Roslyn May Frank-i egindako elkarrizketa mamitsua Berrian

Urriaren 3ko Berriaren Igandea gehiagarrian Lierni Alkortak Roslyn M. Frank hizkuntzalari estatu batuarrari egindako elkarrizketa luze eta mamitsua dator. “Euskara izan dut Euskal Herria ulertzeko tresna” dio titularrak.
Iruña-Veleiako auzia jarraitzen dugunok ezaguna dugu Roz. Berea da gaiaz idatzi den txostenetariko bat. Euskal Herrian zertan dabilen galdetuta, zera dio lehen erantzunean:
“Iruña Veleiako auzia dela eta, oso harreman estua izan dut azken
aldian hemengo jende askorekin, eta haiekin egon nahi nuen. Gaiak
guztiz liluratuta eta kezkatuta nauka. Nire ustez grafitoak benetakoak
izan daitezke. Ezin dut ulertu gertatzen dena. Ezin dut ulertu nola ez
diren egin auzia betiko erabaiko luketen laborategiko analisi
fisiko-kimikoak. Gai hau ez da Araba edo Euskal Herrikoa soilik,
aurkikuntzak benetakoak balira, mundu mailako garrantzia izango lukete.
Horregatik, oso larria iruditzen zait hain argudio arinekin faltsutzat
jotzea.”
Beste gai asko ere ukitzen ditu, pena da elkarrizketa bertsio digitalean aurkitu ezin izatea.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

13 erantzun Roslyn May Frank-i egindako elkarrizketa mamitsua Berrian-ri

  1. egilea: Felix

    Egiazkotasuna eta nolabaiteko autoritatea kanpoan aurkitu behar izateari nolabaiteko aldeanismo kutsua hartzen hasia nago, aspaldi honetan, Veleiako kontuarekin. Euskararen historian dauden aditu handienak Euskal Herriko unibertsitateetan daude, onerako edo txarrerako.

  2. egilea: Antton

    Hala izanen da, Felix.
    Baina bertakoak…batzutan badakizu… “Herri txikiak, infernu haundi”. 
    Horrelako zerbait gertatzen ari da Iruña-Veleian, nire idurikoz. “Bista
    ederra eta elkar ezin ikusia”, Kupelak diona.

    Oso erraza da konponbidea: goazen elkarrekin “benetako egia” bilatzera,
    benetakoa eta bertakoa, bertakook, benetan, elkarrekin. Egiaren bila.
    Goazen egin behar diren froga guztiak egitera. Alperrikakoak direla ?.
    Aizu, haenbeste gauza egin behar ditugu “alperrik”, baina egia
    bistaratzeko bada, ez da hain alperrik izanen.

    Zer diozu?.

  3. egilea: Felix Iñaki

    “goazen elkarrekin “benetako egia” bilatzera” diozu, Antton, baina arazoa bertan egon daitekeelakoan nago. Goazen elkarrekin… nor? Ezen nik ez baitakit Gorrochategui batek euskararen historiaz dakiena, bera autoritate ezagun eta aitortua baita, eta ni ez.

  4. egilea: Antton

    Gorrochategui gizon aditua dela euskararen historiaz?. horixe baietz. Eta neuk aitortzen diot aditasuna.

    Baita Joxe Arregi ere oso aditua da teologian, adibidez. Eta zer?. Nik ezin al ditut-dizkiot galderak egin Jainkoari buruz, edo ezin al dut dudarik izan Mariaren zerura igotzeaz, edo nire heriotza-ondokoaz?. Bera autoritatea denez, eta da !!, berak erraten duena egia, berdederoa eta bakarra?. Mesedez. Nora zoaz ?.
    (Lehentxeago, “bertakoak hoberenak”; orain “autoritateak hau dio”…)

    Berriro erranen dizut, eta segur naiz irakurleak ongi aski ULERTUKO dutela diodana, bere apaltasunean: “egia bilatzen badugu, goazen elkarrekin egia bilatzea, egia, egiazkoa eta bertakoa”.

  5. egilea: Felix Iñaki

    Egia esan, uste dut berez erantzuten diozula zure buruari, Antton, zientzia eta fedea nahasten dituzunean. Euskaraz lehenengo ergatibo dokumentatua 10. mendekoa dela diogunean, hor daukagu dokumentua eta dokumentu horretatik atera litezkeen ondorioak; Ama Birjina, ordea… non daukagun Ama Birjina…

    Oso platonikoa egiaren kontu hori, baina sentsazioa (eta beldurra) ematen dit: aipatzen duzun “egi” horrek bete beharreko gutxienekoa zer da, zeure usteekin bat egitea? Ezen ez dut ulertzen non ikusten duzun gezurra Gorrochategui edo Lakarraren txostenetan… zeure balizko usteekin bat egiten ez dutelako, agian?

    Eta bide batez: inoiz ebakuntza bat egin behar badizute, utziko al didazu zirujauarekin eztabaidatzen, ea ebakiak zer nolako luzeera eta nondik-norakoa izan behar duen? Ez ezta? Tira ba, horixe.

  6. egilea: Antton

    Ez naiz txukun aritu. Nire konparazioa ez da batere egokia izan, aitortzen dut, eta zuzendu nahiko nuke. Ez da konparazio egokia, eta ez nuen zertan sartu behar Joxe, eta Jainkoa eta bestelakorik. Erretiratzen dut eta barkatu.

    Baina gainerakoan, neu neurean nago: Gorrochategui eta adituek esan dutena errespetatzen dut, eta hala aitortu nuen. Baina, dudak ditut, eta ez naiz bakarra. Segur zuek ere duda asko dituzuela.

    Horretaz, zenbat eta froga gehio, hobe, ezta ?.
    Horixe da eskatzen duguna: frogak, azterketa gehio, duda guztiak urtutzeko eta behingoaz garbitu dedin hor idatzitakoak faltsuak direla eta denak (edo bederen esanguratsuenak).

    Ulertzen ze esan nahi dudan?. Ziur naiz ulertzen didazula.

  7. egilea: Antton

    (Gurutzatu egin dira gureak bidean).

    Hain zihur bazaude faltsuak direla, nolatan ez duzun nahi azterketa fisikorik eta kimiko berririk, hori ez dut ulertzen. Zure/zuen alde ari gara. Froga eta azterketa horiek BAIEZTATU eginen lukete aditu horiek diotena. Eta, beraz, hazi/haunditu/edertu eginen lukete autoritate horien autoritatea.

    Non da arazoa, adixkide?.

  8. egilea: Felix Iñaki

    Kontua ez da azterketa kimiko / fisiko gehiagorik ala ez. Esan zuen Gorrochateguik: etor daitezela munduko arkeometra onenak. Esan zuen Lakarrak ElCorreoko artikulu hartan: Los arqueologos primero.

    Kontua da… froga, azterketa eta antzeko gehiago. Ados, baina… noiz arte? Komeni / interesatzen zaigun argudioak eduki arte? Geure ideiekin bat etorri arte froga horiek? Ikuspegi partzialegia iruditzen zait. Idazkunen auzia auzi linguistikoa da, eta linguistikan aditu, luzaz, diren bik eman dute euren hitza. Badatoz egiptologoak eta gauza bera. Badatoz epigrafistak eta gauza bera.

    Argudio linguistikoei erantzun linguistikoa eman behar zaie. Horretan da txalogarri, esate baterako, Elexpuru: argudio linguistikoei beste txosten linguistiko batekin erantzun zien, nahiz eta gerora ikusi dugun Elexpururen argudiaketa gehienak oker zeudela eta uste baino denbora gehiagoz ikertu beharreko gaiak direla.

    Hain zuzen ere, hor kokatzen dut nik “adituen mailaren” kontua. Administratiboki lizentziatu-tituluak bi filologo berdindu ditzake, baina tira, filologian hizkuntzalaritzarekin lotutako gai orokorrak ukitzen dira, gero bakoitzak bere bidea hautatzen du eta horretan espezializatzen da. Eta batzuek 35 urte daramatzate euskararen historiaren erraiak arakatzen, orain Silgo bezalako bat etorri eta minutu erdi batean R&S bilduman A-L legea agertzen ez dela eta ergatiboa XVI. mendetik hona ezagutzen dugula esateko: izan gaitezen serioak: aizu, jauna, ona izan zaitezke zeure disziplinan, baina euskararen historiaz, protohistoriaz ia, inori ezer erakusten saiatu aurretik, espezialista ez den inor nahastu aurretik, ikas itzazu minimo batzuk horren gainetan, otoi.

  9. egilea: Antton

    “Froga gehio, ados”, diozu zuk. Eta ez da gaizki esana, aizu.

    “Baina noiz arte?. Gure ideiekin bat etorri arte?”, galdetzen duzu, eta ongi galdetua.
    Ze nahi duzu esatea: niri gustatuko litzaidake egiazkoak izatea, baina batere arazorik ez dut, batere !, onartzeko faltsuak direla, baldin eta beti baldin hala “frogatzen” badidate. (Begira, faltsuak dira, ezinezkoak -adituek dioten moduan- eta atzo egindako azterketa fisikoek eta kimikoek hala diote berriki egindako marrak izki eta marrazkiak direla-. Eta gainera, kontraste proba hauek ere hala baieztatu dute.)

    Asko eskatzen ari al gara?. Kirolari batek ere ez al ditu eskatzen kontraste azterketak, kondenatua izan aurretik?. Ze demontre !!. “heriotza profesionalara” dago zigortuta Eliseo Gil eta bere ekipoa, historiaren (gure, zure, nire…) historiaren zati bat dago jokoan…Herri koxkor honetan “inbertitzen” dugu bada dirurik eta astirik ergelkeri haundiagotan !!

    Berriro diot, eta honekin bukatzen dut: Diputatu andereak eraman ditzala ostraka bedeinkatu/madarikatu horiek, BEHINGOZ eraman, behar dituen tokira, epaileak agindu dion moduan…Eta zuek ere eska iezaiozue horixe bera. Gainerakoan, eta horrelako joko ez-garbiak ikusita, berriz ere…duda asko izanen ditugu. Arrazoizko dudak?=duda racional?.

    Aio. Banoa eta egin errandakoa.

  10. elexpuru egilea: Juan Martin Elexpuru

    “…nahiz eta gerora ikusi dugun Elexpururen argudiaketa gehienak oker zeudela” Felix Iñaki dixit.
    Zeintzuk ikusi duzue argudiaketa gehienak oker zeudela?, non erakutsi duzue hori?

  11. egilea: Felix Iñaki

    Besteak beste, Gorrochateguik Gasteizko hitzaldian, Ricardo Gomezek bere blogean, Gorrochateguik eta Lakarrak Donostiako irakasle-eskolako hitzaldian eta blog honetan bertan izena gogoratzen ez dudan beste zenbaitek. Arakatzea baino ez dago.

  12. elexpuru egilea: Juan Martin Elexpuru

    Hector Iglesiasek 250 orriko txosten sakon batez oso leku txarrean utzi zituen Gorrochategui eta Lakarraren argudioak, eta, esatea harrokeria ez bada, nire txostenak eta liburuak ere bai. Iglesiasek eta biok esandakoetatik ezer ez dute errebatitzen jakin G.-k eta L.-k. Publikoan eztabaidatzen ere ez dira ausartu, oso aukera ona izan arren. Eta Ricardo Gomez “lagun”, “polit” eta beste pare bat hitz komentatzera mugatu da. Beraz, Felix Iñaki…
    Dena dela, normala da bakoitzak bere santuak gurtzea eta batzuei beste batzuei baino gehiago sinestea. Horregatik eskatzen ditugu zenbaitek auzia erabakiko luketen laborategiko frogak. Zuk ez, zuk dena garbi duzu. Hori da zortea!

  13. egilea: Felix

    Uste dut jada baten baino gehiagotan eduki dugun elkarrizketa / eztabaida dela, Juan Martin, hortaz, ez naiz gehiegi luzatzeko. Ideia batzuk baino ez ditut botako:

    – Iglesiasen 250 orriko txostena aipatzen duzu, 250 orri horiek zerbaiten berme bailiran: Gorrotxategi eta Lakarraren txostenak hain txarrak balira, nahikoa litzateke folio bakarra edo dozena bat folio, bi horien esanak lurrarekin berdintzeko.

    -Iglesiasena eta zeure txosten-liburuak hain onak baldin badira, bota itzazuez hizkuntzalaritza-aldizkarietara, bota, kasurako, Paris, Amsterdam, Londres, Lisboa edo New Yorkeko baten batera: hain onak baldin badira aise argitaratzeaz gain, prestigio eta onarpen internazionala lortuko duzue eta egiazkotasunaren aldeko borroka irabazia izango duzue linguistika alorrean ere bai.

    – Ez dut ezagutzen (Euskal) Filologiako irakasle bakar bat ere (eta batzuk baditut ezagun), ez Gasteiz, ez Bilbo ez eta Donostiako fakultateetan ondokoak bezalako argudiaketak defenda dezakeenik: izan aditzeko ‘haiz’ “hiz” zahar batetik dator (Iglesias), euskararen eboluzioa minimoa izan da, oso-oso motela (Iglesias), egun ergatibo-akatsak egiten direnez gero, zergatik ez ziren, ba, egingo, orain 1700 urte (Elexpuru), Refranes y sentencias lanean ez da Aresti-Linschmann legea agertzen (Silgo), ergatiboa XVI. mendetik hona ezagutzen dugun euskaraz agertzen da (“ez aurretik” esan nahian) (Silgo) [aurreko bi baieztapenak Luis Silgok egin zituen Iglesias eta Elexpururen aurrean, eta azken bi horiek ez ziren kapaz izan zuzentzeko gai izan], eta abar, Juan Martin, eta abar.

    – Nik uste Ricardo Gomezek zuri emaniko erantzunak kasu isolatu batzuetatik haratago doazela: aukeraketa bat direlakoan nago, zure metodoa(k) kritikatzeko eta erridikuluan uzteko (zer da testu-pasarteetatik interesatzen zaizkigunak bakarrik hautatzea?). “Lagun” eta “polit”en haritik tiraka hasi zen Gomez, baina ziur nago beste hari batetik tiraka hasiz gero, emaitza bera izango zela. Eta beste batzuek ere eman dizkizute erantzun interesgarriak, orain ez ditut izenak gogoratzen, baina Sustatun bilaketa arin bat egitea nahikoa litzateke gogoratzeko.

    -Lakarra eta Gorrotxategiren errebatitzea dela eta, tira, gizona! Youtuben (oso kalitate eskasean, hori bai) dituzu biek Donostian emaniko hitzaldiaren pasarte batzuk, eta Vimeon Gorrochateguiren Gasteizko hitzaldiaren erantzunak (publizitatea zeuk egin zenion eta!).

    -Bide batez, nik ez daukat santurik, hemen aipatutako batek ere ez ez dit jatekoa ematen, ez eta horretan laguntzen. Segi, dena dela, froga fisiko-kimikoak eskatzen, linguistikan jai daukazu(e)la nahiko argi geratzen da (behin eta berriro) eta. Agur bana!

     

Utzi erantzuna Felix(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude