Santa Zeziliako erromeria

Santa Cecilia

Santa Zezilia ermita Garinoain herriaren lurretan dago, galsoroen artean, muino txiki batean, Artaxonarako bidean.

–Javier, noiz ospatzen da erromeria?
Bestaberri egunaren ondorengo larunbatean. Elizatik  oinez joaten da bertara, goizeko hamar eta erdietan, 3km egongo dira, gutxi gora behera. Sakristauak parrokiako gurutzea eramaten du, eta behin bertara iritsita, meza. Mezaren ondoren soroak bedeinkatzen dira.
Ermita kokatuta dagoen lekua Burdin Aroko herriska bat da, erromanizatua, kastro erromatarra da. Lubaki bikoitza eta harresi bat ere badaude, eta estalita egon arren airetik oso ondo antzematen da; Jimeno Juriok deskubritu zuen. Ailegatu baino lehen, otoitz egiteko geratzen da ermitatik gertu dagoen leku baten, inork ez daki zergatik, baina hala egin ohi da, Santakruzalzina izeneko leku batean; toponimo gisa agertzen da izen horrekin.
Ezagutzen duzu bi Santa  Zezilien istorioa?

Unzue


–Ez. Kontaidazu!


Data zehatza ez dakit, 1700. urtearen inguruan  izango zen, hor nonbait. Udalak pertsona bati ordaindu zion Ama Birjina bati itxura aldatu eta Santa Zeziliarena eman ziezaion, lehendik zegoenaren ordez jartzeko.  Santa Zeziliaren irudia aldatzera joan zirenean, harri-jasa –pedregada– bota zuen eta ama birjina biak lagatzea erabaki zuten.
Gaur egun, zaharrak ermitan jarraitzen du; besteari, Santakruzalzinakoari, zuriberria kendu zioten, zaharberritu egin zuten, eta deskubritu zuten ama birjina gotikoa zela. Egun, Garinoaingo elizan dago.

Larunbatean izan zen erromeria; abadeak meza eman zuen, baina eguraldi
txarragatik herritarrak ez ziren hamaiketakoa egiten geratu, ondo
prestatuta joan ziren batzuk izan ezik.

Santa Cecilia

Maite Biurrarena

 
maite

Igandean Leitzan izan ginen. Maitek, taldeko batek –7 emakume en femenino– erakusketa zuen hantxe, jaioterrian, eta haraxe abiatu ginen Laida eta biok, lagunaren lanak ikustera.
Bertara ailegatu eta ezin aparkatu inon, leku guztietan autoak! Gero konturatu ginen zergatik zen: kultur astea ospatzen zuten. Herriko plazan artisauen postuak; tabernetan pintxo goxoak –zelako kroketak! aspaldian halakorik jan barik nengoen–. Giro polita eta Bidasoa aldeko aurpegi ezagunak aurkitu genituen.

Udaletxeko goiko solairuan Maiteren obra; batzuk ezagunak, beste batzuk, aldiz, berriak. Aspaldi baten kontatu zidan amarekin lotutako istorio polita, amak umetan egin zion opari bat zela eta: koloretako arkatzak. Hantxe zeuden.

maite biurrarena-erakusketa

Gutxitan izan naiz Leitzan, azkeneko aldian bizikletaz, Leitzarandik, Plazaola trenbidearen bidetik. Alabarentzat lehenengo aldia zen; herri txiki baten ez zela sekulan izan ematen zuen, dena zen harridura.

Ama, behorrak daude herrian, etxeen arteko berdegune horretan! –garai baten baratzea izandakoa–.  Zenbat denbora halakorik ikusi gabe! Ze berdeak dauden mendiak, eta ze gertu!
–Entzun, entzun, ama! Txoriak kantari!
–Amatxo, konturatzen naiz gero eta nekezago egiten zaidala Bartzelonara bueltatzea!

Agur esan genion Leitzari koartel zaharraren ormetan dagoen graffitiari argazkia egin ondoren.

 graffitia

Errepublikaren koloreak

graffitiak_0047 copia

Aurreko larunbatean graffiti lehiaketa egin zen Irunen Errepublikaren eguna ospatzeko. Disfrutatu egin nuen ikuskizunarekin: arratsalde eguzkitsua, koloreak nonahi, gazteak  arte lanak sortzen sprayz inguraturik eta euren estetika erakusten: kaputxak, inork ezagut ez ditzan, inork jakin ez dezan nor izkutatzen den sinadura horren atzean; praka bakeroak, kolore apalak… Batek esan zidan pintatzen ari zena lagun bati dedikatzen ziola, beti elkarrekin pintatzen baitzuten.

Nire esker ona euren kolaborazioagatik, inolako pegarik gabe ibili ahal izan nintzelako euren artean argazkiak egiten.

 graffitiak_0041 copia

Irradaka

irradaka

Martxoaren 7an IRRADAKA ekitaldian parte hartzera gonbidatu ninduten. Ondarroako emakumeen Udal berdintasun kontseiluak antolatutako ekitaldia Kafe Antzokian egin zen. Idazle batzuek testuak irakurtzen zituzten bitartean, beste emakume batzuek margotu egin behar zuten panel bat. Beste hiru emakumek musika jo; eta nik argazkiak atera.

PARTAIDEAK
Emakume idazleak:
Aintzane Arrieta (Aulesti)
Yolanda Arrieta (Etxebarria)
Leire Bilbao (Ondarroa)
Yolanda Larreategi (Markina)
Miren Agur Meabe (Lekeitio)
Maribi Unamuno (Aulesti)
Ana Urkiza (Ondarroa)

Irakurleak: Emakumeentzako jabekuntza Eskolako ikasleak (Munduko emakumeen literatura ikastaroa).
Mari Cruz Lekunberri
Alaitz Monasterio
Mª Antigua Beristain
Miren Urresti

Emakume margolariak:
Nagore Agirre
Nekane Akarregi
Angela Etxebarria
Josune Laka

Emakume musikariak:
Nekane Etxebarria (soinua)
Esther Gabiola (biolina)
Uritze Laka (flauta)

Eskolastikako kidea:
Isa Castillo
Antolatzailea:
Ondarroako Udal Berdintasun Saila
Rosa Baltar

Irradaka
Irra, irrada, irradan, irradaka.
Irra: kirrinka, burrunba, garrasia.
Irra: usoei nahi oiloei egiten zaien deia, jaten emateko orduan.
Irrada: errenkada, lerro, ilara, erreskada.
Irrada: eskuz ereitean egiten den botaldi bakoitza.
Irrada: goruaren ardatzean batzen den hari-besobete bakoitza.
Irrada: korruko dantza.
Irrada: izpia, irradiazioa.
Irrara: txorien txorrotxioa.
Irradan egin: lasterka egin, korrika egin, arineketan egin.
Irradan egin: dantzan egin.
Irradaka: besaka, ahurka, parrastaka.
Irradatu: errainutu, distiratu, dirdiratu.
Irra, irrada, irradan, irradaka.

irradaka-murala_0185 copia 2

Aitte

aitte_37 copia

Ez zen berbalduna, baina biziki maite zuen kantatzea. Gogoan dut berak sarritan abesten zuen kanta, mantso-mantso eta ahots baxu-baxuaz, eta zelan esaten zion amak: “Joxe, kanta ganoraz!”, amak ez baitzuen gustuko hain baxu abestea: “Estas son las mañanitas que cantaba el rey de abril y a las muchachas bonitas se las cantamos así”. Hori entzun eta guk berehala: “Aitte, el rey David, el rey David, txarto esatezu”. Berak begi-keinua egin eta jarraitzen zuen berdin abesten. Bere azalpena zen: “rey David zein ddan eztaitt, polittaua ra rey de abril, udabarriko erregi; ez?

Lehenengo hauteskunde demokratikoak izan zirenean elkarrekin joan ginen botoa ematera. Galdetu egin nion ea zeni emango zion botoa. ANVri emongotzat, gudarixei”. Zelako ezustekoa hartu nuen, ziurtzat jotzen bainuen PNVri emango ziola! Ni militante “trostkoa” nintzen, uste nuen zer edo zer-edo banekiela politikaz, eta hara non gure aittak aipatutako alderdiaz deusik ere ez nekien, bizitzan lehenengo aldiz entzuten nuen izen hura.

Aurreko egunean, Hondarribiako Kultur Etxean prentsaurreko baten izan nintzen, Kandido Sasetaren aldeko taldearen prentsaurrekoa zen. Haren gorpuzkiak aurkitu dituzte Asturiaseko Areces herrian; beste 80ren bat gudarirenak ere omen daude leku berean.
Kandido Saseta komandantea (Hondarrribia 1904-1937 Asturias), gudarien komandantea. Hondarribian lurperatuko dute, Jose Bergamin idazlearen hilobiaren ondoan. Iaz, otsailaren 24an, homenaldia egin zioten Hondarribiako hilerrian. Bertan, senitartekoekin batera, gudari bat ere izan zen.

Saseta_omenaldia_3576 copia

Alaba

Laida_22

Bilbon bizi nintzen, lanean eta karrerako 4. kurtsoa egiten. Jakin nuenean umea izango nuela, garbi neukan ez nuela hiri baten bizitzen jarraitu nahi, neuk izandako haurtzaroaren antzekoa eskaini nahi nion jaioko zen umeari. Gogoratzen nuen kalean, jolasean, orduak eta orduak ematen genituela, udan, gainera, berandu arte. Gogoratzen nuen kaletik amari deitzen niola: “Ama, meixendi!”, eta amak balkoitik botatzen zidan. Pentsatu eta egin: trasladoa eskatu nuen beharrean. Lankide batek, Mikel Ormazabalek, bertso hauek egin eta denen artean abestu zizkidaten, Carmenek soinua jotzen zuen bitartean.

Ez nuen probarik egin neska ala mutila zen jakiteko, barrenak esaten zidan neska izango zela, eta izen bakarra genuen aukeratua: LAIDA.
Laida: kimu berria; hondartza, itsasoa, ura… uraren indarra, mugaezina, librea… Horiek guztiak izen baten bilduak; halakoxea izatea nahi nuen.
Eta gure Laida 1983ko irailaren 30ean jaio zen. Hogei eta lau urte pasa dira, eta urte horietan guztietan ondo baino hobeto erakutsi du bere indarra, bere nortasuna.

Laida_1 copia

Txiker-txikerra zen (2’875 kg), aurpegia borobiltxua, begiak ilunak, sudurra xapal-xapala, hatzamarrak luxe-luxeak… Ze politta!
Txaketatxo bat egin nion jaiotzen zenerako. Nire ilobak, Anak, esaten zidan, irrifartsu: “Handia izango du hori”. Arrazoirik ez zuen falta, zazpi hilabete behar izan zituen hura janzteko!

Mimosa hutsa zen. Gauetan, oheratzen nuenean, ez zuen maite bakarrik egotea, negar egiten zuen eten gabe. Besoetan hartzen nuen, burua nire paparraren kontra jarri eta berehala geratzen zen lotan, goxo-goxo. Biziki maite zuen ura. Bainutik atera eta negar egiten zuen. Mimosa, kuxkuxeroa, alaia! Nola maite zuen ziburuan ibiltzea! Donostiako beste lankide batek, Telesek olerki hori dedikatu zion.

Soroetan zebilela, haur hezkuntzan, ikasturte amaieran jaia antolatzen zuten irakasleek. Andereñoek bazekiten elikadura bejetarianoa ematen niola; horrexegatik berari noziladun ogitxo goxoak eskaintzen zizkioten. Berak hura ikustean esaten omen zien haserre-haserre: “Nik nahi dut txorizo de bokadilo”. Behin Santo Tomas egunean Donostira eraman nituen bera eta lagun baten alaba. Txistorra jan nahi zuten eta eskatzean esan nion txosnakoari: “Bat txikia, umearentzat”. Hori entzun eta berehala berak: “Nik handia, nik txistorra handia”. Bejetarianoa izatea nahi nuen, baina bera “todo terreno” irten zitzaidan: okela, txorizoa, txistorra, urdaiazpikoa… horiek, batez ere, zituen gustuko.

Andereño Belenekin “infinito” hitzaren esanahia edo ikasi zuten. Handik aurrera dena zen infinito: “amatxo, gaur jango dut… infinito”; “gaur lo egingo dut infinito”.
Amatxo, maite zaitut infinito!
-Nik maite zaitut hemendik ilargiraino –erantzun nion nik–.
-Nik, amatxo, hemendik… Ameriketarino!
-Nik gehiago maite zaitut –erantzun nion–, ze ilargia urrutiago dago.
-Ez, amatxo –serio-serio berak–, ilargia ikusi egiten da eta Amerikak ez!

Beti gauzak garbi azaldu izan dizkiot, pertsona heldu bat balitz bezala. Lantzean behin, erosi ezin nizkion gauzak eskatzen zizkidan. Garestiak zirela, nik ezin nuela hainbeste diru gastatu erantzuten nion. “Amatxo, erosi dirua, ba! horrela eukiko duzu”.
 
Helduok ohitura izaten dugu umeei galdetzeko ea zer izan nahi duten nagusitan; Laidak beti erantzuten zuen: “Nik Eroskiko kajera izan nahi dut”. Jakin zuenean Eroskiko kajerek erabiltzen zuten dirua ez zela eurentzat ez zuen gehiago aukera hori aipatu.

Hamalau urte zituela, udako oporretan esan zidan:
Amatxo, nik uda honetan lana eingo dut.
-Lana? Zertan?
-Tabernetan eskatuko dut.
-Gaztetxoegia zara, bixotza.
-Jendea behar izaten dute udan; galdetzera joango naiz.

Laga nion joaten, ilusioa, behintzat, ez nion nik kenduko. Zein tabernarik emango zion lana 14 urteko gaztetxo bati? Bazkaltzeko ordua ailegatu eta… bera falta. Arratsaldeko hirurak… ondiokan falta. “Aitarekin egongo da bazkaltzen” esaten nion neure buruari. Baina ez zegoen aitarekin. Kezkatuta, San Pedro kalera joan nintzen, han ikusten ote nuen; arratsaldeko laurak ziren. Alabaren lagun batekin topo egin eta galdetu nion:
“Nahikari, Laida ikusi duzu? Eguerdian irten da eta oraindik ez da itzuli etxera”.
-Laida? Bai, lanean dabil, super konttent!, proba moduan hartu dute.
-Lanean? Non, baina?
-Txarpan, bostetan amaituko du.

Lasaitua hartu nuen. Bertara joan nintzen aringa-aringa. Espigoiaren hasieran zegoen self-zerbiza, eta hantxe aurkitu nuen neure umea. Nekatua, baina poz-pozik. Harrezkero, uda guztietan egin izan du lan. “Amatxo, horrela ez dizut dirurik eskatu behar, nik ere lagundu nahi dut”.

Gaueko bederatzietan afaltzen genuen. Behin, institutuan zebilela, afaltzeko ordua iritsi eta… alaba falta. Gaueko bederatziak, bederatzi t’erdiak, hamarrak… eta ez zela agertzen! Sutan nengoen, txikitu egingo nuen! Hurrengo egunean goiz jaiki behar zuen ikastetxera joateko; non demontre ote zegoen! Halako batean atea zabaltzen sumatu nuen:
-Gabon, ama!
-Baine, baine, jakin leike non eon zaren orain arte? Hauek eztiz etxera etorteko orduak!
-Ama, ez ein errixetan, munizipaletan izan naiz eta!
-Munizipaletan? Ze eizu?
-Salaketa jartzen izan naiz, ama.
-Salaketa? Ze salaketa? Ze gertatu da?

Urria zen, hamazazpi urte egin berriak aurreko astean. Ekainaren 30ean Irungo San Martzialetan hartu zuen parte, lehenengo aldiz, txilibitoa jotzen. Etxera zetorrela, mutil batek eraso egin zion, errugby jokalari batek, kalean, San Pedro kalean.
Beste eraso batzuen hasiera baino ez zen izan hura. Hiru eraso, hiru salaketa, hiru epaiketa. Hurrengo baten hitz egingo dut horretaz, luze eta zabal.

Nortasun handikoa dut alaba, oso heldua bere adinerako. Hondarribiako heldu askok erasoen aurrean egin ez zutena egin zuen berak adoleszente bat baino ez zela: salatu eta aurre egin. Itsasoaren antzera, ez du atzera egingo, ez du utziko inork mugak jartzerik berari.

Amamak ezagutu izan balu, amama biziko balitz, oso harro egongo zen beraz, ni neu nagoen bezala.

 Laida_itsasoa_2745 copia

Bi emakume

Martxoaren 8a ailegatu eta artikuluak eta artikuluak emakumeon gainean. Oraingo honetan, neuk ere idatziko dut zer edo zer emakumeez, bi emakumeren gainean. Batak bizitza eman zidan; besteari neuk eman nion.

Ama…, amatxo

amatxo_1 copia

Ebariste Elu Aristondo Berriatuako (Bizkaia) GARRO baserrian jaio zen; Gurutzetako hospitalean hil, minbiziak jota (1910-10-26/1980-09-23).
Baserritarra. Nola maite zuen baserria, lurra…! Ondarroako plazara joaten zen esnea eta ortuko gauzak saltzera: gurdi berdea, eta hari tiraka “Rubia” behorra.

Domeka arratsaldeetan amari laguntzen nion plazako gauzak prestatzen: porruei lurra kendu, sagarrak ondo-ondo igurtzi zapi batekin dirdiratsu laga arte, gero otzaretan sartu. Intxaurrak, itxurosoenak; arrautzak ere handienak eta gorri koloredunak. Saskiaren hondoan lastoa jarri eta… hala! arrautzak banan-banan jarri eta kontu handiz, apurtu ez zitezen. Jolasa zen niretzat, bixiketan nenbilela ematen zuen.

Plazatik itzultzen zenean, baserrian ez genuen fruta ekartzen zuen: platanoak, laranjak…  Aste Santuak beti lotzen ditut laranjak eta erroskilekin, orduantxe bakarrik jaten genituen eta.
Gazte zela laga behar izan zion eskolara joateari. Soineko bat baino ez zeukan, beltza –ama hilda zuen–, eta soineko hura garbitu eta, sarritan, ondo sikatu barik zegoela jantzi eta… eskolara. Eguzkiaren berotasunaz lurruna ateratzen zitzaion. Eta, behin, hala ailegatu omen zen eskolara, eta maistra kastellanak:
“¡Se está quemando, se está quemando!” esan, eta bizkarrean joka hasi omen zitzaion sua zelakoan. “Ze somanta emostan, manka-manka eginda laga nindun”. Nola egiten zuen barre pasadizo hura kontatzean! Umore onekoa genuen.

Eskolara gutxi joandakoa bazen ere, ederto moldatzen zen gastelaniaz eta frantsesez.
Medikuarenera, espezialistarenera, Bilbora joaten ginen. Kontsulta amaitu eta sendagileari galdetzen zion:
Diga, doctor, ¿cuánto me va a quitar?
Eta sendagileak, serio-serio, harridura aurpegia jarrita:
¡Señora, yo no le voy a quitar nada! Le voy a cobrar como a todo el mundo.

Gure neba zaharra taxista zen. Etxean, ondiokan, ez genuen telefonorik eta sarritan etortzen ziren bezeroak etxera taxia enkargatzera. Behin, kanpotar batzuk etorri ziren; Bilbora joan nahi zuten. Amarekin ari ziren tratua egiten, eta, halako baten, gizonak galdetu zion gure amari:
Señora, y… ¿el taxi tiene baca?
¿El taxi vaca? –gure amak–. ¡No, hombre, no! ¡Si ahora los automoviles van con motor!
Ze barreak, gauean neba etxera etorri eta kontatu genionean! Ondiokan ere barregurea ematen dit niri gogoratzean.
-Ama, zu, baserritarra jaxo eta baserritarra hilgo zaz. Ezeben, ba, barre gitxi eingo zeure konture!

amatxo_3 copia

Gerra amaituta, Hondarribira etorri ziren gurasoak beharrera, lanera, Ondarroan ez zioten-eta beharrik ematen gure aita zenari gorrien alde egin zuelako, eta jende askori lagundu ziolako menditik zehar ihes egiten. Lau seme-alaba zituzten orduan, beste guztiok hemen, Hondarribian jaioak gara.
Aireportu ondoko eskabetxean, arrain-fabrikan, ibili zen beharrean; kupelgilea zen. Hondarribiko baserrietako makina bat sagardo-kupel konpondutakoa zen!
Ama Hendaiara joaten zen lanera, horrela ikasi zuen frantsesa, beharrak eraginda. Muga pasatzean, gendarmeek dokumentazioari begiratu eta esaten omen zioten:
Madame, vous êtes Elu?
Oui, je suis Elu, élue pour travailler –erantzuten omen zien berak–.
Hondarribitik, ostera ere, baserrira itzuli ziren, eta baserritik Ondarrura. Amaren ilusioa, berriz, Bidasoaldera bueltatzea zen: Donostia gertu, Baiona ere, Irun… hiri handia; aukera asko beste zerbait egiteko, Ondarroan bizitzeak eskaitzen ez zituenak. Bere ametsa bete gabe hil zitzaigun.

amatxo_4 copia

Xinba katakumea

Xinba_0019 copia

Iloba bat dut albaitari. Txiki-txikitandik izan zituen gustuko animaliak. Mojen kalezuloan eta elizaren atzeko aldean arrunta zen sugandilak ikustea, eta sarritan buztanik gabe. Buztanaren bila ibiltzen zen iloba, sugandilari itsasteko. Auzokoek maiz ekartzen zizkioten zaurituta aurkitutako txoritxoak. Gaur egun ere antzera gertatzen da: bezeroek kalean aurkitzen badute animaliaren bat zaurituta, klinikara eramaten diote.

Pasadan astean, katakume bat eraman zioten, jaioberria; katemeak baztertu egin zuen. Hilik zegoela uste zuten, baina eskuetan hartzean konturatu ziren mugitu egin zela.
Pertsona bat bilatu behar zuen katakumea zaintzeko, zeren esnea hartu behar baitzuen aldi oro.

–Neuk zainduko dut –esan zion ahizpak–, baina baldintza batekin, ondo jartzen denean eta gauza denean alde batetik bestera ibiltzeko, beste batek hartu beharko du, nik nahikoa dut etxean ditudan katuekin.
Nire beste iloba horrek ere biziki maite ditu animaliak. Bisitan joan nintzaien eta a ze sorpresa! Katakumea, txiki-txikia; negarrez ari zela zirudien.

 Xinba-Mikel_0020 copia

–Izeba, –esan zidan Mikelek, iloba txikiak– biberoia hartu behar du. Esnea berotu eta berak eman zion. Biberoia katakumea bera baino handiagoa zen!
–Zer izen du?
–Ez du izenik.
–Oraintxe jarriko diogu; bai? Hala, esan bat.
–Sinba, errege lehoiaren umeak ere izen hori zuen.
–Hau txikitxuagoa denez, Xinba deituko diogu.

Hementxe duzue, bada, Xinba, tripa beteta duela.

Xinba_0023 copia