Argia. Lau hilabete dira Iruña-Veleia auziaren inguruko epaiketa burutu zela eta berriki jakin dugu sententzia. Egunkari, irrati eta telebistetan era honetako titularrak irakurri edo entzun ditugu: “Epaiketa, sententzia, grafito faltsuak, zigor eskaera, isunak, kartzelara ez…”. Zer esanik ez, sententzia honek askoren gogoa asebeteko zuela eta beste batzuena zapuztu (nirea, horien artean).
Zoritxarrez, hitz hauek Iruña-Veleiarekin nahasita ikusi ditugu aspalditxotik, hamaika urtetik hona! Berez, Iruña-Veleia ez zen auzi judiziala, 1994tik zetorren indusketa arkeologiko soil bat beterik ez, euskal historiaurrearekin, euskararekin, latinarekin, kristautasunarekin … zerikusia zuena. Baina han agertutako grafito ezohiko batzuk faltsuak ote ziren zurrumurruak zabaldu ziren, zabaldu eta indartu, harik eta 2009an Arabako Foru Aldundiak indusketagunean lanean ari ziren Lurmen enpresa, zuzendari eta langile guztiak barne, kanporatu eta kereila jarri zuen.
Auzia argitzeko bi bide proposatu ziren, baina bat inposatu, epai-bidearena. hamaika urtez, Arabako Foru Aldundiak ahaleginak eta bi egin ditu bere postura inposatzen, faltsuketa bat egon zela frogatu nahian: EHUko katedradun batzuen txostenak, estatu mailako bi erakunde (IPCE eta ESCRBC), bi txosten grafologiko, Ertzaintzaren sei urteko lana eta 700 orrialdeko txosten poliziala, Eitbren eta hedabideen konplizitatea (salbuespen gutxi batzuekin), dirutza handiak, alderdi politikoen axolagabekeria eta Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Jakiunde eta unibertsitateen isiltasunarekin kontatuz… Eta hala ere Aldundiak bultzaturiko epaiketak ez du lortu faltsutzailea nor izan den jakitea, ez du lortu faltsuketa noiz-non-nola burutu zen frogatzea. Ridikulu itzela!!! Porrot honen ondoren normala izango zen epaileak beste bide bat proposatzea auzia argitzeko. Bai zera!
“Faltsutzailea nor den jakin ez arren, grafitoak faltsuak omen dira. Epaiketa aurretik 476 ziren faltsuak, epaiketan bertan 291 eta sententziaren ondoren 36 dira. Eta gainontzekoak?”
Non eta noiz galderen inguruan zehaztasun batzuk egin nahi nituzke. Egia da grafito gehienak piezak garbitzerakoan agertu zirela eta hortik ondorioztatu dute han faltsutzen zirela. Egia jakiteko bi bertsioak entzun omen behar dira, eta Lurmen enpresako zuzendari ordea izan zen Idoia Filloy arkeologoak ematen duenaren laburpentxo bat ekarriko dut: “Grafito gehienak garbitzeko unean identifikatzen dira… Material arkeologikoa zikin edo oso zikin ateratzen da lurpetik, segun eta materialaren konposizioa nolakoa den… Zerbait berezia nabarituz gero garbiketa mekaniko bat egiten zaio in situ eta koordenatu egiten da… Estratu bereko piezak batera gordetzen dira, identifikatuta… Leku batean pieza asko agertzen direnean ez dira garbitzen leku horren indusketa bukatu arte… Piezak txikiak izaten dira…” (Ostrakabase.com; gaian sakondu nahi duenak zer ikasi ugari aurkituko du hemen). Eta baten batek ustezko faltsuketak di-da batean egin daitezkeela pentsatzen badu, har ditzala zeramika, hezur, adreilu eta beira puskak eta proba egin dezala, 400dik gora direla kontutan hartuz.
Goian aipatutako beste bidea, bigarrena, Lurmenek hasieratik proposatu eta Iruña-Veleia Argituk bere Manifestuan jasotakoa da eta honela dio: “1) Piezen lagin bat Arkeometrian adituak diren Europako laborategietan aztertzea. Gure ustez, hiru laborategi ezberdinetan egin beharko lirateke analisiak, kasu berezietako protokolo zorrotzak ezarriz. 2) Parteekin zerikusirik ez duten arkeologo entzutetsuek indusketa kontrolatuak egin ditzatela Lurmenek grafitoen agerlekutzat seinalaturiko lekuen inguruetan”.
Bide hau oztopatua, boikotatua eta isilarazia izan da hasieratik, nahiz eta euskal kulturan eta beste arlo batzuetan ezagunak diren 140 pertsonak babestu beren sinadurarekin. Aipatu behar da erakunde batek ere (bakarrak!) ez duela aldarrikatu epai bidea ez baizik eta bide zientifikoa hartu behar dela, nork eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Duela 10 urte froga bat ere egin nahi izan zen Ingalaterrako laborategi espezializatu batekin: grafito batzuen azterketa arkeometrikoa egin ahal zuten galdetu zitzaien eta baita aurrekontua eskatu ere. Baiezkoa erantzun zuten eta aurrekontua bidali zuten: 10.000 euro. Pertsona batzuk prest agertu ziren laborategiak eskatzen zituen 10.000 euroak biltzeko. Baina grafitoak Aldundiaren eskutan zeudenez, proposamena egitera joan zirenean… ezezko borobila, hainbat aitzaki merke jarrita. Gutxienez, zientzia aldetiko ikuspegi serio bat izango genuen.
Sententziaren beste puntu batera itzuliz, faltsutzailea nor den jakin ez arren, grafitoak faltsuak omen dira. Epaiketa aurretik 476 ziren faltsuak, epaiketan bertan 291 eta sententziaren ondoren 36 dira. Eta gainontzekoak? Jakin ez, linboren batean egongo dira. Zer gutxi jakin dugun hedabideetatik benetakoak diren-daitezkeenei buruz. Adibidez, sententziak zera dio, hitzez hitz, ustezko RIP jartzen duen grafitoari buruz (13.359 zenbakidun grafitoa): “… resultando que, al tratar dicha pieza, la restauradora Paloma López Sebastián pudo comprobar que en la misma no pone RIP a pesar de parecerlo a simple vista, y a diferencia de lo que han manifestado otros expertos, incluyendo los peritos calígrafos de la acusación particular” (142. o.). Edota Diputazioko zaharberritzaileek aurkitu zutenari buruz (2.371 zenbakiduna, usoa eta galburua). Berria egunkariak ere beste baten argazkia (12,799, galburua) zekarren ekainaren 11ko alean “ikerketek benetakotzat jo duten pieza bat” azalpenarekin.
Epai-bide hau antzua izan da. Proba egin dezagun laborategiekin (arkeometria, C14, isotopoak, termolumineszentzia, analisi fisiko eta kimikoak…); egin bitez indusketa kontrolatuak arkeologo inpartzialekin (oraindik indusketagunearen %90 induskatu gabe dago); lege kontuetan adituak direnek aztertu dezatela epaiketa honetan alde biek aukera berdina izan duten, eta ea Eliseori ‘omisio delitua’ eta ‘autoría mediata’ aplikatzea bidezkoa izan den; euskalariek, latin arruntaren aztertzaileek eta historiagileek ere badute lana… Norberak ere saiakera bat egin dezake handik eta hemendik informazioa bilduz eta norbere iritzia osatuz.
Eta… otoi, arren, mesedez eta faborez ez ditzatela grafitoak desegin!