“Iruña-Veleia , euskaldunon lotsa eta miseria”, auziaren laburpena

Juan Martin Elexpuru.

Artikulu hau Durangoko Azokan banatu zen Independentea-ren lehen paperezko alean agertu zen aurrenekoz.

***

Jende askok galdetzen du zertan dagoen orain Iruña-Veleiako auzia, eta erraza ez den arren, laburtzen saiatuko gara egungo egoeratik hasita.

1.- Orain nola? Eliseo Gil Espainiako Konstituzio epaitegiaren erabakiaren zain dago, bere abokatuak sententzia errekurritu baitzuen duela hiru urte eta erdi! (ez ahaztu hamaika urte egon zela epaiketaren zain). Faltsutzailetzat jo zuen epaiak eta bi urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri zioten; baina bi “delitu” ezberdinengatik kondenatu zutenez, ez zuen espetxera sartu beharrik izan.

2.- Hiriaren historia. Brontze Arotik bazen hiri karistiar bat leku horretan. Erromatarrek Euskal Herria inbaditu zutenean hiri zaharra desegin eta gainean berria eraiki zuten erromatar erara. Bere garairik oparoenean 100 ha eta 10.000 biztanle inguru zituen. III. mendearen amaieran, kilometro eta erdiko harresi batez bildu zen hirigunea. Inperioa erori eta laster, VI. mendearen hasieran guztiz abandonatu zen. Gutxienez hamalau mendez egon zen habitatua. Gainean ez zen herri berririk eraiki eta hori izugarrizko pagotxa da arkeologiarako. Geruzak ukitu gabe daude.

3.- 2005-2006ko aurkikuntza bereziak. Hiria egondako lurrak laborantzarako erabili izan dira mendeetan. Indusketa-lan gutxi egina zegoen eremuan Eliseo Gil eta Idoia Filloy arkeologoak lanean hasi arte 1992an. 2005 eta 2006ko kanpainetan, Lurmen enpresaren zuzendari zirelarik, 400 bat “ezohiko grafito” aurkitu zituzten aztarnategiko eremu ezberdinetan. Zeramika eta hezurrean eginak ia guztiak, latinezko izenak eta esaldiak zituzten gehienak, baina baziren greziar alfabetozko hitzak, hieroglifiko egipziar zenbait, eta hainbat marrazki.

4.- Eta 50 pieza euskarazko hitz eta esaldiekin!!! “Euskararik agertu ez balitz, izan seguru ez zela inolako arazorik sortuko”, dio mundu guztiak, eta ados nago. Beste gauza batzuen artean, koloreak: zuri, aros,urdin, gory; familia-izenak: ata, ama, neba, reba; gai kristauak: Iesus, Joshe ata ta Miriam ama. Dozena bat esaldi. 2006an aurkeztu ziren grafitoak eta oihartzun mediatiko handia izan zuten, Irulegiko Eskuaren tamainakoa. Egundoko altxorra euskararentzat, ordura arte hilarrietako eta aldareetako pertsona eta jainko izenak bakarrik ezagutzen baitziren.

5.- Sare sozialetan kanpaina gupidagabea euskarazko grafitoen eta Lurmeneko arkeologoen aurka. Grafitoak aurkeztu eta berehala jarri zen makinaria martxan. Sare sozialetan, batez ere Celtiberia.net eta arkeologiara zuzendutako beste blog batzuetan erasoa etengabea da. Ia beti ezizenak erabiliz. Ezinezkoak omen dira euskarazkoak. Argudio oso landuak ematen dituzte, ikusten da “berezilariak” direla eta ondo ezagutzen dituztela testuak, nahiz eta hauek teorian sekretuak izan. Bi pertsonaia nabarmentzen dira iruzkinen kantitate eta kalitatearengatik, batak Tomas Deuna sinatzen du hasieran, eta Txatxi Piruli geroago; beste nick asko ere erabiliko ditu. Gerora jakingo dugu EHUko katedratiko Joseba Lakarra dela. Besteak Gyps sinatzen du hasieran, eta Satorrotas ezizena hartuko du laster. Gerora jakingo dugu Joaquin Gorrochategui EHUko katedratikoa dela. Beste askok ere parte hartuko dute lintxamenduan. Prentsa idatzian Jon Juaristi eta Martin Almagro Gorbea (Real Academia de la Historia-ko “Anticuario Perpetuo”a )nabarmenduko dira. Eta El Correo egunkaria.

6.- EHUko irakaslez osaturiko “Batzorde zientifikoa” eta Arabako Aldundi “abertzalea” faltsutasunaren alde itsu. 2008ko hasieran Lorena Lopez de Lacalle Kultura diputatuak“Batzorde aholkulari-zientifikoa” eratu zuen grafitoak ebaluatzeko. Haren partaide ia guztiak EHUko irakasleak ziren, tartean jada erabakia hartua zuten eta sare sozialetan erasoka ari ziren Lakarra eta Gorrochategui. Bi filologo hauen epaia erabakigarria izan zen. Garbi omen zegoen faltsutasuna. Grafito batean “Beba Coca-Cola” jarriko balu, zer pentsatuko zenukete? Ba guretzat horrelako zerbait da hor agertzen dena. Honek “domino efektua” izan zuen, euskarari buruz ezer gutxi zekiten beste diziplinetako partaideek amore eman zuten. Diputatuak Lurmen aztarnategitik botatzeko eta Eliseo Gil epaitegira bidaltzeko erabakia hartu zuen.

7.- 20 txosten benetakotasunaren alde, kanpotarrak ia egile guztiak. Lehen bi txostenak euskarari buruzkoak izan ziren: Elexpuru (Bergara), Iglesias (Baiona). Handik laster etorri ziren Van den Driessche (Belgika, ebidentzia fisikoak), Fritz (Alemania, egiptologia), Frank (Estatu Batuak, grafologia), Silgo (Valentzia, arkeologia), Rodríguez Colmenero (Galizia, arkeologia eta epigrafia); Baxarias (Katalunia, hezurrean eginiko grafitoak), Satué (Zamora, latina), eta abar.  Txosten luze eta sakonak, indargabetuta geratu ziren Batzordekideen argudioak eta epai borobilak. Txillardegik ere zera idatzi zuen: “grafito horiek benetakoak dituk”.  Nolanahi ere, zalantzarik gera ez zedin, bi froga erabakigarri eskatzen ziren: 1) Analisi fisiko-kimikoak atzerriko laborategi espezializatuetan. 2) Indusketa kontrolatuak grafito polemikoak agertutako lekuen inguruan. Eskaera guztiz zentzuzkoak izan arren, ez dira oraindik gauzatu.

8.- Julio Nuñez zuzendari berriak ia 10.000 m² harrotu zituen hondeamakina handi batez 2010ean. Harria jotzeraino harrotu ere. Eremu horretan hainbat grafito agertuak ziren zundaketetan. 2016an hondeamakina erabili zuten 6. sektorean, euskal grafito asko agertutako lekuan. 2023ko udaberrian berriz sartu zuten hondeamakina harresiaren barrualdean, lau edo bost metroko sakoneran, ate baten ondoan. Guztietan jarri dira salaketak epaitegian, baina erantzuna beti berdina izan da: “interbentzioek ez dute inolako kalterik eragin”.

9.- 2020ko epaiketa-fartsa. Ezinezkoa da epaiketa eta sententzia lerro gutxitan laburtzea. Gehiago nahi duenak nire blogean edo academia.edu-n aurki dezake kronika. Bakarrik esan piezak akusazioaren eskuetan (Arabako Aldundia) egon zirela, eta horrek aski izan behar zuela epaiketa baliogabetzeko. Eta akusazioak ez zuela froga sinesgarri bakar bat ere aurkeztu faltsutasunaren alde eta Eliseoren aurka, eta defentsak akusazioaren argudio guztiak lotsagarri utzi zituela. Nolanahi ere, sententzia aurrez erabakia zegoen, eta derrigor kondenatu behar zen Eliseo. Akusazioaren eta fiskaltzaren ustez epaia bigunegia izan zen. Ez ahaztu zazpi urte eta erdiko kartzela eskatzen zitzaiola eta 286.000 euroko isuna. Azkenean isuna 72 eurokoa izan zen (!).

10.– Zergatik gertatu da hau? Mundu guztiak egiten duen galdera, erantzun zailekoa. Gure ustez, interes ezberdinek egin dute bat aurkikuntzak kondenatzeko orduan: 1) Bi filologo euskaldun izan ziren bola maldan behera jarri zutenak. Euskal grafitoetan agertzen zen zenbait gauza -a artikulua esaterako (lura, polita, sua…) ez zetorren bat eurek segurutzat zituzten irizpideekin. 2) Euskalduntze berantiarra, historiografia espainiarraren fantasia kutuna. Araban ez bazen euskararik egiten, nola agertuko da hainbeste grafito euskaldun. 3) Elizak ere hartu du esku. Ipintzen ez duen RIP irakurtzen dute, eta agian beste zerbait ere bai dogmarekin ondo ezkontzen ez dena. Azken batean, denei komeni zitzaien faltsuak izatea. Eta ez dira nolanahiko botereak: Unibertsitatea, Espainiako Estatua, Vatikanoa. Nola egin hauen kontra? Honi, euskal alderdien eta intelektualen (salbuespenak salbuespen) kolaborazionismoa edo isiltasuna gehitu behar zaio.

11.- Zer ematen digu Iruña-Veleiak? Euskarazko lehen izen arruntak eta esaldiak alfabeto latinoz, horrek suposatzen duenarekin euskararen azterketarentzat. Euskalduntze berantiarra teoriaren azkena. Kristautasunaren sarrerari buruzko datu interesgarriak. Eta abar eta abar. Azken batean, gure herriaren historia ezagutzeko argi indartsua eta hain ahuldua dugun autoestimarentzat hauspoa.

Auzia ez da amaitu. Aztarnategiaren % 10a inguru dago aztertua bakarrik. Faltsistei gero eta zailagoa zaie gezurrari eustea. Horregatik ez dute nahi indusketekin jarraitzea. Nahiago dute dirua beste zerbaitetan gastatzea. Baina euskal gizartea mugitzen ez bada, gauzak bere horretan jarraituko du luzaroan, nahiz eta egiak eta urak bere bidea egin ohi duten lehentxeago edo geroxeago.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude