Selektibitatea

Zelako garaiak! Hitz hori gorrotatzen nuen, 2.batxilergoa hasi eta egunero-egunero entzun behar genuen hitza: SELEKTIBITATEA. Beldur handia genion, hiru egun horietan gure etorkizuna jokoan zegoen eta ahal zen hoberen egin behar genuen. Batzuek lortu zuten, beste batzuek ez.

2000.urtean egin nuen selektibitatea. Oker ez banago, ekainaren 13,14 eta 15ean. Zer nahi duzue esatea, aurreko egunean beherakoarekin egon nintzen, nerbioengatik. Berez, urduria naiz eta egun horiek garrantzitsuak ziren niretzat. Ez nuen behar nota zehatz bat, Deustura joango nintzen, beraz, gaindituta nahiko.

Azken azterketa zen ikastolakoekin egiten nuela. Hortik aurrera bakoitzak bere bidea hartuko zuen eta ziuraski ez ginen elkar ikusiko berriro. Tristea bada ere, batzurekin hori gertatu da, ez ditut aspaldian ikusi. Batzuk egunero, saltsa berdinetan gaudelako. Afariren bat egiten dugunean ez gara denak elkartzen, baina beno, dagoena da.

Selektibitatea egin genuen, baita gainditu ere. Heldutasun froga gaindituta, goi-mailako ikasketak egiteko ordua heldu zen. Batzuk bukatu dituzte, beste batzuk hemen jarraitzen dugu, bukatzeko esperantzaz.

Tentsio handiko egunak izan ziren, baina pena merezi izan zuten. Garai politak datozkit gogora, ikastolako garaiak. Oso sentimentala naiz, baina…

Selektibitatea egiten zaudenoi aupada handi bat! Animo!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Dena beltz ikusten da

Altxatu ohetik eta eguzkia diz-diz egiten du. Nik, ordea, beltz ikusten dut guztia. Aspaldi ez da eguzkia irten nire egunerokotasunean. Bai, fraka motzetan noa egun hauetan, baina hotz naiz, berotasuna falta zait. Ingurukoen berotasun falta nabari da…

Agian, denbora joan ahala, eguzkia ateratzen da berriro.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 5 iruzkin

Urte bete zu barik

Maiatzak 30 egun bete ditu. Data esanguratsua da niretzat, pasa den urtean Ibilaldia ospatu genuen Leioan. Betiko eta Ander Deunak alkarregaz heldu ziren eskutik maiatzaren 30era. Bi ikastola horietan ikasi dut, baina Betiko daukat bihotzean. Nire gurasoak ikastolako sortzaileak dira, han pasatu ditut nire bizitzako 11 urte, han egin nintzen pertsona, han hazi eta hezi nintzen, …

Urte guztia generamatzan Ibilaldia antolatzen. Kultura batzordean eman nuen izena, hori baita gehien kontrolatzen dudan gaia. Astero batzarrak, jendea deitu, erabaki zeintzuk izango ziren ekitaldiak, … Elkarlana oso garrantzitsua izan zen eta bakoitzak ahal izan zuena eskaini zion Ibilaldiari.

Dena primera zihoan, baina eguna txarto hasi genuen: aitak deitu ninduen segapotora, “Kepa hil da” esan zidan. Nola da posible? Ostegunean bertan ikusi nuen umeekin futbolera jolasten patioan, larunbatean lanean txoznak montatzen. Ez zitzaidan buruan sartzen.

Kepa ikastolako irakasle izan da, Betiko Ikastolako lehen zuzendaria izan zen. Borrokatu zuen ikastola zegoen bezala gelditzeko, lan asko egin zuen ikastolaren alde.

Nire irakasle izan zen urtea askoan. Gogorra zen irakasle moduan, baina asko zor diot. Berak erakutsi zidan literatura maitatzen, akatsik ez egiten idazterakoan, ederto irakurtzen, … Edozein maisuk egingo lukeena.

Beti esaten zidan: “Nahikari Ayo andereñoa, zenbat denbora ikastolatik pasa gabe! Jada ez zara zure irakasleez oroitzen?” Ikastolatik agertzerakoan hori izaten zen entzun behar nuen lehendabizikoa. Orain damutzen naiz gehiago ez joan izana. Frontoia inauguratu zenean bera etorri zen lehena zoriontzeko: “Ayo, bertso ederra, segi holan!” Orain ez dago inor zorionduko nauenik, edo animatuko nauenik ikasten jarraitzeko, edota bertsotan jarraitzeko, …

Jada joan zara, Kepa. Konturatu gabe urte bat pasatu gabe. Zure falta nabaritzen da ikastolan, ez da berdina ikastola. Barruan zeneraman ikastola. Zurekin pentsatzen hasten naizenean, oroitzapen askok betetzen dute nire burua, ia denak onak. Zure eskuetatik ikasle asko pasatu gara eta uste dut ez daukazula damutzerik, lan asko egin baituzu etorkizuneko pertsonak sortzeko, baita lortu ere.

Ikastolako frontoiak zure izena darama, eta han bota nizun bertsoa ez zait burutik, hemen doa azken bi puntuak:

…”zauden tokian zaudela zerbait dekot esateko, zure ikasle izandakoak Kepa ez zaitugu ahaztuko!” Badakit goitik begira zaudela lurrerantz eta denaren berri daukazula. Atzo Ibilaldian eman nuen pausu bakoitza zure omenez izan zen. Mila esker eman didazun/diguzun guztiagatik. Bejondeizula Kepa!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

BLOG BERRIA!

Hasiera batean asko kostatu zitzaidan blog batekin hastea, eta blogspot-en hasi nintzen.Orain aro berri bat hastera doa Goienarekin. Aukera berriak ematen dizkit artikuluak idazteko, diseinua oso ona (milesker Maider!), modernoagoa da…

Beraz, Nire begietatik, begiak itxiko ditu. Orain begi berriak ireki dira, inoiz baino gogotsu eta indartsuago!
Ongi etorri

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Zergatik Euskal Filologia?

Beti egiten zidaten galdera berdina ikastolan Batxilergoko azken urtean: “Zergatik Euskal Filologia? Asko gustatzen zaizu idaztea, Kazetaritza egin ezazu”. Zenbat aldiz esango zidan berdina Olatzek, nire tutorak. Gurasoak deitu zituen esateko bide okerretik nindoala. Uste dut bide zuzena hartu nuela, aukeratu behar da gustokoa duzuna, eta hori egin nuen.

Dudatan egon nintzen Kazetaritza edo Euskal Filologia egin. Ez nuen nire burua ikusten idazten eta idazten egunero. Polita da, baina hobea izaten da idaztea afizioz eta ez “obligazioz”. Bertsolaritza muduan txikitatik nenbilenez, iruditu zitzaidan gehiago sakonduko nuela lehendik nekiena. Ez da horrela izan, uste dut irakasleei irakatsi diegula bertsolaritzari buruz unibertsitateko bertsozale batzuk.

Bertsolaritza eta idazteko afizioaz gain, hortxe dago literatura. Liburu asko irentsi ditut eta jarraitzen ditut irensten. Badakit irakasle moduan bukako dudala eta ez litzaidake batere inportatuko Literatura irakastea, baina hori denborak esango du!

Askok uste dute Euskal Filologia “militatzearren” ikasten dela, euskaltzalea sentitzen delako. Batzuek horregatik egingo dute. Nabari da nortzuk egiten duten gustokoa dutelako, nortzuk militatzearren eta nortzuk ez dakitelako zer egin.

Ez da etorkizuneko karrera, inoiz ez da izango. Letretako karrerak gutxietsiak daude gure gizartean, alferrek bakarrik ikasten dituzte. Hori da beti entzun behar izan dudana.

Orain filologiak kendu nahi dituzte Bolognako Prozesua dela eta. Katalana, galegoa eta euskalduna pikutara joango dira Europar Batasunaren aginduz. Oraindik ez dago onetsita, baina onartuko denaren usain osoa dauka. Gogor egin beharko dugu denon artean ez desagertzeko ikasketak.

Filologo gehien dituen herria da, baina nire uste apalean, beharrezkoak dira.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 16 iruzkin

Patxi Gaztelumendi eduki dugu gaur Erromon. Non dagoen Erromon? Getxoko auzo bat da, nire auzoa. Udaletxeak ez gaitu auzo kontsideratzen, baina beno… hori beste baterako utziko dugu.

Hitzaldiaren izenburua “Internet eta blogak euskaraz, zu eta ni” izan da. Egizu egitasmoak antolatu du eta hortxe ibili da Rozio batetik bestera dena ondo atera zedin. Puntual heldu da Patxi Kultur Etxera. “Gaur ez dut proiektorerik ez ordenagailurik ekarri, dena berbaz egingo dut”. Harrituta gelditu naiz: internet buruzko hitzaldi bat eta portatil barik? Beno, Patxi da, eta larrabetzuar hauek egunetik egunera harritzen naute gehiago! Dena azaldu du berbaz eta ederto gainera, une batzuetan arbelaren laguntzaz. Agian orrialdeak ezagutzen ditudalako, baina irudikatu dut orria ederto nire buruan. Arrazoia zeukan: zergatik behar da ordenagailua?

Lehen zatian orokorrean hitz egin du blogei buruz eta bigarrenean euskal blogosfera ikutu du. Bigarren zatia izan da erakargarriena. Hortxe azaldu du nola egin daitekeen blog bat, non aurkitu ditzakegun euskal blogak, … Entzuleak adi-adi egon dira, askok oharrak hartu dituzte gero etxean saltseatzeko.

Bi esaldi egon dira hitzaldian, nahiko inpaktatu nautenak:

“Lehen aldia da euskarak teknologiaren trena hartzen duela garaiz”
” 40.hizkuntza da euskara interneten, optimismoz mozkortzeko zenbakia”

Euskaldunak beti ibili izan gara atzeratuta gauza askotan, baina oraingoan badirudi ezetz. Teknologia berriei dagokienez, beti izan naiz oso ezkorra, nigatik baliz, oraindik ibiliko nintzateke gauzak boligrafoz entregatzen. Oraingoan ez gara atzean geratu, eta euskal blogosfera potentea sortu da. Gaztelumendik esan duenez, era askotako blogak ditugu: sukaldaritzakoak, hizkuntzei buruzkoak, zaletasunak, kezkak, arazoak, … Anitza da gure blogosfera.

Badirudi gehiago erabiltzen dela euskara interneten kalean bertan baino. Ez gaude txaloka hasteko, baina harrituta geratu naiz. Ez gara kapazak kafe bat euskaraz eskatzeko, baina gero eta internauta gehiago daude euskarazko orrialdeak bisitatzen dituztenak. Nire koadernotxo txikian apuntatu dut, edonori komentatzekoa da eta.

Ordu bat iraun du, baina ordu horretan denetarik azaltzeko denbora egon da (eta ordenagailu barik!). Portzierto, ia bihartik aurreran euskarazko blogak ugaltzen diren Uribe Kostan!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Ni nagusitan… FUNTZIONARIO!

Aukera ona ez?

Banekien funtzionarioak oso “lasaiak” zirela, baina gaur sutan jarri naiz. Gizarte-segurantzara joan naiz ziurtagiri baten bila. Bizkaiko Foru Aldundiak diru-laguntza ematen du udalekuak egiteko umeekin eta gure taldeari ez zaionez dirua sobratzen… eskatu behar da.

Bost begirale gara taldean, mila agiri eskatzen dituztenez ardurak banatzen ditugu. Gizarte-segurantzatik gertu bizi naizenez, niri tokatu zait hara joatea ziurtagiriaren bila. Pasa den urtean “liskar” txiki bat eduki nuen tipoarekin, ez bainuen eraman paper batean idatzita zer nahi nuen. Aurten prestatuta joan naiz paperakin.

Sartu naiz, zenbakia hartu eta nire txanda itxaron dut. Eseri naiz eta esan diot funtzionarioari zer nahi nuen. Aurpegi txarra jarri dit hasieratik. “¿Esto por qué me has traído en euskera?” Erantzun diot, hizkuntz horretan mintzatzen naizela egunero eta gainera Euskal Herrian bizi naizela, beraz, hizkuntza ofiziala izanik eskubidea dudala paperak hizkuntz horretan aurkezten. Ez duenez ulertzen papera eta dudanez NIF-aren kartilla eraman esan dit ez didala ematen eta bihar bueltatzeko.

Bi edo hiru gauza esan dizkiot tipoari. Agian ez nizkion esan behar, bihar bueltatu behar naizelako. Amorruz beteta irten naiz, zergatik gertatzen zaizkit niri horrelakoak?

Sentitzen dut beragatik, baina bihar berriro joango naiz paperarekin, euskaraz idatzita eta NIF-arekin. Bere zeregina da euskaraz jakitea eta paperak euskaraz onartzea. Hori bai, ni nagusitan funtzionarioa izan nahi dut, lasai-lasai bizitzeko eta ahal dudan einean jendea izorratzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Hori duk eta!

Atzo egun berezia izan zen, niretzat eta beste askorentzat. Gernikako Seber Altube Ikastolan jokatu zen Bizkaiko Eskolarteko Bertso Idatzien finala. Bi ikasle eraman nituen: Ainara eta Ibai. Nahiz eta orain ez izan nire ikasleak ALBEko (Algortako Bertsolari Eskola) tropa bertan zegoen. Sari gosez guztiok, baina pozik finalerako txartela lortuta zeukatelako.

Ordu bietan geratu nintzen nire bi izarrekin eta Gernikara abiatu ginen Mirenen kotxean. Ikastolara heldu eta lasai-lasai zeuden biak, ez zegoen ezer galtzeko eta asko irabazteko. Ordu bete eduki zuten bertsoak osatzeko eta ordu eta erdi itxaron behar zegoen jakiteko nortzuk ziren saridunak.

Bost eta erdietan Gernikako Plaza beteta zegoen, guztiak emaitzen zain. Txikienetik nagusienera hasi ziren. 6.mailako sariak eman zituztenean pozarren sentitu nintzen! Bigarren saria Ibaik eraman zuen eta lehenengo Imanol, nire ikaslea San Nikolas Ikastolan. Negar egiteko zorioan egon nintzen… Emozio handia sentitu nuen, batez ere Ibaigatik. Bigarren aldia finalean eta bigarren postua berarentzat LHko 6.mailako kategorian. Sinistu ezinik zebilen, baina uste dut niri egin zidala ilusio gehiago berari baino! Lorpen bat da Berangoko Eskolentzako, beraiek egin zuten apostu bertsolaritza irakasteagatik eta hor daude fruituak: Ibai eta Ainara.

Jone, Arrate, Imanol, Itxaso eta Ibai izan ziren saridunak. Zorionak guztioi!

Nahiz eta saririk ez lortu finalistek ere zorionak merezi dituzte, hor egotea ez da gutxi eta. Uribe Kosta potente dabil bertsolaritzan eta hor manteduko gara!

Honelakoak ere behar izaten dira, horrela ikusten duzu egiten duzuna pena merezi duela eta zure ikasleak pozik daudela. Oxigeno baloi bat izan da niretzat eta indar asko eman dizkit jarraitzeko irakasten.

ZORIONAK BERANGO!
ZORIONAK ALBE!
ZORIONAK URIBE KOSTA!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Zer idatzi, noiz idatzi, zertarako, …

Azkenaldian euskal blogosferan gora eta behera dabilen gai bat da zer idazten den, zertarako, nola, … Galdera ugari. Patxi Gaztelumendik ( http://www.gaztelumendi.org ) eta Joxe Aranzabalek ( http://www.goiena.net/blogak/faroa ) beraien iritziak eman dituzte blogetan. Nire iritzia eman nahi dut gaiaren inguruan, behintzat, nik zer idazten dudan eta zergatik.

Normalean erabiltzen ditudan gaiak:

1. Egunkariko berriak
2. Bertsolaritza
3. Lanean gertatu zaizkidanak umeekin
4. Literatura kritikak
5. “Filosofada” pertsonalak
6. …

Horiek dira erabiltzen ditudanak ein handi batean, horiek baitira nire bizitzaren parte.

Hasiera batean asmoa zen egunero idaztea, baina ikusi nuen hori ezinezkoa dela. Idatziko dut idazteagatik? Horrelakoak egin ditudanean damutu egin naiz, testua bera txarra zelako eta 2000 km-ra usaintzen zelako gogo barik idatzita zegoela. Beraz, bigarren hilabetetik aurrera gogoak ditudanean idazten dut, presio barik.

Nire helburua ez da testu literarioak egitea. Zergatik idazten dudan blogean? Gehien bat, barrua hustutzeko. Oso alferrak naiz koadernoa eta arkatza hartzeko. Egunero sartzen naizenez e-posta begiratzera, askoz erabilgarriagoa da.

Badakit jendeari bost axola diola beste baten zer idazten duen, baina hemen idazteak laguntzen du. Batzuetan nire kezkak azaldu ditut, nire buru janak, nolabait esateko. Beti egon da norbait erantzun duena edota animoak eman dituena. Pantailaz bestaldeko jendeak lagundu egiten du eta askotan ondoan ditugunak baino.

Arraro egiten zaidana da jendeak komentario gutxi uzten dituela. Patxik dioen bezala, egoten direnak beti izaten dira: “oso ondo, jarraitu horrela!, “Ezin hobeto egiten duzu!”. Nik ere horrelakoak utzi izan ditut. Kritika gutxi dago euskal blogosferan. Askotan hemen plazaratu ditudanak eztabaida sortzeko asmoz sortuak izan dira, baina asmo huts baten geratu dira. Euskaldunak nahi dugunean oso itxiak gara!

Gutxi gorabehera, hauxe da esango nukeena era labur batean. Eztabaida piztuta dago, orain txanda zuena da!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Aldizkariak, egunkariak…

Domeka, goizeko hamaikak, jeiki berri. Lo egiteko aukera dudan egun bakarra, eta batzuetan, hori ere ez. Aprobetxatu beharra dago! Astegunetan ez dut gosaltzen, beti nabil denboraz estu, baina asteburuetan lasai-lasai egoten naiz gosaltzen egunkaria irakurriz. Pentsatuko duzue honaino dena dela normala, ez dago ezer arrarorik. Buruari bueltaka egon naiz aldizkariak eta egunkariak direla eta.

Berria ko harpideduna naiz eta aitak astean zehar Deia erosten du. Astelehenetan Gara erosten dut ez dagoelako Berria eta asteazkenetan baita ere gustokoa dudalako atzeko gurutzegrama egitea. Asteburuetan Deia, El Correo (suplementoa ondo dagoelako) , Gara eta Berria. Hau asteburuetan bakarrik.

Hilean zehar… ez dakit aipatu edo ez. Idazten hasi naizenez gero, esan beharko ez? Nabarra, Jakin, Beterriko Liburua, UK eta Bertsolari Aldizkaria -ko harpideduna naiz. Nahiz eta harpidedun ez izan Euskal Herria, Argia, El Mundo de los Pirineos erosten ditut kioskoan eta noizean behin Gaztetxulo eta Aizu!

Gosaltzen nengoenean pentsatu dut zenbat diru uzten dudan aldizkari eta egunkarietan. Azken baten, nire soldataren zati eder bat. Etxean inoiz ez da liburu, egunkari eta aldizkari faltarik egon. Agian txikitatik hori ikusi dudalako da. Dirutza ederra paperean! Hori bai, pena merezi du, irakurtzea plazerra da eta euskaraz baldin bada are gehiago.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina