Zure esana ala zuk esana?

Genitiboa ergatiboa ordezkatzeko maiz darabilgun elipsia da. Baina zer da elipsi horrek benetan ordezkatzen duena? Norenak dira berbak?

“Zure esaldia da hori”. Seguru? Txakur hori ere zurea al da? Ala haren konpainia gozatzeko eskubidea erosi duzu zuk? Berbak, ideiak, esaldiak, are istoriorik korapilatsuenak ere, hor daude; haien balizko konbinazio guztiak ez ditugu guk asmatu. Maileguan hartzen ditugu eta esan, pentsatu, idatzi ostean, berriro egiten digute ihes. Guk esan, pentsatu, idatzi ditugu, baina ez dira inondik inora gureak. Segundo, minutu, agian urte batzuetan, gure ahoan, buruan, ordenagailuan, paperean espetxeratzen ditugu eta askatuak izateko unearen zain bizi dira.

Ezagutza ere norbaitena ote? Newtonena ote da grabitazioaren legea? Beharbada bai, beharbada, Newtonek inoiz “definitu” ez balu hegan ibiliko ginateke gu guztiok. Newtonen aurrekoek egin legez. Ez da hala? Erlatibitatea ere Einsteinena omen. Baina argiak, zulo beltzek, guk geuk, inork bata bestearen ondoan ipinitako hitzen hurrenkera jakin bat behar al dugu argia argi, zulo beltzak zulo beltz edota gu geu izateko?

Testu hau ez da nirea. Nik batu ditut hitzak, ordena zehatz bat eman… Ezta hori ere. Gero eta argiago daukat berbek eurek aukeratu nautela une honetan neuk aska ditzadan, beste edonor hauta zezaketen bezala. Eta badoaz…

Beste guztia gizakiok daukagun posesio egarria besterik ez da.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude