Arabako Batzar Nagusiak Aramaion (1868)

Aramaioko udaletxea eta Sastiña (1955)

1868 garrantzizko urtea izan zen Aramaion. Besteren artean, bertako udaletxearen eraberritze-lanak bukatu zirelako (kontzejupeko harlauza batek zenbaki handiz zizelkatua du data) eta, harekin batera, teilatu gaineko erloju ordu-emaile algaratsua ere jarri zelako. Jakina denez, handik aurrera arautuago geratu zen aramaioarren bizimodua, ordu osoak ez ezik, erdiak ere jotzen baitzituen, kanpaikada bat lehenengo eta, etena eginez, orduari zegokion kanpaikada-kopurua handik segundo batzuetara.

Baina izan zen nabarmentzeko beste gertakaririk ere herrian.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Une hartan, eta zegoen tokian egonik, aski garatua zen Aramaio, eta bada horren berri ematen duen albisterik.

Bainuetxeko mediku arduraduna zen Lorenzo Cordido Garzak urte hartako urrian Oroitidazki edo Memorian idatzita utzi zuenez, 422 auzoko –ez biztanle– ziren udalerrian, honela banatuta: Ibarra edo kalea: 180 auzoko, 163 etxetan banatuak; Oleta: 82; Azkoaga: 41; Untzila: 32; Uribarri: 28; Barajuen: 20; Etxaguen: 16; 12 Gantzaga: 12; Arexola: 11. 

Batez beste, auzoko bakoitzeko lau bat biztanle kalkulatuz gero, 1.600 biztanletik gora zituen Aramaiok une haietan. Albisteek diotenez, biztanle gehienak euskaldun elebakarrak.

Ibarrak, antza, galtzadarriz estaliak zituen ordurako kaleak; zerbitzuak ere ugari zituen: udaletxea, ospitalea, neska eta mutikoentzako eskola bana, bainuetxea, eliza, hiru ermita, medikua, zirujaua (bizargina ere izaten zena), botikaria (eta botika), albaitaria, burdineria-sutegia, zaldi-burdindegia (denda), kasinoa, irina egiteko bolu edo errota bi, harategia, dendak… Eta osagarri gisara, bi txistulari eta “haraneko mutikoen orkestra adoretsua”. 

Aipatu medikuaren esanetan, bestalde, sanoak eta kalitate handikoak ziren Aramaion jaten ziren elikagaiak: behi-okela, txahala, aharia, txerria, ehiza, etxeko hegaztiak, gazta, garia, artoa, gaztainak, lekariak, barazkiak, frutak…, eta ia guztiak bertakoak. Ez zitzaion, beraz, harritzekoa iruditu sendagileari orduko aramaioarren bizitza-iraupena 80-90 urte bitartekoa izatea.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ez zirudien kanpoko jendea erakartzen hasteko arrazoi gehiago behar zirenik. 

Beraz, horrek guztiak eta Gasteizko errepide berriak aski lagundu zuten Arabako Batzar Nagusiek Aramaio hauta zezaten biltzeko. Arrazoi politiko-administratiboez gainera, esan nahi baita.

Anekdoten ikuspuntutik ere bitxia suertatu zen ekitaldia, urte hartako irailean bertan “Behera Borboiak!” aldarrikatuko zuen Iraultza Loriotsuaren aurretik burututako azken Batzar Nagusiak izan baitziren Aramaiokoak.

Ezaguna denez, Donostian harrapatu zuen Iraultza hark Isabel II.a erregina espainola uda-garaiaz gozatzen eta, beste ihesbiderik ez zuela, Iparralderako trena hartzera jo zuen presaka eta beldurrez, paradoxikoki hainbat karlista zituela lagun, gidari eta berme.

Gogoan izatekoa da 1868ko irail hartan irekiko zen aro politiko berri eta itxaropentsu hura izango zela 1876ko uztailaren 21ean, bigarren Karlistaldiaren amaieran, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foruak zeharo deuseztatuko zituena.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Duela 155 urte, 1868ko maiatzaren 4tik 7ra bitartean burutu ziren Batzar Nagusiak Aramaion. 

Hartara, zabaldu egin ziren herrian normalean ekainaren 15era arte itxita egon ohi ziren bainuetxeko zerbitzuak, ostatuak (Bizente Goikoetxea musikariaren aitarena barne), etxe partikularretako gelak eta bestelakoak… herriaz “jabetu” ziren hirurogeita hamarretik gora agintari, parlamentari, prokuradore, idazkari, militar eta miñoiri egoitza eskaini ahal izateko. 

Udarokoa baino askoz intentsitate sozioekonomiko handiagoko mugimendua izan zen lau egun haietakoa. Udalak 10.000 errealetan kalkulatu zituen xahupenak eta halaxe jakinarazi zien Batzar Nagusiei konpentsazio ekonomikoa eskatzeko orduan. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ez zen hain onuragarria suertatu, zoritxarrez, Batzar Nagusi haiek biztanleen eguneroko harreman-hizkuntzan izan zuten inpaktua. Gaztelania izan zen aramaioarrek eurrez entzun eta etorritakoekin erabili behar izan zuten mintzaira. 

Beste behin ere, hizkuntza hegemoniko arrotzean burututako jarduera soziopolitikoek tokiko hizkuntza gutxituen egoeran eta prestigioan izaten duten eragin lausoaren adibide argia, hortaz, Arabako Batzar Nagusi haiena. 

Izan ere, lehen begiratuan kaltegarri ez dirudien eragin horrek ondorio gaitzak izan ohi ditu epe laburrean, egoera zeharo desorekatu horietan aski arrunta baita hizkuntza gutxituko hiztunak bere burua erdeinatua eta gutxietsia atzematea. Errudun-konplexua nabaritzen hastea hurrengo urratsa besterik ez da izaten. 

Horiexek, bada, norberak berehalakoan suma ditzakeen aurreneko efektu praktikoak. Erdeinuzko egoera hartara kondenatu uste duen hizkuntza propioaren pixkanakako bazterketa eta mintzaira nagusian murgilduta egoteko irrika, ondokoak. Hizkuntza propioa abandonatzea eta kultura eta hizkuntza hegemonikoek asimilatua izatea, azkenengo eta behin betiko efektuak. 

Baina hori guztia periferiako herri bateko jende xumearen arazoa zen eta urruti, oso urruti, geratzen zitzaien 1868ko Batzar Nagusietako partaideei beren ostertz politiko eta ideologikotik.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ia mende oso bat beranduagora arte ez ziren berriro Arabako Batzar Nagusiak Aramaion bildu. Dena den, hori beste kontu bat da.

Arabako Batzar Nagusiak Aramaion (1961)
Kategoriak Historia eta istorioak | Utzi iruzkina

Aramaioko Poligono Industrial Eolikoa: finantziazioaz eta energiaren salerosketaz

Statkraft bezalako energia-ekoizleek aukera desberdinak izan ohi dituzte energia saltzeko: beren burua enpresa komertzializatzaile ere bilakatzea, ekoiztutako energia maioristen merkatuan zuzenean saltzea edo, azkenik, energia-erosle den enpresa batekin PPA (Power Purchase Agreement) izeneko kontratu bat sinatzea epe luze batean energiaren salerosketa aurretiaz finkatutako prezio batean burutzeko. 

Energia berriztagarrien proiektuetan ohikoa izan da azken formula horretaz baliatzea, batik bat PPA finantzarioa deritzonaz, berau baita enpresa komertzializatzaileentzat erakargarriena eta energia-ekoizlearentzat proiektuaren finantziazioa (banku komertzial batekin burutzen denetan) ahalbidetzeko diru-iturri seguruena. 

Kontratu horren bidez, merkatuan dauden prezioak baino merkeago jabetzen da eroslea ekoiztutako energiaren eskubideez eta bere sare elektriko propioa baliatzen du garraio- eta banaketa-sare nagusira iristeko.

Bada beste PPA mota bat, fisikoa deitu ohi dena, zeinaren bitartez energia zuzen eta sare elektriko orokorretik igaro gabe iristen baitzaio kontsumitzaileari, hartarako banaketa-sare propioa izan behar badu ere. Horrek, noski, ekoiztutako energia xahutzeko ahalmena izatea eskatzen du, ez bailitzateke sare elektriko nagusira bideratzeko aukerarik.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Horietatik aparte, berriztagarrien proiektuen finantziaziorako formula berriak saiatzen ari dira azken urteotan, banku komertzialekin sinatu ohi diren Project Finance izenekoetatik aldenduz.

Hemen azaltzeko lerro askotxo eskatuko lituzketen bestelako formula klasikoak alboratuta (akzioen jaulkipenak burtsan, obligazioenak, etab.), hona bi hitzetan zein diren aukera berri horiek: pentsio-funtsak, zor-funtsak eta crowdfounding izenekoa.

– Pentsio-funtsak aspaldidanik ari dira inbertsioak bideratzen energia berriztagarrietarantz. Esate baterako, urteak daramatzate Danimarkako lau pentsio-funtsek DONG Energyrekin elkartuta, besteak beste, 263 MWeko Gode Wind 2 izeneko itsas proiektu eoliko alemaniarrean %50eko partaidetza izanik. Berdintsu jokatzen ari dira munduko beste pentsio-funts handienak ere: Kanadako Sektore Publikoko Pentsioen Funtsa (PSP Investments), Californiako Irakasleen Pentsio-Funtsa (CALSTRS), etab.

– Zor-funtsak edo direct lending sistema, bestalde, finantziazio-tresna alternatiboa da eta enpresa-proiektuei maileguak luzatzea du xede. Diru-ezarle pribatuak ohi dira eta, oro har bankuetako interesak baino altuagoak ezartzen dituzten arren, epe luzeagoak eskaintzen dituzte, amortizaziorako era malguagoekin jokatuz.

Crowdfounding hitza proiektu txikietarako sortutako ekimen kooperatiboak izendatzeko erabili zen hasieran. Jendearen parte-hartzearen bidezko finantziazioa da funtsean, hots, dohaintza edota epe baten amaieran itzuli egiten den diru-kopuru desberdinekin osatutako finantziazio-sistema. Kontua da formula hori maila handiagoetara ere eramaten hasi dela. Gaur egun ez zaio inori ezezagun egiten, adibidez, Wavepiston konpainia daniarrak itsas olatuen bidezko energia lortzeko teknologiaren finantziaziorako abian jarri duen crowdfounding kanpaina parea. Duela bi urte bildu zituen 2,4 milioi euroei 6 milioi gehiago etorri zaizkio Europako funtsetatik eta orain berriro lortu ditu beste 1,82 milioi, ia mila partaide edo diru-ekarleren bitartez. Ez dirudi, halere, crowdfounding hutsak poligono eolikoak bezalako makroproiektuetarako aurreikusi daitekeen formula direnik. Beste gauza bat da horrekin batera akziotan inbertitzeko aukera irekitzen denean. Alabaina, gogoratu behar da, horrelakoetan, proiektu-sustatzaileek crowdfoundingaren bidea eskaintzeko izan ohi duten interesik handiena, inguruko jendearen aldetik lor dezaketen proiektuarekiko atxikimenduan datzala:

“De plus en plus, l’une des solutions développées par les professionnels de l’éolien pour innover dans la relation avec les riverains et les élus locaux consiste dans le financement participatif des parcs éoliens. En effet, le financement participatif permet d’associer les riverains à un projet de parc éolien et de les rendre propriétaires d’une partie ou de l’intégralité d’un parc éolien”.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Eta gatozen orain gurera.

Inork ezer ez badaki ere (gardentasun-politikaren efektua, nonbait), uste izatekoa da norvegiarrek pentsio-funtsak (Government Pension Fund Global) baliatuko dituztela Aramaioko Parke Eolikoaren finantziaziorako, zeren eta haiek berek argitzen dutenez

“The fund invests in renewable energy infrastructure projects to improve the overall diversification. Up to 2 percent of the fund can be invested in unlisted infrastructure for renewable energy“.

Eta dagoeneko Estatu espainolean ere hitzartua dute inbertsioa lehorreko eolikoetan (onshore):

In January 2023, we signed an agreement to acquire a 49 percent interest in a portfolio of solar plants and onshore wind farms located in Spain. The portfolio comprises seven solar plant projects and five onshore wind projects, with an expected installed capacity of 1,265 MW. The seller of the 49 percent interest was Iberdrola. Iberdrola will remain co-owner and operator of the portfolio“.

Europako funtsetatik iritsiko zaizkien itzuli beharreko ez diren diru-laguntza eskergak ahaztu gabe ere, pentsio-funts subiranoaren bidezko finantzazio-mota horrek banka komertzialaren kateetatik arras aske izatea dakarkie –eta ekarriko die– ondoriotzat.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Hemen inguruan inortxok ere ez bide daki era ziurrean zer-nolakoa izango den Statkraftek Iberdrolarekin (aurre?-)adostu duen akordioa, baina aurpegi legal desberdinik har dezakeen kromo-trukaketa gisakoa izan liteke erraz asko. Esate baterako, Polonian Statkraftekin sinatu berri duen PPA delakoaren bitartez, Iberdrolak ekoitzi eta saldu egingo dio konpainia norvegiarrari “Korytnica II” parke eolikoan ekoiztutako energia guztia (50,4 MW). 

Susmatzekoa da, hortaz, EAEn ere Power Purchase Agreement berdintsuan oinarritua izango dela konpainia bien arteko kontratua, hau da, Polonian egindakoa alderantzizkatuta, salerosketa-agenteak trukatu eta funtsean Statkraftek energia ekoitzi eta Iberdrolak erosi eta komertzializatu.

Ezin jakin daiteke, haatik, nola baliatu ahal izango duen prozesu horretan Statkraftek hain argia eta zorrotza omen duen kode etikoa, zer-nolako mirakuluak egin beharko dituen energiaren prezioa Iberdrolak baino merkeago jartzeko, ez eta nola bideratuko duen energia merke hori Poligono Industrial Eolikoa jasan beharko duten herri eta biztanleen artean ere. Berdin EAEn zein Polonian.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Handik eta hemendik sortutako espektatiba hutsalak gorabehera (ikus, adibidez, Aritz Otxandiano Fagor taldeko iraunkortasun arduradunaren adierazpenak: “horrelako egitasmo batek aukera eskaintzen die parke horien kokaleku izango diren lurraldeetako eragileek zuzenean jabetzan eta kudeaketan parte hartzeko eta, beraz, prezio justuan sortuko den energiaren onuradun zuzenak izateko”), nekez izan lezake Statkraftek inguruko industriagune, herri eta komunitateekin PPA fisikorik sinatzeko tarterik, ekoiztutako energia zuzenean banatzean, kostu propioak areagotu eta tarta-zati handi samarra kenduko bailioke Iberdrola adiskideari. 

Egia ere da KREAN GROUPen bidez (“son verdaderamente nuestros ojos y nuestras manos sobre el terreno”, Iberiar Penintsulan Statkrafteko zuzendari nagusia den Jose Miguel Ferrer-en hitzetan), Mondragon Taldeak inbertsio- eta ustiatze-akordio desberdinak izan ditzakeela jadanik karteran. 

Paradoxa da, ordea, Ferrer delakoak balizko energia-poligonoaren garapenean inbertitzeko eskaintza egin ziela inguruan dauden enpresei eta bertako energia-komunitateei, baina, ozenki behintzat, ezer zehaztu gabe. Alegia, lehendabizikoei, zernahi ere den irudi hori, “desde una figura de inversor más clásico” egitekoa. Eta energia-komunitateei… crowdfounding gisako formularen bat baliatuz agian?

Geroak esan beharko!

Kategoriak Aerosorgailuak | Utzi iruzkina

Aramaioko bainuetxea: aldaketen lekuko eta eragile

Bainuetxea lehen planoan. 1950eko hamarkadako argazkia (ATHA-DAF-GUE-1616)

Bainuetxe guztiak bezala, Aramaiokoa ere garai baten lekukoa izan zen, lekuko ustez mutua eta, tamalez, aspaldi desagertua. Itxurak itxura, halere, Aramaioko bainuetxeak ez du preziorik solaskide modura, ez baitaki isilik geratzen mingainetik tiratuz gero. 

Ildo horretan, Aramaiok mende eskas batean bizi izan zuen bilakaeraren lekuko aparta suertatzeaz gain, bertako bizimoduaren eraldatze-faktore garrantzitsua ere izan zela erakusten du. Lekuko aparta, bada, eta, onerako zein txarrerako, aldaketaren eragilea ere bai nolabait.

∞∞∞∞∞∞∞∞

1827an ireki zuen Antonio Madina jabeak estreinakoz Aramaioko bainuetxea, ur sulfuroso medizinala zerion iturburua, inguruetako marmolean landutako zortzi bainuontzi eta ezer gutxi gehiago zuela. Gaur egungo Bainera Parkean kokatua, oraingo haur-jolasen espazio-zati bat besterik ez zuen hartzen eraikinak.

Jarduera etenda utzi zuen karlista eta liberalen guda tarteko (1833-1840), hala-holako negozio hartan hainbat urtez aritu eta gero ohartarazi zitzaion jabeari bainuetxeak etorkizun iluna zuela, batere erakargarritasunik ez izateaz aparte, ez baitzuen osasun-baldintza onik eta ez erosotasunik eskaintzen. 

Bertarako kontratatua zuten medikuaren aholkua aintzat harturik, eraikuntzaren eraberritzeari ekin zitzaion jarraian. Aurpegi eta zerbitzu berriekin, bada, bainuetxe egoki eta moderno baten ospea hartu zuen 1865az geroztik.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ofizialki ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean egon ohi zen zabalik bainuetxea, nahiz eta ez zen falta lehenago etorri eta beranduago alde egiten zuen bainuzalerik ere. Egonaldiak eta tratamenduak mota guztietakoak eta nahierakoak izan zitezkeen, hau da, bezeroen apeten edota premien araberakoak, berdin gau batekoak zein hiru hilabete osokoak. Adibiderako, Ramon Salazar Mazarredo militar eta politikari ohiak 96 egun egin zituen 1888an, lehen klaseko egoitzan (guztira 2.304 erreal ordainduta); Bonifazio Aranko, berriz, (“el de pulverizaciones” zeritzoten kontu-liburuan) inhalazio-tratamendua jasotzera baino ez zen azaltzen: 91 egun eta erdi 1887an eta berdin 1888an (366 erreal urteko). Ohikoena, halaz ere, zortzi-hamalau egun egitea izaten zen bainuen onuraz baliatzeko.

Udan zehar bertaratzen zen bainuzale-kopurua, bestalde, irregular samarra ohi zen, eta urte kaxkarretan ehun baino askoz gutxiago izatetik erraz iritsi zitezkeen sasoi hoberenetan 150 bezero inguru izatera. 

Kopuruak gorabehera, Aramaiok garbi asko atzematen zuen udaroko jende-ugalketa bere kale eta bideetan.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Horrek guztiak, jakina, herritarren bizimodua ere ukitzen zuen modu batez edo bestez: aramaioarrak izaten ziren bainuetxean lan egiteko kontratatzen zirenak, etxe partikular batzuk egokitu egin ziren ekonomia eskasagoko bainulariak apopilo hartzeko, jaki eta edarien hornitzaileek (harakin, dendari, etab.) areagotu behar izaten zituzten beren ahaleginak kanpotarren beharrei ere aurre egiteko… Laster hasi ziren, gainera, edonork erabil zitzakeen zalgurdien bidezko garraio-zerbitzuak  –omnibus deiturikoak– antolatzen, bai Aramaiotik Zumarragara eta bai, egunero, Gasteizera,tren-geltokietaraino. Berdin batera zein bestera abiatu, hiru bat ordu behar izaten zen 28na kilometroko ibilbideak egiteko. Gasteizko bidaian 20 erreal ordaintzen zen eserlekua; zertxobait merkeago Zumarragakoan. Horiezaz gain, eta arratsalde-pasa edo, inguruko bainuetxeetaraino ere antolatzen ziren omnibusak.

Hein handi batean, herri guztia zen baitezpadakoa eta, aldi berean, bainuetxearen funtzionamendu onaren bermea. Ez zen harritzekoa, bada, hiru hilabete haietan jendea asaldatuta eta pozarren aurkitzea, bainuzaleak zirela eta.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Alaitasun eta pozaldien artean ez zen hodei beltzik ere falta, aramaioarren identitatearen zutabe nagusia ia oharkabean ahultze-bidean jarriko zuenik, hain zuzen. Izatez, guztien onurarako ziruditen abantaila ekonomiko haien ifrentzuan, nahitaez erabili beharreko beste hizkuntza bat zetorren itsatsita. Bestela esanda, bainuzaleak, maila altukoak nagusiki, erdaldun hutsak ziren gehienbat. Hori horrela, ez da zaila asmatzea nori egokitu zitzaion komunikatu ahal izateko ahaleginak egitea eta behartutako elebitasunaren aberastasunak dastatzea.

Ordukoak ditugu, hortaz, tradizioaren magalean bizi zen herri honen lehen hizkuntz lurrikarak eta “modernizazio”-dardarak. Ez ziren bakarrak izan, dena den. Bizimodu arruntera izua zabalduko zuten bestelako haize-zurrunbiloak ere ate-joka egon ziren mende guztian zehar. Besteak beste, izurrite latzak heldu ziren Aramaiora denbora gutxian: 1855ean gangeria edo kolera asiarra, adibidez, eta geroxeago, 1867an, hildako bi sorrarazi zituen baztanga edo nafarreria, azken hau Gasteiztik etorria. Guztiarekin ere, karlista eta liberalen arteko gerra odoltsuak eta haien ondorioak gertatu ziren Aramaion bortitzenak eta larrienak. Eta gatazka haietan ere protagonismo berezia erakutsi zuen herriko bainuetxeak.

Bainuetxea 1960. hamarkadan
Kategoriak Historia eta istorioak | Utzi iruzkina

Zer ikusiko dute frantsesek Ikurrina ikustean? (Tourra EAEn)

Adore handiz ari ei da Tourra EAEn azken prestakuntzak burutzen. 

Hori da behintzat komunikabideetan zabaltzen ari dena. 

Hori eta, egia biribila aitortzeko, bolondres boluntariosoak erreklutatu nahian dabilela han eta hemen (milatik gora behar omen ditu hiru lurraldeotako bakoitzean), gainean dugun krisi ekonomikoa dela eta, delako Tour de France gizagaixoak ezin baitu xentimorik jarri hemengo laguntzaileek eta bertako Txirrindulari Federazioek egingo duten lan astuna ordaintzeko. 

Baten batek uste zuen aberastasuna ekartzera zetorrela, baina beste behin ere, halabeharrez antza, aberatsak eskale.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Zalantzazkoa ere da nolako jarrerarekin etorriko den Tourra Euskal Herrira: frantximant huts gisara, erdara nahasi bezain bitxia baliatuz, euskaldunok trabatzeko moduko erdara desberdin dotoretan trebatua edo lurralde hauetako indigenen mintzakide adiskidetsu modura.

Uste izatekoa da hemengo agintariak hirugarren aukera horren alde ahaleginduko direna buru eta bihotz, frantximantak euskaldunon sudur-belarriak erakutsi ditzan behinik behin. Alabaina, ez da ziurra horrela jokatuko dutenik ez eta, horrelatsu jokatu arren, Tourrak jaramonik egingo dienik ere. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Beste kontu bat da, zeharo desberdina, zer ikusiko duen bertaratuko den frantsesak. Eta kezkak badu oinarririk, zeren eta arrisku handia baita, esate baterako, guk geure etxe eta kaleetan kementsu jarriko ditugun ikurrinak frantses lagunak ez ote dituen, gure naziotasunaren ezaugarri eta aldarrikapentzat jo beharrean, bere Historia garaipentsuaren gorazarre eta omenalditzat hartuko.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Guk, baiki, Sabin eta Luis Arana Goiri anaiek 1894an diseinatu zuten asmo, esanahi eta balioarekin ikusten dugu. Euskal Herriaren ikurtzat, alegia: oinarri gorriaren gaineko bi gurutzek osatua, diagonalak marrazten dituen gurutze berde bat eta haren gainean zuzen paratutako gurutze zuria daramatzana.

Egia da aldaketaren bat ere izan duela diseinuan, eta egungo neurriak, neurriak soilik, aski aldendu direla orduko hartatik. Itxura, halaz ere, berdina du eta espiritua, zer esanik ez, berbera.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Baina anekdotikoa badirudi ere, Ikurrinaren ikuste hutsak beste zerbait gogorarazi diezaioke lagun frantsesari eta batik bat, euskal kanta, oihu eta errebindikazioek sortuko duten girotik urruti eta egongelako chaiselongue-an etzanda, Tourra telebistaren bitartez ikusten arituko den zaleari.

Bai hark eta bai honek, esaterako, erraz asko ikus dezakete beren Historiaren gorazarrea, ez baitute eskolan alferrik ikasi XVII. mendearen amaieran valoniar jatorriko soldaduz osatutako errejimentu frantses batek ikurrina bezalako bandera bat, berdin-berdina, baliatu zuela mende erdiz. 

Gure balizko frantsesa, hortaz, izen desberdinekin izendatutako errejimentu frantses hark –Régiment de Solre izena hartu zuen hasieran, Régiment de Beaufort gero, Régiment de La Vallière aurrerago–1688tik 1741era arte erabili zuen ikurra ikustearekin konforma liteke.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Nolanahi den, pertzepzio partikular horiek gorabehera, frantsesek, espainolek eta munduak oro har uztailean Euskal Herrian ikusiko duten errealitatea komunikabideek islatu eta bideratuko dutena izango da nagusiki. Interes desberdinek bideratua, esan nahi baita.

Euskaldunon eskuetan egon daiteke, beraz, eguneroko errealitatearen ikuspegia kamustuta edota faltsututa ez munduratzeko erantzukizunik gaitzena. Errealitate horren ikurtzat dugun Ikurrinaren benetako balioa erakusteko erantzukizuna bezalatsu.

Kategoriak Historia eta istorioak, Hizka-mizka | Utzi iruzkina

Aramaioko Parke Eolikoa: Kezka eta Eskabidea hauteskundeak direla medio

KEZKA

  • Kezka ezin handiagoz ikusten ari gara Statkraft enpresa norvegiarrak Parke Eoliko erraldoi bat eraiki nahi duela gure udalbarrutiko mendietan. Hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan potentzia gehien izateko asmoa duena (60,4 MW) eta ia 1.000 hektarea baso, mendi eta paisaia hipotekatu edo suntsituko dituena.
  • Ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik, funtsezkoena izatera ere iristen ez den informazioa da Aramaioko herritarroi horretaz eskaini zaiguna, une honetan ia ezer ez dakigularik enpresaren asmoez eta Parkearen balizko burutzapenaz.
  • Kezkagarria zaigu, halaber, hainbat ordezkari politiko esanguratsu proiektuarekiko erakusten ari diren atxikimendua eta hartaz egiten ari diren defentsa, nabar samarrak diren argudioak aitzakiatzat.
  • Ez du gure kezka apaltzen proiektu hori bideratzen duten xedeak, handik islatzen diren interesak eta gauzatzen ari diren mugimenduak energia-sistema oligopoliko klasikoaren ildokoak direla jakiteak.
  • Are kezkatuago gaude oraindik, Aramaioko herritarrok osatzen dugun Komunitatea Parke horrek sorraraziko dituen kalte eta hondamendiaren jasaile huts izango dela sumatzean, energia eolikoa bertan ekoitziko bada ere, herritik kanpora bideratu, arloko oligopolioan txertatutako enpresa bati saldu eta, deskarbonizazio-mailan eta demokratizatze-prozesuetan inolako eraginik izan gabe, merkatuko prezioetan jarria bueltatuko baita Aramaiora, onurak eta etekinak jende xehearekin zerikusirik ez duten poltsikoetan ainguratuko direlarik.
  • Hori guztia gutxi bailitzan, hitzik gabe geratu gara balizko proiektu eolikoa Statkraft enpresaren web-orritik desagertu den unean, horrek gutako inozoenari ere susmarazi bailiezaioke iluntasuna –ez gardentasuna– besterik sustatzen ez duen jokabide hori ez ote den beste garaietakoak uste genituen erregimen autokratiko eta zentralisten estiloko inposaketa baten iragarpena.

DAGOKIENEI ZUZENDUTAKO KONPROMISO-ESKABIDEA

– Aramaioko biodibertsitatea eta paisaia gordetzeko eta zaintzeko konpromisoa

– Kutsadura-mota orori aurre egiteko konpromisoa

– Erregai fosilak baztertu eta tokian tokiko energia-iturriak deskarbonizatzen segitzeko konpromisoa 

– Energia garbiak eta berriztagarriak sustatzeko konpromisoa

– Trantsizio energetikoa taxuz eta demokratikoki burutzeko konpromisoa

– Zinezko plangintza demokratiko batek araututako energia-sistemaren alde jokatzeko konpromisoa

– Kontrol publikoa ziurtatua duen energia-sistema besterik ez defendatzeko konpromisoa

– Energia sozializatzeko eta merketzeko konpromisoa

– Hazkundearen eta Energiaren inguruko gogoeta-prozesu zabalak sustatu eta indartzeko konpromisoa

Kategoriak Aerosorgailuak | Utzi iruzkina

Aramaioko ume-hizkera

Aramaioko ume-hizkeran oraintsura arte erabili izan diren forma ezagun zenbait jaso dira ondoko zerrendan.

Jakina denez, jende nagusiak ume txikitxoekin erabiltzen duen oinarrizko lexiko berezia da haur-hizkera, eguneroko solasaldietan bestelako formekin ere osatu egiten dena.

Edozelan ere, berezitasun hori gordetzeko, ez dira zerrendan jasoko hitz arrunten moldaketak edota laburpen huts direnak (papatak: zapatak; abola: arbola), bustidura hutsez ezaugarrituak (kuttun), atzizki txikigarriekin osaturiko hitz arruntak (katutxue), onomatopeien fruitu berri direnak (babau: txakurra), berriki asmatuak (pepete: txupete), ez eta, umeekin baliatu arren, berez haur-hizkerakoak ez direnak ere (amanté). Era berean, zerrendatik kanpo utzi dira nolabaiteko indarkeria-keinurik adieraz dezaketenak ere (tas-tas [e]iñ, emun [ipurdikotxoak eman] bezalakoak, alegia).

Adibideetako hitzak Aramaioko euskarara transkribatzean ez dira ez eta ez TS hizkiak erabiliko, ezaguna denez, /s/eta /tz/ bezala ahoskatzen dira-eta.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Aramaioko haur-hizkeraren forma ezagunenak

(Lexikoa piktogrametan ikusi ahal izateko, sakatu eta jaitsi honako dokumentu hau:

Piktogramak)

Agur-agur: agurra, agurtu (eiñ agur-agur!)

Apapa, apapan: kalera atera, paseatzera abiatu (apapan gurosu?)

Apatx egin: eseri, jarri (apatx gurosu? eseri nahi duzu?)

Arre-arre: astoa (zaldia?)

Arretxiko joan/eraman: bizkar gainean joan/eraman

Aupa(la)!: zutitu

Be: bildotsa, ardia

Bekeke: bildotsa, ardia /ahuntza

Burrun-burrun: kamioia

Dilin-dalan: kanpaia, kanpaiaren mugimendua

Kaka: zikinkeria adierazteko (hori, kaka!)

Koko: oiloa, oilarra, arrautza

Kokoko: oiloa

Kokolo: txokolatea

Kuku egin: ezkutaketan aritzean, burua atera; bisitatxoa egin

Kukuka ibili: gorde-gordeka jolastu

Kurrin-kurrin: txerria

Lolo: lo, lo egin. Lolo gure: lo egin nahi. Lolo juen: lo egitera joan

Ma(i)tte-ma(i)tte egin: ferekatu

Mama: ura

Mixi, mix(i)-mix(i): katua

Momo: mamua (momo etorriko da).

Momorro: mamua

Ñañan: jan, jan-jan

Ñiñi: umea

Otsoko: izua sorrarazten duen izakia

Pa: laztana, musua.

Pa(txo) emanPa botaemuiosu pa amamai! botaiosu pa osabai!

Papa: ogia

Pipi: etxeko hegaztia (oilo-oilar), txoria

Pitxiki: txerrikumetxoa

Plaust(a) egin/jausi: erori

Plisti-plasta: bainatu, ur-istilak zapaldu

Popo(t): kotxea

Pun!: tiro-hotsa

Punba(la)!: jaustea, erorketa adierazteko. Plaust jausten bazan.

Pupu: mina, zauria

Purra-purra, kurra-kurra: oiloa; oiloak hurbilarazteko deia

Putx-putx: astakumea, astakumeari deitzeko hitzak

Titi: amaren bularrean jarri, edoski. Titi gurosu?

Toto: txakurra

Taka-taka, ttaka-ttaka joan: pauso laburrez baina bizkortxo joan

Tik-tak: erlojua

Trakatan: zaldi edo bizkarraren gainean ibili, hankalatraban eruen

Ttapa-ttapa, ttipi-ttapa: oinez, pausoka ibiltzea adierazteko

Txetxe: umea, panpina

Txitxi: okela

∞∞∞∞∞∞∞∞

Pare bat ohar ume-hizkeraren erabileraz

Goian aurreratu bezala, jende helduak ume txikiekin erabiltzen duen hizkerari deitzen zaio ume- edo haur-hizkera (baby talk, ingelesez). Haren funtzioa hizkuntza formalerako bidea erraztea da eta haurrari oinarri-oinarrizko aho-jardunean trebatzeko jarraibideak eskaintzea. Are gehiago: azken ikerketek erakusten dutenez, haur-hizkerak era berezian lagun diezaieke umetxoei beren berbeta sortzen, ahotik ateratzen dituzten soinuak artikulatzen eta hitzak eta esaldiak moldatzen.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ez da guraso guztien gogoko hizkera izaten, ezta hurrik ere, baina iritziak iritzi, haurrak 6-14 hilabete dituen bitartean erabiltzen da, erabiltzen denetan. Badirudi 6-8 hilabete dituztenean ohartzen direla euren ahotsaz eta orduan hasten direla zezelkatze hutsetik hitzak osatzera pasatzen. Prozesu natural horretan, mintzatzen hasten denean heldu ohi zaio haurra hizkuntz kode formalerantz bideratzeko faseari, ordura arte erabilitako haur-hizkera poliki-poliki baztertuz.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Euskal Herri osoan erabili izan da haur-hizkera, betiere leku bakoitzean ezaugarri formal propioak –eta zenbaitetan, beste lekuetakoekin konparatuta, oso desberdinak– hartzen dituela.

Oro har, bi motatako formak bereiz daitezke haur-hizkeran: berezkotzat har daitezkeenak (hiztegian agertzerik duten hitzak, gehienbat) eta nagusion hizkera formalaren moldaketa direnak (egokitzapen fonetikoak, morfologikoak…). Berezi edo berezko diren hitzak gutxi izaten dira eta haurren unean uneko behar handienei erantzutea baino ez dute bilatzen. Haien artean maiz agertzen dira silaba baten errepikapenaz osatutakoak: koko, pipi, mama, txetxe…

Hitz berezien urritasun hori ume txikien ahalmenak sortzen edota egokitzen dituen forma xinpletuekin osatzen eta aberasten da eskuarki, berdin kontsonante-multzoen bakantzearekin (falta > fata, apurtu > aputu, arrain > alain…), nola jolas onomatopeikoen areagotzearekin. Erantsi beharrik ez dago nagusiek ere lagun dezaketela umeen “sormen” hori sustatzen, haiekin aritzean uler ditzaketen forma eta formatu erraztu berriak aurkeztuz. Ildo horretakoa izan da luzaroan, adibidez, jadanik erlojua adierazteko zaharkitua geratu den tik-tak delakoa.

Gogoratu beharrekoa da, azkenik, hitz hauetako gehienek ez dutela artikulurik onartzen (nun da txetxe?, eta ez *txetxea, *txetxie). Bada, ordea, nagusien ohiturengatik ziur asko, artikulua har dezakeenik ere (popota gurosu?).

∞∞∞∞∞∞∞∞

Erabilerari dagokionez, halere, antzeko ezaugarriak atzematen dira haur-hizkera guztietan: mintzatze argia eta zuzena, ondo egituratua eta hobeto ahoskatua, ohikoa baino erritmo motelagoa, esaldi laburrak, sinpleak eta ulerterrazak, mezu erredundanteak, aditz laguntzaileak ezabatzeko joera (amamak eosi eta zuk aputu), tonu-erregistro zorrotzagoak eta musikalagoak, goxotasunaren adierazgarria den bustiduraren ugaltzea (a[i]ttitte, maittie, politte…), atzizki txikigarrien erabilera (amatxo, kuttuntxue…), etab.

Umeekin hitz egiteko orduan, garrantzi handiko tokia hartzen dute emozioek (gogo-egoerak, aldarteak, umoreak), keinuek eta mugimenduek (gauzak adierazi, erakutsi…) eta alaitasunak eta irribarretxoek, azken batean, kostata egin beharko duen ariketa batera –hitz egitera eta komunikatzera, hain zuzen– gonbidatzen ari gara umetxoa eta erakargarri bilakatu behar zaio hizkuntz jolasa.

Ez da ahaztu behar, bestalde, mintzatzeko egoera desberdinak eskaini behar zaizkiola umeari egunean zehar (bizimodu normalarekin lotuak, giza-harremanekin uztartuak…), eta, behin solasean-edo ari dela, egoeraz jabetzeko eta erantzuteko behar beste denbora utzi behar zaiola eta, ahal dela, haren hitz-jarduna sustatuz eta moztu gabe jokatu behar dela.

Kategoriak Euskara gurean | Utzi iruzkina

Aramaioko Parke Eolikoa: kostua, etekinak, zergak

Parke Eoliko baten eraikuntzaren kostua aurreikustean, milioi bat euro kalkulatzen da ekoitziko duen Megawat bakoitzeko. Aramaioko Parkearen lehen estimazioa, hortaz, 60 bat milioi eurokoa izango litzateke, baldin eta Statkraftek iragarri duen 60,4 MWeko potentzia ematen bazaio. Horrelakoetan, dena den, ezin ahaztu daiteke moldaketak gerta daitezkeela obrak eta aerosorgailuak jartzeko orduan, kostuak berretuz.

Nolanahi ere, handiak izan arren, gainkostuek ez liokete enpresa honi buruhauste larregirik ekarriko, norvegiar Estatuarena den heinean ez baitu atzean interes-ordainketarik xurgatuko dion banka pribaturik izango.

Beraz, behin aerosorgailuak lanean hasita, ez luke 10-12 urte baino gehiago beharko inbertitutako dirua zeharo berreskuratzeko. Kontuan hartu behar dira, orobat, energia berriztagarrien garapenerako europar funtsetatik eta bestetatik iritsiko zaizkion diru-laguntzak. Ildo horretan, Next Generation EU izeneko programa da enpresa hauek guztiek ikusmiran jarria duten diru-iturria: 2026ra arte 160.000 milioi euroko funtsak hain zuzen, haietatik % 37 trantsizio energetikorako erreserbatuak eta jaso ondoren itzuli behar ez direnak.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Statkraften etekinak, bada, garbiak izango lirateke aerosorgailuen bizitza aktiboaren bi herenetan gutxienez.

Kenketa ñimiñoren bat eginda (zergak eta mantentze-lanak, batik bat), hiruko erregela egitea eta urtez urteko energia-prezioen igoerak batzea besterik ez da behar Aramaioko haizeek oparituko diotena irudikatzeko.

Seguru asko, horrek islatzen du ongien enpresa elektriko hauen altruismo eta funtzio sozioekologikoaren oinarria.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Baina badaezpada ere, hona hemen adibide bat eszeptiko samarrak direnek enpresa horietan guztietan sortu den energia berriztagarriekiko “bokazio publikoa” eta atxikimendua baloratu ahal ditzaten.

2030 urterako, Espainiako gobernuak 60.000 MW ekoiztea zeukan aurreikusita energia berriztagarrietan. Hartarako kaleratu zuen PERTE (Proyecto Estratégico para la Recuperación y Transformación Económica de Energías Renovables, Hidrógeno Renovable y Almacenamiento) izeneko proiektuaren bitartez, 6.900 milioi euroko diru-laguntza publikoak prestatu zituen espero zuen 9.500 milioiko inbertsio pribatuari sustagarri gisa emateko.

Egin zitekeen inbertsio biribila ikusita, 150.000 MW ekoizteko proiektu-eskabideak aurkeztu ziren 2022ko hasiera baino lehen: 467 proiektu fotovoltaiko, 211 proiektu eoliko eta 11 proiektu hibrido. Guztira, gobernuak aurreikusitako potentzia baino bi bider luze gehiago.

Horrek, noski, administrazioaren saturazioa eta proiektuen ebaluazioen atzerapena ekarri zituen ondoriotzat, eta batez ere prozedura arretatsuagoa eta luzeagoa eskatzen zuen Ingurumenarekiko Inpaktuaren Ebaluazioarena. Ezaguna denez, handik urtebete eskasera 50 MW baino gutxiagoko parkeentzat bakarrik bilakatu zen derrigorrezko Ebaluazio hori.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Honatx, azkenik, estatu espainiarreko Parke Eolikoek Udalerriei ordaindu behar izaten dizkieten hiru zerga-motak:

1. – Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko zerga (EIOZ). Parkearen eraikuntzaren kostuaren gaineko % 3 eta % 5 bitarteko portzentajea izan ohi da eskuarki. Aurrenik, aurrekontuaren gaineko likidazioa egiten da lizentzia jaso edo lanak hasi ondoren; behin betiko likidazioa, berriz, obrak bukatutakoan.

2. – Ekonomi Jardueren gaineko zerga (EJZ). Ekoitzitako energiaren salmentaren gainekoa da eta urteroko diru-iturria izan ohi da.

3. – Ezaugarri Berezietako Ondasun Higiezinen gaineko zerga (EBOHZ). Aktibo finkoen gaineko zerga aldakor hau urtero jasoko luke Udalerriak.

EIOZ delako zerga dela eta, diru-kopuru mordoxka izan liteke Eskoriatza eta Aramaioko Udalerriek hasieran bertan jaso lezaketena. Parke Eolikoak sorraraziko dituen arazoak eta eragozpenak lausotzen hasteko adina.

Kategoriak Aerosorgailuak | Utzi iruzkina