Gizarte atomizatuan familia eragozpen denean

Gaur, sistemak inteligentzia zerbitzuei lana geuk egin diezaiogun oparitu dizkigun tresna horietako batean, Facebooken, alegia, honako esaldia irakurri diot nire lagun birtual bati: “Patroia eta familia erakundeak kaltegarriak dira berez; bateratuta, dagoen esplotazio modurik okerrena dira”. Ados egon ohi naiz lagun horrek idazten dituen gauza askorekin, baina honetan ezin, eta uste dut aukera ona dela buruan maiz izan dudan gai horri heltzeko.

Hasteko, edozer aztertzeko bide zientifikoaren oinarria -halako bideetatik urrun egon nahiago badut ere, ez bainaiz zientziaren erlijioaren gurtzailea- enpirismoa izanda, denok daukagun esperientzia iturririk gertukoena geurea dela ezin ukatu eta, beraz, neure familiari begiratu diot lehenbizi hori hala den ikusteko: erakunde esplotatzailea, kaltegarria izan da nire familia niretzat? Bada…, ez. Ezezko borobila. Askotan mugatzailea bai, ziur, daukadan familia izan ez banu gauza askoz gehiagotara ausartuko bainintzatekeen, seguruenik. Familiari min emateko aukera beti izan daiteke galga bat bizitzan aurrera egiteko. Baina kendu legez, zalantza barik, asko eman dit eta, balantzan jarrita, niri dagokidanez, behintzat, errepikatu nahi dudan eredua ez bada ere, mugatu baino gehiago naizena izatera bultzatu nau, bere borondatez edo bere borondatearen kontra. Lehen esperientzia horretatik atera eta, nire ingurura begiratuta, ez dakit bere familia esplotatzailetzat daukan jende askorik ezagutu dudan. Oro har, diskurtso erradikal teoriko ikasietatik harago, bere familia maite duen jendea ezagutu dut nik, ñabardurak ñabardura. Askotan, gainera, ikusi dut familia horixe dela aterpe bakarretakoa gizarte honetan gauzak oker doazenean, jendea esplotatua izateko “eskubidea” ere gauzatzera iristen ez denean, esaterako. Halaber, familia osatu duten lagun anarkistak ere badauzkat, familia horietan aita-amak egon, ama bakarra izan…, eta ez dut uste eurek ere izan dituzten seme-alaben edo daukaten bikotekidearen esplotatzailetzat daukatenik euren burua, familia osatu dutela argi izan arren.

Norberak lehen eskutik ezagutzen duenetik harago, estatistikak dauzkagu. Ez dut haietan batere federik, jainkoengan beste, gutxi gorabehera, manipulazio zientifikorako biderik erabilienetakoa izanda, baina hala ere, egun, komeni denean, denek begiratzen diete datu hotz horiei eta direnak eta ez direnak ondorioztatzeko eta teoriak eraikitzeko erabiltzen dituzte barra-barra; beraz, ikus dezagun haien bidez zer datu atera dezakegun, adibide soil batekin… Umeek familian pairatzen duten esplotazioaren eredu zehatza ez bada ere, familiaren kalteetako batzuk neurtzeko balio diezagukete, esaterako, umeek pairatzen duten indarkeriari buruzko informazioek. Estatu Batuetarako emandako datuen arabera, 10 umetatik 1ek pairatzen du familia indarkeria -eta indarkeria, oro har- eta 16 umetatik 1ek pairatzen ditu sexu gehiegikeriak. Datu horietan, bestalde, bitxia da ikustea mutilek eta neskek antzera pairatzen dituztela tratu txarrak eta gehiegikeriak, hildakoen artean mutilak apur bat gehiago izan arren, eta are bitxiagoa ikustea tratu txar eta gehiegikeria gehienak (%53,5) emakumeen eskutik datozela, pentsatu ohi denaren kontra. Baina tira, horrek beste hausnarketa batzuetarako emango luke. Kontua da, estatistiketatik harago edozein tratu txar eta gehiegikeria kasua guztiz dramatikoa bada ere, ume gehienek (%90ek) ez dutela, horren arabera, halakorik pairatzen euren familietan. Indarkeria mota guztietan legez, gutxiengoen kontua izaten da beti, gutxiengo horiek guztienganako susmoak eta akusazioak mirarizko erraztasunez zabaltzeko erabili ohi badira ere, batere azterketa kritikorik gabe, bizi ditugun alarmismoaren eta errepresio mota guztientzako gorazarrearen garaiotan. Bestalde, umeen esplotazioari erreparatzen badiogu, ume esplotatu bakoitzaren atzean, kasu gehienetan, familia esplotatu oso bat dagoela ikusiko dugu. Halakoetan, beraz, esplotatuak, langile eta nekazari txiroak, bizirauteko euren lan-indarra besterik ez dutenak, biktima izatetik biktimario izatera igaro ohi dira berehala, gure komunikabide eta pentsamendu-sortzaile zintzoen lan apartari esker, halako familia “esplotatzaile” gehienen atzean justiziak nekez ukitzen dituen enpresari “zintzoak” daudela ahaztuta -atzo bertan La cáscara rota film oso gomendagarrian argi ikusi genuen bezala-.

Hala, gure garaiotan, ezker “erradikaletik”, maiz entzuten dira akusazio izugarriak familiaren aurka. Alde batetik, egitura patriarkala eta matxista. Bestetik, umeak gizarteratzeko, “normaltzeko”, otzandu eta “zibilizatzeko” oinarrietako bat direla. Eta, falta barik, noski, emakumearentzako kartzela ere badela. Hori dena, ñabardura barik, berriz ere. Hala, familia eredu bakarra, mendebaldeko familia patriarkal nuklearra, hartu eta dagoen eta historian izan den eredu bakartzat erabili ohi da familia mota guztiak arbuiatzeko. Hori izaten du maiz egungo diskurtsoak: errealitate aniztasuna oztopo da, nahi baino gehiago pentsarazten du, nagitasun intelektualaren garaietan askoz eraginkorragoa da dena sinpletu eta diskurtsoa minimizatzea. Zuria edo beltza. Gehienetan, esperientzian oinarritzen ez diren irakurritako edo entzundako sasi-teoriak iturri bakarra.

Familiaren aurkako etsaigoa, ordea, ez da berria, ezta modernoa ere. Pentsalaririk klasikoenetako batek, Platonek, hain zuzen ere, aspaldi idatzi zuen haren aurka, aspaldi aldarrikatu zuen haren desagertu beharra, eta nago, egun familiari, ñabardura barik, erasotzeko dauden arrazoi berberak ezkutatzen zirela filosofo ospetsuaren diskurtsoan. Izan ere, Platonentzat, bere gizarte totalitario “perfektua”, bere errepublika, diseinatzerakoan, arrazoi goren bakarra Estatua zen, eta Platonen Estatu totalitario hartan familiak oztopo ziren. Hala, bere Estatu hartako elite batentzat, zaindarientzat, emakumeen eta haurren “komunismoa” proposatu zuen -eugenesiarako plan oso zehatzekin batera proposatu ere, gizarte bikain harentzako mailan ez zeuden geneak desagerrarazteko-. Platonentzat maitasunak ez zeukan tokirik. Gehienez ere, ona zen gerretan, maitaleak elkarren ondoan borrokatuta -gerrara gizonak eta emakumeak berdintasunez joan eta borrokatzea ere proposatu baitzuen-, gerlariak adoretzeko, euren onena eman zezaten, maite zutenaren aurrean portaera heroikoa izan zezaten. Baina Estatuarentzat, onena familiak desagerraraztea zen. Harreman finkorik ez, maitasunik ez, sexu askea, gurasorik ezagutuko ez zuten umeak eta… Estatua bere gerlari guztien “aita” bakarra.

Baina Platonen ereduak ez zuen arrakastarik izan, eta orduko eta geroko Estatuek ez zuten familia akabatu. Hala, gizarte askotan egungoarekin zerikusi handirik ez zuten familia ereduak egon ziren. Batez ere, familia zabala deritzona. Familia haiek 20 kidetik gorakoak ere izan zitezkeen, horrek denak batera bizitzea esan nahi ez bazuen ere. Eta familia zabal hark indar handia eman zien herritar xumeei bizitzako gorabehera guztiei aurre egiteko, baita gorakoei aurre egiteko ere. Izan ere, egun familiaren aurka erabiltzen diren argudio guztien kontra, familiak, beste ezeren gainetik, altruismoaren, elkar-laguntzaren, maitasunaren eta elkartasunaren gotorlekua izan dira luzaroan. Eliteen kontrako kulturaren zaindari. Euren akats, gorabehera eta gatazka guztiekin.

Eta, hain zuzen ere, horiexek dira liberalismo modernoaren adar batek jasan ezin dituen ezaugarriak. Iraultza burgesaren proiektuan, familia proletarioak, diru eta giza baliabide iturri diren bezala, arazo eta buruhauste iturri ere izan dira betidanik. Alde batetik, ume “gehiegi” izaten zituzten garai batean, eta burges batzuk beldur ziren egunen batean, haien populazioa hain azkar hasita, matxinatuz gero, gehiegi izango ez ote ziren, haien indarrari aurre egin ahal izateko, eta hortik hasi ziren lehen proiektu malthusianoak eta eugenesikoak, abortuaren aldeko lehen aldarriak barne, hura baitzen proletarioen hazkundea kontrolatzeko proposatutako neurrietako bat, ez bakarra. Bestetik, auzo berberetan bizi ziren familia proletario zabal haiek gaitasun handia zeukaten elkarri laguntzeko, patroiari elkarrekin aurre egiteko, euren burua antolatzeko, eta, argi dago, hori ez zen patroien oso gustuko.

Azken mendeetan, baina, besoen premia hori beste modu batean hasi da antolatzen ipar globalean: hego globalak eman ditzala behar diren beso horiek -lantegirako zein gerretarako-. Ipar globalean, aldiz, hobe daukagu gizarte atomizatua, gizaki hiper-bakartua. Familia, burgesiak zabaldu zuen ereduaren araberako familia patriarkal nuklear eredu hori, hain zuzen ere, ez da beharrezkoa -eta, denboraren poderioz, familiaren aurkako diskurtso hori berez zabalduko da herri xumeetan ere, haien gizarte eredua ipar globala izaten baita lehenago edo geroago-. Ezin hobeto irudikatu zuen Aldous Huxleyk, bere Bai mundu berria famatuan, sistemak egun ipar globalerako nahi duen gizarte eredua, Platonek nahi zuenaren oso antzekoa, bestalde: gizakien, gizon zein emakumeen, ardura bakarrak hiru izan behar dira: produzitzea, kontsumitzea eta “zoriontsu” izatea. Gizaki bakartuak, isolatuak, egolatrak, hedonistak eta azalekoak behar dira. Maitasunak gidatutako harreman oro kaltegarria da, alferrekoa, oztopoa gizarte eredu horretan gora egiteko. Beraz, familiak ez dira gehiago behar. Haurrak haztea eta heztea eta herritar guztien oinarrizko “premiak” asetzea Estatuaren kontu. Esklabotza eredu berrian sistemari aurre egiteko eta bestelako harreman ereduak, materialistak ez diren interesak eta motibazioak hedatzeko balio izan dezakeen oro baztertu egin behar da.

Bide horretan, beste gauza askotan legez, arazo bat dauka sistemak, ordea: Estatu liberal burgesak sorreratik izan duen bitasuna. Sistemaren aldeko ikuspegi nagusi bina daude, moralari, ekonomiari eta politikari dagokienez, eta biak dira beharrezkoak. Kontua, orekari eustea da. Ikuspegi moral, ekonomiko eta politiko batzuk “eskuinari” lotuta ikusten dira. Beste batzuk, “ezkerrari” lotuta. Eta sistemak ezin hobeto ikasi du diskurtso bitasuna erabiltzen. Hala, garai batzuetan eskuina lan zikina egiteko erabiliko da, eta ezkerra lan garbia, eta beste garai batzuetan, alderantziz, norberak zikintzat eta garbitzat zer hartzen duen. Kontua, gainera, ez da beti erraz bistaratzen. Izan ere, pertsona -edo alderdi- berak eskuinari lotuta ikusi ohi diren balio moralak izan ditzake eta, aldi berean, ekonomiarako edo politikarako ikuspegi ezkertiarra, eta iruntzitara.

Moralari dagokionez, kristautasunari lotuta ikusi diren balioak eskuindartzat hartu ohi dira, familiari, sexuari, abortuari, eutanasiari… buruzko moral “estuak”. Eta haien kontrakoak, kontzientzia moral “zabalak”, ezkertiartzat jo ohi dira. Ekonomiari dagokionez, interes pertsonala, aberasteko “eskubidea”, merkatu askatasunaren defentsa, jabetza pribatua, berekoikeria… eskuinari lotuta ulertu ohi dira, eta “justizia” soziala eta aberastasunen banaketa, elkartasuna, publikotasuna, eskuzabaltasuna, merkatuaren kontrol estatala… ezkerrari lotuta. Politikari dagokionez, azkenik, eskuina Estatu minimoaren defentsan ikusi ohi da: Estatua bai, baina kapitalak batzeko bidea eman, pilatutako aberastasuna legez babestu eta jabeen “eskubideak” defendatzeko den neurrian eta, gainerakoan, Estatuaren abarotan neure negozioak aurrera ateratzea lortu dudan unetik aurrera, txiroak erreprimitzeko ez bada, nire bidetik desager dadila Estatua. Ezkerra, aldiz, Estatuaren defentsa sutsuari lotuta ikusi ohi da, Mussolinik zioen antzera, dena Estatuaren barruan, dena Estatuarentzat, ezer ez Estatutik kanpo, ezer ez Estatuaren aurka.

Errealitateak, aldiz, konplexuagoak izan ohi dira. Hala, esaterako, gauza askotan moral kristaua moral “unibertsaletik” -halakorik balego- gertu dagoen kontuetan, ez dago oso urrun etika anarkistatik, eta anarkismoak humanismotik duen horretan, bat egiten du kristautasunak, teorikoki behintzat, eta batez ere kristautasun primitiboari dagokionez, historikoki aldarrikatutako hainbat baliotan -elkartasuna, jabetza pribatuaren arbuioa, komunalismoa, maitasuna…-. Era berean, interes handiz entzun nien duela gutxi Argentinako emakume anarkista feminista batzuei kontatu zutenean XX. mende hasierako emakume anarkista feministak, argentinarrak, behintzat, abortuaren etsai eta familiaren defendatzaile sutsuak zirela. Dirudienez, garai hartako emakumeak artean ez zeuden joera neomalthusianoen mende, ez zekiten gauza handirik ezker erradikalaren familienganako gorrotoaz, eta egungoek baino argiago zeukaten patroiaren eta sistemaren aurrean familian zeukatela gotorlekurik sendoena. Argi zeukaten garai hartan, sistemari, hots, kapitalari eta Estatuari, aurre egiteko, emakumeek eta gizonek bat egin behar zutela, eta elkarrenganako maitasunean zeukatela indargunerik sendoena.

Nago, beraz, gauza askotan sistemak eskuineko ahoaz esan ezin dituen gauzak ezkerreko ahoaz hedatzen dituela. Nago, egun sistemak behar duen gizarte atomizatu, isolatu, bakartu, galdu, ahulduaren aurrean, familia eragozpen dela. Egun, Estatuaren besoetara biluzik eta itsu-itsuan botako diren norbanako babesgabeak behar direla, beste kontu askotan ikusten den bezala. Ez da arraroa, besteak beste, egun ezkertiarren eta iraultzaileen artean Nietzschek daukan oihartzuna. Ez arraroa, ez kasualitatea.

Edozelan ere, ez da gai sinplea, ez da baiezko ala ezezko batez ebazten den kontua. Kapitalismoa eta Estatua batera akabatu nahi dugunok, askatasunez erabaki behar dugu familiarik nahi dugun eta, batez ere, zer familia eredu nahi dugun, sistemaren eredu hierarkikoen isla izan barik, iraultzarako hazia bertan ere jarri ahal izateko.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

5 Responses to Gizarte atomizatuan familia eragozpen denean

  1. egilea: Porru

    Beraz, lehen gizakia aske eta behar bezala garatzen uzten ez zuen kartzela hura bera -familia- orain gizarte kapitalistari aurre egiteko gotorleku bihurtu zaigu. Hamaika ikusteko jaioak gara! Adinak aurrera egin ahala, askotan, gure pausoek iraganean sekula uste izango ez genituzkeen bide-adarrak hartzera garamatzate. Bizi legea da. Giza lege idatzi gabeko bat. Eta ustekabean bezala hartu ditugun bide berri horiek justifikatzeko nahia, beharra, premia -batez ere oso ideologizatuta dagoen jendearengan- hori ere oso humanoa dugu. Ondo dago norberari ziri hori sartzea: autojustifikazioa, autoengainua, autokontsolamendua. Baina denok ez gara tonto-tontoak ere; pixka bat bai, baina ez horrenbeste. Gorantziak familiari!

  2. asel egilea: asel

    Tira, idatzitakotik hori besterik ateratzeko gai ez bazara, zu zeu. Zeuk jakingo duzu ezer autojustifikatu behar duzun, ez da nire kasua, behintzat. Ez dut familiarik osatu, ez dut familiarik osatzeko asmorik… Baina horrekin zure pentsaera lasai geratzen bada, zeuk jakingo duzu. Nik ondorio bakarra atera dezaket zure oharretik, seguruenik zuk nire artikulutik atera duzun ondorioa bezain okerra: ez duzula tutik ere ulertu eta, kezkagarraigoa dena, ez duzula ahaleginik txikiena ere egin idatzi dudanaz hausnartzeko eta zure iritzi hain sendo eta seguruak une batez ere zalantzan ipintzeko.
    Nik, behintzat, etengabe jartzen ditut zalantzan nire usteak, eta horrexegatik idazten dut maiz nire artikuluak iritzi osagabeak, behin-behinekoak, unean uneko hausnarketak direla. Zorionekoa zu, uste eta iritzi hain irmo eta amaituak dituzula!

  3. asel egilea: asel

    Beharbada, Porru, zure uste irmo horiek zalantzan jartzeak beldurrik ematen ez badizu, eta artikuluan zertaz nabilen hobeto uler dezazun, interesatuko zaizu egungo gizartearen noranzkoan eragin handia izan duten demografo eta soziologo batek familiari buruz zeuzkan ideiak ezagutzea, eta agian ulertuko duzu norantz doazen goitik eraikitako politika batzuk eta zer diskurtsoren bidez gizarteratu dituzten nahi zituzten ideiak: http://es.wikipedia.org/wiki/Kingsley_Davis

    Bereziki zatitxo hau:

    “John MacInnes señala que en la obra de Kingsley Davis de 1937 Reproductive Institutions and the Pressure for Population se recogen argumentos antes expuestos por otros autores (Ogburn, 1933; Dealey, 1912 y Wirth, 1937) en los que se expone los objetivos incompatibles entre familia y mercado. La sociedad moderna y su industrialismo exigen una alta movilidad, urbanización, racionalidad, una división impersonal y muy extendida del trabajo que no podía ser compatible con la familia como institución clave del periodo anterior que denomina familismo.

    Según MacInnes Davis propuso unos sesenta años antes que el sociólogo Anthony Giddens -éste último lo hizo en 1992-, las ideas claves de la transformación de la familia y de la intimidad:

    1 – el declive del sexo reproductivo y su reemplazo por el sexo por placer o plástico,
    2 – el declive del matrimonio y su poder de regular el sexo,
    3 – el ascenso de la importancia social de los sentimientos y su discusión abierta y en público, incluso entre miembros de una pareja,
    4 – el declive del estatus sexual (el poder patriarcal o patriarcado)
    5 – el desarrollo de relaciones ‘democráticas’ o ‘puras’.

    La llegada inesperada -y aunque pasajera con el paso del tiempo- del baby boom en los años 40 y 50 en Estados Unidos hizo que Davis abandonara estos análisis sociológicos que mostraban relaciones más complejas entre familia, mercado, industria y fecundidad. Cuando en los años ochenta aparecieron de nuevo los niveles bajos de fecundidad Davis recuperó sus argumentos originales:

    The fundamental principle of the family is ascription of status. … The principle of industrial society is the opposite. By rewarding people for achievement, for what they do rather than who they are, industrialism generates competition and mobility. … Replacement of population however – at least insofar as it depends on biological motives – has not been “industrialized”. It has been left to the family … In a sense, then, industrial societies have left the important function of population replacement to a unit that is not only alien in principle to industrialism but which is vestigial, a social fossil. … But of late the encroachments of modernity have so demoralized the family that it is failing to fulfill its reproductive function.

    Hona haren ideia batzuk -barkatu erderaz jartzen baditut, ez daukat orain euskaratzen hasteko denborarik-:

    “… un sistema en el que el rol de padre lo asuma el estado y el rol de madre esté desempeñado por mujeres profesionales, cuyos servicios sean pagados directamente por el Estado”. David Kingsley 1937. Reproductive Institutions and the Pressure for Population.

    También propuso una serie de medidas prácticas para limitar el inconveniente deseo de las familias por un excesivo número de niños. Estas medidas pasaban por “reducir… la identidad de los hijos con los padres, o reducir… la posibilidad de que esta identidad sea satisfactoria”. Para conseguir esto, propone usar lo que denomina “el sistema de escuela”, cuyo principal cometido sería alejar a los hijos de sus padres. También sugiere que sea desalentada la maternidad: “si se liberase a los varones de la responsabilidad de los hijos y se rechazase la identificación con ellos; pues sin la ayuda diaria de un hombre, parece muy probable que pocas mujeres quisieran tener y criar dos o más hijos”. Davis ve con esperanza “los servicios de bienestar del niño, que han tendido crecientemente a desplazar al padre como un miembro necesario de la familia”. En su opinión, los servicios públicos cumplen una doble función al reducir el coste de los niños a sus padres y al mismo tiempo permiten “interponer otra autoridad entre el padre y el niño diluyendo así la identidad padre-niño”.

    Kezkatu egiten nau pentsatzeak noraino manipulatzen gaituzten. Beharbada, tonto-tontoa naiz eta zu listo-listoa, zer egingo diogu! Goraintziak Davis Kingsleyri! 😉

  4. egilea: Porru

    Tira, Asel, ohartzen naiz zure mezua irakurri nuen gauean ez nuela ezertxo ere ulertu. Bueno, diagonalean irakurri ondoren, zerbait bai, zerbait ulertu nuen, baina azkenaldian nahiko erreta naukaten justifikazio moduko zurikeria jasanezin batzuekin identifikatu eta bat-batean atera zitzaidan erantzun kakatsua. Negargarria. Oraingoan ondo-ondo eta mantso-mantso erreparatu diet zure hitzei eta, kristaua ez naizen arren (tira, ez daukat neure burua kristautzat, baina erabateko kristau txintxoen antzera jokatzen dut maiz), bihotz-bihotzetik eskatu nahi dizut barkamena.
    Aurkikuntza pozgarria izan da niretzat zure bloga, joan den egun tamalgarrira arte ezagutzen ez nuena -bide batez esanda-, eta irakurri ditut zuk idatzitako batzuk, ez asko, baina mamitsuak eta interesgarri askoak direla ohartzeko nahikoa. Faltan nabaritu dudan bakarra, umore printza batzuk izan dira, baina aizu, hemen bakoitzak bere estiloa dauka.
    Esandakoa, aurrekoan hanka barruraino sartu nuela eta sentitzen dudala, benetan.
    Segi ondo.

    • asel egilea: asel

      Aupa Portu, eskertzen dizut zintzotasuna eta apaltasuna, ez bata ez bestea ez dira errazak gaur egun, eta orain nire teilatuan geratu da pilota, nire erantzuna ere apur bat garratza izan zelako, kar, kar, kar. Beraz, berdinduta gaude, ez dago zer barkatu, maiz gertatzen zaizkigu halakoa, niri seguruenik askotan, behar baino garratzagoa, ironikoa, mingarria izaten naizelako nahi baino gehiagotan, eta beharbada ez dut beti zuk hemen erakutsi duzun duintasun hori agertzen atzera egiteko.
      Kontuan hartuko dut umorearena. Garai batean gehiago erabiltzen nituen ironia eta umorea, beharbada serioegia bihurtu naiz azken boladan, kar, kar, kar. Ekarpen guztiak dira ondo etorriak, dena dela, azkenean, hasierakoa bota zenuelako iritsi gara puntu honetara, eta ez dago txarto, ezta? 😉
      Segi ondo eta eskerrik asko bloga irakurtzeagatik eta zure iritziak uzteagatik!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude