Debagoienera baino lehen: COP28 – DUBAI

Ahaztuxe ditugun lege zaharretakoren batek dioenez, esker onez erantzun behar zaio beti gu, alproja alaenok, bide onera zuzentzeko ahaleginak egiten dituen orori. Horrelatsu, bada, jokatu nahi luke lege zaharren gurtzaile amorratua den Belamendi honek ere hemen, batetik, Statkraft-KREANen erraietatik –ez Orixoleko haitz-tontorretik– Aritz Otxandianok luzatu berri dion gaztigua eskertuz eta, bestetik, presaka zirriborratutako ondoko ohar xume hauok lagun, hark COP28ko akordioez kaleratu duen irakurketa kamutsa maila globaletik pentsatu eta aberastu dezala aholkatuz. Debagoieneko errealitaterantz korrika abiatu baino lehen, esan nahi baita.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Dubaiko COP28 delakoa bukaturik, norberaren interesen araberakoak gertatzen ari dira bertan sinatutako akordioei buruzko balorazioak, eta batzuei ikaragarrizko aurrerapena ekarri dutela iruditzen zaien bitartean, ez dira falta kritikoago agertu direnak ere.

Iritziak iritzi, honatx azken unera arte adostu ezinik egon zen dokumentuaren 27. eta 28. puntuetan zehazten diren xede eta ahalegin globalak eta jarraian, badaezpada ere, dokumentuari dagokion balorazio orokorra, Belamendiko talaiatik burutua.

I

COP28: AKORDIOAK

0.- Inplizituki COP28 delakoan onartu egin da –in keeping with the science, nonbait jadanik 1,5ºC-eko langa gainditua duela Lurraren beroketak gizakiaren eraginagatik. Alabaina, Parisko Akordioaren helburua berretsi eta 1,5ºC-etik pasatu gabe mantentzea omen da erronka berria. Hori horrela, 2050erako net zerora –isurketetan zero huts izatera, alegia– iristeko xedea jarri du akordioak, lehenago beste bi asmo hauek bete behar dituelarik: 2030erako berotegi-efektuko gasen isurketak %43 gutxitu behar dira eta 2035erako %60.

Akordioan adostutako xede-neurri-ahaleginak zortzi puntutan biltzen dira (letrakera beltzez jarriko dira deigarrien diren formulazioak edo, bestela esanda, hautu semantiko jostalariak):

1.- 2030erako, energia berriztagarrien ahalmen orokorra hirukoiztea eta energia-eraginkortasunaren hobekuntzaren batez besteko urte-tasa globala bikoiztea.

2.- Ikatzaren bidezko energiaren etengabeko erabilera progresiboki murrizteko ahaleginak bizkortzea (accelerating efforts).

3.- Mundu-mailan isuri garbiko –net zero– energia-sistemen aldeko ahaleginak bizkortzea2050. urtea baino lehen edo haren inguruan karbonorik gabeko eta karbono gutxiko erregaiak baliatuz.

4.- Energia-sistemetan erregai fosiletatik urruntze-trantsizioa (transitioning away) egitea era justu, ordenatu eta bidezko batean, hamarkada kritiko honetan ekintza bizkortuz, 2050erako net zero –isurketetan zero garbia– lortzeko, zientziarekin bat eginez.

5.- Isurketa gabeko eta baxuko teknologiak bizkortzea, besteren artean berriztagarriak, nuklearrak, murrizte- eta desagerrarazte-teknologiak –esaterako, karbono-harrapatze, erabiltze eta biltegiratzekoa, bereziki murrizteko zailak diren sektoreetan– eta karbono-isurtze gutxiko hidrogeno-ekoizpena.

6.- 2030erako karbono-dioxido ez diren bestelako gasen isurketak ere – metanoarenak (CH4) barne– arintzea eta benazki murriztea.

7.- Errepide-garraioaren isurketen murrizketa bizkortzea hainbat norabidetan, besteak beste, azpiegituren garapenaren bidez eta emisio gabeko eta baxuko ibilgailuen hedapen lasterraren bitartez.

8.- Energia-pobreziara edo trantsizio justuetara zuzentzen ez diren erregai fosilentzako diru-laguntza ez-eraginkorrak ahalik lasterren kentzea.

II

Pare bat ohar Dubaiz, COP28ko akordioez eta bestez

0.- Dubai Arabiar Emirerri Batuetako bigarren petrolio-erreserba handienaren jabea bada ere, erregaiaren agortze-hasierak ekonomiaren dibertsifikaziora eraman du azken urteotan. Norabide horretan, jadanik jasotzen ari diren luxuzko turismoaren arloko adarrak garatzera jo du batik bat (garraioa –aireportuak, kaiak, autopistak, metroa–, hotelak, eraikuntza, merkataritza-zentroak, etab.), munduko goi-mailako turismo-herrialde bilakatzea baitu xede.

Guztiarekin ere –eta hau da azpimarratzea merezi duen lehen kontrastea–, esanguratsua izan da COP28-k iraun bitartean partaideek jasan behar izan duten zorigaitza: airearen egoerarena. Waqi.info-ren arabera, oso txarra “suertatu” zen abenduaren lehen hamabostaldian airearen kalitatea, PM2.5 delakoaren kutsadura-maila –arnas-aparatutik odolera pasatzeko “ohitura” duten partikularik txikienak eta kaltegarrienak– 150-155 μg/m3-koa izan baitzen (eguneko 25 μg/m3 ez gainditzea aholkatzen da). Munduko Osasun Erakundeak dioenez, gehienbat erregai fosilen industriaren isurketek sorrarazitako aire-kutsadura horrek lau milioi pertsona baino gehiago hiltzen ditu urtero.

1.- Nolanahi ere, arras zorigaitzeko suertatzeko egoeran ibili dena azken-azken momentuan sinatutako akordioa bera izan da. Izan ere, erregai fosilen ekoizle indartsu diren Partaideek ez zioten muzin egiten akordioa blokeatzeko posibilitateari (zeharka bazen ere, hilabete lehenagotik iragarria zuten aukera hori). Blokeoren eta ondoko porrotaren aurrean, bada, interes kontrajarrien arteko formula hibrido bat adostu behar izan zen COP28 delakoaren “arrakasta” eszenifikatua gera zedin.

2.- Bereziki nabarmendua utzi dute hori guztia dokumentuari eman zaizkion formatuak eta hizkera belaxkak (letrakera beltzez adierazia daude batzuk goiko azalpenean). Adierazgarriena eta kezkagarriena, dena den, transitioning away (urruntze-trantsizioa) formularen erabilera izan da (4. puntua). Ezaguna denez, aldaketa klimatikoari irmo aurre egiten hasteko espero zen phase out (desagerpena) formula ordezkatzera iritsi zen.

Azken orduan testuratutako formula horri erraz lotu zaio, gainera, erregai fosilen hilobiratzeko borondate eskasa estaltzeko segiziorik: eufemismo itxurako balazta modukoez hornitua geratu da puntu osoa (nork jakin zer den “a just, orderly and equitable manner” eta “in keeping with the science” erregai fosilen ekoizleentzat?). Eta horrela, transitioning away formulak berariaz oztopatu du petrolio, gas eta ikatzaren erabilerari amaiera-data zehatza jartzeko bidea.

Are gehiago: erregai fosilen amaiera saihetsezina dela onartuta ere (Nazio Batuen idazkari nagusia den A. Guterres-ena da baieztapena), kontua orain ez omen da erregaiok baztertzea, haietatik “urruntzen hastea” baizik. Uste izatekoa da trantsizio progresibo –urgentzia-falta– horrek bestelako kalte larriak ere ekarriko dizkiela gizarteari eta biodibertsitateari ondorio gisa, besteak beste, hainbeste eta hainbestetan deitoratzen ari garen plastikoaren industriaren sustatzea eta iraupena.

3.- Mozorrotu eta apaldu egin dira, aldi berean, erregai fosilen industriak klima-aldaketan dituen kutsadura-erantzukizunak eta, horrexegatik eta eskuratzen dituen etekin lotsagarriengatik hain zuzen, inoiz ordaintzea egokitu beharko litzaiokeen zor ekonomikoa eta soziala. 

4.- Miragarriro, COP28ko Partaide diren estatuentzat dokumentu hau ez da loteslea. Beraz, Parisko Akordioaren sinatzaile bakoitzak erabakiko ditu erregai fosilak “gutxitzen” joateko erak eta denborak. Alabaina, adostutako neurriak bete ala ez bete, ez estatuek eta ez erregai fosilen industriek ez dute inolako zigor-neurririk jasoko.

5.- Inor ez luke harritu beharko dokumentuaren hasierako puntu gisa energia berriztagarrien aldeko aldarri sutsua agertu izanak (“2030erako, energia berriztagarrien ahalmen orokorra hirukoiztea eta energia-eraginkortasunaren hobekuntzaren batez besteko urte-tasa globala bikoiztea”). Akordioen “blokeatzaile” izan zitezkeenek diotena diotela, erregai fosilen pixkanakako desagerpenak ekar diezaiekeen negozio-apaltzea berriztagarrien “hobi” horretatik aterako denarekin azkartuko da aurrerantzean.

6.- Interesgarria, halaber, metanoari buruzko aipamena, ez dago-eta hain garbi nola heldu dakiokeen elikagaitzat ditugun etxabereek –behi, txerri, ardi, ahuntzak eta metatutako simaurrak– sortzen dituenari, ez bada behintzat bestelako neurri larririk inplementatzen (makroetxaldeen arazoan, elikaduran, etab.). Ezin ahaztu daiteke nekazaritza eta abeltzaintza direla %30 sortzen dutenak eta, bestalde, gas eta petrolio-sistemek eta ikatz-meategiek %33. Are okerrago, 2030erako proiekzioek adierazten dutenez, munduan izango diren metano-isurketak %9 areagotuko dira 2020an izandakoekin erkatuta (guztira 10 Milioi Tona Metriko inguru). Gogoratzen bada, gainera, petrolioak eta gasak isuritako metano-portzentajea %20tik %24ra pasatu zela 2010etik 2020ra bitartean, ez dirudi espektatibek baikortasunerako toki gehiegirik uzten dutenik.

7.- Ez dugu hemen baloratuko, azkenik, bizkortu beharreko teknologien artean (ikus 5. puntua) energia nuklearraren alde egiten den deia edota aski eztabaidatuak, zalantzazkoak eta oraindik orain eraginkortasun eskasekoak diren karbonoaren harrapatzea eta metaketa irtenbidetzat hartzeko proposamena, aski ezaguna baita horretarako garatzen ari diren teknologia desberdinen egoera.

8.- Horiek guztiak akordioan bildutako xedeak, aholkuak eta neurriak. Harrigarriro –munduko herrialde aberatsenak izan baitira bileran–, ez da behar bezalako finantziazio-biderik aurreikusi eta finkatu nahi izan. Hori dela eta, itxura du Hegoaldeko herrialde askok, akordioek horrela dirauteino behintzat, zail izango dutela klima-aldaketagatik jasan beharko dituzten hondamendiei eta galerei aurre egitea eta, zer esanik ez, munduak beharko lituzkeen energia-trantsizio partikularrak taxuz burutzea. Baina momentuz ez dirudi hori izan daitekeenik herrialde, industria eta konpainia aberatsak kezka ditzakeen arazoa.

Kategoria: klima-aldaketa. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude