Orain biomasa Aramaion? Seguru?

Inbertsio termikoaren efektua

Herri eta landa-eremuetan biomasa erretzea hirietako trafikoa baino toxikoagoa izan daiteke neguanCSIC (Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusia) erakundeko zientzialariek burututako ikerketa baten arabera. Eta, noski, toxikotasun-arriskua biziki areagotzen da biomasaren erretzeari inbertsio termiko deritzon fenomenoa eransten zaionean, aire kutsatua barreiatu ezinik geratzen baita “airean” geldirik.

Ikerketa bat Katalunian

CSIC-eko Ingurumenaren Diagnostikorako eta Uraren Azterketarako Institutuak egindako ikerketaren bitartez, argi identifikatu izan dira gune desberdinetako atmosferako aerosol txikienetan dauden kutsatzaile organiko kaltegarrienen isurketa-iturriak. Emaitzek erakutsi dute aerosol hauek batez ere biomasa (egurra, sakimak, zuhamuxkak…) erretzetik datozela herri eta landa-eremuetan. Eta erakutsi dute, aldi berean, gizaki eta animalien zeluletan eragiten dituzten efektu toxikoak Bartzelona hiriko trafikoak sortzen dituenak baino kaltegarriagoak direla.

Aerosol organikoak mikropartikula solidoak edo likidoak dira eta, haien tamaina mikroskopikoa dela eta, denbora luzez geratzen dira “hegan” airean. Ikerketan 10 mikrometro baino txikiagoak diren aerosolak aztertu dira, hau da, milimetro baten milarena diren partikulak. Esan beharrik ez dago partikula horiek arriskutsuenak direla, biriketako ehundura zeharkatu dezaketelako eta zuzenean odolean sartu.

Haien toxikotasuna aztertzeko, Kataluniako hiru esparru desberdin aukeratu zituzten ikerketa-gune gisa: Bartzelona hiriburuko Eixample auzoa, batetik, eta Arrasate moduko Manlleu herria (21.400 biztanle, 460 metroko garaieran kokatua) eta Aramaio baino zerbait handiagoa den Bellver de Cerdanya herria (2.260 biztanle eta 1.060 metroko garaieran kokatua), bestetik. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Logikoa zenez, bizitza normala garatzen den espazioan jarritako iragazkiak (filtroak) izan dira aerosol partikulak atxiki ahal izateko era nagusia. 

Nolanahi ere, kontutan harturik inbertsio termikoek airea geldiarazi ohi dutela gorago, 500 metroko alturan heliozko globo bat ere erabili zuten kutsaduraren banaketa bertikala aztertzeko. Inbertsio termikoa, jakina denez, atmosferan, lurrazaletik distantzia batera, aire epeleko geruza bat sortzen denean ematen da; horrek eragiten duena da aire kutsatua –neguan, batik bat, hotzagoa– ihes egiteko aukerarik gabe geratzen dela behealdean.

Eta horixe erakutsi zuten globoaren emaitzek: inbertsio termikoa gertatzen denetan, lurrazalean harrapatutako aerosol organikoen kontzentrazioa bi aldiz (2,10 aldiz, hain zuzen) handiagoa da atmosferan baldintza arruntak direnean baino. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Kontzentrazio horiek sorrarazten dituzten efektuez jabetu ahal izateko, iragazkietan harrapatutako aerosolen eraginpean jarri zituzten ikertzaileek biriketako zelulak laborategian. 

Ondorioak ikaratzeko modukoak dira: zelulen hiru laurdenak (%75), aldirietako eta landa eremuetako aerosolekin kontaktuan jarri eta hurrengo 24 orduetan hil ziren. Bartzelonan jasotako aerosolen eraginpean jarritako zelulen artetik, berriz, %35 hil ziren soilik.

Jakina zenez, aerosol horiek arnasteak nagusiki pertsonen biriketako barne-ehunetan egiten du kalte, baina orain jakin izan da, argi eta garbi jakin, kalteak askoz portzentaia handiagotan gertatzen direla biomasa erretzen den lekuan, heriotzak, minbiziak eta bihotz eta biriketako gaixotasunak areagotuz.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Katalunia utzi eta gatozen Aramaiora!

Datorren maiatzean hamabi urte beteko dira Aramaioko Udalak herrian biomasa erabiltzeko aukera kaleratu zuenetik. Batzorde bat ere osatu zuen proiektuari bidea irekitzeko.

2014an datu zehatzak plazaratu ziren: fase bi izango zituen egitasmoak (lehena, kalean burutzekoa; auzoetan bigarrena) eta 3,2 milioiko aurrekontua, Udala bera eta, Lakuako gobernuarekin sinatutako hitzarmena tartean, EVE eta HAZI erakunde publikoek ere partaide izango zituena. 400 etxebizitzetaraino iritsi zitekeen Kaleko fasean, auzokoen %70en atxikimendua izatea (280 ingurukoena, beraz) izan zen bete beharreko baldintza bakarra.

2015eko urtarrilaren 14an laurogei bat aramaioar bertaratu ziren Kultur Etxean antolatutako batzarrera proiektuaren inguruko kontu teknikoen berri izateko. Oso baikor atera omen ziren antolatzaileak batzarretik, baina “airean” –erantzunik gabe, hain zuzen– geratu ziren jendeak egindako galdera eta iradokizun funtsezko zenbait. Haietakoren batek, esaterako, Ibarreko orografiaren erreferentzia egin zuen eta bertan egon ohi den inbertsio-termikoarena. Bestela esan: argi planteatu zen ea biomasaren ekimenaren sustatzaileek kontuan hartua zuten hainbat faktore garrantzitsu, hala nola Ibarra-kalea zulo batean kokatuta dagoela eta ez haizeak jotzen duen muino baten gainean, galdara ordu luzez egon zitekeela biomasa erretzen (egun osoan? hamalau orduz?…), kea eta partikula kutsagarriak tximiniatik botatzen… hurbileko zein ez hain hurbileko auzokoen kalterako, eta ea aintzat hartuta eta ikerketaren bat burututa zuten ibarrean sarritan gertatzen diren inbertsio-termikoen maiztasunaz eta iraupenaz.

Inbertsio termiko ahulduaren eragina lahar eta belar pilotxo bat erre bitartean

Taxuzko erantzunik jaso gabe bukatu zen batzarra. Halere, biomasaren alternatiban interesatuta egon zitezkeen aramaioarren sinadurak biltzen hasi zen Udala. 

Belabeltzak dakiela, ez da harrezkero ekimen haren berririk izan, ez behintzat berri publikorik: ez izandako atxikimenduei buruz, ez proiektua “izozte”-aren ingurukorik, ez isiltasun hartarako arrazoiez… Harik eta aurreko astean, aurtengo aurrekontuak direla eta, berriro eta ofizialki azaldu duen Udalak ikastetxearen inguruan biomasa-galdara bat jartzeko borondatea.

Ondo aztertuta egongo ahal dira duela 10 urte planteatutako kezka guztiak!

Jainko-jainkosei nahi dakiela! 

Kategoria: klima-aldaketa. Gorde lotura.