ziren eta Gasteizko Euskal Filologian
dauden Lakarrak eta Gorrotxategik uko egin diotelako. Baita beste
Aldundiko batzordekide batzuek ere.

Azkena Donostiako OHO Eskolan antolatutako hitzaldietan
gertatu da. Harritzekoa Deustuko edo Gasteizko Euskal Filologiakoek
antolatu ez izana. Nortzuk eta OHOkook? Zorionak antolatzaileei, baina
penagarria filologiakoek ezertxo ere egin ez izana. Harritzekoa da, era
berean, bi hitzaldi izan zirela, batean Elexpuru eta Iglesias, eta
bigarrenean Lakarra eta Gorrotxategi. Bigarren hitzaldikoek horrela
eskatu zutelako.
Ez ziren ausartu egiazkoak izan daitezkeela defendatzen duten bi hizkuntzalariekin aurrez aurrekoa egitera.

Ez hori bakarrik. Bigarren hitzaldian, lehenengoan ez bezala,
Lakarrak eta Gorrotxategik hitzaldiko bi orduak hartu zituzten
azalpenak emateko, galderak egiteko ia denborarik utzi gabe.

Zer irudi ematen ari dira? Hauxe da etorkizunean euskara
teknikari edo euskara irakasle formatzen ari diren irakasleen maila?
Hauxe da EHUk, unibertsitate moduan, gai garrantzitsu horretan duen
maila?

Xabi Etxabe

Gasteiz

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Jaurlaritzak 30.000 euro bakarrik emango ditu aurten plan berrirako

Correon irakur daitekeenez, Blanca Urgelek zuzentzen duen sailak 30.000 euro emango ditu bakarrik aztarnategiko lanetarako. Krisia da aitzakia, baina badirudi gauzak ez dituztela oso garbi PSEn. Ez da ahaztu behar talde horretako bozeramale Virgilio Bermejo oso gogor mintzatu zela planaren aurka Biltzar Nagusietan, diputatu anderearen azken agerraldian.
Lorena Lz de Lacalle oso haserre agertu da Jaurlaritzaren erabakiarekin, askoz ere diru gehiago espero baitzuen. Garbi ikusten da hainbeste astrapalaz aldarrikatutako 10 urterako Plan Zuzendariak ez duela inolaz ere ziurtatuta finatziazioa.
Eta zer gertatuko da bihar edo etzi epaileak Lurmenen aurkako azken kereila artxibatzen badu? Nolako gorputzaldiarekin ekingo die Julio Nuñez jaunak indusketei? Hurrengo Aldundiak oraingoaren jarrera bera izango ote du? Eta zer poz izan dezake finantziazio pribatuak horrelako kakatza batean sartzeko? Edo Madrilek edo Bruselak?
Oraindik garaiz daude LLL eta hura sostengatzen duten EAJ eta EA alderdiak hondoraino sartu diren zulotik irteten ahalegintzeko. Laster beranduegi izan daiteke.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Entzutegiak betiko artxibatu du Euskotrenen kereilla

Gaurko DNAn irakur daitekeenez, Arabako Entzutegiak betiko artxibatu du Euskotrenen kereila. Kereila honen bidez miloi bat euro inguru kendu nahi zieten Lurmeneko Eliseo Gili eta Idoia Filloyri, azkeneko urteetako subentzioak, alegia, iruzur ekonomikoa leporatuta.
Dena dela, DNAko berria ez da guztiz zuzena, une honetan ez baitago inolako kereilarik indarrean Idoia Filloyren kontra. Aldundiarena da airean geratzen den bakarra, “ondareari kalteak” egotzi nahi diena Lurmeneko langile ohi  Eliseo Gili eta Oscar Escribanori, eta enpresarentzat lan bat egin zuen Ruben Cerdani.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Epaitegiak atzera bota ditu Lurmenen bi helegite

Gasteizko Epaitegiak atzera bota ditu Lurmenen bi helegite. Lehena 2009koa zen eta bere egunean kendutako indusketa-baimena itzultzeko eskatzen zuen. Bigarrena 2010ekoa, eta Arabako Foru Aldundiaren eta EHUren artean izenpetutako kontratua gelditzeko eskatzen zuen. Honela ekarri zuten notizia hurrengo egunean Berriak, Garak eta DNAk

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Gasteizko Hikateneon hitzaldia ekainaren 8an

Hitzaldia: “Iruña-Veleiako ezohiko aurkikuntzak eta analisis fisiko-kimikoen beharra”
Hizlariak: Idoia Filloy, Koenraad van den Driessche, Juan Martin Elexpuru
Lekua eta ordua: Hikateneo (Pintoreria kalea, Gasteiz), ekainak 8, asteartea, 19:30
Antolatzailea: Sos Iruña Veleia Plataforma

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina