Nire aurreneko lehendakaritza, kate luze baten hasiera. Enpresaren moldeak herrigintzan ere baliagarri. Ameslariak eta Excel-dunak. Zutabeak sendotu beharra: lantaldea, Udala, merkatua. Etxe barruko oztopoak. Hollywood, multimedia eta ‘bisitaria’. Eta ausardiari saria.
1988an Saran geunden lagun talde bat asteburu pasa eta Larrun-era igo ginenean kontatu zidan Joxe Aranzabalek Arrasate Press egitasmoaren berri; azalpen orokorra eman eta eskatu zidan ea asteroko kolaborazio bat idatziko nuen, musikaren gainean. Eta nik, noski, baietz. Hor hasi zen nire tuttologo ibilbidea, izen bereko atalean kontatzen dena.
Hor hasi zen, halaber, nire konpromisoa toki komunikabideekin, oraindik ere bizirik dagoena. Lehenbizi, pertsonak eta dinamikak ezagutuz joan nintzen, gero arazoen berri jakiten, eta azkenik arazo horien konponbideaz arduratzen. Horrela, akordatu orduko iritsi zitzaidan proposamen potolo bat: Arrasate Komunikabideak elkarte berriaren lehendakaritza hartzea.
Bai Arrasate Press eta bai Arrasate Telebista (ATB) sortu ziren AED euskara elkartearen txapelpean. Kontua da elkartea langile pare batekin ari zen bitartean, bi komunikabideetan 10 langiletik gora bildu zirela oso epe laburrean; hauen erritmoa oso bestelakoa zen, komunikazioan enpresa jarduera bat kudeatu beharra zegoen, eta horrek egitura propioa eskatzen zuen. AED eta San Frantzisko Xabier ikastola gogoratzen ditut elkarte berriaren sustatzaile, eta haiek deitutako bilera batean jaso nuen lehendakari bihurtzeko proposamena.
Elkarte berria, Arrasate Komunikabideak (ARKO), kultur elkartea izango zen, AED bera bezala. Artean lehentasuna ematen zitzaion erosotasunari eta kultur elkartea zen egitura juridikoetan erosoena: izena, estatutu estandarrak eta hiru baliente aski ziren bat sortzeko. Trukean, egitura ahula zen ardura juridikoak hartzeko eta banatzeko. Ahulezia hori ez nuen oso gustuko, baina ez neukan indarrik alternatiba sendoago bat eraikitzeko. Beraz, erronka nagusitzat hartu nuen funtzionamendua sendotzea, jarduera hurbiltzea ondo samar ezagutzen nituen enpresa moldeetara.
Horrekin batera, bazegoen elkartea sortzeko bigarren arrazoi bat ere. Arrasate Press hasieratik izan zen arrakastatsua eta bertako langileak harro zeuden lortutakoaz; aldiz, ATB sortu berria ahulago zegoen, hainbat arrazoirengatik: telebista egitea konplexuagoa zen, lehiakide asko zegoen, propio sintonizatu behar zen… Kontua da aldizkariak gainetik begiratzen ziola telebistari eta bien arteko lankidetza hutsaren hurrengoa zela. Hori gainditu beharra zegoen.
Arrasateko Ospitale Zaharrean (gaurko Kulturate-n) zeuden kokatuta platoa eta erredakzioa; haien alboan hautsak hartutako gela bat garbitu nuen, nolabaiteko despatxua antolatu eta hasi nintzen astean lau arratsalde bertan ematen. Berehala fitxatu genuen pertsona erabakigarri bat: Agurtzane Gaintzarain. Oso gaztea zen artean, baina kontuak eramateko prest agertu zen. Eta berehala antzeman nion bertute bat oso baliotsua: bazeukan gaitasuna nire ametsak ulertzeko, eta baita haien egingarritasuna kalibratzeko. Niretzat berme izugarria zen hori, eta tandem indartsu izan gara hainbat proiektutan: ARKO bera, Goiena, TOKIKOM…
Izan ere, bagara pertsona batzuk bereziki ameslariak, konformagaitzak errealitatearekin eta gaitasun ezohikoa daukagunak bestelako egoerak irudikatzeko. Beste batzuk eszeptikoagoak dira eta argi ikusten dituzte errealitateak ametsei jartzen dizkien mugak; Agurtzane da horietako bat. Biak behar dira ametsari mugak jartzeko, ametsa egingarri bihurtzeko. Nire ustez, ametsak behar du pisu handiagoa, emaitza benetan eraldatzailea izango bada; zuhurtziak agintzen duenean, segurtasuna da irizpide gidaria, inertzia nagusitzen da, ez dago eraldaketarik. Baina, trukean, ameslariak aintzat hartu behar du eszeptikoa, Excel-duna, bereziki esaten duenean amets bat ez duela egingarri ikusten. Hori izan da Agurtzaneren ekarpen baliotsua: ezinezkoa zirudiena gauzatzen laguntzea eta, benetan ezinezkoa zenean, zintzo eta irmo adieraztea. Berak proiektu bati ameto eman ezkero, banekien aurrera aterako genuela.
Lehenik eta behin, lantaldea egituratu genuen. Atal komertziala indartu genuen, funtsezkoa baitzen diru sarrerak lortzeko; Agurtzane hauspotu nuen kontable soil baino kudeatzaile jarrera har zezan; horiekin batera telebistak nahiz aldizkariak arduradun bana zeukaten ‘enpresa’-ren kudeaketa-organo bateratuan. Hor egosten genituen erabaki nagusiak, hor sortu genuen ikuspegi partekatua.
Bigarren urratsa izan zen Udalarekiko harremana egonkortzea. Arrasateko Udala erabakigarria izan zen herriko toki komunikabideen sorreran, langileen soldatak ordaintzeaz gain publizitateak estaltzen ez zuen aurrekontuaren zatia ere bere gain hartzen zuen; hau da, konpromisoa erabatekoa zen eta diru ekarpena, aldakorra. Horren ordez, gure planteamendua izan zen Udalaren konpromisoari galga jartzea, diru ekarpena egonkortzea eta ARKOk hartzea hortik gorako ardurak. Juanjo Uriarte Bermi Euskara zinegotzia izan genuen solaskide lagunkoi eta hitzarmen esanguratsua sinatu genuen berehala. Uste dut 30 milioi pezeta ingurukoa zela Udalaren urteroko ekarpena, eta guk helburu jarri genuela ARKOk beste hainbesteko sarrerak lortzea, publizitatea eta abarrak baliatuz. Eredu bera erabili genuen gero Goiena-n ere.
Horretarako, ordea, gainditu behar izan genituen Udalaren errezeloak telebistari buruz. Kostu handia eta etekin txikia, zama moduan ikusten zuten, sortzen lagundu bai baina luzaro eutsi ezinezkoa. Guk pazientzia eta jarraipena eskatzen genien, lehen inpaktuak nabarmenduz eta etorriko zirenak azalduz. Gogoan dut behin mezu horiek udal hautetsiei eta herritarrei helarazteko nire buruari egin niola elkarrizketa Arrasate Press-en, argitaratu nahi nituen erantzunei zegozkien galderak ere neuk idatzita.
Etxe barrura etorrita, ARKO elkarte berria bere kabuz mugitzen hasi zenean, tentsioak sortu ziren AED-rekin. Nik argi neukan emantzipazio erabatekoa behar genuela haiekiko, eta hortik harreman parekidea eraiki euskararen alde lankide ginen heinean. Bazegoen tutoretza moduko bat nahiago zuenik, AED-k bere kontrolari eustea eta soka tentuz luzatzen joatea bidea egin ahala. Etenik gabe egin genuen aurrera, guk abiada handiari eusteaz gain lorpen ederrak erdietsi genituelako. Baina tentsio hartatik geratu zitzaidan ikasgai mingots bat: euskaltzale asko ez ziren ez berritzaile eta ez ausart, oztopo guztiak ez zeuden kanpoan.
Lainoak laino, argi geneukan gure telebistak ezin zuela xumea izan, seinalearen kalitatea eta kantitatea besteekin lehiatzeko modukoak behar genituela. Hori lortzeko, aholkularitza eskatu genion Asier Aranguren ETBko kazetari atxabaltarrari; berak prestatu zigun parrila oso anbiziotsu bat, eta haren aurkezpen publikorako ekitaldi distiratsua antolatu genuen Eskola Politeknikoan, ATBOOM! izen argigarriarekin. Helburu nagusia ikusleak inpresionatzea izanik, ekitaldia oso ‘hollywoodiarra’ izan zen: parrillako saioen aurkezleak (Anne Igartiburu, Maider Egues, John Andueza, Jon Sarasua…) bakoitza berearen berri ematen, promo batekin, eta batetik bestera musika emanaldi laburrak (Goikobalu, Arrasate Musikal…) Nik ordurako hurbileko nituen Ruper Ordorika eta Joseba Tapia; eta banekien elkar miresten zutela. Horregatik proposatu nien elkarrekin bizpahiru kantu jotzea gure ekitaldian eta hala egin zuten. Sinetsita nago hurbiltze honek zerikusirik izan zuela Hiru Truku taldearen sorreran.
Antolamendua eta baliabideak bezain garrantzitsua zelakoan, ahalegin berezia egin genuen bi komunikabiden ikuspegi partekatuari forma emateko. Eta multimedia kontzeptuan aurkitu genuen giltza. Kontua ez zen aldizkari bat edo telebista bat egitea, baizik eta talde multimedia bat sortzea, hizkuntzaren eta komunitatearen premiei behar bezalako erantzuna emateko gai izango zena. Horrela, bageneukan helburu komun objektibo bat medio ezberdinetako langileentzat, eta lausotuz joan ziren auto-pertzepzioak. Hau lezio oso probetxugarria izan dut gero ere: bi aukeren artean jarrerak aurrez-aurre daudenean, ez da oso mesedegarri bataren edo bestearen alde egitea, nekez iristen da adostasuna horrela; askozaz eraginkorragoa da dikotomiari ate berriak irekitzea, bestelako aukerak bilatzea eta triangeluen bidez joko-zelaia aldatzea. Uste dut denborarekin espezialista bihurtu naizela gaitasun honetan.
Sendo lotu genuen multimediaren kontakizuna eta hura aurkezteko ere anbizioz jokatu genuen, Gipuzkoako Aldundiaren prentsa aretoan ezohiko mahaia bilduta: nirekin eseri ziren Mari Karmen Garmendia (Jaurlaritzan Hizkuntza Politikaren arduraduna), Garbiñe Egibar (Aldundiko Kultura zuzendaria), Xabier Zubizarreta (Arrasateko alkatea), Arantzazu Loidi (Arrasate Press-eko zuzendaria) eta John Andueza (ATBko zuzendaria). Kazetari ugari bildu ziren prentsaurrekora, eta lortu genuen oihartzuna oso handia izan zen. Bereziki pozik geratu nintzen oso ondo ulertu zelako multimediaren ideia, Mikel Atxaga handiaren pieza honek erakusten duen bezala. Ondoren elkarrizketa batzuk egin zizkidaten hedabide nazionaletan; bereziki gustura gogoratzen dut Maribel Aizarnak egin zidana, ETBren gaueko albistegian.
Arrasate nekez izaten zen albiste komunikabide nazionaletan, baina hainbeste mugimendurekin lortu genuen Gipuzkoan behintzat zarata apur bat ateratzea, eta tarteka bisitak izaten genituen ARKOn. Gogoan dut nola etorri ziren orduantxe jaiotzen ari zen Urnietatel proiektuko kideak, zuntzaren eskaintza indartzeko toki telebista bat antolatu nahi zutelako; eta baita Zumarragako zinegotzi gazte argal bat, oharrak zintzo hartu eta joan zena. Gerora famatu zenean ohartu nintzen bisitari hura Josu Jon Imaz izan zela.
Telebistan kalitatea lortzeko teknologiak garrantzi handia zeukan eta ATB sortu zen VHS formatu domestikoarekin, ez zuen behar genuen mailarik ematen. Gure teknikariekin identifikatu genuen Betacam formatu profesionalera jauzi egin beharra eta aurrekontuak 36 milioi pezetak gainditzen zituen. Udalarekin eta Gipuzkoako Aldundiarekin harreman estua geneukanez, proposamen ausarta egin nien biei: bakoitzak inbertsioaren heren bat hartzen bazuen bere gain, ARKOk bere herena hartuko zuela, horretarako Kutxan aztertua baigeneukan mailegu baten aukera. Zuzendaritza Batzordean eztabaida bizia izan genuen zuhurtziaren eta ausardiaren artean, besteak beste, mailegua pertsonalki abalatu behar genuelako; ausartok irabazi genuen, Agurtzaneren ametoarekin.
Hiruko negoziazioa ixteko Aldundikoen bisita prestatu genuen ARKOra, Udalarekin batera, eta ondoren bazkaria Garagartzan. Giro ezin hobea sortu zen eta, postreetara iritsita, Aldundiko teknikari Frantxis Lopez-ek atera zuen untxia kapeletik: bazuten diru-laguntza programa bat udalei kultur ekipamenduetan laguntzeko, eta prest zeuden Arrasateko Udalari kopuru potolo bat emateko, gure inbertsioa gauzatu zedin. Udalak apustuari eutsi zion eta azkenean bi erakundeen artean finantzatu zuten inbertsio osoa. Gure ausardiak sari bikaina izan zuen.
Zinez gustura aritu nintzen eta asko ikasi nuen ARKOren sorreran. Nire lehen ardura instituzionala izan zen herri mugimenduan, eta ohartu nintzen banituela gaitasun batzuk aproposak halako erronketarako. Hain zuzen horretaz gogoratu ziren urte batzuk geroago Goiena sortzeko liberatzea proposatu zidaten lagunak. Bi urte eta erdi pasata utzi nuen ARKO, proiektuari oinarri on bat emanda, Elorrion erositako baserria zaharberritzeko behar bainuen denbora libre guztia. Hori ere ikasi nuen: gustuko lanean buru-belarri murgilduta ezin nuen luze iraun oreka pertsonala galdu gabe.
