Urte bete zu barik

Maiatzak 30 egun bete ditu. Data esanguratsua da niretzat, pasa den urtean Ibilaldia ospatu genuen Leioan. Betiko eta Ander Deunak alkarregaz heldu ziren eskutik maiatzaren 30era. Bi ikastola horietan ikasi dut, baina Betiko daukat bihotzean. Nire gurasoak ikastolako sortzaileak dira, han pasatu ditut nire bizitzako 11 urte, han egin nintzen pertsona, han hazi eta hezi nintzen, …

Urte guztia generamatzan Ibilaldia antolatzen. Kultura batzordean eman nuen izena, hori baita gehien kontrolatzen dudan gaia. Astero batzarrak, jendea deitu, erabaki zeintzuk izango ziren ekitaldiak, … Elkarlana oso garrantzitsua izan zen eta bakoitzak ahal izan zuena eskaini zion Ibilaldiari.

Dena primera zihoan, baina eguna txarto hasi genuen: aitak deitu ninduen segapotora, “Kepa hil da” esan zidan. Nola da posible? Ostegunean bertan ikusi nuen umeekin futbolera jolasten patioan, larunbatean lanean txoznak montatzen. Ez zitzaidan buruan sartzen.

Kepa ikastolako irakasle izan da, Betiko Ikastolako lehen zuzendaria izan zen. Borrokatu zuen ikastola zegoen bezala gelditzeko, lan asko egin zuen ikastolaren alde.

Nire irakasle izan zen urtea askoan. Gogorra zen irakasle moduan, baina asko zor diot. Berak erakutsi zidan literatura maitatzen, akatsik ez egiten idazterakoan, ederto irakurtzen, … Edozein maisuk egingo lukeena.

Beti esaten zidan: “Nahikari Ayo andereƱoa, zenbat denbora ikastolatik pasa gabe! Jada ez zara zure irakasleez oroitzen?” Ikastolatik agertzerakoan hori izaten zen entzun behar nuen lehendabizikoa. Orain damutzen naiz gehiago ez joan izana. Frontoia inauguratu zenean bera etorri zen lehena zoriontzeko: “Ayo, bertso ederra, segi holan!” Orain ez dago inor zorionduko nauenik, edo animatuko nauenik ikasten jarraitzeko, edota bertsotan jarraitzeko, …

Jada joan zara, Kepa. Konturatu gabe urte bat pasatu gabe. Zure falta nabaritzen da ikastolan, ez da berdina ikastola. Barruan zeneraman ikastola. Zurekin pentsatzen hasten naizenean, oroitzapen askok betetzen dute nire burua, ia denak onak. Zure eskuetatik ikasle asko pasatu gara eta uste dut ez daukazula damutzerik, lan asko egin baituzu etorkizuneko pertsonak sortzeko, baita lortu ere.

Ikastolako frontoiak zure izena darama, eta han bota nizun bertsoa ez zait burutik, hemen doa azken bi puntuak:

…”zauden tokian zaudela zerbait dekot esateko, zure ikasle izandakoak Kepa ez zaitugu ahaztuko!” Badakit goitik begira zaudela lurrerantz eta denaren berri daukazula. Atzo Ibilaldian eman nuen pausu bakoitza zure omenez izan zen. Mila esker eman didazun/diguzun guztiagatik. Bejondeizula Kepa!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude