SOS Iruña-Veleiaren agiria “Aurkikuntza Handiaz”

Iruña-Veleiako aztarnategian erdi aroko komentu handi bat aurkitu omen dute. Julio Nuñez Marcen zuzendariak eman zuen berria, Arabako Foru Aldundiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu zen egun berean. Hitzarmen horren bidez, Aldundiak 130.000 euro ematen dizkio Nuñezen taldeari aurten ere indusketekin jarrai dezan.

Kontua da mundu guztiak zuela komentu horren berri, erdi aroko iturriek aipatzen baitute, eta baita XVIII. eta XIX. mendeko hainbat autorek eta bidaiarik ere, Lorenzo de Prestamerok, Becerro de Bengoak, González de Echavarrik edo Madozek, adibidez, eta baita gaur eguneko zenbaitek ere,  Gerardo López de Guereñuk, Carlos
Ortiz de Urbinak edo Enrike Fernandez de Pinedok, esaterako. Eliseo Gilek ere bai,
aztarnategiari buruzko zenbait lanetan.

Eraikuntzen hondakinak agerian egon ziren XIX. mendera arte, eta betidanik  jakin da haien kokapen zehatza: hiri erromatar zaharreko bideak elkartzen diren lekuan,
hondakinak bistan baitaude gaur egun ere, sastraka artean egon arren. Nuñezek
berak idatziriko “Plan Zuzendarian” ere luze eta zabal aipatzen dira. Harri eta zur gaude. Ez ote du gizon honek bere plana irakurri?

Lorenzo de Prestamerok, XVIII. mendearen amaieran harresi barruko hiri erromatarraren planoa marraztu zuen. Basogunea ere ageri da, eta mundu guztiak daki hiru bideak batzen diren lekuaren ondoan zeudela San Juan Ordenako Enkomiendaren etxeak. Plano bera agertzen da 1958ko Gratiniano Nieto-ren “El Oppidum de Iruña” argitalpenean ere.

Gonzalez de Echavarrik esaten digu XVIII. mendearen amaieran bazela artean “Priorato horren jabetzako eliza gotikoa, aldendutako bere dorretxoarekin, sakramentuaz eta bataio-ponteaz, non meza ematen zuen egunero Ordena horretako fraide batek, eta etxe bat, eta ospitalea deitzen zioten eraikuntza txar bat, eta ermita bat.”

1867an, “Comisión de Monumentos” delakoak eskatu zuen ez jarraitzeko San Juan Eliza desegiten, kontserbatzea merezi zuen eraikuntza zela eta. Becerro de Bengoak Elizaren marrazkia egin zuen, eta zera esaten zigun 1883an: “Iruña familiako arbasoek San Juan Ordenako zaldunei utzi zieten, nonbait, lurra, eta hauek monasterio gotiko txiki baina dotore bat eraiki zuten. Arrastoak agerian egon dira duela gutxi arte”. Zera ere badio: “1870ean oraindik absidea zutik zegoen, ojiba formako bere leiho lirainekin, eta barruko lau arku ere gordetzen ziren.”

“Real Academia de San Fernando” delakoan omen daude L. Velascok 1867an eramandako marrazki batzuk. Eliseo Gilek berak zera diosku Batzordeari entregatu zion agirietako batean (ez ahaztu Nuñez jauna ere batzordeko kidea zela): “Enkomiendaren eraikuntzak hiri zaharraren gune publiko baten inguruan kokatu ziren” http://www.sos-irunaveleia.org/informe-arqueologico (17. o.).

Bi hitzetan esanda, ezaguna zen kokapen zehatza. Orduan, non dago berria? Non dago aurkikuntza?

Lehen esan bezala, deigarria egiten da  Aldundiak aurtengo indusketetarako 130.000
euro eman dituen egun berean agertzea aurkikuntzen berria. Noiz eta ekonomia
krisi bete-betean gaudenean, arlo guztietan murrizketak ezarri direnean, diruz
hornitzen dira, eta ondo hornitu ere, inolako presarik ez duten ikerketa-lan
batzuk, eta aurkikuntza handitzat saltzen ez aurkikuntza eta ez ezer ez direnak.

Sos Iruña-Veleiak bere kemen guztiaz salatu nahi du Arabako Foru Aldundiaren,
Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Julio Nuñez zuzendari berriaren
artean apailatutako bidegabekeria berri hau, barregarrikeria ere esan
dakiokeena, eta indusketak geratzea eta auzitan jarritako piezen laborategiko
analisiak egitea exijitzen du beste behin ere.

Sos Iruña-Veleia

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude