Bertsolari Gaztetxuen V.Eguna

Langilearen egunetik alpertuta ibili naiz. Alpertuta baino, denbora barik. Maiatza-ekaina hilabeteak nahiko txarrak izaten dira niretzat, zeregin asko pilatzen zaizkit, nahi baino gehiago.

Hilabete baten inguruan gabiltza prestatzen Euskal Eguna, hirugarren edizioa aurten. Ideia da Getxon dantza, kanta eta bertsolaritza ikasten duten umeak(eskola ordutegian) batzea eta jai bat antolatu. Dantza eta kantakoak Fadura Polikiroldegira joango dira eta bertsolaritzakoak Getxo Antzokia “okupatuko” dugu.

Gelaka abestuko dute, bertso bat eszenatokian. Asko entsaiatuko dugu, bertsoak ederrak dira eta ziuraski ahozabalik geratzen direla bata bestearen bertsoekin. Gozatzeko eguna da, beraien jaia da. Egun horretan erakutsiko dute ikasi duten guztia. Algortako Bertsolari Eskolako gaztetxuek antzerki bat egingo dute; Jon Maia, Maialen Lujanbio eta Xabi Paia ibiliko dira kantuan, jolasak eta bukatzeko bertso-paperak abestu.

Denbora asko daramagu jaia prestatzen eta ondo ateratzearen esperantza daukat. Bertsolaritzak Getxon etorkizuna dauka, eta nolakoa! Bertsolari Gaztetxuen V.Eguna aurrera doa (Euskal Eguna da, baina gu izen horrekin bataiatu dugu gure jai partikularra).

Helburua bertsoekin gozatzea da. Lortuko dugu? Ziur nago baietz.

Bertsoekin gozatu nahi baduzue, maiatzaren 12an hurbildu Getxo Antzokira!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Maiatzak 1. Langilearen Eguna

Maiatzaren 1a, Langilearen Eguna.

Egun honetan manifestazioak egoten dira hiriburuetan sindikatu desberdinek deituta. Langileen eskubideak defendatzen dituzte eta gaur beraien eguna da.

Euskal Herriko bi sindikatu nagusienak, ELA eta LAB berriro ere bananduta joango dira. Zergatik? Nork jakin. Politikagintza eta sindikalgintza antzera dabiltzea, guztiz aldrebestuta. Ekaitza baretuko da eta ia dena konpontzen duten.

Eskubideak defendatu, lan istripuak gutxita, baldintza duinak lortu, … Lan asko daukate aurretik sindikatuek eta are gehiago langileek. Apurka apurka, denon indarrak batuta ametsak egi bihurtuko dira.

Zorionak langile guztioi!

PD: Urtarriletik ez dut kobratzen, ia nork defendatzen dituen nire eskubideak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Atzo gauean Politicamente Incorrecto saioa ikusten “flipatu” nuen. ETB 2ko saio honetan astean zehar egondako berriei buruz hitz egiten dute, debate antzeko bat da.

Azken gaia izan zen Hezkuntza Departamenduak atera duen ikerketa. DBH bukatu eta gero gazte euskaldunak ez dira heltzen eskatzen duten mailara, B2 mailara, alegia. B2 maila hau euskaltegien 8 eta 9.urratsak dira.

Albistea berez, lotsagarria da, baina atzokoa… Programa honetara ikusleek mezuak bidali ditzakete segapotoaren bidez. Hor irakurri nituenak negar egitekoak izan ziren. Zelako mezuak, une batean dudatan egon nintzen Espainiako bigarren katea edo ETB 2 ikusten nengoen.

– El euskera nos lo han impuesto
– Los del modelo A somo discriminados
– ¿Por qué el euskera sí y el latín y el griego no?
– Estudiamos euskera para tener un puesto de trabajo
– Mi hija en el modelo D para que no esté con los inmigrantes

Hauek mezu light -enak dira. Baina herri honen kultura zein da? Jendeak ez du ikusi A eredua porrota izan dela? Ez al dakite euskera hizkuntz ofiziala dela? Beti borrokan euskaraz ikasteko, euskaraz bizitzeko, laguntzak lortzeko… Herri honetan horrelako jendea dago oraindik?

Niri bai inposatu didate hizkutza bat: gaztelania. Ez naiz kexatu. Administraziora noa eta erderaz egin behar dut kasu gehienetan, unibertsitatean berdin, dendetan berdin, … Nori inposatu diote hemen hizkuntza bat?

Ez dago askorik honi buruz esateko, ez du penarik merezi, bakoitzak hausnartu dezala.

Portzierto, zuen seme-alabak D ereduan matrikulatu inmigranteekin ez egoteko.

Gora kultur aniztasuna!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Eskerrak hor zaudetela!

Matraka irakurtzen egon naiz goizean eta artikulu eder bat aurkitu dut. Ederra, eta aldi berean guztiz egiazkoa, behintzat hitz horiekin identifikatu naiz ehuneko ehunean.

Egileari eta niri berdina gertatzen zaigu: ikasi eta lan egiten dugu aldi berean. Esaten dute uztartu daitezkeela biak, baina ez nago hain ziur. Batetik, ez naiz ikasle trebea eta bestetik, asko agobiatzen naiz (bakarrik, ez dut inoren laguntzarik behar agobiatzeko).

Ezin gara unibertsitatera joan, niri behintzat ezinezkoa egiten zait. Eskolak galtzen ditut, apunteen beharra, alde batetik bestera irakasleekin hitz egiteko… Desastrea! Pentsatuko duzue hain desastrea izanda nola gainditzen ditudan arloak. Erantzuna erreza da: ikaskideen laguntzaz, hobe esanda: lagunak.

Beraiek bidaltzen dizkidate apunteak posta elektronikoz edota beraiekin geratu eta fotokopiak egin. Beraiengatik ez balitz… Askotan pentsatu izan dut lana uztea edota ikasketak uztea. Momentuz, biekin jarraitzen dut eta beraiei esker. “Kaña” sartu didatelako ez bata ez bestea ez uzteko. Onartu behar dut lana gustokoa dudala, bertsolaritza irakastea polita da eta umeekin egotea ere.

Barregurea ematen dit esaten didatenean zelako zortea dudan lana edukitzeagatik. Lana lortu nuen nire meritoengatik (ez naiz harroa, baina horrela izan zen, bestela galdetu hortik zehar) eta lanak dedikazioa behar du. Agian behar baino denbora gehiago eskeini diot, baina lortutako fruituak ederrak izan dira. Beraz, ez nago kexatzekotan.

Beraz, esker mila apunteak uzten eta gauzak errazten didazuenoi! Ez ditut izenak jarriko, badakizuelako nortzuk zareten. Biba zuek!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Liburuaren Eguna

Apirilak 23, Sant Jordi eguna, Liburuaren Eguna. Urtero-urtero data hauetan liburu uzta ederra daukagu. Euskal Herrian bi data esanguratsuenak Liburu Eguna eta Durangoko Azoka dira.

Algortan Liburu Azoka jarri dute, herriko liburudenda bakoitzak etxola bat dauka eta hor dituzte ikusgai nobedadeak. Ostera egin dut postu guztietatik eta egia esan, harrigarria egin zait ikustea ia ez zeudela euskarazko nobedaderik. Ia mahai osoa hartzen zituzten erderazko liburuek.

Lehen Kurkudi Liburudendak bazituen euskarazko nahi beste liburu. Orain dela gutxi itxi behar izan zituen ateak Iñaki ugazabak, euskal literatura ez da negozioa eta familia mantendu beharra dago. Orain euskal literatura aurkitu dezakegun bakarra Orixa da. Inoiz ez naiz joan, baina hasi beharko naiz. Ez zait gustatzen liburuak erostea liburudenda erraldoietan. Nahiago dut dendariarekin iritziak elkar trukatu, harreman berezia sortzen da.

Bihar daukat azken eguna ia libururen bat erosten dudan. Baten bat ere oparitu beharko dut, ez baitakit beste ezer oparitzen… Libururen bat iradokizu nahi baduzue, badakizue, esan!

Egin kataluniarrak bezala: arrosa eta liburu bat oparitu!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Norbait behar duzunean, gutxi batzuk egoten dira

Egia borobila!

Esku batekin nahikoa dut nire lagunak zenbatzeko. Askori gertatuko zaizue berdina. Une goxo eta onetan jende asko edukitzen dugu inguruan. Momentu gogor eta latzetan gutxi batzuk. Horiek dira benetako lagunak, merezi dutenak eta zaindu behar ditugunak altxor handi bat bezala. Beraiek entzuten dituzte gure penak, gure negarrak, gure kexak, …

Lagunekin bezala, familian ere berdina pasatzen da. Beti pentsatzen duzu familiako kide guztiekin kontatu dezakezula: gurasoak, osaba-izekoak, lehengusuak, … Min handia ematen du, baina hemen ere berdina gertatzen da. Gurasoak beti daude hor, edozertarako. Baina osabak… Uste nuen hor egongo zirela, baina kale egin didate alde guztietatik. Gogorra da esatea, baina egi hutsa da.

Bakarrik esan, kale egin dutela eta hemendik aurrera nik kale egingo diedala. Askok esan didate ni ez naizela horrelakoa, zeozer behar dutenean ez dudala birritan pentsatuko, laguntza ez diedala ukatuko. Izan daiteke, ez dakit inori “ez” esaten. Karta horrekin jolasten dute beti. Ondo aterako zaie jokaldia.

Amoma ingresata dago eta eurak agertu ere ez. Hori da ama batengatik kezkatzea! Chapeau zuentzat! Horiek bai potroak!

Badakizue merezi dute lagunak eta familiakideak zaindu!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 5 iruzkin

Elgeta, hauteskundeak…

Gauza gehiegi egun bakar batentzako. Aukeratu behar izan nuen bata edo bestea. Hautu zaila, benetan. Baina hauteskundeak aukeratu behar izan nituen, ahaldun (apoderado, erderaz) bezala ibili nintzen nire auzoko eskola elektoraletan. Ederto joan zen guztia.

Giro ona egon zen. Gogoan dut orain bi urte udal eta foru hauteskundeetan zelako tentsioa zegoen, jasanezina: plataformak ilegalizatuta, hauteskunde antidemokratikoak,…

Nahiz eta beste izen eta sigla batzuk erabili, Batasuna aurkeztu da. Ez beraiek eta guztiok nahi izan dugun bezala, baina gaitzerdi. Giro ona egon da EHAK-ekin, jator egon dira, bata besteari laguntzen.

Aralarrekoa naiz. Orain dela hiru urte sartu nintzen. Orain Bizkaiko Ejekutibako kidea naiz. Alderdi bat aurrera eramatea oso zaila da, gainera pertsona gutxi izanda askoz gehiago. Bizkaian ez dugu lortu nahi genuena, baina Gipuzkoan parlamentari bat lortu (zorionak Aintzane!). Lan asko daukagu aurretik egiteko, gogoekin gaude eta aurrera egingo dugu.

Elgetako argazkiak ikusi ditut eta jende nahikotxu batu zen. Hurrengoan falta barik han izango nauzue!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Zorionak neskak!

Hirugarren Superliga lortu dute Athletic-eko neskak. Hori bai hori! Bizkerre, Sondika, Leioa, …. Neska hauek talde askotatik pasatu dira. Futbolari izatea zuten amets eta ametsa egin bihurtu da.

Garai batean, nik futbolera jolasten nuenean, ametsa zen Bizkerre edo Sondikara heltzea. Ez genuen buruan Athletic-a, hori beti izan da mutilen gauza. Javi Uriak (Athletic-eko lehendakari izandakoa) apostu fuertea egin zuen neska hauen alde eta emaitzak hor daude. Hiru Superliga, Kopa hortxe hortxe…

Batzuk ez ginen heldu futbolari izatera. Gauza asko deitu gaituzte neska izateagatik eta baloiari ostikoak emategatik. Mutilekin jolasten genuen, inolako lotsa barik. Orain futbol eskolak daude neskentzako, hainbat futbol talde, … aukera asko. Zuek, ahal duzuenak, aprobetxatu!

ZORIONAK NESKAK!
ATHLETIC, ATHLETIC!!!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 7 iruzkin

Buruhausteak alde batera utzi eta BIZI!

Burua jira eta bira, alde batetik bestera, etengabe… Ez du atsedenik hartzen, zorabiatuko da azkenean. Bere helmugara helduko ote? Aurrea hartuko al die bidetik dauden oztopoei?

Milaka pasio Portu Zaharretik, hainbat itzulinguru herriko plazatik… Ez dakit zenbat folio beteta norberaren gogoetekin. Ideiak, ametsak, arrazoiak, poztasunak,tristurak, malkoak, alaitasunak, amorioak,… Bizitzaren gazi-gozoak dira.

Une gazi-gozo horiei egin behar zaie aurre. Barruan daukagun indar hori atera ahal den eta era boteretsuenen, ausardiaz. “Aurre egin diot!” ozen esanez. Sekula ez dugu ahaztuko pena merezi duena. Akatsengandik ikasi, noski, ahaztu daitezke, baina zerbait positiboa ere atera daiteke.

Pausorik pauso, gure burua guk nahi dugun helmuga horretara helduko da. Inoiz baino tenteago joango da lepo gainean, irabazi duenaren sentsazio gozo horrekin, mingainean eztiaren zaporea edukiko balu bezala.

Buruhausteak alde batera utzi, eta bizi!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Metroan barrena

Arratsaldeko seirak. Metroa hartu dut Algortan, mandatu batzuk egiten egon naiz eta lagun bat bisitatzen bideoklubean. Bilbon neukan batzar bat eta hara abiatu naiz.

Nabarra aldizkariko azken zenbakia irakurtzen nengoen, Mikel Reparaz-ek idatzitako Metrokultura artikulua. Kontatzen du andra baten ibilerak, liburu bat irakurtzen dago eta ez dio denborarik ematen bukatzeko, beraz, bueltan bukatu beharko du. Marka ederra egiten du irakurtzen: geltoki bat, orri bat.

Zergatik metroan irakurtzen dute eta etxean ez? Zergatik irakurtzen dute literatura industriala?

Denbora asko pasatzen dut metroan, Getxokoa izanda daukagun garraiorik onena da. Irakurtzen joaten naiz normalean. Baina ez dut Nervión irakurtzen (metroan banatzen den egunkaria), banatzen duen neskak ikusten duenez egunkaria eramaten dudala besapean, ez du eskua luzatzen badaezpada. Jakinda egunkari hori Vocento taldekoa dela, ez dut ezer berezirik galtzen.

Nervión egunkariaz gain, zer da nagusi metroko irakurleen artean? Literatura industriala, gehien bat boltsiko edizioak, egunkariak, Semanal ( El Correo egunkariako igandeetako gehigarria), liburuak… Noizean behin, euskarazko liburuak ere agertzen dira. Orduan da geratzen naizenean pertsona horri begira harrituta. XXI.mendean horrela ibiltzea ere…

Baina hau da egi bakarra, mundua horrela funtzionatzen du. Zenbat eta errezagoa izan irakurtzeko orduan, gero eta irakurle gehiago lortu idazle edo liburu horrek.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina