Zeharo txundituta ikusi behar izan dugu euskaldunok Eusko Jaurlaritzak urriaren 13tik 20ra bitartean Japonian ospatzen ari den “Basque Week” delakoaren itzalpean agertu duen Ikurrin-eredu berria.
Japonia lehentasunezko herrialdetzat jo dute Euskadi Basque Country 2025 Estrategian, eta “Euskadi-Japonia 2023” izeneko programaren bitartez japoniarrekin harremanak areagotzea dute xede nagusia. Jakina, munduko hirugarren ekonomia izanik, Japoniako turismoa erakartzea bilatzen du Jaurlaritzak.
Eta hara abiatu dira, pozik eta alai, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantxa Tapia eta Javier Hurtado sailburuak “ikurrin” berria Japoniako banderaren pareko ikurtzat harturik.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Oinezko huts garenok nekez jakin dezakegu noren berrikuntza-zaletasunak bultzatu ote dituen “ikurrin” lotsagarri hori asmatzera eta erabiltzera. Halaz ere, susmatzen hasiak gara agian administrazioan gero eta hedatuagoa den narraskeria eta arduragabekeria izan direla Jaurlaritzak Japoniara eraman duen “ikurrin” aizun eta eskematiko horren motibo bakarra.
Egia da Euskal Herrian inor gutxik dakiela zein den Ikurrinaren koloreen antolamendua (berdea zuriaren gainean? gorria erdian?), baina espero izatekoa zen goi mailako erakundeetan dabiltzanek ongi asko jakingo zutela Ikurrina irudikatzen, zerbaitegatik baita guztion ikur nazionala eta, areago, zerbaitetarako ordaintzen baitzaie jauregietan aterpetuta egotea.
Bada, itxura duenez, zirkulu horietan ere ez dakite Ikurrina margotzen, ez behintzat begien aurrean paratutako eredu, erreferentzia edo wikipediarik gabe. Eta ez dakite, nahiz eta zirkulu horietako askok eta askok urteak eta urteak daramatzaten esentzien “jagole” ideologiko izaten eta guztion “arduradun” politiko gisara jokatzen.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Guztiarekin, izango da, noski, kirtenkeria horren errua diseinuaz arduratu den agentziari leporatuko dionik. Eta izan lezake akaso arrazoirik, diseinu-agentziak oso baitira berrizale, eta batez ere baldin eta Eroskik kanpaina baterako egin zuen proposamen egokiarekin antz ezin handiagoa atzeman bazioten lehen zirriborroari.
Hoberena, beraz, gurutzeak (ai, ene!) mantentzea eta, xirmi-xarma, beheko kolorea gora eta goikoa behera… “Eta kitto! Hemen inor ez baita enteratuko! Eta are gutxiago Asia urruneko japoniarrak!”
∞∞∞∞∞∞∞∞
Baina horrela gertatu bada ere, ez litzateke erru guztia diseinu-agentziarena, ez guztia eta ez larriena ere; inondik ere ez. Funtsezko errua politikoena da, bai horretan parte hartu duten sailburutza desberdinena, eta bai lehendakaritzarena, beraiei zegokien azken batean agentziak proposatutakoa ikuskatzea, begiratzea, zuzentzea eta onestea edo, kasu honetan bezala, atzera botatzea.
Latza litzateke gure arduradun politikoak uste baino axolagabeagoak balira! Baina kontua da ohartu ere ez direla egin muturren aurrean jarri zaien “irudi” horretaz eta ontzat hartu dutela, zoritxarrez, astakeria hutsa den ikurrin gisakoa. Eta, onestea gutxi bailitzan, antipodetara eta mundu guztira zabaldu dute euskal “sinboloa”.
∞∞∞∞∞∞∞∞
“Eman eta zabal ezazu Munduan fruitua!”, aldarrikatzen zuen gure koblakari zaharrak. “Baina honako hau, otoi!”, erantsiko uste lioke jarraian, biziko balitz.
Urte gogorra izan zen 1977koa Euskal Herrian, jazarpen nazionalaren aurkako borroka politikoak etengabeko oihartzuna eta eragina –eragin latza gehienetan– izan zituen-eta eguneroko bizimoduan. Hildakoen, atxilotuen, torturen eta debekuen albisteez gainera, gurean ez zegoen errepresiorik gabeko egunik. Horren ikur izango zen euskaldun jendeak aurrerantzean hain ongi ezagutuko zuen Auzitegi Nazionalaren sorrera, urte hartako Errege Magoek ekarria.
Ezin ahaztu daiteke, dena den, gizarte-borbor harengatik hasi zirela lehen fruituak ere agertzen, besteren artean, Ikurrinaren legalizazioa (urtarrilean) eta preso politikoentzako amnistia-legea (urrian). Luze joko luke lorpen haietara eraman zuten dinamika irmoez (batik bat, aurreko hilabeteetako Ikurrinaren legalizaziorako ekimen ausartez eta 1977ko maiatzean amnistiaren aldeko kanpaina sendoaz) mintzatzeak, edo Errepublikaren ondoren burutu ziren lehen hauteskunde “demokratikoez” jarduteak (ekainean), edo urte hartan bertan burutu zen Xibertako bilkuraz (apirilean) aritzeak edo…
Haien guztien lekukoa izan zen 1977. urtea.
Eta lekukoa izan zen Aramaion ere.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Aramaio bezalako herri xumeetan garrantzizko ezer gutxi gertatu ohi bada ere, aurretik gertatu gabekorik gertatu zen 1977an.
Izan ere, urtea guardasobilek inauguratu zuten ofizialki, Belamendi honetako tontorrean zegoen burdinazko gurutzearen azpian lehergailuak jarriz eta eztandaraziz.
Ohikoa izan zen urlia haiek kaleratu zuten aitzakia: urte berriko lehen eguna argitzean, urrundik ikus zitekeen ikurrin erraldoia (6 x 2 m.) azaldu zen gurutzearen goiko aldean, lehergailuak izan zitzakeen zapata-kutxa batez lagunduta. Hortaz, Ikurrinaren debeku larriak bultzatuta, eta zapata-kutxan lehergailu gutxitxo egongo zela-edo iritzirik, badaezpada eurek eramandako lehergailuak ipini zituzten burdinazko bi hankatan, gurutzea azpikoz gora utzirik.
Haren ondorioz, Urte berriari eta Herriari agur itxaropentsua egiteko paratua zen ikurra ere eraitsia geratu zen urtarrilaren lehen egun hartan.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Hogeita bost egun lehenago, abenduaren 5ean Atotxanburututako derbian, Erreala eta Athletic taldeetako Kortabarria eta Iribar kapitainek Ikurrina eskuan zeramatela irten ziren futbol-zelaira. Keinu hura eta ikusleen aldetik jaso zuten txalo-zaparrada Euskal Herriak irrika bizian espero zuen garai berriaren hasiera sinbolikoa suertatu zen.
Aipatutakoak bezalako gizarte-erreibindikazioen poderioz, otsailaren 19an heldu zion espainiar gobernuak Ikurrina onesteari eta, azken batean, legeztatzeari.
Aramaiok ere laster asko ekin zion hautsia zuen Belamendiko gurutzea berregiteari: martxoaren 5ean zutik agertu zen gurutze berriztatua, ikurrina ere agerian zuela.
Herri guztiak hartu zuen parte.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Borborrean zegoen giro aberats eta eskuartzaile hura uholdeak bezala hedatzen ari zen Euskal Herrian barrena eta Aramaion ere islatu zen.
Hartara, urte-hasieran herrian Belamendiko gurutzearen eraiste eta berregitearekin sortutako dinamika indartsuari segida ematea erabaki zuen bertako gazte-taldeak, herri-kontzientzia sustatu zezakeen jarduera interesgarri bat planteatuz.
Inolako eskarmenturik gabekoak ziren arren, laster lortu zuten, bilerak eta lan sutsua zirela medio, Lehen Kultur Astea izango zenaren zirriborroa prestatzea eta paperean idatzita zeramatena bideratzea.
Kontaktuak eta konpromisoak hitzartu, Gobernu zibilaren baimenak eskuratu, propagandarako laguntzak lotu…, abentura zoragarrian murgildu ziren gazte haiek eta, guztiaren fruitu gisa, Lehenengo Kultur Astea burutu ahal izan zen 1977ko azaroaren 7tik 13ra bitartean.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Xumea izan arren, astebeteko programa hartan ez zen falta gurean ziharduten alderdi politikoen lekukotasunik, hitzaldi interesgarririk, garrantzi handiko antzerki-lanik, euskal filmik, kontzertu ospetsurik edota herri-dantzaldirik.
Eta Kultur Asteak amaiera duina baino duinago izan zezan, Euskal Liburu eta Diskaren Azoka ireki zen larunbat arratsaldean eta igande goizean.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Kultur Astea ondo baino hobeto bideratua izan bazen ere, ekitaldi bi nabarmendu beharko lirateke.
Lehena: Eugenio Arozenak eta Xabier Letek idatzitako Deus ez izatetik izatera antzezlana jokatu zuen “Intxixu” izeneko talde oiartzuarrak ostiral gauean herriko zine-aretoan.
Bost eszenatan banatua, antzezlanak gure herri-antzerkiaren historia agertzea bilatzen zuen.
Debagoiena guztitik etorritako ikusleek ondo frogatu zuten guztiz merezia zutela “Intxixu” taldeak eta antzezlanak berak Euskal Herrian barrena jasoa zuten ospea.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Larunbateko kontzertua izan zen, edonola ere, arrakasta gehien eskuratu zuen ekitaldia. Sarrerak berehala agortuta, jende asko geratu zen zine-aretoan sartu ezinik, emanaldia kanpotik entzuten.
Bi taldek jo zuten, bi-biak lehenengo euskal rock-taldetzat hartuak: Iparraldeko Errobi taldeak eta Koska izeneko talde elgoibartarrak.
Koska taldeak urtebete lehenago izen berberarekin aurkeztutako diskoa jo zuen oro har.
Anje Duhalde-k eta Mixel Ducau-k osatutako Errobi taldeak, bestalde, 1977an bertan grabatutako “Gure lekukotasuna”izeneko diskoan agertutako lanak eskaini zituzten.
Arrakasta ikaragarria izan zuten talde biek. Alabaina, batez ere Iparraldekoen letrak eta musika gertatu ziren jendearen gogoan iltzatuta, lehen abestia –barka erredundantzia– lekuko:
Zuen aurrean, jaun-andereak, ibiltzen gara askotan, bozkarioa ezarri nahiz denen gogo-bihotzetan. Baina giroa ez dago, naski, alaitzeko denboretan, oraindik ere gure Herria ari baita negarretan. (bis)
Ez dugu segur gauza haundirik Herriari eskaintzeko, bakar-bakarrik zenbait olerki hemen zuei kantatzeko, guk ere, zinez, gure Herria asko maite dugulako, eta kantuaz, gure moldean, nolazbait zerbitzatzeko. (bis)
Badakigu, bai, kantuaz beste nahi duela Herriak, baina ez dira denontzat berdin iraultzaren iturriak. Bakoitzak, beraz, bere sailean ezar ditzala harriak. Elkarren lanak ongi uztartuz altxatzen dira etxeak.
Etxe batean nork ez du maite beti kantuz ari dena? Baina kantua ez da, ez, aski, egin behar ere lana! Gaurko kantu hau izan dadila gure lekukotasuna. Borroka gaiten irabazteko Euskadin askatasuna! (bis)
Carme Junyent hizkuntzalariak argi utzi zuen, baiki, zendu ondoren –ez lehenago– nahi zuela idatzita zeukan Morir-se en català artikulua kaleratzea. Heriotzari nork bere hizkuntzan aurre egin ahal izateko eskubidea aldarrikatu nahi izan zuen haren bitartez.
Lagun batek urtebete duela (2022.11.14) igorri zuen Belamendi honetara, hiru lekukok sinatua, bere Aurretiazko Borondateen Idazkia. Hartan, Junyent-ek bezalatsu, euskaraz hiltzeko borondatea eta eskubidea aldarrikatzen zituen, “hizkuntz eskubideak eta giza-eskubideak –erantsitako gutunean zioen moduan– bat eta bera baitira une eta egoera horietan”.
Haren ustez, zerbitzu publiko unibertsala eskaini beharko lukeen Osakidetzak ez du eskubide hori ez babesten eta ez errazten eta, ondorioz, arras ohiko bilakatu zaio euskaldun jendeari mediku-azpiegitura erdaldun –arrotz– baten zaintzapean alde egin behar izatea bizien artetik. “Kasurik hoberenean, erizain euskaldunen baten edo besteren laguntza eskergarriaren salbuespenarekin”, idatzi zuen korolario gisa.
Umore beltzaren zipriztinik falta ez bazaio ere, seriotan eta era praktikoan idatzia du lagun honek idazkia eta euskaldun hiltzeko eskubidea aldarrikatzen du argi eta garbi.
Osakidetzak bideratzen dituenak ez bezalakoa den heinean, edonoren Aurretiazko Borondateak dokumentuaren erredakzioa burutzeko lagungarri ere izan litekeelako dator gaur hona.
∞∞∞∞∞∞∞∞
AURRETIAZKO BORONDATEEN IDAZKIA
Nik, ……………….(izen-deiturak, NAN, helbidea)………………., adinez nagusia eta askatasunez erabakitzeko gaitasun osoa izanik,
JAKINARAZTEN DUT
Aurretiazko Borondateen Idazki honetan azalduta utziko ditudan jarraibideen arabera tratatua izan nahi dudala, adierazitakoa modu zehatzenean eta salbuespenik gabe betez.
Jakin bedi, hortaz, nire osasuna era itzulezinean hondatzen bada eta galtzen badut jaso nahi nituzkeen zainketez eta tratamenduez erabakiak modu aske eta kontzientean hartzeko ahalmena, neure bizitzari eutanasiaren bidez lehenbailehen amaiera ematea dela nire determinazio bakarra.
Esandakoa zehazte aldera, sufrimendu fisiko edo psikiko onartezintzat jotzen dut –eta, beraz, neure duintasunarekin arras bateraezina– pairamen larri kroniko eta ezintasun-sortzaile zenbaitek (hala nola gaixotasun neurodegeneratiboek, Alzheimer motako dementziak eta antzekoek), neure nortasuna eta buru-ahalmenak halako moduan narriatzea, non ez bainintzatekeen gai izango neure gaixotasunaz eta neure balio-eskemaz jabetzeko.
Horrexegatik, nahiz eta orduan nik ez adierazi, edo ez gogoratu edo, inoren iritziz, ez erakutsi kanpo aldera sufrimendu-zantzurik, neure buruaz baliatzeko gai ez izatera iristen naizenean, edo neure senide edo hurbilekoak ez ezagutzera, edo Reisberg-en eskalako FAST 6a delakoaren pareko dementzia-egoera klinikora, neure bizitza eutanasiaren bidez lehenbailehen amaitzeko borondatea errespetatzea nahi dut.
Zalantzarik balego nire erabakitzeko ezgaitasun-egoeraren atzeraezitasunaz, argi utzi nahi dut aukera horrek ez duela inolaz ere aldarazten eguneroko jardueretan besteren mende izango nindukeen bizimodua ez jasateko dudan erabaki irmoa.
Eutanasia-eskaeraren kudeaketa burutu bitartean –ez baitut sinetsi ere egin nahi geure txakurrari ukatzen ez dioguna gizaki bati uka diezaiokegunik–, uko egiten diot bizitza iraunarazten lagun lezaketen bizi-euskarri, tratamendu, esku-hartze zein prozedura orori (antibiotikoak, fluido bidezko nutrizio-hidratazioa, zunda nasogastrikoa edo gastrostomia, taupada-markagailua edo desfibriladorea, etab.). Hori bai, eskatzen dut bitarte horretan –eta batez ere gaixotasun aurreratu edo terminaleko egoeran aurkituko banintz– sufrimendu oro ken dakidala horretarako leudekeen sedazio aringarri sakonak eta gainerako baliabideak erabiliz.
Osasun-arloko profesionalen bat jarraibide hauetakoren baten kontzientzia-objektore deklaratuko balitz, haren ordez beste profesional bat izendatzea nahi dut, neure bizitzaz eta heriotzaz askatasunez erabaki dudana bermaturik gera dakidan.
Argi utzi nahi dut, halaber, neure etxean luzatu nahi diodala azken agurra Bizitzari eta ez dudala euskaraz mintzo ez den inor izan nahi inguruan, neure hizkuntzaren magalean eta haren soinupean egin nahi baitiot aurre Herioari.
Gogo-kontsolamenduei dagokienez, jakin bedi legokiokeen erlijioaren laguntza espirituala ere nahi nukeela azken unean, baldin eta ordurako enpirikoki egiaztatua balego gizakiak espiritu hilezkorra duela eta Jainkorik –zeinahi edo zernahi delarik ere– badela.
Erantsi beharrik ez da prozesu guztian, gaixotasunaren detekziotik azken unera arte, bai ospitalean eta bai beste edonon, profesional euskaldunez artatua izan nahi dudala, euskaraz mintzo direnez soilik, alegia.
Inolaz ere ez dut nahi, azkenik, honako idazki hau bestelako hizkuntzak darabiltzaten fitxategi ofizialetan gordea izan dadin eta are gutxiago nahi dut beste hizkuntza batera itzulia gerta dadin euskaldun ez diren profesionalek irakur eta balia dezaten.
Aurreko jarraibideen arabera begiratua eta tratatua izango naizelakoan,
Pasa den astelehenean (2023/09/18) jarri da martxan itsasoan (offshore), Armintza parean, argindarra ekoizteko aerosorgailu bat, DemoSATH izena daraman proiektuaren barnean. Izatez, flotagarria da (espainiar estatuko lehendabizikoa) eta esperimentazio-fase horretan 2 MW-ko energia ekoiztea lortu du.
Hamabost egun lehenago (2023/09/01) Txinako Fujian-en parean, Taiwan-eko itsasartean, beste aerosorgailu batek (Goldwind GWH252–16MW) inoiz eman den ekoizpenik handiena lortu zuen 24 ordutan: 384,10 MW.
Lehen begiratuan, beraz, handi samarra dirudi aerosorgailu bien ekoizpen-desberdintasunak. Baina, ez kasualitatez, badira horretara bideratzen dituzten bestelako alderdi batzuk ere. Honatx
∞∞∞∞∞∞∞∞
Armintza (Bizkaia)
Albistearen arabera, aerosorgailua kostatik lau bat kilometrora jarrita dago eta 85 metroko sakoneran ainguratu dute. Haize-indarrari dagokionez, badirudi 3 eta 25 metro/segundoko abiadura jasan ahal izateko prestatua dela eta, bestenaz, 17 metroko olatuak ere jasan litzakeela.
Errotoreak 96 metroko diametroa ei du eta, gorago esan bezala, momentuz 2 MW besterik ez du ekoizten, nahiz eta, diotenez, aski izango bailitzateke kopuru hori 2.000 etxebizitzaren argindar-kontsumoa asetzeko.
2026rako beste hiru aerosorgailu eraiki nahi bide dituzte teknologia berdintsuarekin, bakoitza 15 MWekoa. Dena den, prentsa ez dator bat zenbat etxebizitzarentzako energia sortuko duten hiru aerosorgailu horiek, batzuk 50.000rentzako izango dela dioten bitartean, beste batzuk 60.000rentzako izango dela zehazten batitute.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Fujian (Txina)
Munduko energia-ekoizpenaren arloan 384,10 MW-eko errekorra eskuratu duen aerosorgailuak 152 metroko garaierako dorrea dauka. Aramaion jarri nahi direnak baino berrogeita hamar metro txikiagoa da, hortaz.
Guztiarekin ere, une honetan munduko aerosorgailurik indartsuena ei da potentziaren ikuspuntutik (16 MW). Hiru palen tamaina ere harritzeko modukoa da, bakoitzak 54na tonako pisua baitauka eta 123na metroko luzera.
Horren ondorioz, 252 metrokoa da errotorearen diametroa eta 50.000 m2-ko aire-esparru biribila hartzen du dabilenean (sei bat futbol-zelairen zabalera), bira bakoitzean 34,2 kWh ekoiztuz.
Aldi berean, itsasarte estu samar batean kokatuta egoteak haizearen tunel-efektua baliatzeko aukera ere ematen dio aerosorgailuari, ez baitituzte txinatarek gutxiesteko bertan dabiltzan haize bortitzak: 51 km/h eta gehiagoko abiadura urtean berrehun bat egunetan. Nolanahi ere, 287 km/h-ko haizeteei aurre egiteko prestatua bide dago haize-errota. Eta ez da gutxi, azken mende erdian Ipar-mendebaldeko Ozeano Barean izandako tifoirik bortitzenak (1979an gertatuak) 260 km/h-ko abiadura hartu baitzuen.
Haize-zirimolen probestea dela eta, gogoratu behar da oraingoan Fujianen lortu den energia-ekoizpen erraldoia ere Haikui tifoiari esker iritsi dutela.
Txinatarren iritziz, aerosorgailu bakar horrek lortu berri dituen 384,10 MWek 170.000 etxebizitzaren eguneroko kontsumoa ase lezakete erraz asko. Bistan da, baina, etxebizitza gehiagoren kontsumoa ziurtatuko lukeela aerosorgailu txinatarrak Armintzako aerosorgailuetarako kalkulatutako proportzioa aplikatuko balitzaio: mila etxebizitza megawatt bakoitzeko.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Fujian-eko energia-errekorrak atzean utzi du hogei egun lehenago (2023/08/10) Vestas-ek Jutlandian eraikitako aerosorgailuak (V236–15MW) egun batean ekoiztutako elektrizitate-kopurua, 363 MW-ekoa izan baitzen “soilik”. Baina hori ere, nabarmena da, gure Armintzakoaren aurretik legoke offshoreen ligan.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Errekorren atalean, halaz ere, laster asko izango omen dira merkatuan orain arteko langak erraz gaindi ditzaketen turbina eoliko flotagarriak, batez ere energia-ekoizpenaren maximizatzeari eta kostuen merkatzeari dagozkienak.
TouchWind enpresa holandarrak diseinatu du interesgarrienetako bat: sakonera handiko itsaso zabalean jartzeko prestatua, buia handi batek orekatuko duen kupel moduko oinarri flotagarri baten gaineko zutoin inklinatuan ezarria egongo da ohiko bi palaren luzerako pala bakar bat (200 metro luze) daraman modeloa.
Enpresak adierazi duenez, ekonomikoki hiru palako aerosorgailuen % 30 besterik ez da izango berriaren kostua eta, hori gutxi balitz bezala, oso erraza suertatuko da palaren luzera har dezaketen kaietan eraikitzea ere. Horrezaz gainera, 252 km/h abiadurako haizeak ere balia litzake energia sortzeko. Konparaziorako, gaur egun Euskal Herrian jartzen ari diren ohiko turbinak itzali egiten dira 90 km/h abiadura hartzen duen haizearekin.
Garaipen sinbolikoa baino gehiago ekarri beharko luke espainiar Kongresuan euskaraz, katalanez eta galegoz hitz egiteko aukera zabalik izateak, kontua ez baita bakarrik hizkuntzei dagokien eskubide demokratikoren bat teorikoki onetsita azaltzea.
Harago joan beharko luke aukera berriaren baliatzeak, hortaz. Hain zuzen ere, eskubide hori praktikan jartzera eta, gure kasuan are garrantzizkoago dena, euskara era irmo eta sistematikoan baliatzera. Hau da, gaia edozein izanda ere, publikoki mintzatu behar den guztietan euskaraz hitz egitera.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Irakurri ahal izan dugu jadanik partidu batzuk inondik ere ez dutela hizkuntza koofizialik erabiliko parlamentuan (VOX). Beste batzuk ez dute ezer esan horretaz baina, gureari dagokionez, jakina da, nahi izango balute ere, ez dutela kide bat bera ere Kongresuan euskaraz mintzatzera ausar daitekeenik (PP).
Uste izatekoa da ez dela erabilera sinboliko hutsetik lar urrunduko euskal hiztun bakarren bat baino ez duen partiduaren egoera (PSOE). Zalantza da ea antzera jokatuko ote duen hiztun gutxi baina orain arte praktika zertxobait euskaltzaleagoa eraman duen taldeak (SUMAR). Etorkizunak esango.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Nolanahi ere, zalantza gehiago eta kezka handiagoak sorrarazten ditu partidu abertzaleek (PNV eta EHBildu) har dezaketen jokamoldeak, hasia baita haien artean “diskurtsoa noranahi iritsarazteko” asmo larria zabaltzen; edo bestela esanda, euren mezua euskaldun ez direnek ere entzun behar dutela eta, gaztelaniaz erruz eta gehiagotan mintzatzeko bidea prestatzen.
Horrela balitz, horrek, ezaguna dugu ondorioa, biziki murriztuko luke euskararen presentzia Kongresuan, eta folkloriko bezain hondarreko bilakatuko litzateke gure hizkuntza bigarren egunetik aurrera.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Hondarreko eta balorerik gabe gera liteke, era berean, parlamentari euskaldunek, bat-batean gara litezkeen aho-diskurtsoak alboratuta, euskarazko testuak tribunatik ozenki irakurtzeko madarikazioari helduko baliote.
Aberrazio parlamentarioak aberrazio, bakarrik faltako litzateke, gauzak bere puntuan uzteko, totelka eta ohituta gauzkaten trakeskeriarekin irakur litzaten.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Eguneroko lan parlamentarioen mailara jaitsiz gero, bestalde, ezaguna da bost batzarkideko talde batek nekez balia dezakeela hizkuntza gutxitua lan-tresnatzat kide haietako bik tutik ere ez badakite euskaraz. Soziolinguistika matematikoa mintzo.
Egoera hobeagoa izan lezake barneko lanetan eta txostenen ekoizpenean ia kide guztiak euskal hiztun osoak direnean.
Halabeharrez, baina, direnak dira eta daudenak daude.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Ikustekoa da, halaz ere, lan-batzar horietatik aterako den fruitua euskaraz pentsatua eta bilbatua izango ote den ala jostura eta lits guztietatik hizkuntza hegemonikoa isurtzen duen euskaratze hutsa…, gero parlamentuko itzultzaileek berriz ere gaztelaniara eraman beharko dutena.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Orain artekoa baino erronka erraldoiagoa, beraz, Madrilera doazen parlamentariena, Euskararen prestigioa areagotze edo urritze aldera ere joka dezakeena eta, izatez –ondo baino hobeto jakin behako lukete hori–, jokatuko duena. Ahaztu gabe, noski, miresmenetik ridikulua sentitzeraino ere eraman dezakeela.
Euskal ordezkarien hizkuntz gaitasunez gainera, oraingoan gure hizkuntzaren balioa eta baliagarritasuna izango dira mundu guztiaren aurrean agertuko direnak eta, ikusi eta entzun egingo denaren arabera, baloratuak gertatuko direnak. Baita euskaldunon artean ere.
1937ko abuztuaren 24an sinatu zen Santoñan (Cantabria) espainiar Errepublikaren aldekoekin borrokatzen ziharduen Euzko Gudarostearen errendizioa adosten zuen akordioa.
Kronikek diotenez, “Santoñako Ituna” deituriko hura Francoren alde ari ziren italiar faxisten eta EAJko politikarien artean sinatu zen.
Francok, halere, ez zuen ontzat hartu akordioa eta, hitzarturik zegoena gaitzetsita, italiarren eskuetan zeuden gudari guztiak harrapatu zituen irailaren 4an.
Ondoren, espainiar jeneral kolpe-emaileak gerra-kontseiluak antolatu zituen Euzko Gudarosteko ofizialen aurka. Hiru hilabete eskas besterik ez zuen behar izan guztiak fusilarazteko. Gainerako gudariak eta kapilau militarrak espetxe eta kontzentrazio-esparruetan sartu zituen.
Etsaien eskuetan erori ziren gudari debagoiendarren artean bazen Arrasaten jaiotako aramaioar bat ere, honako belamenditar honek aski ongi ezagutu zuena eta, hori dela medio, hona ekarri nahiko lukeena orduan erori eta hil zirenen omenez.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Francisco de Paula ponte-izenez, gure aita “Pako” hipokoristikoaren bitartez izan zen inguruan ezagunago. Alabaina, oso gazte ekin zion euskarazko izena erabiltzeari, Pantzeska lehendabizi eta Patxi beranduago. Azken honekin militatu zuen gero bere alderdi politikoan eta huraxe ezpainetan zendu zen 2010eko uztailaren 28an, 94 urte zituela.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Madrilen komertzio-ikasketak egiten igarotako hiru ikasturteetan, txikitatik adiskide min zeukan Joxemari Azkarraga, Lurgorri, izan zuen bidaide abentura abertzalean, batez ere adiskidea Euzko Ikasle Batzan lehendakari izan zen bitartean.
Madrilen, Joxemari eta Emiliano Azkarraga anaien erdian
Handik gutxira, faxisten aurkako gerrak ekarriko zien Euskal Herriaren defentsarako irakaspen praktiko bortitza.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Gure aita 1937ko otsailean estreinatu zen gerra gorian. Hogei urte zituen une haietan eta denbora eskasa izan zuen fusila zer zen ikasteko. Asturiaseko frontean bertan ikasi behar izan zuen, beraz, Amaiur batailoiak Kandido Sasetaren agindupeko Brigadaren parte egin zuenean.
Amaiur batailoian arrasatearrek Jose Gorroñogoitia taldeburu izanik osatzen zuten lehen konpainiak –Arrasate izenekoa, jakina– Mundaka izan zuen Asturiasera abiatzeko pausalekua eta “ondasunak” –arropa, dirua, kuttunak eta beste– gordeta izateko lekua. Gure aitari hango Ormaetxea familia egokitu zitzaion hartarako, gaur egun guztiz aramaioartua den Markel Ormaetxearen gurasoen etxea. Gure aitak inoiz ez zituen ahaztuko familia hartako kideak eta jaso zuen abegi txeratsua eta maitagarria. Azken unera arte egon zen eskerturik seme gisa eman zioten tratuagatik. Esan bezala, haiena bezalako etxe xamurretan uzten zituzten gudariek beren ondasuntxoak eta, maizegi, azken giza-emozio eta afektuak.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Besteri buruz bai, baina Asturiaseko frontean ia hiru eguneko iraupena izandako infernu-irakasgai hartaz inoiz ez zigun aitak anekdota hutsalen bat edo beste baizik kontatu seme-alaboi, nahiz eta Amaiurrek berak jasan zituen, bai orduan eta bai zutik iraun bitartean, hildako (tartean, Saseta komandantea bera) eta zauritutako gehienak. Latzegi zeritzon han gertatutako sarraskiari.
Martxoaren amaieran Bilbora itzuli eta, jarraian, ongi ezagutzen zituen inguruetara abiatzea egokitu zitzaien (Oleta eta Urkiola). Gero etorri ziren Sollube, Bizkargi, Artxanda eta beste, harik eta Santanderren harrapatu zituzten arte.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Santanderren –Laredo, Castro, Santoña– hasi zitzaien zorabioa eta engainatuak izatearen amorrua. Geroxeago etorri ziren izua eta zigorrak, Francok hasieratik ekin baitzion etenik gabeko errepresioa hedatzeari.
Beste askorena bezalakoxea izan zen gure aitaren gurutze-bidea ere: Miranda de Ebro (kontzentrazio-esparrua), S. Pedro de Cardeña (kontzentrazio-esparrua), Gallur (“soldadu langileen batailoia” izenekoan), Haro, tartean, gaixotasunak medio, Tutera eta Zaragozako ospitaleak bisitatu behar izan zituelarik. Gerra amaitzean laurehun mila inguru ziren soldadu kartzelatuak.
Eta 1939an haietako batzuk etxera –ustez, betiko– bidali bazituzten ere, handik gutxira bigarren errepresio-txanda bete behar zutela jakinarazi zieten. Gure aitaren ibilbide berria Mirandatik Galiziaraino hedatu zen, bidean batez ere Madril (“Miguel de Unamuno” izeneko kontzentrazio-esparrua) eta Lavacolla (Santiago de Compostela-ko aireportua egiteko “soldadu langileen batailoia”) dastatu zituelarik.
∞∞∞∞∞∞∞∞
San Pedro de Cardeñan preso euskaldun eta asturiarrak ziren nagusi eta, oro har, ez zuten bertan hilabete eta erdi baino gehiago egiten. Halere, gure aitak ongi gogoratzen zuen han izan zuela krisi moralik handiena. Gosea, hotza, erabateko higiene-gabezia eta etengabe jasan behar izan zuten umiliazioa gutxi bailiran, gorputzeko azal guztia haragi bizian utziko zion hazteriak harrapatu zuen, jasanezinezko hazkura latza eta oinazea sortuz.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Gerrara boluntario gisa joan zenez, gure aita ez zen frankisten sailkapen ideologikoan “berreskuragarri” gisa agertu, “desafecto al Glorioso Movimiento Nacional” moduan sailkatu baitzuten hasieratik, horrek ekarriko zizkion ondorio guztiekin.
Jasangaitzenetako bat Galiziako langile-batailoian zenean gertatu zitzaion. Jakinaren gainean zen bere aita Jose guztiz gaixorik etxeratua zela Iparraldean eta Frantzian barrena aterpetuta egotetik. Handik gutxira hil zen Aramaion. Gure Patxi Salaberri Urtzelai gudariari ez zioten biderik utzi ez aitaren hilzorian eta ez hildakoan etxeratzeko eta azken agurra eskaini ahal izateko.
Elduainen 1842an jaioa, Tolosan egin omen zituenManuel Santa Kruz Loidik lehen ikasketak osaba apaiz baten laguntzarekin. Gero, adin egokira iritsita, apaizgorako formakuntza-ikasketei heldu zien Gasteizen. Eta amaitu ere –nabarmendu beharrekoa da datu hau–, oso curriculum distiratsuarekin amaitu zuen karrera osoa. Ez zen, beraz, maiz asko irudikatu nahi izan den prestakuntza intelektualik gabeko gizon oiesa.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Garatutako ideologia politiko-erlijiosoa medio (“la creencia de que el triunfo de las armas carlistas era también el triunfo de la religión”, aitortuko zuen berak zahartzaroan), Hernialden abade zegoela ekin zion Santa Kruzek liberalen aurka borrokatzeari. Alabaina, han-hemen karlistentzako armak gordetzen zituela susmatzen bazuten ere, pulpitutik egiten zuen propaganda gordina ei zen agintariak hasieratik kezkatu zituena. Horren guztiaren ondorioz, Iparraldera egin behar izan zuen ihes 1870eko urrian.
1872an, Bigarren Karlistaldia ofizialki hastear zela itzuli zen Hegoaldera, armak hartzeko gertu. Baina era aski berezian ulertzen zuen liberalen aurkako borroka eta, hartaz gainera, euskal jendea eta lurraldeak ezagutzen ez zituzten agintari militar karlistez mesfidatuz ibili zen hasiera-hasieratik. Ildo horretan, izugarrizko iskanbilak sorrarazi zizkioten bere nortasunak eta guda ulertzeko era pertsonalak agintari karlista gorenekin ere. Une batean, adibidez, hura atxilotzeko eta fusilatzeko agindua luzatu zuen Antonio Lizarraga jeneral karlistak, eta, areago, Santa Kruzen gerrillari-ibilaldia bera ere Karlos errege-nahiak errebeldetzat hartzeko mehatxu-agindua luzatu zuenean amaitu zen.
Guztiarekin ere, Santa Kruzek gerrillari gisa egin zuen urtebete eskasean (nagusiki 1872ko uda-hasieratik 1873ko uztailera bitartean), Aramaioko gertakaria izan zen haren irudia entzutetsu bilakatu zuena.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Esan bezala, liberalen jazarpenak bultzatuta aterpetu zen Iparraldean 1870ean. Urte eta erdi beranduago, 1872ko apirilean, Rekondo komandante jeneralaren taldeko kaperau modura (“Capellán de los Batallones de Guipúzcoa”) aritu zen Hegoaldean. Ibilaldi haietan ia ez zuten geografia ezagutu besterik egin, batik bat Gipuzkoako mendiak, Nafarroako iparraldekoak eta balio estrategikoa izan zezaketen herriak, hala nola Leiza, Doneztebe, Ataun, Oñati, Segura eta beste.
Rekondo komandantea Zornotzako Itunera (1872.05.24) makurtu zenean (aurretik, Lehen Karlistaldian, Bergarako Besarkadaren mende geratua zen), Santa Kruz apaizak ez zuen hura onetsi eta Iparraldean aterpetu zen berriz.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Aterpetu bai, baina bera bezala Iparraldean zeuden ofizial eta soldadu karlisten artean ikusten zuen egoerak biziki kezkatuta zeukan Santa Kruz, inguru hartan ez baitzuen nabaritzen ezinbesteko zeritzon gerrari seriotan heltzeko asmorik.
1916ko uztailaren 16an idatzi zuen gutun autobiografikoan argi azaldu zuen egoera:
Aquí [Iparraldean] fue donde yo me di cuenta exacta de la situación de las cosas. Comparaba lo que tenía delante de los ojos con lo que sucedió en la primera guerra, y veía que lo uno no era más que una repetición de lo otro.
[…] los mozos vagaban por las calles medio muertos de hambre, y sin que nadie se preocupara de ellos; los oficiales, por el contrario, vivían en los cafés, muy bien tratados y echando planes al por mayor; y entre los que tenían la alta dirección, no todos estaban dotados de aquella energía y talentos que son necesarios para tan altos puestos. En una palabra; se procuraba cubrir las apariencias; pero en realidad, la traición estaba tramada.
Y aquí me pregunto yo: ¿Con que título podían licenciar las tropas carlistas? Cuando los mozos se alistan en cumplimiento de alguna ley, tienen obligación de retirarse cuando el Gobierno lo ordene; pero los carlistas no tomaban las armas obligados por ninguna ley, sino voluntariamente y movidos solamente por la excelencia y la justicia de la causa que defendían, y por la confianza que abrigaban de conseguir su fin. Y así, mientras subsistiesen estas dos razones, nadie podía obligarles a desistir de su intento. Y ¿Quién puede decir que, al tiempo del convenio de Vergara o de la entrega de Amorebieta, faltaran gentes o medios de continuar la guerra con probabilidades de buen éxito? ¿No acudían en tropel los mozos, cuando veían aparecer en el campo algún hombre, que estuviese animado de sanas intenciones y de voluntad de vencer? ¿No sucedió esto con el cura Sierra? ¿Qué no hubiera conseguido éste, si, desoyendo órdenes inicuas, hubiera continuado en la lucha? ¿Qué hubiera sido de los liberales, si se hubieran puesto al frente de los carlistas muchos hombres de este temple?
He aquí, expuestas brevemente, las ideas que a mí me impulsaron a lanzarme por fin al campo. Reuní, pues, mis muchachos; y lo primero que exigí de ellos fue un compromiso serio de no abandonar las filas a su capricho, como sucedía con lamentable frecuencia; lo segundo, una conducta ejemplar, la que convenía a los intereses sagrados que defendían.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Santa Kruz Loidi, taldekideen erdian zutik
Hori horrela, Hegoaldera itzuli zen liberalen aurka jokatzeko gertu zeuden beste hogeita bost bat gazterekin.
Ekintzak ekintza, 1872ko abuztuaren 9an burutu zuen ospetsuenetako bat, arma mordoxka zeraman Segorbe Batailoiko konpainia-sekzio bati egin baitzion eraso Bergarako Elorregi aldean (San Prudentzio auzoan). Gogoratzekoa da batailoi hura izan zela Santa Kruz Hernialden apaiz zenean bila joan eta ihes eginarazi zion berbera.
Sekzio hura alferez baten menpe zeuden hogeitaka soldadu profesionalez eta mikeletez osatua bazen ere, apaizaren kuadrillak ez omen zuen eragozpen handirik izan berrogeita bat fusil, balak eta bestelakoak kentzeko.
Hartan zeudela, taldekide bat zauriturik gertatu zen eskuan eta Santa Kruzi toki egokiren batean artatzera eramatea otu zitzaion. Behin zauritua esku onetan utzita, bera bakarrik itzultzen ari zela harrapatu omen zuen ejerzito liberaleko soldadu-talde batek apaiza. Nabarmentzekoa da patua aldekoa izan zuela atxilotze hartan ere, zeren eta mikelete gipuzkoarrek bertan akabatu nahi baitzuten, justiziaren ebazpenaren zain egon gabe.
Nolanahi ere, Aramaioko Udaletxera eraman zuten jarraian atxilotuta, tokirik hurbilena eta ziurrena zeritzotelako nonbait.
Azkar asko zabaldu zen herrian albistea eta baita ere fusilatua izango zelako susmoa. Santa Kruzek ere bazekien zer zetorkion gainera eta ihes egitea erabaki zuen; eta baita lortu ere.
Abuztuaren 12ko gauean, gaixo-itxurak eginez, eta komunera joateko premia aitzakiatzat, lehen solairuko balkoira ateratzeko baimena eman zitzaion. Handik egin zuen jauzi errekara denbora lar galdu gabe. Ziztu bizian, Nardeagako errekatik gora egin eta, soldadu liberalez betetzen hasia zen bainuetxearen ondo-ondotik igarota, Errotabarriraino iritsi zen. Hango zubipean pasatu ei zuen gau guztia, gorputza urpean zuela.
Herria tropa liberalez gainezka zegoen arren, inork ez zuen ikusi nola lagundu zion Juan Antonio Unzueta izeneko baserritarrak hurrengo gauean Gantzagara iristen eta, gero, Urdingio baserriko Balentin Larrañagak haitzetako leize-zulo ezezagun batera eramaten. Hiru egun egin zituen sarrera ezkutuko eta aho zabaleko leize hartan gordeta, baserriko artzain gazteak eramaten zizkion elikagaiak jaten eta haranean zehar bere bila ari ziren tropa liberalen joan-etorri antzuak ikusten.
Etsaiak etsitzen eta egoera lasaitzen hastean, Iparralderantz jo zuen oinez, mendirik mendi. Hogeita lau ordu behar izan omen zituen hogei legoa –ehun bat kilometro– egiteko.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Ez zen, horratik, aterpean besoak gurutzaturik begira egotekoa gure gizona, eta behin eta berriz itzuli zen Hegoaldeko burrundaretara, une batzuetan bostehun mutil baino gehiago zituela menpean. Azken itzuleran, baina, biziki areagotu zitzaizkion Santa Kruzi buruhausteak, borrokarako erakusten zituen jokamolde eta pertsonalismoek karlistekin ere zalapartaka ibiltzera eraman baitzuten. Azkenean, hierarkia militar karlistak eta errege-nahi Karlos VII.ak berak ere gogorki gaitzetsi zutenez, gerra-erantzukizunetatik alboratzea erabaki zuen eta, ondorioz, betiko erbesteratzea.
Iparraldean zen 1873ko abenduaren amaieran, Lillen eta Londresen beranduago, eta, azkenik, behin Eliza erromatarraren barkazioa jasota, Jamaikan aurrenik eta Kolonbian geroago misiolari… eta baita, inoizka, gerra-aholkulari ere. Baina beste istorio bat da hori.
1926ko abuztuaren 10ean hil zen Kolonbiako Pasto herrian. Duela laurogeita hamazazpi urte, hain justu.
Kolonbian misiolari
∞∞∞∞∞∞∞∞
Anekdotariorako geratu dira, bestalde, Santa Kruzen taldeak erabilitako estandartea eta bandera. Azken hau garai hartako espainiar hori-gorria ei zen. Estandartea, aldiz, beldurgarri gertatzea bilatzen zuenez, burezurra bi izterrezur gurutzatuekin brodatu zuten Elorrioko mojek oihal beltzean, eta lelo hauek zeramatzan gaztelaniaz idatzirik: “Gerra errukirik gabe” aurkian eta “Garaipena ala hil!” ifrentzuan.
∞∞∞∞∞∞∞∞
∞∞∞∞∞∞∞∞
Juan Olazabal, El cura de Santa Cruz guerrillero, Gasteiz, 1928, 534-535 or.