Eskuin oportunista, ezker frantziskotarra

Ambrogio Lorenzetti, Il Martirio dei francescani ad Almaliqs freskoa (1342)

I

I

I

Hona hemen Jordi Martí Monllau soziolinguista katalanak idatzitako azken artikulua, Belamendin bertan euskaratua. Nùvol agerkari digitalean kaleratua izan da artikulua.

ESKUIN OPORTUNISTA, EZKER FRANTZISKOTARRA

Justiziaren auzia, hau da, bakoitzari dagokiona ematearen auzia, premiaren alaba da. Eta horrela da, hain zuzen, eskuragarri duguna mugatua denean bakarrik azaltzen delako, eta ondorioz, eskubideak eta baliabideak (oinarrizko ondasunak, azken buruan) irizpide arrazional —edo, gutxienez, arrazoizko irizpide— baten arabera banatzera behartzen duelako, hau da, ahalik eta irizpide hoberena baliatuz edo, egokiago adierazita, ahalik eta kalte gutxien egiten duena erabiliz. Horregatik eta horretarako jaio da politika: justizia egiteko, eskuragarri dauden ondasun mugatuen (ber)banaketa erabakitzeko, nork, zer eta zein neurritan daukan emateko betebeharra edo jasotzeko eskubidea ebazteko. Erantzunak, halere, saihestezinezko muga batzuk suposatzen ditu.

Tradizionalki ezkerra eta eskuina deitu izan ditugunak ahaleginetan ari dira zertan litzatekeen banaketa justua zehazteko. Baina premisa desberdinetatik abiatzen dira eta, beraz, ondorio desberdinetara iristen dira. Guztiarekin, bata zein bestea, mendia eta lautada, ados daude gauza batean: ugaritasunean igeri egon ezean, erabaki egin behar da zer eta zenbat dagokion, modu ekitatiboan, pertsona bakoitzari. Gogora dezagun zientzia ekonomikoa etikako katedra batean eta ekonomia politikoa izenarekin jaio zela.

Hori horrela izanda ere, badira gure etxean eskuin bat eta ezkerren bat mugaren nozioa aintzat hartzen ez dutenak. Lehenengoa, hazkundea totem bihurtu duelako eta esku ikusezin probidentzial batean sinesten duelako. Bigarrena, ezkerra, ohartzen ez bide delako ezen, beharrezkoa bada justizia, bakoitzak bere gaitasun eta premien arabera irudikatutako ideala denboraren amaieran —behialako Eden-a berrezartzean— baino ez litzatekeela posible izango, eta bitartean, historiak iraun bitartean alegia, bakoitzari egin dezakeena egitea exijitu behar bazaio ere, errazionatu egin beharko dela nahitaezkotzat jotzen denaren banaketa. Ez dago diskrezionalitaterik garai historikoetan.

Izan ere, bere azken fasean, ideal komunistak baliabideen ugaritasun handia aurreikusten du, industria-produktibitatearen, jabetza pribatuaren gabeziaren eta lana azkenean esplotaziotik askatutako gizaki baten errealizazio-bide bilakatu izanaren konjuntzioari esker, hain ugaritasun handia non banaketaren auziak izaera tragiko guztia galdu eta funtsean logistika arazo huts izatera mugatuko baita. Orduan ez da beharrezkoa izango justiziara jotzea, mantendu besterik ez da egin beharko. Une hori iritsitakoan (historiaren amaierarena edo, nahiago bada —gauza bera izango liratekeelako— Jainkoaren Erreinuaren etorrerarena, azken finean mitoak beti pilpiratzen baitu logosean), politika, jada behin betiko post-historikoa, errutina bihurtuko da, halabeharrez kontserbadorea eta potentzialki erreakzionarioa: orainaldiaren zaintzaile eta aldaketaren errepresiogile (lortutako justiziaren etapari —Ongiari— aurre egingo liokeen guztiak berriro Gaizkian erortzea adieraziko bailuke).

Bitartean, ordea, nahitaez izango dugu betiko politika; gure gizarte zehatz eta mugatuen politika, gizateria osoa barne hartu gabe, haren zati bat baizik hartzen ez duen “gu” huts batez mintzo dena, eta, aldi berean, ekarpen eta betebehar saihestezinetan oinarritzen diren ondasun (baliabide zein eskubide) mugatuez. Komunitate historiko horien baitan administratu beharko da eskumenean duguna, betiere justizia-irizpideen (hau da, irizpide justifikagarrien) arabera eta derrigorrezko betebeharrak ezarriz. Hori ez egiteak saihets litekeen gaitz batera eramango gintuzke eta, beraz, errudun bihurtuko gintuzke. Premia historikoak behartzen du eta honako hau esatea dakar: mugatua dena administratzeak esan nahi du argitu behar dela zer egin daitekeen, zer egin behar den eta zer den ezin egin daitekeena eta egin behar ez dena. “Honaino” eta “honenganaino” esateaz gain, jakina.

“Honaino” azpimarratzen dut artikulu honek ez duelako politikaz orokorrean hitz egitea bilatzean, eta bai bereziki immigrazio-politikan zentratzea, azken gai hau gure herrialdean politika ekonomikotik pentsatu eta jokatu behar dugularik, berau baita dugun erabakitzeko gaitasunean eragin zuzena duen esparrua. Politika ekonomikotik eta, aldi berean, harrera- eta integrazio-politikatik pentsatu eta jokatu, lehenengo arloa, neurri handi batean, Kataluniako erakundeei (Herrialde Katalanetakoei) espresuki baitagokie, bigarrenean, eskumen-gabezia larriak izan arren (bi-biak, edonola ere, txanpon beraren aldeak).

Puntu honetan, gure eskuin hazkundezalea, “desarrollista” eta, gure eredu ekonomikoari begiratuz, “immigrazionista” mutu eta itsu agertzen da. Azken finean, esana dugu dagoeneko, probidentzia ikusezinetan jartzen du fedea. Deus ez aurreikusteko eta deus ez esateko, beraz. Sei milioiko Kataluniak zortzi milioikoari utzi behar izan zion lekua, eta hori soil-soilik hamarrerainoko eta gehiagorainoko lasterketa bateko etapa gisa ulertu behar da. Valentziako Herrialdean logika bera, eta Uharteetan zuzenduta eta proportzionalki handituta. Eta horrela toki guztietan. Azken finean, merkatu orojakileak hornituko du, baliabideei dagokienez, immigrazioaren gehiengoaren profilak behar duena, eta eskubide eta betebeharrei dagokienez, garrantzitsua dena modeloaren eta haren onuradunen eskakizunak dira. Behar den guztia gutxieneko gizarte-bakea bermatzea da, eta ikusiko da gainerakoa. Gobernurik onena gutxien gobernatzen duena da, edo nahiago bada: ahal bezain politika gutxi egiten dugu (eguna pasatu, urtea bulkatu esatea bezalakoa baita, edo nahiago bada: herrialdearen historian egun bat gehiago, historiako egun bat gutxiago herrialdearentzat).

Bere aldetik, gure ezkerraren zati batek ez du makroekonomian eta demografikoki arazorik ikusten mugarik gabe hazten segitzean, eta azken hazkunde hori hartzaile den jendartearentzako ontasunarekin eta haren protagonista direnentzako eskubide ukaezinarekin identifikatzen du. Biztanleria hazten utzi behar da, datozenen borondatea baino beste balaztarik baloratu gabe. Ez dago mugarik harrerarako, ez baitago zalantzarik, mendiaren behealdean sermoia entzuten ari zen jendetza hura bezala, denak aseko direla, bai merkatu hornitzailea medio (ezker honek ere horretan sinesten du, sakonean) eta bai nonbait hondorik ez duten altxor publikoa eta giza-materiala tarteko, beraiek eman behar baitituzte etxebizitza, eskola, osasun-arreta, diru-laguntzak eta konpentsazioak, beharrezkoa den kantitatean eta kalitatean. Integrazio- eta funtsezko zerbitzuen horniduraz harago doazen harrera-aurreikuspenen xedapenei dagokienez, are handiagoa da kezka-falta: puntu honetan, eskuinak ekonomian esku ikusezinari ematen dion rol bera ematen dio hizpide dugun ezkerrak gizakiaren ontasun naturalari. Dena den, nahikoa izango da baliabide gehiago proposatzea funts agortezin beretik ateratzeko. Eta dena joango da ondo. Ezker hau itsutasun-motan eta haren hedapenean bakarrik desberdintzen da eskuinetik: eskuinak begirada baztertu eta konfiantza duen bitartean, ezker honek, fidakorra bera ere, uste du ez dagoela ezer ikusteko edo zenbatzeko. Bientzat desagertzen da mugaren ideia, eta orduan alferrikakoa dirudi immigrazio- eta harrera-gaietan justiziaren auziak, ezin baita inoiz ezetz esan, ateak ireki besterik ez delako egin behar, eta itxaron, itxaron merkatuaren eta arazoak desagerrarazteko gaitasuna duen denboraren zain geratuz, edo estatuaren eta giza-izaeraren zain, agortezina baita bata eta osasuntsua eta osasungarria bestea. Politikak atzera jotzen du fedearen aurrean. Bai eskuinarentzat eta bai ezkerrarentzat, politikak hazkunderako bidea zabaltzeko balio du. Ñabardura desberdin bakarra da ezkerrak Administrazio zabala ere behar duela, zor publikoaren kobazulotik ateratzen diren ogi eta arrainen banaketa ofizialtzen duena.

Horrela ulertuta, moralki zirkunstantziek dakarkioten bezainbeste zama bizkarrean eramatea eskatzen zaio gizarte espezifiko bati, bizkar hori ez baita inoiz hautsiko. Agian ezin izango zaio hori edozein gizarteri eskatu, egia da, baina bai behintzat oparoenei, argi delako uneren bat iristen dela non oparotasuna itzulezin bilakatzen baita. Bizkarrezurra hautsiezinak egongo lirateke eta uko egin ezin daitezkeen eskubideak. Ez dago arriskurik.

Immigrazioa dela eta, eskuinak baietz dio (baita kontrakoa diotenek ere, nahiz eta immigrazioak eskatzen duen eredu ekonomikoan esku hartu nahi ez badute ere), eta ezker jakin batek ez du ezetz esan nahi. Ahal duten heinean, uko egiten diote biek politikari, zeren, 68ko unibertsitateko ikasleek onartuko zuketen bezala, legez kanpo utzi behar baitira murrizketak.

Zehatzago esanda, aipatzen ari garen ezkerrak, justiziaz hitz egiten badu ere, beldurra diola erakusten du, solidaritateak zirkunstantzia historikoek ezarritako mugak dituela onartzera daramaten eskakizunak dakartzalako justiziak berarekin, eta haiek gabe hondoratzea gertatzen da. Ontzi orok du errespetatu egin beharreko edukiera, baldin eskubideen higadura eta baliabideen eskasiaren ondoriozko urperatzea saihestu nahi bada. Ziurtatu egin daiteke munduko jende orok ezinbesteko den guztia eta neurri berean izan dezan. Baitezpadakoa da hori bermatzea, izatez. Baina hori soil-soilik da posiblea denon parte-hartze berdinarekin, edo hobeto esanda: daukaten guztien parte-hartzearekin. Inolaz ere ez da eginbide bat, baten batek bizkarrean eraman dezakeen misio bat. Hori pentsatzea, maitatzearekin eta Jainkoak (Jainko-estatuak, bere baliabide material eta humanoekin) hornitu eta bihotzak xedatuko duela espero izatearekin aski dela ziur den ezker baten kontua da. Ezker utopiko eta ikaroarra da, eskubideak aukera-baldintzak galdatzen dituela ulertzen ez duela dirudiena; ezker ebanjeliko bat, fraide txikiena, politika moralarekin ordezkatzen duena eta den-dena nahi duena, eta oraintxe nahi duena, ziur egonik sakonean borondate onaren kontua dela guztia. Justizia eta santutasuna nahasten dituen ezkerra da, planifikatzen ez duena, horrek xede errealistak ezartzea esan nahi duelako, zinezko egoerarekin eta eskuragarri diren baliabideekin bat eginez ezarriak hain zuzen, eta horrek mugak ipintzea dakar. Beraz, ezker bat da, zeinarentzat immigrazio-politikarik hoberena existitzen ez dena izango litzatekeen (eta harrera-politika karitatera mugatuko litzatekeen), eta horregatik, desregulazioan bizi den eskuinaren antzera, atzera eta atzera egiten du, eta bere espazioa uzten die —hitzez, gutxienez— erregulazioari uko egiten ez dietenei eta immigrazio-politika egiteko eta harreran betebeharrak ezartzeko prest daudenei, nahiz eta lehenengoari dagozkion helburuak eta bigarrenari buruz gogoan dituzten baldintzak mespretxagarriak izan. Zeren eta politika txarra politika baita oraindik, eta arazoek arazo izaten segitzen dutenez, beti izango da hobea politika txar bat ez dagoena baino.

Bada ezker bat ulertzen ez duena (ezin uler dezakeena, nahi ez duelako) immigrazioa planifikatu, mailakatu eta mugatu behar dela, batez ere hura jaso duen gizartean eskubide zenbait (ingurumenekoak, kulturalak, etxebizitzakoak…) ez daudenean finkatuta eta aldaketa demografikoek astindu ditzaketenean; batez ere, bolada batez gutxienez, hartzaile den jendartearen kide guztien laguntza behar duen immigrazioaz ari bagara. Ezker bat da, laburturik, ulertu nahi ez duena giza-mugimendu masiboek, harrera-lekuetan, ordura arte gutxi-asko bermatuta zeuden eskubideak mantentzea ahalbidetzen duten baldintza materialak aldatzen dituztela, eta, beraz, justiziari esku-hartze politikoa behar duen erronka dakarkiotela nola ezarri eta noraino esan ahal izateko. Ez bada, noski, desiragarri deritzola behe-behetik berdintzea (behin betiko zein behin-behineko mugagabe batez) eta, komunitate batzuen kasuan, alferrikako edo premiarik gabeko jo dezan hainbat eskubide (adibidez, kulturalak).

Gizarte finituetan oinarritutako antolaketa politikoa duen mundu batean, ezin da baldintzarik gabekoa izan nahi den lekuan bizitzeko eskubidea. Azken batean, zalantzan ere jartzen dut hala izango litzatekeen hipotetikoa (eta ziur aski ez desiragarria) litzatekeen mundu guztiz globalizatu batean.

Justizia ezin da maitasun bihurtu, ez direlako bi gauza desberdin bakarrik, baizik eta elkarren Justizia ezin da maitasuntzat goretsi, ez baitira soilik bi gauza desberdin, elkarren kontraesanean egon litezkeen bi gauza baizik. Batak dagoena (ber)banatzen eta administratzen du, alde guztiekiko da zorrotza (alde guztiak berdin kontuan hartuz) eta ebaluatu egin daiteke. Besteak ez die gabeziei erreparatzen, bere buruarekiko bakarrik da zorrotza eta ez du epaitzen. Hein batean bateragarriak badira ere, iristen da une bat non, zenbat eta maitasun gehiago egon, orduan eta justizia gutxiago dagoen. Eta, paradoxikoki, zenbat eta justizia gehiago, orduan eta maitasun gehiago. Amaidunen gauzak.

Marx irakurri ez duten liberal eta komunista gisa aurkezten diren oportunistez betetako herrialdea gara. Untxi-zuloko kristautasunak inspiratutako ezker rousseautarraren eragin handia duen herrialdea gara. Eskuin sinesgabea eta ezker frantziskotarra.

Baina bereziki, batik bat errugabe izatera iritsi nahi lukeen herrialdea gara eta, horregatik, erabakiak hartzen eskuak zikindu nahi ez dituena. Botere faltagatik politikarik gabeko herrialdea, baina hori ondo doakiola iruditzen zaiona. Politika egin diezaiotela nahiago duen herrialdea, inertzian finkatuta segitzeko edo bere nagusitasun moralean atsegin hartzeko. Hobe bizitzen da salatzen eta kritikatzen.

Hala ere, ulertu beharko genuke honako hau ez dela errugabeen mundu bat, zeren eta azken finean berau ulertu ez izanagatik gertatu baita katalanak jada ez dutela kontatzen mundu honetan edo haren historian.

Eta mundutik kanpo ez dago ezer.

Boterea behar dugu, baina batez ere boterearen kultura. Eta justuak eta posibleak izateagatik ederrak diren helburuak behar ditugu, eta ez ederrak eder izateagatik, eta horrez gain horiek lortzeko bitartekoak eskaintzen dituen politika bat. Baita immigrazioari dagokionez ere. Munduan erroturiko politika bat, hara itzuli ahal izan gaitezen. Beharrezkoa denean eskuak zikintzen dituen politika bat, mundu hau lurrez, urez, airez eta suz egina baitago, ez eterrez. Etika estetikaren aurretik jartzen duen ezker bat behar dugu, baina, batez ere, lehenengoa politikan gorpuzten dela ulertzen duena.

Jordi Martí Monllau

Kategoriak Hausnarrean | Iruzkinak desaktibatuta daude Eskuin oportunista, ezker frantziskotarra sarreran

Inori axola al zaio arnasten dugun airea?

Asko okertu da egunotan airearen kalitatea Euskal Herrian. Eta ez bakarrik Saharatik datorren hautsagatik. Albistegietan lar zabaldu ez den arren, Kanadako suteek ere ekarri digute keaz gaineko kutsadura berezirik: beruna, merkurioa eta artsenikoa, hain zuzen.

Baina kutsaduraren jatorriak gorabehera, inpresioa da hemen airearen kalitateaz arduratzen omen diren erakunde publikoek ez dituztela larriagotze horren inguruko datuak behar bezala eskaintzen. Ez da lehenengo aldia.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Kanadako suteak, zuhaitz eta zohikaztegi edo turbategiak medio, ia lau milioi hektarea erretzeraino iritsi dira urte erdi honetan. Kutsadura okerrena, halere, zohikaztegiena izaten ari da, neguan zehar ere mantendu izaten baita sua bizirik lurpe sakonean. Hortik jarri zaien izena: sute zonbiak, inoiz ez dira-eta hiltzen. 

Zohikatza, ezaguna denez, karbono-kopuru ezin handiagoak metatzen ditu bere baitan, baina horrezaz gainera, industria- eta meategi-hondakinak ere xurgatu izan ditu, batik bat orain, erretzean, airera botatzen ari den toxikoak. Beraz, karbono-dioxidoa aireratzeaz gain, urre-meategietan erabili izandako berun-, merkurio- eta artseniko-tonak eta tonak jaurtitzen ari dira orain airera.

Kanadako suteen kutsadura, halere, eta inork ez bide daki zergatik, mundu zabalera hedatzen ari da, Estatu Batuetako ekialde guztia zeharo kutsatua geratzen ari delarik.

Ekainaren hasieran Kanadako suteen kea 5.000-9.000 metro bitartean zegoela hurbildu zen Europara. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Egun beretan gertatzen hasi da, halaber, Saharako hautsaren etorrera manedebaldeko Europarantz ere, honek ere erdian Euskal Herria harrapatu duelarik:

Iturria: Meteo-Paris.com

∞∞∞∞∞∞∞∞

Eta nola eman dute egoera berezi horren berri euskal erakundeek?

Ekainaren 10ean beheko geruzetara jaisten hasi zen kea, kontinenteko airearen kalitatea gaiztotuz. Gasteizko Udalak egun hartan kaleratu zuen airearen kalitate txarraren abisua, betiere, Kanadakoa ahaztu eta “errua” askoz nabarmenagoa den Saharako hautsari leporatuz. Hurrengo egunean, baina, gainditutzat jo zuen Udalak egoera kezkagarria, Eusko Jaurlaritzaren datuetan oinarrituta.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Eusko Jaurlaritzaren kontrolpeko estazioetan jasotako datuek ez bide dute hain egoera lasairik islatzen, ordea. Ez behintzat Gasteizen.

Izatez, aire-kalitatearen berri emateko erabiltzen dituzten informazio-grafikoen mekanismoak oso bitxiak eta, nola esan, nahasgarriak dira, datuetara iristeko estekak irekitzean, berdinak edo, gutxienik, orobatsuak diruditen koadroak azaltzen baitira, trikimaina txiki —eta maltzur?— bat edo beste erakutsiz. 

Gaur, ekainak 13, esaterako, Gasteiz hiribideko datuen grafikoak 25 μg/m3 kontzentrazioak baino gutxiago emateko prestatua dirudi:

Tamaina eta antolamentu berdinak ditu Judimendi parkekoak ere, nahiz eta oraingoan koadro txikia 35 μg/m3-rainoko kontzentrazioak islatzeko prestatua izan:

Martxoaren 3ko plazako grafikoak, bere aldetik, 50 μg/m3 baino gutxiagoko kontzentrazioak emateko pentsatua dela ematen du, batzuetan kutsadura-zifrak altuagoak direla susma badaiteke ere:

Hiru grafiko, lehen begiratuan kolore, egitura eta tamaina berdinak dituztenak, baina funtsean auzo txiro/auzo aberats eskema estaltzen dutenak, haietako kutsadura beti baitabil balore-tarte berberetan: Zaramagan beti altuago, Hiribidean baxuago.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Esan gabe doa Farmaziako estazioak Gasteizko laugarrenak, hiri osoko airearen batez bestekoak eta kalitate-inpresioak hobetzeko baliatzen dela ematen duela, hiriko aire garbienetako bat izateaz gain, han ez baita besteetan neurtzen diren aerosolak eta neurtzen. Han airea, ofizialki, beti da berdea eta osasuntsua.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Norberak erabakiko du manipulazio-nahiari, ezdeustasunari edota zeri egotzi dakiokeen kontua, baina guztiz kezkagarria da ekainaren 11n, Martxoaren 3 plazako estazioari dagozkion datuekin eskaini den “informazioa”.

Eusko Jaurlaritzaren orrialdeak emandako grafikoan hutsune hutsa besterik ez dago goizeko bederatzietatik arratsaldeko lauak arte, itzalaldiren batengatik-edo neurketarik izan ez balitz bezala. Arratsaldeko lauetan, zorionez, beherantz hasten da OSO TXARRA izateko puntua —50 μg/m3 kontzentrazioa azaltzen duen grafikoaren muga bera— haustekotan egon den marra:

Gaizki pentsatzeko zaletasunik izan gabe ere edonork susma lezake grafikoan kabitzen ez den aerosol-kontzentrazioa izan dela zazpi ordu desagertu horietan, izan ere, hurrengo egunean ere, ekainaren 12an, eguerdiko ordu bietan, Martxoaren 3 plazako estazioan 129-ko indize ezohikoa markatu baitzuen neurgailuak:

Lehen lerroko marra gorri/laranjaren luzerak, dena den, ez du proportziorik gordetzen gainerakoekin konparatuta. Askoz txikiagoa da. Arazoren bat disimulatu edo estali nahi izango bailitzan. Eta han zuzen ere partikula kaltegarrienez ari garelarik.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Gaur, ekainak 13, inork ez du arrisku abisurik kaleratu, nahiz eta IQAir delakoak honelako informazioa kaleratu duen Gasteizen dauden lau (Farmaziakoa barne!) estazioetako datuak baliatuz:

Grafikoan ikusten denez, partikula txikienen eta kaltegarrienen (PM 2,5) kontzentrazioa Munduko Osasun Erakundeak duen urteko erreferentzia baino ia bost (4,6) aldiz handiagoa da.

Saharako hautsa izan edota Kanadako kea, hemen inork ez du abisurik luzatu. Aire garbiko paradisu greena gara.

Kategoriak klima-aldaketa | Iruzkinak desaktibatuta daude Inori axola al zaio arnasten dugun airea? sarreran

Aritz Otxandianorekin elkartasuna

Solidarity, Sonja VishnudArt

Statkraftek Aramaion eraiki nahi izan zuen industria-poligono eolikoa zela-eta blog honetan Aritz Otxandianoarekin izandako eztabaida eta liskar dialektiko-teknikoak gorabehera, Belamendik ageri-agerian utzi nahi du zeharo gaitzesten dituela bai Aritzen etxeari egin berri zaion eraso basatia eta bai horrelako ekintzetara eta mehatxuetara eramaten dituzten jarrera zentzugabeak, argi baino argiago baitago Lurraren, Mendien eta Biodibertsitatearen defentsak bestelako jokamoldeak eta bestelako aldezkariak behar dituena.

Bihoakie hemendik Aritz Otxandianori eta haren familiari Belamendiren elkartasunik zintzoena eta adiskidetsuena.

Kategoriak Sailkatu gabea | Iruzkinak desaktibatuta daude Aritz Otxandianorekin elkartasuna sarreran

Nori axola zaio arnasarazten digutena? Ingurumen-datuen manipulazioaren adibide bat

Onaindia biriklatze-gunea sutan (Argazkia: Alex García)

Herenegun, apirilaren lehenean, gaueko 9etan, sute izugarria gertatu zen Gasteizko iparraldean, Arriaga eta Abetxuko auzoen ondoan, Onaindia izeneko birziklatze-plantan.

Sortzen ari zen ke toxikoa eta errautsak medio, Udalak etxeetako leihoak ixtea eta eskegitako arropa jasotzea aholkatu omen zuen. Inor gutxik daki nola hedatu zuen larrialdi-abisua jendearen artean, gehienok irrati-albisteen bidez jakin izan baikenuen beranduago. 

Berdintsu gertatu zen hurrengo goizean, apirilaren 2an: eguerdiko albistegien bitartez jakin izan genuen goizeko 7etarako desaktibatuta zegoela larrialdi-abisua. Nonbait pasatuta zegoen ordurako ke toxikoaren arriskua.

Hiriko prentsak azaldu zuenez,

A primera hora de este miércoles los Bomberos han decidido levantar esta restricción y ya no es necesario cerrar ventanas. Pese a todo, el olor a humo y plástico quemado se nota en gran parte de la ciudad. Es un olor no tóxico.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Goizeko errealitatea, halere, bestelakoa izan zen Gasteizko hainbat lekutan. Zerikusirik ez zuena “ofizialki” kontatutakoarekin. Eta inork inon azaldu ez duena. Ez eta alderdi politikoek edo sektore porrokatuenek ere.

Hain zuzen ere, atzo, apirilak 2, goizeko 6etatik 10etara, denbora errealean airearen kalitatearen berri ematen duen aqicn.org delakoaren arabera, 183 µg/m3 ematen aritu zen Zaramagako “Martxoaren 3” plazako estazioa kaltegarrienak diren PM 2,5 partikuletan. Haren eskalak sei maila ditu: “Ona-Moderatua-Ez da osasuntsua-“Insalubre” (Kaltegarria)-Oso osasungarritasun gutxikoa-Arriskutsua”. Eta atzo goizean neurtutako airea “insalubre” horri zegokion. Kaltegarria, hortaz. 

Aire-kalitatearen egoera larria, gorriz

∞∞∞∞∞∞∞∞

Bitartean, neurtze-estazio berberaren datuak jasotzen dituen iqair.com delakoa goizeko 5etan hasi zen kutsadurak 152 µg/m3 gaindituak zituela erakusten. Aire kutsatu kaltegarria, beraz. Ez zuen, tamalez, ondoko orduetakoa behar bezala islatu.

iqair.com

∞∞∞∞∞∞∞∞

Lotsagarriena, nolanahi ere, gure erakunde ofizialen aldetik etorri zen.

Gasteizko Udalak erreferentziatzat duen Eusko Jaurlaritzaren aire-kontrolerako sareak 117 µg/m3 jaso zituen goizeko 7etan. Alabaina, arduradunen bati askotxo iruditurik edo (sare horren eskalan, 50etik gora “oso txarra” da), hurrengo hiru (3) orduetan areagotuz joan zen kutsaduraren neurketa ez zen azaldu bere grafikoetan. Horrelako egoera larrietan denbora errealean eman beharko litzatekeen informazio-premiari muzin eginez, web-orri horretan ez zegoen ­–eta ez dago– inolako daturik. Hutsik daude lauki ofizialak. Hiru ordu horietan ez zen arazorik izan, beraz. Aski garbi mintzo da ondoko grafikoa horretaz:

Eusko Jaurlaritzaren airearen kontrolerako sarea

∞∞∞∞∞∞∞∞

Eskola-orduak iritsitakoan (batzuk 8etan hasten dira), Martxoak 3 plazako neurketa-estazioaren ondo-ondoan dauden bi ikastetxeetako batean, arnastean zerbait berezi nabaritu zutenean, Udaletxera deitu zuten airearen kalitateaz galdetzeko. Han inork ez omen zekien ezer. Inork ez omen zien denbora errealean neurtzen ari zen aire toxiko eta arriskutsu hari buruzko abisurik pasatu. Ofizialki, larritasun-egoera bukatua omen zegoen goizeko zazpietarako. Gasteiz guztian.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Eguerdiko albisteen bidez jakin izan genuen Maider Etxebarria alkatesak eta bere auzokide hurbilek (“mi comunidad” delakoak) ongi asko jaso zutela larrialdiaren amaieraren abisua. Ez zuen zehaztu Es-Alert pribatu baten bidez iritsi zitzaien abisua, watxap-en bitartez ala udaltzainen bat bidali zieten atarira ohar bat jartzera, baina abisuaz enteratu ez zena ergel samarra izan zela adierazten zuen irribarre batekin kontatu zuen hori Gasteizko alkatesak irrati-telebisten aurrean.

Kategoriak klima-aldaketa | Iruzkinak desaktibatuta daude Nori axola zaio arnasarazten digutena? Ingurumen-datuen manipulazioaren adibide bat sarreran

Aerosolak eta Arrasateko neurketa-estazioa

Aerosolek sorraraz dezaketen toxikotasunaren inguruko kezkak direla eta, honatx azken postaren osagarri den pare bat bat oharpen:

1.- Aerosolak airean dauden partikula solido edo likidoen suspentsio edo esekidurak dira. Osasunari begira eta airearen kalitatea neurtu ahal izateko, duten tamainaren arabera ezaugarritzen dira bertako partikula bereiziak (ingelesez, PM): PM10 (10 mikrometroko diametroa) eta PM2,5 (2,5 mikrometroko diametroa).

Ez da ahaztu behar, tamainari ez ezik, gainazaleko propietateei, konposizio kimikoari eta bestelakoei ere erreparatu behar zaiela aerosolek arnas-sisteman izan dezaketen inpaktu erreala baloratu ahal izateko, besteren artean, industriak eta ibilgailuek isuritako nitrogeno-oxidoa, sufre-dioxidoa eta beste egoten baitira bertan.

2.- Harrigarriro, eta gainerako herri handi gehienetan ez bezala (Durango, Tolosa, Beasain, Zumarraga, Azpeitia, Hernani, Andoain…), osasunean eragin handiena eta kaltegarriena duten partikula txikiak (PM2,5) ez dira neurtzen Aramaiotik gertuen ditugun aire kalitatearen kontrolerako bi estazioetan: Arrasate eta Urkiola.

2025.03.07: 13,00
Kategoriak Sailkatu gabea | Iruzkinak desaktibatuta daude Aerosolak eta Arrasateko neurketa-estazioa sarreran

Orain biomasa Aramaion? Seguru?

Inbertsio termikoaren efektua

Herri eta landa-eremuetan biomasa erretzea hirietako trafikoa baino toxikoagoa izan daiteke neguanCSIC (Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusia) erakundeko zientzialariek burututako ikerketa baten arabera. Eta, noski, toxikotasun-arriskua biziki areagotzen da biomasaren erretzeari inbertsio termiko deritzon fenomenoa eransten zaionean, aire kutsatua barreiatu ezinik geratzen baita “airean” geldirik.

Ikerketa bat Katalunian

CSIC-eko Ingurumenaren Diagnostikorako eta Uraren Azterketarako Institutuak egindako ikerketaren bitartez, argi identifikatu izan dira gune desberdinetako atmosferako aerosol txikienetan dauden kutsatzaile organiko kaltegarrienen isurketa-iturriak. Emaitzek erakutsi dute aerosol hauek batez ere biomasa (egurra, sakimak, zuhamuxkak…) erretzetik datozela herri eta landa-eremuetan. Eta erakutsi dute, aldi berean, gizaki eta animalien zeluletan eragiten dituzten efektu toxikoak Bartzelona hiriko trafikoak sortzen dituenak baino kaltegarriagoak direla.

Aerosol organikoak mikropartikula solidoak edo likidoak dira eta, haien tamaina mikroskopikoa dela eta, denbora luzez geratzen dira “hegan” airean. Ikerketan 10 mikrometro baino txikiagoak diren aerosolak aztertu dira, hau da, milimetro baten milarena diren partikulak. Esan beharrik ez dago partikula horiek arriskutsuenak direla, biriketako ehundura zeharkatu dezaketelako eta zuzenean odolean sartu.

Haien toxikotasuna aztertzeko, Kataluniako hiru esparru desberdin aukeratu zituzten ikerketa-gune gisa: Bartzelona hiriburuko Eixample auzoa, batetik, eta Arrasate moduko Manlleu herria (21.400 biztanle, 460 metroko garaieran kokatua) eta Aramaio baino zerbait handiagoa den Bellver de Cerdanya herria (2.260 biztanle eta 1.060 metroko garaieran kokatua), bestetik. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Logikoa zenez, bizitza normala garatzen den espazioan jarritako iragazkiak (filtroak) izan dira aerosol partikulak atxiki ahal izateko era nagusia. 

Nolanahi ere, kontutan harturik inbertsio termikoek airea geldiarazi ohi dutela gorago, 500 metroko alturan heliozko globo bat ere erabili zuten kutsaduraren banaketa bertikala aztertzeko. Inbertsio termikoa, jakina denez, atmosferan, lurrazaletik distantzia batera, aire epeleko geruza bat sortzen denean ematen da; horrek eragiten duena da aire kutsatua –neguan, batik bat, hotzagoa– ihes egiteko aukerarik gabe geratzen dela behealdean.

Eta horixe erakutsi zuten globoaren emaitzek: inbertsio termikoa gertatzen denetan, lurrazalean harrapatutako aerosol organikoen kontzentrazioa bi aldiz (2,10 aldiz, hain zuzen) handiagoa da atmosferan baldintza arruntak direnean baino. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Kontzentrazio horiek sorrarazten dituzten efektuez jabetu ahal izateko, iragazkietan harrapatutako aerosolen eraginpean jarri zituzten ikertzaileek biriketako zelulak laborategian. 

Ondorioak ikaratzeko modukoak dira: zelulen hiru laurdenak (%75), aldirietako eta landa eremuetako aerosolekin kontaktuan jarri eta hurrengo 24 orduetan hil ziren. Bartzelonan jasotako aerosolen eraginpean jarritako zelulen artetik, berriz, %35 hil ziren soilik.

Jakina zenez, aerosol horiek arnasteak nagusiki pertsonen biriketako barne-ehunetan egiten du kalte, baina orain jakin izan da, argi eta garbi jakin, kalteak askoz portzentaia handiagotan gertatzen direla biomasa erretzen den lekuan, heriotzak, minbiziak eta bihotz eta biriketako gaixotasunak areagotuz.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Katalunia utzi eta gatozen Aramaiora!

Datorren maiatzean hamabi urte beteko dira Aramaioko Udalak herrian biomasa erabiltzeko aukera kaleratu zuenetik. Batzorde bat ere osatu zuen proiektuari bidea irekitzeko.

2014an datu zehatzak plazaratu ziren: fase bi izango zituen egitasmoak (lehena, kalean burutzekoa; auzoetan bigarrena) eta 3,2 milioiko aurrekontua, Udala bera eta, Lakuako gobernuarekin sinatutako hitzarmena tartean, EVE eta HAZI erakunde publikoek ere partaide izango zituena. 400 etxebizitzetaraino iritsi zitekeen Kaleko fasean, auzokoen %70en atxikimendua izatea (280 ingurukoena, beraz) izan zen bete beharreko baldintza bakarra.

2015eko urtarrilaren 14an laurogei bat aramaioar bertaratu ziren Kultur Etxean antolatutako batzarrera proiektuaren inguruko kontu teknikoen berri izateko. Oso baikor atera omen ziren antolatzaileak batzarretik, baina “airean” –erantzunik gabe, hain zuzen– geratu ziren jendeak egindako galdera eta iradokizun funtsezko zenbait. Haietakoren batek, esaterako, Ibarreko orografiaren erreferentzia egin zuen eta bertan egon ohi den inbertsio-termikoarena. Bestela esan: argi planteatu zen ea biomasaren ekimenaren sustatzaileek kontuan hartua zuten hainbat faktore garrantzitsu, hala nola Ibarra-kalea zulo batean kokatuta dagoela eta ez haizeak jotzen duen muino baten gainean, galdara ordu luzez egon zitekeela biomasa erretzen (egun osoan? hamalau orduz?…), kea eta partikula kutsagarriak tximiniatik botatzen… hurbileko zein ez hain hurbileko auzokoen kalterako, eta ea aintzat hartuta eta ikerketaren bat burututa zuten ibarrean sarritan gertatzen diren inbertsio-termikoen maiztasunaz eta iraupenaz.

Inbertsio termiko ahulduaren eragina lahar eta belar pilotxo bat erre bitartean

Taxuzko erantzunik jaso gabe bukatu zen batzarra. Halere, biomasaren alternatiban interesatuta egon zitezkeen aramaioarren sinadurak biltzen hasi zen Udala. 

Belabeltzak dakiela, ez da harrezkero ekimen haren berririk izan, ez behintzat berri publikorik: ez izandako atxikimenduei buruz, ez proiektua “izozte”-aren ingurukorik, ez isiltasun hartarako arrazoiez… Harik eta aurreko astean, aurtengo aurrekontuak direla eta, berriro eta ofizialki azaldu duen Udalak ikastetxearen inguruan biomasa-galdara bat jartzeko borondatea.

Ondo aztertuta egongo ahal dira duela 10 urte planteatutako kezka guztiak!

Jainko-jainkosei nahi dakiela! 

Kategoriak klima-aldaketa | Iruzkinak desaktibatuta daude Orain biomasa Aramaion? Seguru? sarreran

Statkraftek ez du Aramaioko haizea bere alde!

ARAMAION EZ!

Statkraftek Aramaion eraiki asmo zuen Poligono Industrial Eolikoaren proiektuari kontrako ebazpena luzatu dio Espainiako Kalitate eta Ingurune Ebaluaziorako Zuzendaritza Nagusiak.

Gaurko BOEn azaltzen denez,

Esta Dirección General de Calidad y Evaluación Ambiental, a la vista de la propuesta de la Subdirección General de Evaluación Ambiental, formula declaración de impacto ambiental desfavorable a la realización del proyecto «Planta Eólica «Itsaraz» de 60,4 MW, en las provincias de Álava, Bizkaia y Gipuzkoa» puesto que en la ubicación seleccionada para el proyecto y con las medidas planteadas, no puede descartarse que produzca impactos negativos significativos sobre la avifauna protegida y los espacios protegidos y Red Natura 2000 entre los que se ubica el proyecto, con posible perjuicio a la integridad de la ZEC (Zona de Especial Conservación) Urkiola.

AEROSORGAILUEN ARERIO NAGUSIAK

Sai zuria (Neophron percnopterus). Argazkia: Javier Fuentes.
Sai arrea (Gyps fulvus)
Belatz handia (Falco peregrinus)
Kategoriak Aerosorgailuak | Iruzkinak desaktibatuta daude Statkraftek ez du Aramaioko haizea bere alde! sarreran