Epaiaren osteko hainbeste iritzi zital eta kaskarin entzun ondoren, eskertzen da gaurko Deian irakurri dugun artikulu zorrotz eta zuzena. Itzulpena ere argitaratu da Ama Atan Letra Txarra Daukat-ek egina. Koen Van den Driesschek iruzkin interesgarriak gehitu dizkio. Xabier Gorrotxategi esperientzia eta bibliografia zabaleko gizona da.
“EPAIKETAREN sententzia dugu. Batzuek pentsatzen zuten sententziarekin batera Iruña- Veleiako grafitoen irtenbidea agertuko zela, zerutik eroria balitz bezala. Baina esan behar dut berdin dela zer esan dezakeen epaileak balizko faltsukeriaren inguruan.
Berak erabakia hartu du prozedura tekniko bati jarraituz. Lehenik eta behin, polizia judizialak esandakoa onartuz, horretakoek Eliseo Gil faltsutzailea dela konbikzioa dutelako, baina frogarik nimiñoena ez. Eta bigarrenik, Madrideko peritu baten konklusioa ontzat hartuta, 38 grafito orain dela gutxi egindakoak direnak. Esan behar da peritu horrek dakartzan informazioa hartuta bestelako konklusiora ailegatzen naizela ni: grafito guztiak benetakoak direla frogatzen da. Nire ustez, bi arazo gaindiezin ditu perituren txostenak: 1, ez du ezer demostra-tzen eta, beraz, fede kontua da berak esandakoa, ez zientzia; 2, aldrebesteko konklusioak ateratzeko ez du begiratzen objektu bakoitza osotasunean, berari interesatzen zaiona baizik, beraz, osatu gabea da. Balio anekdotikoa besterik ez dauka balizko ikerketa horrek zientziaren aldetik. Balio juridikoa, ordea, erabatekoa, onartu duelako epaileak.
Epaileak ahalmena dauka modu subjektiboan informazio hori hartzeko, egin duen bezalaxe, baina hori ez da zien-tziak onartzen duen prozedura. Zientzia baita grafitoak onartu behar dituena, eta zientzialariak erdibituta daude. Eta indusketa arkeologikoa da, aurkikundeen aldameneko laukietan egindakoa, Iruña-Veleiako aztarnategian E. Gilek erabilitako metodoa balioztatu edo baliogabetu behar duena, eta ez lekuko batzuen iritzi interesatuak.
Orduan, epaiketaren emaitza ez da izan guztiok pentsatzen duguna. Nik, kanpotik begiratzen batzuek eta besteek esandakoa, jarraitzen dut pentsatzen grafitoak benetakoak direla. Egia esan, pentsatu, bakarrik batzuek pentsatzen dugu, beste batzuek gezurrak zabaltzen jarraitzen dutelako, hasieratik gaur egunera arte. Eta pentsatzen dudalako (dugulako) hori eskatzen dugu, administrazio publikoak benetako autentifikazio prozesu bat martxan jartzea, erabat independentea eta bikoitza; eta benetako indusketa arkeologiko independentea burutzea ere bai. Besterik ez. Bestalde, salatu behar da euskal administrazio publikoak erdi desagertuta daudela, legea ez betez.
Ez dagoela debaterik zientziaren munduan esaten dute faltsifikazioaren sinestunek (faltsifikazioa interpretatzen dutenak), hori argudioa balitz bezala. Jakin dezala jendeak lehen unetik diputatu berriak ukatu zuela arkeologoek prestatutako grafitoen bilduma argitaratzea. Horregatik ez dago (neurri batean) debaterik, kanpoko aditu eta zientzialariek ez baitute argitalpen bat erreferentzia moduan zientziaren bidez kritikatzeko. Jakin batzuek, administrazioak aukeratuek, berriz, grafitoak zuzenean erabili dituzte argudioak eraikitzeko, baina gainerakoek ezin izan dute horrelakorik egin, aurrekoen iritzia besterik ez dute. Eta hau jakinda, faltsifikazioaren aldeko horien balizko argudioak argaltzen dira inanizioraino, nire aburuz. Besteen beldur dira? Bai, egiaren beldur direla da niri bururatzen zaidan interpretazio bakarra. Jakin dezala jendeak oztopo gaindiezin hori, orijinalak kontsultatzea, pasatuta, benetakoak direla interpreta-tzen dituztenak gai izan direla besteen interpretazio guztiei erantzun egokia ematen. Harritzekoa da.
Beraz, badago debaterik, batzuek behin eta berriz ukatzen badute ere, ukatu nahi badute ere. Egia bilatzen dutenen eta egia ezkutatzen dutenen artean, hain zuzen ere, debatea da. Azken hauek, faltsifikazioaren aldekoek, esaten dute froga arkeometrikoak ez direla beharrezkoak, zientzia aplikatzea alferrikakoa balitz bezala. Inolaz ere, are gutxiago kontuan hartuta epaileak 39 grafito besterik ez dituela sartu sententzian, gainerakoak linboan geratzen direla. Eta, inolaz ere, zientzia irekia baita, fedea ez bezala. Dena dela, gogora dezagun, zientzialari batzuek oztopo guztiak gaindituta, gai izan direla faltsifikazioaren aldekoek esandako guztia baliogabe-tzeko, haien lotsarako.
Faltsifikazioaren aldekoek behin eta berriz erabiltzen dute faltsukeriaren fedea besteak satanizatzeko, baina nik kanpotik ikusita bakarrik hau esan dezaket: batzuen argudioak faltsukeria frogatzeko barregarriak izan dira eta jarraitzen dute izaten: DESCARTES, DENOK, ANQUISES, RIP… Hau nik esateagatik zientzialarien lana desprestigiatu nahi dut? Irakurketa faltsu horiek defendatu dituztenak dira haien buruak desprestigiatu dituztenak. Egun batean, agian, esango digute zergatik egin zuten, nola izan zen posible horrelako basakeria. Garaiz daude oraindik, baina ez dut uzte horren ausardia izango dutela.
Egia bilatu behar dela aipatzeagatik sekta baten kide naiz? Eskerrik asko kokatzeagatik Egiaren Aldekoen sekta horretan. Eta gezur batzuk salatzeagatik mehatxatu ditut gezurtiak? Zehatz ditzagun mehatxuak: gezurra da in situ ez zirela agertu grafitoak, aztarnategiko erregistro orokorrean zenbait grafitok koordenadak dituztelako eta frogatuta dagoelako grafito baten agerpen sekuentzia argazkien bidez; gezurra izan da, biribila, DESCARTES idatzita zegoela, lehen unetik MISCART irakurri bai-tzen; gezurra da DENOK idatzia izan zela, ikus dezala irakurleak horren argazkiak sarean; gezurra da RIP idatzia izan zela, zenbait akademikok eta irakaslek defendatu (eta defendatzen) dutena.
Bestalde, azken hauei, faltsifikazioaren aldekoei, ahazten zaie esatea epaileak ez duela onartu irakurketa hori (RIP) idatzia zela, Diputazioko errestauratzaileen lekukotza hartuta, baina lehen unetik ezaguna zena. Baina Madrideko perituak RIP dagoela idatzita esaten du! Eta gezurra (eta gezurrak eta interpretazio okerrak hamaika dira faltsifikazioa defenditzen dutenen artean) da garbiketa lanetan egin zirela grafitoak, polizia judiziala bere txostenean ez baitzen gai horretaz frogarik txikiena ere aurkitzeko.
Eta kaltetua ez da izan Iruña-Veleiako aztarnategia metodo arkeologikoaren bidez grafitoak aurkitzeagatik, zuzendari berriak hondeamakina metodo arkeologiko bezala erabili izanagatik baizik. Eta kaltetuak izan dira gure instituzio publikoak ekintza hori onartzeagatik. Eta kaltetua izan da ikerketa Euskal Herrian eta Espainian emozioak eta sineskeriak zientzia zikintzeko erabiltzeagatik.
Eta gehien harritzen nauena da enpatia izpirik txikiena ere ez aurkitzea batzuen aldetik, gehien kaltetuena izan denerako. Ozenki esan behar baita: kaltetuena pertsona bat izan da, aztarna zaharrak maite dituen horietakoa, aztarnarik txikiena eta xumeena ere dokumentatzeko prest dagoena, arkeologo kontsekuentea, arkeologo petoa, Eliseo Gil Zubillaga. Eta arazoaren mamia ez da errugabe edo errudun den ala ez, berak ez baitu ezer egin ez bada izan arkeologo aditu bati dagokion lan zintzoa.
Amaitzeko, Historia errepikatu egiten da, bai, beti izan da ahaltsuen (borreroekin batera) eta menpekoen arteko borroka, gupidarik gabeko borroka, eta jarraituko du izaten per secula seculorum. Kontua da non kokatzen den bakoitza.
Arkeologian doktore