Barre egingo nuke…

… ondorioak hain tragikoak ez balira. Eta nork geldiaraziko du holako herri ezjakina?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Carter USM: Sex Pistols eta Pet Shop Boys elkartu zirenekoa

Seguruenik inon ez duzue talde hau punk bezala definituta topatuko (gehienetan dance-pop, alternative dance eta holakoak erabili dira haien estiloari etiketa ipintzerakoan), baina, oker gogoratzen ez banaiz, holako zerbait galdetu zien kazetari batek, ea Sex Pistolsen eta Pet Shop Boysen arteko elkarketa bezala definitu zitezkeen, eta haiek gustura sentitu ziren definizioarekin. Haien webgune ofizialean ere punkari egindako aipamenak ez dira falta, eta sortzaile bakoitzaren biografiara joz gero, laster agertuko zaizkigu haien punk eraginak, baita ondorengo proiektuetan ere.

1987an sortu zen Carter USM (the Unstoppable Sex Machine, ez dakit horrek berak ere ez duen Sex Pistolsen izenarekin zerikusirik, haien azalpena beste ildo batetik joan arren), Londonen, Jim Bob eta Les “Fruitbat” Carter-en eskutik, eta gurean 92an atera zuten “1992 – The love album” diskoak egin zituen ezagun (aipatzekoa da disko horrek bake hitza zekarrela hamaika hizkuntzatan, eta gurea ere sartzeko ardura izan zutela).

Haiek egin zutenari zergatik deritzodan nik punk-dance? Nire kantarik kutunenetakoa, “Do re me, so far so good” ez dut hemen jartzeko moduan topatu, baina ikusi, entzun, eta zeuek erabaki. Nik gogora ekarri nahi nuen talde berezi eta apur bat ahaztu hau.

Hemen zuzenean txertatzeko aukera kendu dioten bideo bat duzue; honek ere merezi du-eta (ipini dizkioten etiketak, zinez, ez ditut nik erantsi, baina ez dut uste kasualitatea denik).

Eta hau bideo ofiziala ez den arren, uste dut egin duenak kanta ezin hobea aukeratu duela. Hemendik ere nire omenaldia buruzagi txit argi horiei eta haien gudari ausartei. Imajinatu hileta bat emango bazenu eta inor ez baletor…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Kritika

Hamaikagarren aldiz, lehengo egunean inori kritika pertsonalik ez egitea agindu nion neure buruari. Seguruenik, hamaikagarren aldiz ez dut agindutakoa beteko, baina nire arrazoiak azalduko ditut, behar dudanean hona itzuli eta neure buruari gogorarazi ahal izateko.

Nerabea nintzela, idealez betea sasoi hartan -batez ere neure buruari buruzko idealez betea, nerabezaroan geure burua baita idealizatzen dugun lehena-, ondorio honetara iritsi ohi nintzen, behin eta berriro: mundu honetan inor ez da ezeren errudun. Ez gara garena izatearen errudun. Ez genuen jaiotzea erabaki, eta are gutxiago sortu gintuzten gene apetatsuak aukeratu. Ez genuen eskola aukeratu, ez erlijioa, ez ondare kulturala, ez gure herriaren historia ez gure familiarena. Sexua ere fabrikan ipini ziguten. Ez genituen egin ezarri zizkiguten arauak eta ez zen gure hautua izan mutil handi hark egunero gu patioan izutzea. Ohean txiza egiteari uzteko ordua ere ez zen gure gogoarekin batera iritsi, eta goitizenak, gogoko izan genituenak zein barru-barruan mindu gintuztenak, ez genizkion guk geure buruari ipini. Txitxirioak gehiago edo gutxiago gustatzea ere ez zen zuhurtziak eska zezakeenarekin batera etorri, eta andereño sadiko hark gure ezpain estuen artetik goilarakada kontaezinak pasarazi bazituen bata bestearen atzean, argi dago, gure gogoz kontra izan zen. Zer egin genezakeen matematikak buruan sartzen ez bazitzaizkigun edo ikasteko hamar minutu eternitate bihurtzen bazen? Eta kiroletarako trebezia zer, gure nahietara plegatu da, ala? Zakilak ere bere kasa erabaki zuen noiz altxatu eta noiz egin lo, eta modu berean, pentsa dezaket alutik gora sentitutako zirrarak nahigabekoak izango zirela besteentzat ere, eta inoiz kezka iturri. Ez zen gura apeta izan patioan ikusten genituen begi eta irribarre lapur haiek gu zapuztuta uztea. Olentzerori eskatutakoa ere telebistak edo Corte Inglések aukeratu bazuen, zer esan gero zapaten aurrean benetan topatu genuenaz. Bibotea nahi baino beranduago iritsi, guk aitzurra gogotsu pasatu arren, eta zoritxarrez betiko geratu zen, eta erabilitako metodo guztietatik bakar batek ez zuen aknea makurrarazi. Hilekoarekin dudan eskarmentu apurragatik ere esan dezaket gutxien behar duzunean egiten duela bisita, eta irrikaz zain zaituenean muzin egiten dio etortzeari, temati. Ez, gu ez gara garena izatearen hobendunak. Nahigabez eta halabeharrez betetako zorroak bai, beharbada. Onerako zein txarrerako.

Gauzak horrela, zelan leporatu inori den bezalakoa izatea eta, ondorioz, jokatzen duen legez jokatzea. Pertsonak, norbanakoak, ez dira aurrerantzean nire kritikagai izango.

Arazoa ez dira pertsonak, haiek, nahi gabe eta kontzientzia handirik gabe, eta haiek badiot gu ere badiot, osatzen duten multzoa baizik. Errua beti izan da gizartearena, ezta? Ez gizartea osatzen dugun gutariko bakoitzarena, ezpada denon baturatik ateratzen den emaitza ikaragarriarena. Norbanakoak, bere txikian, ez du kalterik egiten. Orrialde batek ez du pisurik, baina zoaz zure motxilan hain arinak diren orrialdetxoak sartzen, segi, beste bat, ez da ezer, ez du pisurik… eta ea zer deritzon aireportuko langileak fakturatu nahi duzunean… Haren errua ere ez da gehienez 20kg eroan ahal izatea. Ardura konpainiarena da, eta konpainia ez da inor, guztiak batera baino. Kaltea, berriro ere, multzoak sortua. Beraz, esaterako, ez dut Ramoncín kritikatuko, SGAE baizik. Peoiak beti alda daitezke jokoaren taulan; haiek darabiltzaten egiturak dira arazoa.

Eta norbaitek entzuten badit Bushen, Razingerren, Aznarren… aurka berba egiten, ez dezala esan neure agindua bete ez dudala: pertsonez ari nintzen goian!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 6 iruzkin

Zure esana ala zuk esana?

Genitiboa ergatiboa ordezkatzeko maiz darabilgun elipsia da. Baina zer da elipsi horrek benetan ordezkatzen duena? Norenak dira berbak?

“Zure esaldia da hori”. Seguru? Txakur hori ere zurea al da? Ala haren konpainia gozatzeko eskubidea erosi duzu zuk? Berbak, ideiak, esaldiak, are istoriorik korapilatsuenak ere, hor daude; haien balizko konbinazio guztiak ez ditugu guk asmatu. Maileguan hartzen ditugu eta esan, pentsatu, idatzi ostean, berriro egiten digute ihes. Guk esan, pentsatu, idatzi ditugu, baina ez dira inondik inora gureak. Segundo, minutu, agian urte batzuetan, gure ahoan, buruan, ordenagailuan, paperean espetxeratzen ditugu eta askatuak izateko unearen zain bizi dira.

Ezagutza ere norbaitena ote? Newtonena ote da grabitazioaren legea? Beharbada bai, beharbada, Newtonek inoiz “definitu” ez balu hegan ibiliko ginateke gu guztiok. Newtonen aurrekoek egin legez. Ez da hala? Erlatibitatea ere Einsteinena omen. Baina argiak, zulo beltzek, guk geuk, inork bata bestearen ondoan ipinitako hitzen hurrenkera jakin bat behar al dugu argia argi, zulo beltzak zulo beltz edota gu geu izateko?

Testu hau ez da nirea. Nik batu ditut hitzak, ordena zehatz bat eman… Ezta hori ere. Gero eta argiago daukat berbek eurek aukeratu nautela une honetan neuk aska ditzadan, beste edonor hauta zezaketen bezala. Eta badoaz…

Beste guztia gizakiok daukagun posesio egarria besterik ez da.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Gaiztoak…

Gaiztoak dira gero, etorkinak. Bereziki errumaniarrak. Denok dakigu lapurtzera baino ez datozela. Gu bezalako hiritar zintzoei dirua, lana…, den-dena kentzera. Zerbait egin behar dugu babesteko.

Etorkinak engainatuta ekarri, esaterako? Lanik ziztrinenak eskaini? Paperik gabe biziarazi? Izerdi eta odol guztia atera eta balio ez digutenean ostikoz bota? Sartzen direnean dakartzaten dirua eta pasaportea kendu? Baina horretarako lege egokiak behar ditugu!

Bai, inmigrazio legalak kalte handia egiten digu eta hobe zailtasunak jartzea, badaezpada ere. Ilegalak, ordea, badauzka abantaila batzuk…

Ez dut erretako errumaniarraren irudirik jarriko ez dudalako morboa helburu. Horren ordez Suitzan alderdi batek bultzatutako hauteskunde kanpaina “burutsuaren” kartela doakizue.

Eraiki dezagun Europa zuri eta aberatsa… (gure etxeetako zimenduen azpian hildakoak ezkutatzen ditugun bitartean).

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Etxerako bidean

Iritsi da etxera itzultzeko garaia. Iritsi da gure mundura berriro esnatzeko garaia. Eta ez nago prest. Bangkokera iritsita Vientianera berriro ihes egitearekin baino ez dut ametsik egiten. Hemen errealitate gizajaleak ongi etorria eginda, itota sentitzen naiz. Egunak geratzen zaizkit etxera itzuli arte eta Makao eta Hong Kongetik pasatuko gara berriro. Baina ez daukat zer gozatu handirik. Gauza bi baino ez ditut desio: azkar etxean egon, etxekoekin, eta aurrean daukadan urtea ahalik eta azkarren joatea, ahalik eta laburren egitea Vientianerako itzuleratik banantzen nauen tartea.

Gauza gehiago pentsatzeko parada ere eman dit Bangkokerako itzulera honek: hau bihurtuko zen Laos ere, seguruenik, inoiz kapitalismo orojalearen eskuetan jausi balitz. Eskerrak AEB eta Thailandiak garaituak izan zirela 70. hamarkadan. Komunismo guztiak ez dira gure Europa “babestutik” begitantzen zaiguna. Kultura salbatzaileak ere izan daitezke kasu batzuetan.
Egun hauek palestinar batekin eman ditut Vientianen, eta hainbat  solasaldi edukitzeko aukera izan dugu. Agian ezagutzen dugun gizarte ereduari lehergailu erabatekoa ipintzeko garaia da. Beharbada terrorista izateko garaia da. Edo terrorista izateari uzteko garaia. Gure eguneroko bizitza itxuraz kaltegabea baita mundu honetako terrorismoaren oinarri ezjakina.

Inork ez lieke jaramonik egin behar nire berbei, bihotz zatitua da hemen hizlari.

ປີນາພບກັນໃໜ່.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 4 iruzkin

Utikan Europa

Bizitza zoriontsuagoa izan daiteke,
zalantza barik, mendebaldeko gizartearen ametsak sinetsarazi digun
modernitate eta sofistikaziotik urrun. Are gehiago, bizitzak zentzua
eduki dezake. Zergatik tematzen gara europarrok, eta guri eta
Amerikari jarraituz, mundua, iparrik gabeko norabide batean? Zergatik
tematzen gara bizirik gabeko bizitzari lotzen? Zer dauka on lanerako
gure bizi behar itsuak, inoiz etorriko diren eta ia sentitu barik
agur esango diguten opor horien zain? Zuetako zenbatek topatzen diozue,
zintzoki, zentzua bere eguneroko bizimoduari? Eta hala ere gurea
gizarte posiblerik onena dela esaten diogu geure buruari, oso ondo
jakin barik benetan sinesten dugun.

Vientianen, Laoseko hiriburuan, hemengo
jendeak egunero irakasten dit zein ezjakinak garen. Egunero erakusten
dit gutxiagorekin ere bizitzak 24 orduz merezi dezakeela, egunero.
Presa, ardura eta estresa legez, bizipoza ere kutsakorra da,
inguratzen zaituen sentimendu nagusia denean. Utikan aberatsen Europa
txiroa!

2007-0<br><br><a href=Vientiane, Laos

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Konflikt: gatazka Eslovakiatik

Hemen nator beste zorra bat kitatzera. Alde batetik, aspaldixe daukat eginkizun alboratuta, alferkeriaren beste zantzu bat, eta bestetik, joan den udatik daukat buruan talde honi lekua egitea hemen. Inguruko herrietako taldeak ekarri ditut lehenago: Polonia, Txekia, Hungaria, Kroazia…, eta ematen du Eslovakiari beti tokatzen zaiola ahizpa ahaztua izatea. Haindik baitator Konflikt talde aparta, Šamorín hiritik, hain zuzen ere.

Konflikt 1990ean sortu zen, orduan Azyl zeukatela izena, eta 1992an egin zuten aldaketa oraingo norabidean. Hemen nekez ezagutzen dugun taldeak garrantzi handia daukat Europa erdi eta ekialdean, eta 17 urte beranduago sasoiko jarraitzen du eta oker ez banago, laster edukiko dute euren hurrengo lana kalean. Bitxia da, bizitza luzea izanda, orain arte diskografia hain laburra izatea (osorik entzun ditzakezue hemen haien 3 diskoak), baina ez dezala inork pentsa geldirik egon direlako denik. Izan ere, punk klasiko, oldarkor eta kalitate handikoa egiten duen talde hau da Bratislavan urtero ospatzen den Punk Island jaialdi ikaragarriaren antolatzaileetakoak, eta aurtengo zein aurreko urteetako kartelei erreparatuz gero, punka ezagutzen duen edonor jabetuko da zelako mailako taldeak pasatzen diren handik. Haginak zorroztu, bai!

Esan legez, musika aldetik punk klasikoa egiten dute, gogorra, melodiak alde batera uzten ez duena, inoiz reggae keinuak ere dauzkana, eta gitarra metaleroei ere muzinik egiten ez diona. Musikari apartak eta ahots onak, dena eslaviar punkaren zapore nahastezinak bilduta.

Baina hitzetatik harago, hemen duzue zuzenean ezagutzeko parada. Bide batez, Punk Island jaialdian hartutako irudiak ere ikusteko aukera!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 4 iruzkin

SGAE, mafia legalegia

Badakit alfer deituko didazuela, baina egia esan, oraintxe afaldu dut, sabela astuntxo daukat, eta luzatzeko gogo gutxi. Gainera, SGAEko piratek ez didate denbora gehiegi kenduko, nahikoa kentzen didate euren bide legalen bitartez. Kontua da badela garaia gizarte osoak begiak irekitzeko eta ultra-fatxa batzuek hain gogoko daukaten “aski da!” famatua denok esan dezagun kaputxarik gabeko terrorista hauen aurrean. Mafia “on” guztien moduan, euren helburuak erdiesteko hamaika mozorro eta bidezidor erabiltzeko prest daudela argi dago. Nik ez dut hemen dagoena baino ezer hoberik idatziko, eta nekatuegi nago hona euskaratzeko. Ez izan zuek ni bezain alferrak, eta irakurri osorik, merezi du eta.

Gerra SGAEri eskura dauzkagun modu guztietan!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 4 iruzkin

Urtebete!

365 egun eta 120 inguru artikulu beranduago, blogak bizirik dirau. Erregulartasuna ez da haren ezaugarri nagusia, baina hemen nago eta jarraitzeko prest. Esperientzia polita izan da, irakurleengandik jasotako feedback handiagoa eskertzekoa izango zen arren, eta neure burua gehiegi behartu barik, zer esan dudan bitartean leku hau izango da nire burua zeharkatzen duten ideien eta nire alferkeriaren ispilu. Oraindik zorrak dauzkat, gainera! Malaysiako ekialdea eta beste herrialde batzuk, aspaldian utzixeak baina buruan dauzkadan punk talde gehiagoren aipamenak…, eta errezetak! Ea noiz janzten dudan amantala berriro. Ikusiko dugu hurrengo 365 egunek zertarako ematen duten… Orain gehiago dira oporrak eta daotozen bidaiak buruan dabiltzanak!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 4 iruzkin