Hemen Idoia Filloyren post interesgarria toponimoaz. Aurreko sarrera batean esaten genuen deigarria dela sei edo zazpi aldiz hiriaren izena VELEIAN forman, inesiboan, agertzea, aurkitu berri duten aldarean bezalaxe, nahiz eta EHUko adituek VELEIANORUM interpretatu duten; oso interpretazio diskutigarria.
Plinio Zaharra (I. K.o.): In eundem conventum (Cluniensem) Carietes et Vennenses V civitatibus vadunt, quarum sunt Velienses. Pliniok dio Clunia-ko (gaur egun Coruña del Conde, Burgosko probintziaren hego-ekialdean) esparru administratibokoak direla karieteak (karistioak) eta vennenseak (?), eta bost hiri dituztela denera, horien artean Velienseak (vel(e)iatarrak).
Bestalde, Ourense-ko Celanova (Coeliobriga) herrian aurkitutako hilarri batek zera dio: M(arcus) Licinius / Veleiensis / Laribus / Gumelaecu[is] v(otum) s(olvit) l(ibens) m(erito) . Ikusten denez, Marcus Licinius hau Veleiatarra zen, auskalo zergatik Galiziara joandakoa
Hauek dira, guk dakigula, gentilizioaren aipu zahar bakarrak. Horregatik, VELEIAN (laburpena izatea posible dela jakinda) VELEIANORUM interpretatzea gehiegitxo iruditzen zaigu. VELEIENSIUM izango zen genitibo plurala, “veleianus” ere erabiltzen zela frogatzen ez den bitartean. Dokumentatuta ez dago. Zenbat txantxa egin duten batzordekideek veleyense hitzaren kontura (“ostrakas veleyenses”, “euskera veleyense”, “anomalías veleyenses…), orain komeni denean “veleianus”ekin etortzeko.
Deigarriak dira beste agerpenak ere. Bi aldiz agertzen da VELEIA NOVVA eta behin VELEIA NOVA. Garbi dago hiri berriari egiten diola erreferentzia, bazela Veleia berri bat. Eta jakina, berria bazegoen zaharra ere izango zen. Horregatik pentsa liteke beste lau aldiz agertzen den VELEIA GORI hiri zaharra dela. 14469 piezak biak dakartza gainera, VIIL(II)I(A) GORI/ VIILIII NOVVA, bide baten marrazkiaren barruan.
GORIren esanahia ez dago argi. “Gorri”ren forma zaharra dirudi; batzuek pentsatzen dute “soila”, “landarerik gabea” esan nahi duela. Beste batzuek, kolorea. Nire ustez GOIRI dateke, goi aldeko hiri zaharra, hiri karistiarra. Arkeologoek diote erromatarrek hiri karistiar zaharraren gainean eraiki zutela hiri berria. Handia zela lehenagoko hiri hori, 50 hektarea hartzen zituela, mendixkaren erdialdea zein goi aldean kokatzen zela. Arkiz-ko Espoloia esaten zaio gaur egun goialdeari. GOIRI edo GOIURI toponimo dezente dago bizkaieraren eremuan. Hainbat Goiri dago Bizkaian; Goiuri (Gujuli ere deitua) Araban, Urkabustaizen.
Niretzat adierazgarria da Gasteizko hiribilduaren goialdearen antzinako izena: Villasuso. Gaur egun Villasuso-Goiuri esaten zaio hango areto-jauregi eder bati. Goiuri, nonbait, ez dago dokumentatuta, eta Villasusoren itzulpen berria da. Baina Villasuso ez ote Goiuri edo Goiri-ren antzinako itzulpena? Toponimia zahar ia guztia euskarazkoa den inguru batean harrigarria da “Villasuso”. Eta beste gauza bat: Iruña-Veleia goi-erdiaroan desegin zenean, nora joan zen hango jendea, edo parte bat behintzat? Zertarako erabili ziren hango harlanduak? Beste hiri bat eraikitzeko, agian, handik hamar kilometrora dagoen Gasteiz, ziur asko. Goiri edo Goiuri toponimoa ere harriekin batera lekuz aldatu ote zen?
Pingback: Ostraka euskalduna » Blog Archive » Veleia gorria. JM Elexpuru
Pingback: Euskeraren jatorria » Blog Archive » EHU-AFA: Veleia lehen aldiz?, V eta M letrak, kakotzak, Nefertiti, argitalpena…