Oxford Unibertsitateak argitaratzen duen Archaeometry aldizkari prestigiotsuak Joseba Lizeagaren artikulu bat kaleratu du Iruña-Veleiaz

Izena “A Critique of the Institute of Cultural Heritage of Spain’s Indicators of Falsehood in Incisions on Ostraca From the Iruña- Veleia Archaeological Site, Spain”. Hau da, kritika bat Espainiako Ondare Kulturalaren Institutuak Iruña-Veleiako aztarnategiko ostraken ildoetan aurkitutako faltsutasun adierazleen txostenari.

Azkenaldian Joseba Lizeagak (Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle ohia) oso azterketa interesgarriak (eta nire ustez erabakigarriak) egin ditu gaiaren inguruan. Lehena Durangoko Biltzarrean aurkeztu zuen 2024an. Letren eta lerroen arteko distantziak neurtu eta aztertu zituen eta frogatu esku asko daudela grafitoetan, akusazioak Eliseo Gilen bakarra dagoela dioen bitartean. Hemen hitzaldiaren bideoa.

Bigarrena 2025ekoa da, eta Oxford Unibertsitateak argitaratzen duen Archaeometry aldizkarian argitaratu da. Berriak, Naiz-Garak eta Elhuyar aldizkariak uko egin diote honi buruzko notizia txikiena argitaratzeari ere, saiatu garen arren. IPCEk (Instituto del Patrimonio Cultural de España) eginiko Termoluminiszentzia frogetan oinarritzen da. Ama Ata atarian irakur daiteke artikuluaren laburpena. Esan beharra dago Iruña-Veleiaz aldizkari espezializatu eta indexatu batean argitaratzen den lehen artikulua dela.

Hemen Ama Ata blogean egileak berak egindako laburpena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

‘Iruña-Veleia, Irulegi eta Oxford’, Tomas Elortzaren gutuna Berrian

Tomas Elortza Ugarte, Berria, 2026ko apirilaren 17a

Aurten, Oxfordeko Unibertsitateko bi aldizkari zientifikok Iruña-Veleiari eta Irulegiri buruzko artikulu bana argitaratu dute.

Urtarrilean, Joseba Lizeaga Ricak idatzitakoa, Archaeometry aldizkarian; Nafarroako Unibertsitate publikoan irakaslea izandakoa da bera. Bere lanaren konklusioa da: Iruña-Veleiako grafito batzuk faltsutzat jotzeko J. V. Navarrok aurkeztutako faltsutasun frogek ez dutela funtsezko zorroztasun zientifikorik eta ezin direla hartu eremu zientifikoan baliozkotasunez frogatutako ebidentzia gisa.  

Joseba Lizeagak artikuluaren laburpen bat erantsi du iruñaveleia.eu-n: «Defectos metodológicos que invalidan la única ‘prueba’ aceptada en el juzgado de Vitoria sobre la falsedad de los óstraca de Iruña-Veleia» izenburuarekin [Iruña-Veleiako ostraken faltsutasunari buruz Gasteizko epaitegiak onartutako froga bakarra desegiten duten akats metodologikoak].

Martxoan Aranzadi Zientzia Elkarteak idatzitako ikerketa argitaratu da Oxford Journal of Archaeology aldizkarian. Irulegiko aztarnategian aurkituriko gezi punta eta beste arma batzuk aztertu ondoren Aranzadik uste du sertoriar gerretan —Sertorio eta Ponpeioren arteko gerra zibila, K.a. I. mendean— Irulegiko biztanleek aktiboki hartu zutela parte, eta ikerketa horrek sertoriar gerrak hobeto ezagutzeko balioko duela. Interneten informazio gehiago aurki daiteke.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

‘Lau indarkeria ezberdin Iruña Veleiako auziaren lau fase historikoetarako’, Jesus Perez de Viñaspreren artikulua Zuzeun

“Iruña-Veleiako auzia ez da soilik aztarnategi baten inguruan sortutako polemika zientifikoa, baizik eta egia-ekoizpenaren, botere-egituren eta legitimazio-mekanismoen arteko gatazka paradigmatikoa ere bada. Afera honek erakusten du nola eratzen diren egia-erregimenak, nola blindatzen diren autoritate akademiko-instituzionalak eta nola erabiltzen den lege-aparatuaren indarkeria diskurtsiboa egia-galdera bera despolitizatzeko. Testuinguru horretan, Walter Benjaminen “Indarkeriaren kritikari buruz” testuak eskaintzen duen marko filosofiko-politikoa bereziki egokia da Veleiako auzian gertatutakoa ulertzeko.” (Jarraitzen du)

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Minpeko barik 19: ‘Bittor Kapanagaren omenez’. Minpeko barik 18: ‘Mundua sutan dago’

Goienaren gonbidapenez, podcastak grabatzen ari gara Arrasateko egoitzan, 2025eko otsailean hasita. Euskera, historia, literatura…, gai asko ikutzen dira, beti ere bideo laburren bidez, eta aktualitateko gaiak saihestu gabe, gai politiko eta sozialei ere helduz, nahiz eta arantzatsuak izan. Hortik titulua, Minpeko barik. Minpekoa mihingainaren azpikoa da, frenilloa, eta minpeko barik berba egitea, pentsatzen dena esatea, norberaren buruari frenoa jarri barik.

MINPEKO BARIK #19- Bittor Kapanagaren omenez

MINPEKO BARIK #18- Mundua sutan dago

MINPEKO BARIK #17- Euskararen mende magikoak (V-IX K.o.)

MINPEKO BARIK #16- Israelek agintzen du munduaren mendebaldean

MINPEKO BARIK #15- Errusia-Ukraina gerra. Aurrekari historikoak (2)

MINPEKO BARIK #14- Euskaraldia eta parkimetroko mezu anonimoa

MINPEKO BARIK #13- Euskarazko izenak erromatar garaiko aldare eta hilarrietan

MINPEKO BARIK #12- Hika eta berorika

MINPEKO BARIK #11- Esaera zaharrak eta izkirimiriak

MINPEKO BARIK #10- ‘OGEI’ Perpiñan-go ontzi batean (II. mendea K.a)

MINPEKO BARIK #9- Errusia-Ukraina gerra. Aurrekari historikoak (1)

MINPEKO BARIK #8- Ondo informatuta ote gaude?

MINPEKO BARIK #7- Iruña-Veleia, manifestazioa martxoaren 30ean Gasteizen

MINPEKO BARIK #6- Auto beteranoak ezin Donostian eta Lapurdiko kostan sartu

MINPEKO BARIK #5- Zirhikaren aurkezpena

MINPEKO BARIK #4- Negu sasoiko esaera zaharrak

MINPEKO BARIK #3- Industria militarra Euskal Herrian

MINPEKO BARIK #2- Arotz berbaren etimologia

MINPEKO BARIK #1- Aurkezpena

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

IRUÑA-VELEIAKO SUNTSIKETA DOKUMENTATZEN, erakusketa Beasainen larunbat honetan

Iruña-Veleiako aztarnategiaren suntsiketa dokumentatzen duen argazki erakusketa

Non: Beasaingo Erauskin plazan

Noiz: otsailaren 28an, larunbata . Ordua: goizeko 11,30 etatik, 14,00etara

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Martxoaren 1ean, igandez, hurrengo bisita gidatua

Gidaria: Josetxo Mendia Azurmendi

Hitzordua: 11:00, Iruña-Veleiako aparkalekuan

Komeni da aurrez jakinaraztea tlf. honetan: 696296767

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Jose Antonio Villar Oiarzabal hil da 86 urterekin. Iruña-Veleiako auzian buru-belarri sartuta  ibili zen azken urteetan

Jose Antonio Villar. Argazkia: ahotsak.eus, 2023

Gizon jatorra, benetan. Ezagutu genuenok ez dugu erraz ahaztuko. Agur eta ohore Jose Antonio! Euskal kantagintza modernoaren aintzindarietako bat, hona hemen haren  Euskal Wikipediako sarrera, eta ahotsak.eus-ek, Idoia Etxeberriaren eskutik, egin zion elkarrizketa.

Guk hemen bere azken urteetan Iruña-Veleia auziarekin izan zuen engaiamendu sakona azpimarratu nahi dugu. Zenbait artikulu ere idatzi zuen gaiaz, eta polemikatxoa ere izan zuen EHUko irakasle Mikel Urkixorekin.

Hona hemen Berriak 2019an argitaratu zion gutuna.

Iruñea Veleiako auziaren epaiketa dela eta

Jose Antonio Villar, 2019ko urriaren 30a

“Ditugun aurrekariak eduki eta dakiguna jakinda, epaiketaren egokitasunaeta zuzentasuna bera ere zalantzan jartzetik abiatzen naiz printzipioz. Besteak beste, errugabetasun-presuntzioan beharko luketen pertsona, enpresa, langile eta abarri errudun presuntzioa aplikatu zaie gutxienez: bazterketa, prestigio galera eta, horren ondorioz, erabateko langabezia eta ogibidearen ukapena. Badirudi azkenean epaiketarako lehen urratsak burutu direlaeta laster izango ditugula salatuak, jada aurrez epaituak, salatuen aulkietan.
Kasu honetan, beste guztietan bezala, epaituen errudun izaera frogatzeko, soilik froga enpiriko eta objektibo ukaezinak beharko lituzke epaimahaiak lehenik eta behin, hau da: nork, zer (materialen faltsutzea), noiz, nola, non, zerekin eta horrelakoak, eta inola ere ez zergatik edota zertarako edo antzekoak, betiere norbaitek asmatutako espekulazio hutsak liratekeelako egileek eurek askatasunez eta borondatez aitortuak ez badira.
Informazioaren eta komunikazio zientifikoaren, historikoaren edo dena delakoaren ikuspuntu tekniko eta etikoetatik begiratuz, gai juridiko soila izan ezik behintzat, ez du epaile batek, ezta ere inolako beste juristak aginpiderik eta eskusartzearen zilegitasunik, eta gutxiago oraindik edonolako hedabide batek.
Iruña Veleiako auziari dagokion guztia, nik dakidala behintzat, teoria/kontrateoria, tesi/kontratesi, prestigio/kontraprestigio egoeran dago, egoera eta eztabaida metafisikoan soilik, hain zuzen ere, eta horrela jarraituko du alde bietatik onartutako ikerketa bidez ebidentzia fisiko objektibo guztiak frogatzen ez diren bitartean. Hori egin eta geroko emaitzek emango lituzkete beste guztiari buruzko argibideak.
Epaiketan zehar gertatzea aurreikus daitekeen bezala, ustezko errudunen erruduntasuna zehazki frogatu ezinean, tesien eta kontratesien, teorien eta kontrateorieneta horrelakoen eztabaida sortu eta eztabaida horretan jarraitzeari bide ematen bazaio, bai epaileek, bai alde bietako ordezkari juridikoek euren korporatibismo zitala frogatuko lukete, ez zuzentasunaren aldekotasuna.
Beraz, gai akademikoak, zientifikoak, linguistikoak, historikoak eta abar eta abar dagokien diziplina guztietatik aztertu, eztabaidatu eta alde bietatik onartutako zientziatik epaitu ondoren argitaratu behar dira, eta ez zuzenean edo zeharretara epaitegi judizialetatik, ezta hedabideetatik ere. Epaileak ez dira orojakile, kazetariak ere ez diren bezala.
Salatuek epaileekiko gailentasuna dute arlo horietan, eta epaileak, juristak edota kazetariak salatu ditzakete ez dagokien arloan legez kanpo sartu izanaz.”

Gutun hau artikulu luze baten laburpena da, Naiz-en urte berean gazteleraz argitaratu zena. Hemen irakur daiteke.

2020an EHUko irakasle Mikel Urkixori Argia aldizkarian eman zion erantzuna kopiatzen dugu azpian. Ahalegindu garen arren, ezinezkoa izan zaigu Urkixoren idatzia aurkitzea.

Salomon erregea epaile (Mikel Urkixo Aierdiri erantzuna)

Jose Antonio Villar, 2020ko martxoaren 22an

  • Zure artikulua irakurri dut gaia pil-pilean dagoelako eta ni ere jada nekatzen hasia nagoelako, baina ez dakit biok gauza berdinaz nekatu garen. Lehenik eta behin, zuk egiten dituzun bezalako azalpen bi egingo ditut:

1. Komunikazio Zientzia ikasten eta ikertzen saiatu naiz eta horretan jarraitzen dut duela hirurogei urte hasi eta eten gabe. Hainbat Unibertsitate zapaldu ditut urteetan zehar Frantzian, Espainian eta Euskal Herrian bertan ere, arlo horretako nire jakintza gosea asetzeko asmoz. Ez diot nire buruari “aditu” deitura ematen, ezta ere  ematea onartzen, baina “aritu” izana aldarrikatzen dut eta ezin dit hori inork ukatu, orain zahartzaroari halabeharrez egokitzen zaion harmaila kontenplatibo soiletik ari banaiz ere.

 2. Ez daukat nik ere zuk aipatzen dituzun pertsona edo erakundeekiko zorrik, eurekin harremanak, zuk bezala, izan ditudan eta oraindik baditudan arren, baina auziari buruzko epaia egina daukat nire kabuz eta esango dizut aurrerago nola.

         Bi puntu horiek aipatu ondoren eta  egiten dituzun gogoetak irakurri eta gero, zuk kezka edo ardura moduan azaltzen duzun azken konklusio bikoitzera jotzea iruditu zait egoki eta horretara noa: epaiketak ez du auzia argituko eta eztabaidak berdin-berdin jarraituko du.

         Beldur naiz, bai, hori gertatuko ote den, baina zergatiak zehazki aztertzen ez baditugu, nire ustez, neke inposatu baten nekez hasiko gara nekatzen, hala ni behintzat.

         Auzi honi buruzko nire oraingo nekearen hiru zergati azalduko dizkizut: lehena, alde bakarraren nahitako luzapena, bigarrena, auzian edo auziaz inplikatutako bakoitzari dagokien funtzio berezien nahasketa, eta hirugarrena, guzti hori zuzendu baino zapuzteko jardueran komunikabideek eskaini duten laguntza.  Argituko dut gero hiru zergatiez funtsean zer esan nahi dudan, baina utz iezadazu lehenik eta behin aurrekari bat jartzen.

         Giza Komunikazio etikoaren ikuspuntutik, egia objektiboaren bilakoa izan beharko litzake  gaiari buruzko ariketa guztia, beste gai guztiei buruzkoa bezala.

         Nire ikuspuntu berezitik argazki bat egingo diot auziari buruzko ariketaren egoerari, diodana uler dadin:

         Teoria bat dago hainbat hizkuntzalarik eta historialarik egiatzat daukatena, duela 1.700 urteetako gizarteak erabiltzen zuen hizkuntzari eta praktikatzen zuen erlijioari buruzkoa.

         Kontrateoria bat ere bazegoen eta badago beste hainbat hizkuntzalari eta historialarirena, beren egia besteenaren alderantzizkoa dela diotenak.

“Auzi honi buruzko nire oraingo nekearen hiru zergati azalduko dizkizut: lehena, alde bakarraren nahitako luzapena, bigarrena, auzian edo auziaz inplikatutako bakoitzari dagokien funtzio berezien nahasketa, eta hirugarrena, guzti hori zuzendu baino zapuzteko jardueran komunikabideek eskaini duten laguntza”

Bata edo bestea onar daiteke nahi izanez gero, baina biei errespetu guztiz, biak dira printzipioz espekulatiboak eta ez dira inoiz, ez bata eta ez bestea, axioma bihurtuko froga enpiriko objektibo bat aurkitzen den arte.

         Norbaitek froga horien aztarnak aurkitu dituela adierazi duenean berpiztu dira, indartsu, alde bietako teorien eztabaidak eta alde batekoen teoriaz baliaturik  froga horien ezinezkotasuna dela eta, aurkitzailea eraman dute auzi judizialetara.

         Balizko froga horien aztarnak dituzten materialak ezkutatu eta gorde dituzte  alde batekoek  eta horiek baliogabetzen saiatu dira hamaika urtez.

         Aurkitzailea bera lehenengo lehenengotik, eta aipatutako kontrateoriaren aldekoak “Iruña Veleia Argitu” lelopean taldeturik ondoren,  saiatu dira behin eta berriz gero eta indartsuago aldarrikatzen eskura dauden era zientifiko erabakiorren bidez azter daitezela materialak froga horien egiazkotasunari edo faltsutasunari buruz erabateko egia objektiboa argitu dadin.

         Aipatutako lehen teoriaren egile eta sinesle direnen  aldekoei betiere entzun diedana izan da (eta zuzendu nazatela besterik izan baldin bada) eurena zientzia dela eta ez dagoela jada beste zientzien beharrik eta zientzia horren aurkako erasoa egin izana leporatuta eraman dela ustezko erasotzailea auzi judizialetara.

         Argazki horretan irudikatu dut erabateko egiaren bila aztertzeko  eta epaitzeko dagoena edo egon beharko lukeena.

         Baina epaiketak milaka egin dira jada epaile bakoitzari dagokien funtzioetatik at eta funtzio ezberdinen nahasketa ezegokitik abiaturik.

         Auzi honetan hiru erakunderen funtzioak eta jarduerak dira niretzat aztergai nagusi:

  1. Komunikabide edo hedabideak alde batetik, orain arteko epaiketa publikoak sortu eta  burutu dituztenak.
  2. Erakunde judiziakak, laster beren epaiaren berri emateko prest daudenak.
  3. Erakunde zientifikoak, alde batetik teoriagileak eta bestetik tresneria eta baliabide egokiz egia objektiboaren ziurtagiria eman dezaketenak.

         Komunikabideen eginkizuna egiazko informazioa ematea da, edo izan beharko luke, besterik gabe, eta kasu honetan teorien eta kontrateorien berri orekatua bideratzea, irakurleek edota ikus-entzuleek beren balizko iritzia osatu dezaten, baina hori erabat errespetatuko duen bat aurkitzea ia ezinezkoa da gaur egun euren iraupenerako bi baldintza ekidin ezinak dituztelako.

         Bata, diru-laguntza “ofizialen” ezinbestekosunak eragiten diela nolabaiteko  morrontza, eta bestea, batabestearekiko lehia irakurleria edota ikus-entzuleriaren kopuruetan neurtu behar dutela eta beren kazetariak espektakulu iraunkorra  sortzera behartzen dituztela, jendea espektakuluaren gose delako,  bestela euren ogibidea kolokan jarriz.

         Jakina da, kazetariak bere jakintza erabiliz ordu-laurdeneko saio bakarrean gauzak argi eta garbi jartzea lortzen badu, hurrengo egunerako beste zerbait aurkitu beharrean izango dela eta hori ez zaio komeni ez berari, ez bere aginteriari, zeren gauzak zenbat eta luzeagoan iraunarazi eta zenbat eta nahasiagoak egin edo azaldu, hainbat eta lan aukera hobeak eta luzeagoak.

         Erakunde judizialen funtzio soila, berriz,  kasu bakoitzean legearen haustura bai edo ez epaitzea da, baina oso gaizki  ohiturik gaude epaile judizialen orojakintza eta ahalguztiduntza ontzat ematen eta betiere beldur gara jakinik zein ondorio izaten duten epaile horien ebazpenak, zuzenak edo okerrak izan, bidezkoak edo bidez kanpokoak.

         Kasu honetan legea hautsi izanaren salatuak balizko haustura horri buruzko galderei erantzun beharko lieke soilik eta salatzaileek berriz, hausturaren froga zehatzak, ez teorikoak, ez balizkoak, aurkeztu beharko lituzkete, hau da, zer, zenbat, noiz, nola, non, zerekin eta abar, baina betiere zehatzak, objektiboak eta argiak, ez susmoetan, balizko motibazio edota intentzioetan oinarrituak.

         Horrelako frogarik ez balego, ez legoke beste arlo batzuetara salto egin eta denbora galtzerik, baizik eta epaia berehalakoan eman.

“Kasu honetan legea hautsi izanaren salatuak balizko haustura horri buruzko galderei erantzun beharko lieke soilik eta salatzaileek berriz, hausturaren froga zehatzak, ez teorikoak, ez balizkoak, aurkeztu beharko lituzkete”

Epaimahai judiziala ez da inola ere gai teorien eztabaida epaitzeko, materialen egiazkotasuna edo faltsutasuna erabakitzeko, aldekoen edota kontrakoen pedigriei buruzko  balioen neurketa egiteko eta gutxiago ustezko balio horien arabera epaitzeko, eta garbi baino garbiago daukat guzti hori  eta antzerakoak epaiketarako intrukzioan sartu  badira eta epaiketa saioetan horrelakorik erabili baldin bada, egiaren kontrako lapurreta litzatekeela eta benetako justiziaren kontrako ariketa. Ez dut epaiketa saioetara hurbiltzeko aukerarik izan, baina badakit ordubeteko saio bat nahikoa litzatekeela soilik salatzaileen eta defendatzaileen lekuko zuzenak deituak eta galdetuak izan balira.

         Erakunde zientifikoak aipatzean ez dut zalantzan jarri nahi hizkuntzalarien, historialarien eta beste hainbat horrelakoren oinarrizko zientzia, baina zientzia hori ezin da behin Akademia batetan lortutako etiketa erakutsiz eta aireratuz soilik bermatu iraupenean, eta zientzialaria bere zientzia eguneratzeko gai ez bada edo prest ez badago, niretzat etiketaren balioa galtzen du eta jada Akademiak berak ere ez luke babestu behar.

         Zientzia horiei  eta horietako zientzialariei bereziki antzinateari buruzko teoriak eraikitzeko ahalmena eransten zaie printzipioz, baina batez ere  antzinateari buruzko teoria eta kontrateoria guzti guztiak eztabaidagarri dira axioma, hau da, ebidentzia bidezko egia frogatua bihurtu arte eta era guztietako teorien sortzaile eta eustaileek, benetako zientzialari badira behintzat,  ebidentzia horien balizko aurkitzeari arreta eta  garrantzia gehiago eman beharko liekete, euren teorien  euste egoskorrari baino.

         Eta goazen azkenik gure harira:  nik neure iritzia garbi daukat eta horretarako, Kristo aurreko mila bat urteko ipuin historikoaz? baliatzen naiz, Salomon erregearena hain zuzen ere.

         Hark egiazko amaren bila egin zuen froga irudikatu dut eta galdetu: Nor da egiazko egiaren froga, behin betikoa, objektiboa, guztion partetik onartutako zientifiko askeak egin ahal dituenari egin ditzan eskatzearen partaide eta eragile, teoria bataren edo bestearen dema alde batera utzi eta zientzia objektiboaren epaia onartzeko?

         Horixe da benetako zientzialaria, egiaren jabe izan nahi duena, eta ez etiketaren bandera erakutsi eta aireztatzean soilik egiaren jabetza aldarrikatzen duena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Josetxo Mendiari elkarrizketa Baztan-Bidasoako Xorroxin Irratian

Hemen entzun daiteke

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

‘Bi indusketa-eredu Iruña-Veleian’, Tomas Elortza Ugarteren iritzi-artikulua

Iruña-Veleiako indusketetan bi aro bereiz daitezke: lehenengoa, 20. mendearen haseratik 2008ko azaroaren 19ra artekoa (Verastegui, Gratiniano Nieto, J. Carlos Elorza eta Eliseo Gil Zubillagak eta Idoia Filloyk zuzendutako LURMEN). Haien indusketa-eredua klasikoa zen: eskuzkoa, lanabes xumeekin -paletak edota haitzurtxoak- galbahea, eskorga, taketak, kordelak. Horrela industuta lortutako objektuz beteta daude arkeologia museoak munduan. Iruña-Veleiako kasuan, beste milaka gauzez gain, polemika antzua eragin zuten 400 bat grafito daude, ik. Grafitoak gaika.

Bigarren ereduan makinak hartzen du protagonismoa. Iruña-Veleian, EHUko arkeologia katedraduna den Julio Núñez Marcén-ek eman zion hasera eredu honi 2010ean, Eliseo Gil kanporatu ondoren Arabako Foru Aldundiak (AFA) aztarnategiko zuzendari izendatu zuenean. Aurrekoen lan egiteko era baztertu eta hondeamakinatzar bat eta bi kamioi jarri zituen lanean: hondoko harria jo arteko lurra kamioietan kargatu eta zuzenean zabortegira, ik. Inaugurazioaren irudi ikusgarriak Youtuben.

Josetxo Mendia eta Aitor Lasagabasterrek urte batzuk daramatzate AFA-k agindutako indusketak bideoz erakusten. Azkena abendukoa da -“Iruña Veleiaren txikizioa dokumentatzen 2025”- eta, bertan, azken 16 urteotan aztarnategian egin dituzten hondeamakina bidezko lanak erakusten dituzte: 9 interbentzio 13.500 bat m2 hartuz. Banan-banan, bakoitzaren deskribapen labur bat eginaz, hona Josetxoren esaldi batzuk: “estratu guztiak aurretik eraman dituzte”, “2000 urteko historia hankaz gora bota dute”, “dena zabortegira, galbahean pasa gabe”, “bai Gratiniano Nietok, bai Elorzak bai LURMENek harresiari atxikita aurkitu zituzten edifikazioak ‘aurretio’ eraman ditu eskabadorak”, “hemen V. mendeko haur-hilobiak zeuden”, “eskabadora sartzen dugunean ondarea galdu egiten da”, “aztarnategi honek Babes Gorena dauka eta hau egitea…!”.

Baina zirku erromatarrak hauspotuta-edo, AFA-ko Kultura eta Kirol diputatua pozik azaldu zen urtarrileko prentsaurrean, ”Iruña Veleia entra en una nueva etapa tras la verificación de un circo romano”: dagoeneko  lan asko egin dela, zorroztasun zientifikoz eta etorkizunerako ikuspegiarekin ari direla. Ondare materialaz ari da batez ere: harresia, zirkua, azoka, galtzada, S. Juan monastegiaren hondakinak, bidea, panelak… Aipamentxo bat ere ez LURMENek aurkituriko milaka objektuez -batzuk Bibat Museoan. Eta hurrengo 10 urteetarako egingo den Plan Zuzendarian ere baztertuta geratuko dira. Hau ez da ‘zorroztasun zientifikoa’!

Batak eta besteak ezaugarri eta ondorio desberdinak dituzte, jakina: eskuzko indusketak denbora asko behar du, baina gauzarik txikienak ere jasotzeko aukera ematen du. Hondeamakina erabilita, berriz, denbora laburrean azalera handia induskatu daiteke; indusketa, bai, baina indusketa arkeologikoa dela esan al daiteke?

Gaiari amaiera emateko, urtarrilaren 29ko hitzaldia: Luis Silgo eta Josetxo Mendiaren hitzaldia suntsiketez Gasteizen (2026-01-29) non hainbat gai azpimarratzen dituen Luis Silgok: I-Vri buruzko historiaren laburpen mingotsa; gaur egungo indusketei buruzko iritzi guztiz negatiboa… Berriki, Joseba Lizeaga-Rikak Oxfordeko Unibertsitateko ‘Archaeometry’ aldizkari zientifikoan argitaratu duen artikulua ere aipatzen du: A Critique of the Institute of Cultural Heritage of Spain’s Indicators of Falsehood in Incisions on Ostraca From the Iruña-Veleia Archaeological Site, Spain, I-Vko 36grafito faltsu eta 1 benetakoa direla dioen IPCEko Navarroren txostenen gabeziez eta haiek zuzentzeko proposamenez.                                                 

Gauza bat daukat garbi: Iruña-Veleiak tratu hobea merezi du, ez dakit nora begira dauden agintariak.

Tomas Elortza Ugarte

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Luis Silgo eta Josetxo Mendiaren hitzaldia suntsiketez Gasteizen (2026-01-29)

Utzi Pakean-ek grabatua (Aitor Lasagabaster) Hemen klik eginda ikusi daiteke

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina