Zertan ari da EA Iruña-Veleian?

Lorena Lz de Lacalle EAkidea, Arabako Foru Aldundiko Kultura Diputatua, ari da izaten auzi negargarri honen protagonista nagusia. Haren bultzada politikoak (bere alderdiaren baimenaz) eragin du batez ere desastre hau, EHUren laguntza ezinbestekoaz, dena esatera.
Baina garai batean pasiada triunfala zirudiena guruzbide bihurtzen ari zaie diputatu andereari eta bere alderdiari. Finantziazioa ziurtatu gabe izateak urduritasuna ekarri die, eta horren lekuko ekainaren hasieran JM Larrazabal parlamentariak Legebiltzarrean egindako galdera.  Jaurlaritzak 30.000 euro besterik ez duela emango erantzun zien Blanca Urgel sailburuak. Eta berriki jakin dugunez, EAk mozio bat aurkeztuko du laster Arabako Batzar Nagusietan, erakunde honek Jaurlaritzari gehiago inplikatzea eskatzea lortzeko.
Egindako hankasartze izugarriak onartu eta atzera egin beharrean, aurrera jotzen ari da EA itsu-itsuan. Kontua da Aldundia zuzentzen duen  EAJ-PNV bazkidea aurrean eraman dezakeela Araban bere jokabideekin. Jelkideak ez al dira horrekin konturatzen?
Ea EAren beste bazkideren batek ere lozorrotik irten eta kontuak eskatzen dizkion. Oraingoan behintzat ezingo zaie erru guztia españolistei bota.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Faltsutasunaren aldeko foroak itzaltzen ari dira

Gauza jakina da Interneteko foroak izan direla faltsutasunaren aldekoen propaganda-armarik indartsuena auzia lehertu zenez geroztik. Eta batzordeko bi euskal filologo kiderik aktiboenetarikoak, goitizinez, noski. Kontua da TA (Terrae Antiquae, Celtiberia.net haren oinordekoa, Alicia Canto Complutenseko irakasleak zuzendua) eta IIM (Salvador Cuesta “Sotero”rena) mututu egin direla ia egun batetik bestera. Esan behar blog horiek oso ondo koordinatuta ibili direla Arabako Diputazioko Kultura Sailarekin.
Nola interpretatu itzalaldi hau? Mihi gaiztoek diote laino beltzez bete dela beren zerua: batetik,  ez dute lortu behar zen dirurik Plan Zuzendarirako, eta bestetik, laster jakingo omen den eta auziari 180 graduko bira emango omen dion notizia baten berri izan dute, dirudienez.
Benetakotasunaren aldeko blogek (Angulo oscuro, Ostraca Mundua), ostera, indarrean jarraitzen dute.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Gasteizko Euskal Filologiagatik auzo lotsa

Gaurko Berriak gaiari buruzko gutun zorrotz bat dakar, Xabi Etxabek sinatuta. Horrela dio:

Gasteizko Euskal Filologiagatik auzo lotsa

Oraintsu hauteskundeak izan dira Erresuma Batuan. BBC
telebistak hautagaiak elkarrizketatu nahi izan zituen, bakoitzaren
proposamenak ezagutzeko, kontrastatzeko, haien arteko aldeak ikusteko,
besteak beste. Eskoziarren edo galestarren hautagai nazionalistak ez
zituen gonbidatu, zertarako? Nahikoa zuten Cameron, Clegg eta
Brownekin. Hiru horietako inork ez zion uko egin telebistako eztabaida
publikoan parte hartzeari. Izan ere, horietako batek ezetz esan izan
balu, zer irudi emango zukeen? Hautesleek zer pentsatuko zuketen?

Arabako Iruñako ostraken inguruan bi joera argi ikusten ari
gara. Batetik, Arabako Aldundiak izendatutako batzarkide gehienek
faltsuak direla diote, 2008. urte amaieran argitaratutako txostenen
bidez -500 orrialdetan jasota dagoena-. Bestetik, zientzia arlo
berberetatik, alegia, hizkuntzalaritzatik, geologiatik, historiatik eta
arkeologiatik, ostraka horiek egiazkoak izan daitezkeela adierazi dute
15 txostenek -1.500 orrialde dituztenak-.

Idazkunen datazioak egingo balira, gaia argituko litzateke.
Baina ez dituzte egin nahi. Horrez gainera, gaia eztabaida
zientifikoaren bidez ere ez dute argitu nahi. Herrietan hainbat
hitzaldi izan dira, baina, orain arte, ez dira hitzaldi berean bi
alderdiak aritu. Batzordekideak ziren eta Gasteizko Euskal Filologian
dauden Lakarrak eta Gorrotxategik uko egin diotelako. Baita beste
Aldundiko batzordekide batzuek ere.

Azkena Donostiako OHO Eskolan antolatutako hitzaldietan
gertatu da. Harritzekoa Deustuko edo Gasteizko Euskal Filologiakoek
antolatu ez izana. Nortzuk eta OHOkook? Zorionak antolatzaileei, baina
penagarria filologiakoek ezertxo ere egin ez izana. Harritzekoa da, era
berean, bi hitzaldi izan zirela, batean Elexpuru eta Iglesias, eta
bigarrenean Lakarra eta Gorrotxategi. Bigarren hitzaldikoek horrela
eskatu zutelako.
Ez ziren ausartu egiazkoak izan daitezkeela defendatzen duten bi hizkuntzalariekin aurrez aurrekoa egitera.

Ez hori bakarrik. Bigarren hitzaldian, lehenengoan ez bezala,
Lakarrak eta Gorrotxategik hitzaldiko bi orduak hartu zituzten
azalpenak emateko, galderak egiteko ia denborarik utzi gabe.

Zer irudi ematen ari dira? Hauxe da etorkizunean euskara
teknikari edo euskara irakasle formatzen ari diren irakasleen maila?
Hauxe da EHUk, unibertsitate moduan, gai garrantzitsu horretan duen
maila?

Xabi Etxabe

Gasteiz

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Jaurlaritzak 30.000 euro bakarrik emango ditu aurten plan berrirako

Correon irakur daitekeenez, Blanca Urgelek zuzentzen duen sailak 30.000 euro emango ditu bakarrik aztarnategiko lanetarako. Krisia da aitzakia, baina badirudi gauzak ez dituztela oso garbi PSEn. Ez da ahaztu behar talde horretako bozeramale Virgilio Bermejo oso gogor mintzatu zela planaren aurka Biltzar Nagusietan, diputatu anderearen azken agerraldian.
Lorena Lz de Lacalle oso haserre agertu da Jaurlaritzaren erabakiarekin, askoz ere diru gehiago espero baitzuen. Garbi ikusten da hainbeste astrapalaz aldarrikatutako 10 urterako Plan Zuzendariak ez duela inolaz ere ziurtatuta finatziazioa.
Eta zer gertatuko da bihar edo etzi epaileak Lurmenen aurkako azken kereila artxibatzen badu? Nolako gorputzaldiarekin ekingo die Julio Nuñez jaunak indusketei? Hurrengo Aldundiak oraingoaren jarrera bera izango ote du? Eta zer poz izan dezake finantziazio pribatuak horrelako kakatza batean sartzeko? Edo Madrilek edo Bruselak?
Oraindik garaiz daude LLL eta hura sostengatzen duten EAJ eta EA alderdiak hondoraino sartu diren zulotik irteten ahalegintzeko. Laster beranduegi izan daiteke.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Entzutegiak betiko artxibatu du Euskotrenen kereilla

Gaurko DNAn irakur daitekeenez, Arabako Entzutegiak betiko artxibatu du Euskotrenen kereila. Kereila honen bidez miloi bat euro inguru kendu nahi zieten Lurmeneko Eliseo Gili eta Idoia Filloyri, azkeneko urteetako subentzioak, alegia, iruzur ekonomikoa leporatuta.
Dena dela, DNAko berria ez da guztiz zuzena, une honetan ez baitago inolako kereilarik indarrean Idoia Filloyren kontra. Aldundiarena da airean geratzen den bakarra, “ondareari kalteak” egotzi nahi diena Lurmeneko langile ohi  Eliseo Gili eta Oscar Escribanori, eta enpresarentzat lan bat egin zuen Ruben Cerdani.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Epaitegiak atzera bota ditu Lurmenen bi helegite

Gasteizko Epaitegiak atzera bota ditu Lurmenen bi helegite. Lehena 2009koa zen eta bere egunean kendutako indusketa-baimena itzultzeko eskatzen zuen. Bigarrena 2010ekoa, eta Arabako Foru Aldundiaren eta EHUren artean izenpetutako kontratua gelditzeko eskatzen zuen. Honela ekarri zuten notizia hurrengo egunean Berriak, Garak eta DNAk

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Gasteizko Hikateneon hitzaldia ekainaren 8an

Hitzaldia: “Iruña-Veleiako ezohiko aurkikuntzak eta analisis fisiko-kimikoen beharra”
Hizlariak: Idoia Filloy, Koenraad van den Driessche, Juan Martin Elexpuru
Lekua eta ordua: Hikateneo (Pintoreria kalea, Gasteiz), ekainak 8, asteartea, 19:30
Antolatzailea: Sos Iruña Veleia Plataforma

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Sos Iruña-Veleia Plataformak Plan Zuzendaria geldiarazteko eskatu du fiskaltzan idatzi bat entregatuz

Atzo eguerdian Gasteizko Epaitegian entregatu zuen idatzia Plataformak, eta ondoren prentsaurrekoa eman zuen atean. Hona hemen haren oihartzuna gaurko prensan: Noticias de Alavan, Berrian eta Garan

Honela dio fiskalari eta prentsari emandako agiriak

Plan Zuzendaria geldiaraztea eskatzen dugu, ondorengo arrazoiengatik:

  1. Auzia
    oraindik ‘sub judice’ dagoelako, eta ondorioz oraindik ez delako hartu
    ez erantzukizunei eta ez ustezko delituei buruzko erabakirik.
  2. Jakin ahal izan dugunez, gaur egun pieza batzuk ez daude lehengo ekipoak entregatu zituen egoera berean (argazkiak eranskinean).
  3. Euskal
    Herriko Unibertsitatea epaile eta parte izan da auzi honetan. Eta esan
    beharra dago aztarnategiaren arduradun ohiak kaleratzeko oinarri gisa
    erabili ziren EHUko txostengileen  baieztapen asko eta asko ez direla zuzenak, eta gainera ez dutela frogatu  inskripzio bakar bat ere ezinezkoa zela proposatzen den garaian.
  4. Julio Nuñez izendatu da Planaren zuzendari berri, eta askoren ustez haren txostena,  oso erasokorra izateaz gain, era guztietako akatsez betea dago.
  5. Ez dira kontuan hartu aurkikuntzak benetakoak izan litezkeela adieraziz idatzi diren 16 txostenen edukiak.
  6. Hurrengo
    indusketa prozzesuak isilpekotasun klausula bat izango du, eta horrek
    esan nahi du baimena izango dutela agertutakoaren berri ez emateko.
  7. Kudeatzaile berrien prestigioa eta lanpostua jokoan egongo da,  aurrekoak ere benetakoak direla frogatzen duten aurkikuntza berriak egingo balira.
  8. Oso
    susmagarria da Aldundiak auzia betiko erabakiko luketen analitika
    berriei uko egitea, jakinda, gainera, badirela hori egiteko gai diren
    laborategiak.
  9. Aipaturikoez gain, beste irregulartasun ugari gertatu da prozesua hasi zenetik (Ik. eranskina)
  10. Oraindik ez da aurkeztu konbenioa onartzeko legeak agintzen duen  EHUko Erretore Kontseiluaren sinadura.

Esandako guztiagatik pentsatzen dugu ez dagoela jokabide egoki eta jator
baterako bermerik, eta ezta talde berri baten eskutik indusketei
berrekiteko, eta lehengo arduradunak eta haien lana mespretxatzeko
arrazoirik, epailearen erabaki argi bat egon arte, bederen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Bete egin zen aretoa Filloy eta Van den Driesscheren hitzaldian

100 lagunetik gora bildu ziren atzo Donostiako Koldo Mitxelenako aretoan Idoia Filloy eta Koen Van den Driesscheren hitzaldia entzutera. Arkeologoak auziaren historiaren laburpena egin zuen lehendabizi, eta agertutako piezen nondik norakoak azaldu zituen gero, sos-irunaveleia guneko ostracabase atalaz lagunduta: grafitoen agerlekua, estratoak, testuingurua eta abar, argazki eta planoak pantaila handian zirela. Geokimikoak grafitoetan aurkitzen diren ebidentzia fisikoak jorratu zituen: ildoen gaineko kare-geruzak, ustezko karbonatoa, buztin egosi gabean eta hezurrean egindako inskripzioak, eta abar, piezen datazioa posible egiten dutenak.
Arrakastatsuak izan direla esan behar Herriaren Lagunak Elkarteko EGAN aldizkarikoak antolatu dituzten bi hitzaldiak, aurreko astekoan ere, euskal grafitoei buruzkoan, jende asko bildu baitzen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Idoia Filloy eta Koenraad Van den Driesscheren hitzaldia 26an Donostian

Datorren asteazkenean, maiatzak 26, arratsaldeko 7etan, Idoia Filloy
arkeologoak (aztarnategiko zuzendarikide ohia) eta Koenraad Van den
Driessche geokimikoak hitzaldia emango dute Donostiako Koldo
Mitxelenan. Alderdi arkeologikoa eta piezen datazio gaia jorratuko dute
bereziki. Joseba Lakarra zen egun horretan hitzegitekoa, baina uko egin
dionez, antolatzaileek eta hizlariek horrela bete dute hutsunea. Euskararen gaia izan da eztabaida-ardatz sarri, baina hura bezain
garrantzitsua edo garrantzitsuagoa da Arkeologiarena auzi honetan.
Hurbiltzeko gogorik edo astirik ez duenak hemen eta hemen eta hemen aurki ditzake Filloyren txostenak eta hemen Van den Driesscherena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1