ANBULATEGIA

Asteartean lagun batekin joan behar izan nintzen anbulategira. Sartu bezain laster, mugikorrari soinua kendu nion. Iruditzen zait arruntena dela, horrelako leku batean itzaltzea. Berbetan ibili ginen, baina oso baxu.

Txikitan amak erakutsi zidan itxaron geletan ixilik egon behar dela eta formal-formal. Ba ez… Gaur egun, ez da horrelakorik gertatzen. Neska bat sartu zen eta telefonoa etengabe zebilen joka. Ez zion soinurik kendu.

Amama, ama eta alaba sartu ziren. Ozen hitz egiten, mugikorretik hitz egiten,…

Gora gaixoekiko errespetua!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

BIDE ERTZEAN,

Asteazkenean Bilbora joan behar izan nintzen kontu batzuk zirela eta ez nuen aukerarik galdu Unai Elorriagaren azken eleberria erosteko: Londres kartoizkoa da. Oraindik ez naiz berarekin hasi, baina itxura ona dauka.

Liburuaz gain, diska bat ere etxeratu nuen. Bide Ertzeanen Leidor Sessions diska eta dvd-a. Urtarrilean grabatu zuten zuzenean, Tolosako Leidor aretoan. Itzela! Hasieratik jarraitu dudan taldea eta benetan, izugarri gozatu dudala dvd-a ikusten. Aspaldiko kantuei egindako konponketek merezi dute. Ubeda anaiek asmatu dute azken diskarekin.

Opari bezala jarri duten azken kantua, a capella abestuta, asko gustatu zait. Baina nire kantua izango dena, duda barik: Aurrez amestu gauetan. Entzuten dudan bakoitzean hunkitzen nauen kantu horietakoa.

Bide Ertzean

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA 2009

Gaur izan da Bertsolari Txapelketa Nagusiko prentsaurrekoa Euskaltzaindian. Berotzen hasi da motorra txapelketa. Gogoz eta urduritasunez gabiltza bertsozaleok txapelketa entzuteko.

Nor izango da errebelazio berria?
Zeintzuk finalistak?
Doinu berririk?

Baina ederrena, sortzen den giroa bertsolaritza aitzakia hartuta. Lehen saioa Zestoan izango da urriaren 3an. Bertan elkartuko gara!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Ez. ez, ez, ez. Ez, ez eta ez. Ez.

Izenburuak esaten duen bezala, horixe izan zen Unai Elizasuk Maialen Lujabiori Alkizan jarritako gaiak. Pena merezi dutela uste dut, eta ikusi eta entzun nahi badituzue, hementxe klikatuta aukera duzue. Nik hirugarrena uzten dizuet transkribatuta, ederrena, nire ustez.

Baina normalki arriskutsugo
izaten dira tabernak
hango burrundak, hango alkoholak
nahasten baigaitu denak
izarapeko jolas horiek ez
horiek ez dira problemak
monosilabo bi, bai eta ez
ta ze alde nabarmenak
bi horiek ondo bereziten ditu
entzuten badakienak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

KONTZERTUETAN DAGOEN ERRESPETU EZA

Atzo Getxoko Folk Jaialdiko kontzertu batean izan nintzen, Euskal Musika 25 urte. Oskorri, Niko Etxart, Maddi Oihenart, Mikel Urdangarin, Oreka TX eta Gose ibili ziren kantuan. Guztiak jaialdiko 25 urte hauetan kantuan ibilitakoak.

Nahikoa lotsa pasatu nuen berandu iritsi nintzelako kontzertura. Aspalditik neukan sarrera erosita, baina lanean ibili nintzen Leioan. Eta etxean esaten den bezala: lana, lana da.

Lotsa pasatu nuen, baina ez daukate lotsarik gora eta behera ibili ziren guztiak? Musikariak jotzen eta jendea gradetatik ibiltzen, kanpora ateratzen zigarro bat erretzeko,… Non dago musikariekiko errespetua? Kontzertu batera baldin bagoaz, ez da kontzertua entzuteko? Ala moda desfileak egin behar ditugu?

Lotsa sentitu nuen berandu iritsi nintzelako, baina are lotsa gehiago izan behako lukete musikariak oztopatzen ibili ziren horiek.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

ITZULERA

Askorentzat oporrak bukatu dira, beste batzuek zortea daukagu eta iraila bukaera arte luzatuko ditugu (ez nahi dugulako…).

Eta nabari da normaltasuna badatorrela. Nire kalean ez dago lekurik kotxea aparkatzeko. Abuztu osoan lekuak soberan egon dira.

Gaur kalera irten naiz mandatu batzuk egitera eta betikoa: ume pila agurtzen, ikasleak. Bai, guztiak heldu dira oporretatik. Eta galdezka gabiltza ia aurten Bertsolaritza izango duten edo ez. Ez dakit pelota egitearren edo benetan egin nahi dutelako…

Dendak eta tabernak ireki dituzte. Azken hilabetean Erromo eta Areeta guztia 3-4 tabernetan “kontzentratuta” egon dira.

Bizitasuna, mugimendua,… egunerokotasuna heldu da.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

IKASTOLAK

Pena eta amorrua sentitu dut azkenaldian ikastolek ematen ari diren irudiarekin. Ikastolak baino, Ikastolen Konfederazioan dauden agintariek ematen ari diren profesionaltasun ezarekin.

Artikulu honek hausnarketara eraman ninduen, gehien bat sinatzen dutenek urte asko eman dituztelako herrialdeetako elkarteak kudeatzen. Ez dut esan nahi orain dabiltzatenak ez dutenik ezer egin, baina Campos jaunak erabateko konfidantza ematen dit.

Artikuluak eta artikuluak prentsan, Nafarroako Ikastolekin sortu den komunikazio eza… noiz ikusi da hori ikastoletan? Ikastolek izen eta irudi izan badute arrazoi askorengatik izan da: kalitatezko hezkuntza, euskalduna, eta batez ere partehartzailea izateagatik. Beti heldu izan da akordio batera eta beti entzun dira alde guztien argudioak.

Gogora ekartzen dit 1993an hasi publifikazio prozesua. Ez genuen nahikoa sufritu, orain beste kontu batekin hasteko? Ez gabiltza gustoa ematen Eusko Jaurlaritza berriari?

Amorru handia ematen dit Tellitu jaunak esaten duenean Betiko Ikastolako sortzaileetako bat izan zela. Ni garai hartan, ikastolako ikaslea nintzen, eta nik dakidala ez zen hantxe egon. Ez zuen prozesu hori bizi, agian Altzaga Ikastolan bai, baina gurean ez.

Horrelako pertsona bat jartzea ikastolen buru, ez dakit. Gizon honek inoiz ez dit konfiantzarik eman. Komeni zaionean agurtzen duena, ikasle ohiak inoiz ez dituena kontuan izan, kooperatibista ohiak (beno, gure etxean eta beste familia askotan oraindik kooperatibistak gara, 50.000 pezeta jarri genituen matrikulatzerakoan), benetan ikastola sortu zuten horiek baztertu dituena. Boterean egoteko gogo izugarriak dituen pertsona bat, ez dit itxura ona ematen.

Zer gertatuko ote den? Ikastolek indar handia daukate eta espero dut akordio batera helduko direla. Hori bai: alde guztiak entzuten eta konponbiderik onena bilatuz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Etsia…

Nekatuta…

Nazkatuta…

Punta Galea por ti.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

BERTSO-UDALEKUAK FINITO!

“Bukatu da, bukatu da, bukatu da, akabo!”. Pena izugarria hartu dugu, baina guztiak izaten du bere hasiera eta bere bukaera.

Uztailaren 18an Bilbon hartu nuen busa, ezagun eta ezezagunez beteta, baina jakinda gerora lagunak bihurtuko zirela. Hamar egun aurretik eta gogo izugarriak ederto pasatzeko, bertsoa aitzaki hartuta.

Denetarik egin dugu: Egaña eta Ametsekin futbolean aritu, Oihane Perea eta Enbeitaren sorginkeriez gozatu, Onintzaren tarota, Lopategiren istorioak entzun, piraguan ibili, Gernikan egon, afaria prestatu, Oskar Estanga,…

Nahiz eta berrogei ume egon, eta batzuetan zaila izan guztiak gobernatzea, oso ondo pasa dugu. Lo falta sumatu dugu, baina nola edo hala lortu dugu zutik egoten!

Urtero esaten dut azkena izango dela, baina… Oraindik gogoak ditut umeekin gozatzeko, jolasak partekatzeko, abesteko, dantzatzeko,… Lagun batek beti esaten dit, umezaroa luzatzen nabilela. Eta izan daiteke, zer hoberik umeekin gozatzea baino?

Aurten berriro bueltatu naiz skoutera, eta irailetik aurrera berriro izango ditut larunbat arrastiak okupatuta. Okupatuta, baina gustura. Taldea aurrera ateratzeko gogoz.

Oskar Estangarekin egindako kantuaren zati batek ederto laburtzen du han bizitakoa (doinua Deskontrolen “Duintasunez eutsi” doinuarekin eginda dago):

Egañaren izerdia
lehoien kamisetan
zenbat istorio dauden
Lopategin hitzetan
lagunak izango garen
jakiteko benetan
ez dugu begiratuko
Onintzaren kartetan!

Sopela eta Eulate bezala, Muxika ahaztezina izan da. Datorren urtean askoz gehiago!

Bertso-udalekuak 2009 - Muxika por Nire Begietatik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

UDA USAINA

Nire asmoa pasiatzera joatea zen, itsaso ertzetik, suabe-suabe. Baina ikusita gaurko sargoria, liburu bat hartu dut eta auzoko terraza batera joan naiz.

Kafea hutsa izotzarekin, horrela hartzen dut udan kafea. Uda partean, kurtsoan zehar pilatu ditudan liburuak irakurtzen ditut. Gaur Irati Jimenezi egokitu zaio txanda: Nora ez dakizun hori. Engantxatu nau, eta gutxi barru bukatuko dudala uste dut.

Orain arte guztia izan daiteke arrunta, baina irakurtzen nengoen bitartean, nire haurtzaroko udak etorri zaizkit burura. Haur koadrila pila zeuden plazan, denak oihuka eta planak egiten. “Ordu erdi barru denak plazan bainujantzia eta bizikletarekin, ados?”

Urte batzuk atzera egin ditut, guk ere antzekoa egiten genuen. Tinbre erronda. Portaletatik joan eta ia nor jeisten zen plazara edo ez. Planak egin hurrengo egunetarako. Bata oporretan zihoala, bestea udalekuetatik etortzen zen bueltan, familia bisitatzera herrira,…

Hamarkadaz-hamarkada umeak aldatzen dira, gizartearekin batera. Baina poztu nau jakiteak, gauza batzuk mantentzen direla.

Oporretan nagoenetik, gaur hartu dut lehenengoz uda usaina.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina