LAU URTE IGARO DIRA

Lau urte igaro dira eta azkar esaten da. Gaurko egunez, 2004an zehazki, gurasoak medikuarenetik etorri eta esan zidaten amari bularreko minbizia diagnostikatu ziotela.

Gogorra da, dena jausten zaizu gainera eta pentsatzen duzun lehen gauza, entzutea gustatzen ez zaigun hitz bat da: heriotza. Gaur egun, aurrerapen ikaragarriak daude eta dena gainditu daiteke (edo hori esaten dute), baina horrelako gaixotasun bat tartean dagoenean…

Gogoratzen dut urduri nengoela etxean, ez zirela heltzen eta etxeko salan nenbilela bueltak ematen alde batetik bestera, leihotik begira,… Heldu eta berria eman zidaten.

Une hartatik aurrera erabaki nuen ama eta aitaren aurreran gogorra izan behar nintzela, bilatu nituen uneak negar egiteko, barrua husteko,… baina inola ere beraien aurrean.

Ebakuntza etorri zen, kimioa, radioa,… Arin esaten dela, baina bere denbora eraman zuela. Ama ahul ikustea, ez dakit zenbat pastilla hartzea, hogei egunean behin klinikara joan beharra, onkologoarengana bisitak,negarrak, pasioak amarekin,…

Txarrena, agian, ikustea familiako zati batek nola egin zuen paso, ez kezkatzea. Beti pentsatzen duzu familia ondoan izango duzula horrelako gauzetan, baina kontrakoa izan zen. Jendearekin kalean topatzea eta esatea zeinen kezkatuak zeuden familako kide horiek, kontrakoa zenean. Horrekin txasko handia eraman nuen.

Hurrengo urteko ekainean, minbizia desagertuta zegoela esan ziguten. Poza, aldi berean negarra, oihu egiteko gogoak,…

Oraindik tratamendu berezi bat hartzen dago, bost urte irauten ditu, baina joan gara errebisioetan dena ondo dagoela esan digute. Radiologoan gauden une horiek urduri pasatzen ditut, baina ama frogetatik malkoz beteriko irribarren batekin ateratzen denean, badakit dena ondo doala.

Gauza guztiek daukate bere alde ona eta txarra, baina onak ere izan zituen. Hor ikusi nuen nortzuk ziren benetako lagunak eta nortzuk ziren une onetarako lagunak. Denbora oro izan nituen lagun batzuk ondoan, animatzen, irribarre bat ateratzeko gogoz, nire negarrak aguantatzeko,… eta asko eskertzen da une horietan norbait izatea.  Gutxi batzuk izan ziren, baina sms bat jasotzea, dei bat, kafe bat hartzea,… ez dakit, asko laguntzen du.

Batzuetan pentsatzen dut tristea dela, baina gaixotasunak lagundu zidan amarengana hurbiltzeko. Arratsalde askotan berarekin geratzen nintzen etxean, bakarrik ez egoteko, hitz egiteko. Gaixotasunak eta amomaren heriotzak asko hurbildu gaitu. Horrelako unetan gertatzen dira, baina beno. Lehen esan bezala, gauza guztiek daukate alde positibo bat.

Gaur, ospatzeko eguna da.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

3 Responses to LAU URTE IGARO DIRA

  1. egilea: Joxe Aranzabal

    Nik ere zuen alde jasoko dut kopa, ospatzeko zelan egin diozuen aurre gaixotasunari eta zein ondo dagoen zure ama. Biba zuek!

  2. egilea: julen

    iep!

    aurreko batean saio baten ostean bi trago hartzen ari ginela, gizon bat inguratu zitzaiten, muturra berotukin ta duela gutti kimioa bukatu zuela eta berdinetik pasa zela eta bera ere “ospakizunetan” zebilen…egia erran ospatzeko modukoa da bizitzak emandako bigarren aukera hau…animo!!

    ongi segi!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude