Begirada bat Debagoienatik COP 28 klima gailurrari

COP 28 klima gailurra bukatu berri, momentu aproposa da bertatik ateratako ondorio nagusiak Debagoieneko errealitatetik aztertu eta baloratzeko. 28. gailur honetatik ateratako lehen ondorio nagusia da oso urrun gaudela lurraren beroketa 1,5 oC-en azpitik mantentzeko zientziak gomendatu zuen helburutik. Hori bete ahal izateko %43 murriztu beharko lirateke isuriak 2030 urterako eta %60 2035rako, 2019-ko isuriekin alderatuta.

Diagnostiko honetatik abitatuta, puntu gako hauek zehazten ditu Dubaiko akordioak:

  • 2030-rako helburua: energia berriztagarrien ahalmen globala hirukoiztea eta energia-eraginkortasuna hobetzeko munduko urteko batez besteko tasa bikoiztea.
  • Ikatzaren murrizketa: Ikatzean oinarritutako energiaren erabileraren pixkanakako murrizketa azkartzea.
  • Zero emisio: Mundu mailan zero emisio garbiak dituzten energia-sistemetarantz aurrera egitea, mendearen erdialdea baino lehen karbono gutxi edo batere isurtzen ez duten erregaiak erabiliz.
  • Erregai fosilak bertan behera uztea: Energia sistemetan erregai fosilak modu justu eta ordenatuan erabiltzeari uztea, hamarkada honetan ekintza azkartuz 2050ean zero emisio garbi lortzeko.
  • Teknologia garbien garapena: Zero emisioko eta emisio baxuko teknologien garapena bizkortzea, hala nola energia berriztagarriak, energia nuklearra eta karbonoa atzitzeko eta biltegiratzeko teknologiak, bereziki murrizteko zailak diren sektoreetan.
  • CO2 ez diren gasen murrizketa: Mundu mailan karbono dioxidoaz bestelako gasen emisioak nabarmen murriztea, 2030erako metano emisioak murrizteko ikuspegiarekin.
  • Garraio iraunkorra: Errepideko garraioan emisioen murrizketa bizkortzea, azpiegiturak garatuz eta zero emisioak edo emisio txikiak dituzten ibilgailuak azkar hedatuz.
  • Dirulaguntza ez-eraginkorrak ezabatzea: Pobrezia energetikoari eta bidezko trantsizioei heltzen ez dieten erregai fosilentzako dirulaguntza ez-eraginkorrak ezabatzea.

Ekarri ditzagun orain ondorio hauek Debagoinara eta Ikusi dezagun zein den gure bailararen errealitatea. Tecnaliak Debagoiena 2030 iraunkortasun sarerako egindako ikerketan jasotakoaren arabera, Debagoineko (Aramaio barne) bataz besteko CO2 isuriak Gipuzkoakoaren, EAE-koaren, Espainiakoaren eta Europakoaren gainetik daude, 8,53 tCO2 biztanleko eta urteko.

Jakina denez, energia kontsumoa da CO2 isurien erantzule nagusia. Honi dagokionean, 2.290 Gwh-koa izan zen Debagoienak 2019. urtean izan zuen energia kontsumoa, bataz beste 35 Mwh baino gehiago biztanleko. Energia kontsumo horretatik bailaran energia berriztagarriak erabiliz ekoitzitako energiaren portzentaia %5-koa baino txikiagoa izan zen. Bestalde, energia kontsumo osoaren %30a elektrikoa izan zen (687 Gwh), eta kontsumo elektrikoan tokiko ekoizpen berriztagarriak izan zuen pisua, berriz, %15-koa baino txikiagoa. Energia kontsumoa horrela banatzen da sektore ezberdinen artean:

Dubaiko helburuak bere eginda Debagoienak %43 murriztu nahiko balitu CO2 isuriak 2030 urterako, gutxi gora behera 850 Gwh-ko energia kontsumo baliokidea desagerrarazi edo berriztagarriengatik ordezkatu beharko luke datozen 6 urteetan. Honek suposatzen duenaz jabetzeko, kontutan izan behar da 850 Gwh energia eolikoarekin ekoizteko 325 Mw instalatu beharko liratekeela (Aramaion aurre ikusitako parkeak 60 Mw ditu), eta fotovoltaikoarekin ekoitziz gero, berriz, 700 Mw (Ekiola bakoitzak 1 Mw dauka). Beste erreferentzia bat emateko, 850 Gwh bailaran industria guztiak kontsumitzen duenaren %75a da, eta garraioari lotutako kontsumo osoa baino gehiago.

Datu hauek oso modu gordinean adierazten dute Debagoienak oso abiapuntu kaskarra duela CO2 isuriei eta energia berriztagarrien hedapenari dagokionean. Eta kontziente izan behar gara klima aldaketari lotutako helburuak lortu ahal izateko ezinbestekoa dela lurralde guztien inplikazioa. Lurralde bakoitzak bere energia kontsumoaren eta CO2 isurien ardura hartzen ez badu, arazoak ez du soluziorik, eta etorkizuneko belaunaldien ongizatea (edo biziraupena) baldintzatzen ariko gara.

Ekologismoak badu lema bat nire irudiko inoiz baino gaurkotasun handiagoa duena, eta klima larrialdiak ezaugarritutako testuinguru historikoan bereziki kontutan hartu beharko litzatekeena: “Think global, act local”. Gure bailararen errealitatea zein de ikusita, iruditzen zait parke eolikoen aurka ari den mugimenduak lokalean jarduten duela, bai, baina globalean gehiegi pentsatu gabe.

3 erantzun “Begirada bat Debagoienatik COP 28 klima gailurrari” bidalketan

  1. Pingback: Debagoienera baino lehen: COP28 – DUBAI | Belamendi

    • Kaixo Patxi,

      Eskertzen dizut COP 28aren inguruko balorazioa osatu izana, eta, gainera, ados nago bertan esaten duzun ia guztiarekin. Orixoleko haitz-tontorretik baino Statkraft-KREANen erraietatik idazten dudanaren inguruan, berriztagarrien inguruko eztabaida arduratsu eta errespetuzko baten mesedetan, ondo legoke elkarri aitortuko bagenio ez dugula ez dakit zein interes ilunen defentsan idazten, eta bakoitzak azaltzen dituen datu eta ardudioak baloratu eta epaituko bagenitu, aurreritzi eta usteetan oinarritu beharrean. Niri dagokidanez, nire kontzientzia politikotik idazten dut, interes orokorrorentzat onena dela uste dudana defendituz, niri bizitza osoan egin izan dudan bezala.

      Gure arteko iritzi trukaketa aberasgarria suertako delakoan,

      Ondo izan

  2. Pingback: Dubaitik Debagoienerantz: hurreratze-urratsak | Belamendi

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude