Txistuak edo(ta) txaloak instituzio(ei)ari

Oraingoan ere Sarasuar batek eman dit ba blog honetan idazteko puntua. Aurrekoan Aitor Sarasuaren bertsoak ziren. Oraingoan Jon Sarasuaren koplak. Faktoria saioan entzun berri ditut eta erdizka entzun… Faktoriako lagunei ia non dauden galdetu eta zast! segituan esan didate hemen zeudela: Imanol Epelderen blogean.
Aurretik, zerbait irakurri nion Andoni Egañari ere Berrian. Egia esan, Egaña, txaloei zentratuagoa txistuei baino. Hauxe azken puntua:

Min hartzen dutenen aldekoa naiz. Ulertu ezinik
geratzen direnena, finean, fin ari direla uste dutela adierazten
duelako. Horregatik jotzen dut naturaltzat Kutxa Fundazioaren gizarte
alorrerako eta komunikaziorako arduradunak azaldu duen arrangura eta
gogoetarako nahia. Naturaltzat jotzen dudan bezala, txistu jo nahi
duenak txistu jo ahal izatea, eta jotzea. Izan zen beste kontu bat
Illunben, egiazki berria, niretzat esanguratsuagoa eta luzera arrisku
handiagoak ekarriko dituena: agintari batzuei txalo jo zitzaien. Eta
horrek bai ez duela erremedio onik!

Eta Jon Sarasuak, berriz kopla hauek kantatu ditu “piskat estutu ezkero hi izan hinteken horri”
beti ere interesgarri eta libre jarduteko modua ematen duten Putzuzulo Amets Fabrikan. Kopletan jarduteak oinetakoetan harri txintxarrak izatearen pareko omen, edo lokatza aipatu daiteke, edo fregatua, edo..:

Kargudunek erregalo.
Zein jator zein txorimalo
bereizi ezean, malo.
Lasai jo batzuei txistu
ta beste batzuei txalo.

Sari banaketan doa
min subliminal mordoa
baezpare itxi ahoa.
Prudentziaz oholtzan kantuz
ez da aipatzen laidoa.

Bertsogintzaren elizan
progresismoa kalizan
ta kontsentsua gerizan.
Ardi beltzen artaldean
zeinek nahi du txuri izan?

Txistujotzaile petoa
bi hankadun panfletoa
ia dugu etxekoa
distantzian begiratuz
espezimen konpletoa.

Txistulari txistulari.

Honi, horri edo hari

lehen instituzioari.

Ta orain sinpleki

hire alderdiko ez denari.

Txistu-jotze anonimo.

ausardizko keinu irmo

laido izkutu maximo.

aurpegira egindako

mintzoaren antonimo

Ematen du ba zer pentsatua txistuek zein txaloek. Ni denei txaloak jotzearen aldekoago. Eskerrik asko, Imanol Epelderi hau dena jaso eta zabaltzeagatik.

Tobera: Aitor Sarasuaren kantua Arrasateri jarria

Hasi da berotzen… hemen kantutxo bat Aitor Sarasuak jarria. Ez da ez radioformula ze 6 minututik gorakoa da. Doinua ezaguna askorendako, baina letrak… berkantatu ditu Aitor Sarasuak astean bertan. Eta hemen entzungai, jaisteko aukerarekin, kopiatzeko aukerarekin… CC By SA.

Fauna Txiki Bat -Arratus Kampanzaris-(1) by Iban Arantzabal

Bertsoetako bat:

Txingurri gaixo ebentuala

kalien dabil primeran

kakalardo baltz lenau punkixa

parkien umezain eran

jestoretako aker hippixa

Eako ahuntzekin hegan

mobila eskuen buztanikara

Maxiko kutxan illeran

Herri honetan behar leukien

danak ez dauz Santagedan

Sarrerak erosteko: barra-barra
Informazioaa sartzen joango dira hemen: goiena.net/blogak/dtobera

Jon Sarasua berbetan: interesgarria

Ezin izan nintzen joan Plateruenera. Eta badakit bideo honetakoak asko badira ere, gehiago emango zuela hango tertuliak. Aggggg. Ze pena! Platerueneko lagunek laburpen-bideoa jarri dute, behintzat. Hemen pegatzen dut eta baita handik ateratakoak ere, idatziz. Eskerrik asko plateruei:

  • Euskara: Euskaldunok munduan oso pareko gutxi dugu. Herri mugimenduetatik eta Estaturik gabe egin izanak are gehiago esaten du gure alde. Ikaragarria da egin duguna. Ikaragarria da 50 urtean egin dena euskararengatik.  Egoerak dituen desafioak ere koska izugarria dira… gure boteila ez dago erdi hutsik edo erdi beteta, boteilak zuloa dauka! Belaunaldi berrietan alarmak pizten hasiak gaude, hala ere. Ez dago ikusi besterik euskara hutsean ikasi dezaketen gazteen jarrera. Gogorra da, oso-oso gogorra. hizkuntzaren atxikimenduarekiko elementu funtsezkoak galtzen ari gara. Egoera gordina da. Gogoetak hasi dira Topagunean-eta…  Nondik egin? Repolitizaziotik, mugimendu sozial berrietatik eta hegemonia guneak antolatzetik etorriko dira emaitzak. Besterik da fedea politikan jartzea, oraingo prozesu politikoak ekarriko dituela instizuzio berri batzuk-eta… Horrek ez digu konponduko arazoa. nire fedea ez da hori eta badaude elementuak analisi horretarako.
  • “Hanka bat lokatzetan ez duena ez da interesgarria”: Esaldia ezker kultura bati egindako keinua da, kritika: Sektore bat ohitu da 68ko ezkerraren moduan jokatzen, beste bat boterean dagoena da, eta gainontzekook erreibindikatzen, protestatzen, eskatzen… ezkerraren ia jarrera bital bihurtu da erreibindikatzea eta eskatzea. Errealitatea da, hala ere, Gauzak eraldatzen sartzean kontraesanen aurrean gaudela. Hankak zikindu egiten dituzu. Plateruena moduko mobida batean, esaterako, mila kontraesan kapitalistetan sartzen zara, merkatuaren morrontzetan, hankak lokatzetan ez sartzeko bide bakarra bizi garen errealitate sozio-ekonomiko honetan da ezer ez egitea.
  • Kooperatibak: gehiena dute lokatzetik kooperatibek. Ni kritiko nago, baina errealitate konplexu eta aberats batean hainbeste da ona… hautua egiten dut onaren alde… kooperatibek sakonean dituen paradigmak balio du: “Gauzen jabe izan daitezela gauzen protagonistak”. Berdin du Gaztetxe bat, industria bat, enpresa bat, ikastola bat edo dena delakoa. Horiek izan daitezela jabe, ez Estatua, ez kapitala, ez administrazioa… ez dadila goragoko inor izan jabe. Hau da autoeraketaren paradigma. Anarkista zaharren amets hura. Nire ibilbidean konstante bat baldin badago euskalgintzarekin batera, edo konstanteago, autoeraketa da, nire leit motiv ideologiko nagusia izan da autoeraketa. Horren bila ibili naiz beti, gauzen protagonistak gauzen jabe izatearen potentzialaren bila ibil naiz beti. Nire intuizioa da XXI. mendeko lehengai ideologiko bat dela eta kontraesanean jartzen du eskuina zein ezkerra. Eta ezkerra gehiago zeren eta despistatuagoa ere badago. Kooperatibak paradigma horretan oinarritzen dira, baina bi arima dituzte: paradigma honi eusten diona eta desarrollismo ohiko batean sartzen dena. Kontraesanean bizi da kooperatibismoa eta interesgarria ere bada kontraesan hori.
  • Politika: Ziklo berri bat hastearena serioa da eta ezinbestekoa. Erabat bat egiten dut prozesu horrekin. Energia berriak aktibatzeko aukera emango du. Herri honetan energia sozialaren poltsa handiak daude. Bat, ikaragarria, ezker abertzalean dago, txapela kendu besterik ezin dut egin. Erakutsi duen energia ikaragarria da 50 urteko jardueran. Bestetik, badago gatazka honek blokeatu duen beste energia bat ez dena behar beste manifestatu eta abertzaletasun umezurtz bat deituko nukeen beste poltsa handi baten dagoena. Horretan gutako asko gaude. Bihotzaren parte bat alde baten daukat nik eta bestea beste batean. Hor energia izugarria dago. Potentziala badago. Horretarako pauso hau beharrezkoa zen eta ongi etorri da. Atzerapausorik gabekoa da konturatu delako ezker abertzalea Estatuak neurria hartu diola eta hortik Estatuaren mesedetan besterik ez duela jokatzen puntu batetik aurrera.
  • Itzultzea bertsotara: Ez dakit agertu nahi dudan… Piska bat galduta nabil… jendeak uste du oso ona naizela. Eta arazo bat da. Espektatiba handi xamarrak egon daitezke nigan… Herdoilduta daramat 10 urte eta bertsogintzak ibilbidea egin du 10 urtean. Asko eskatuko lidake jendeak eta nik ere bai neure buruari. Sufrituko nuke bertso-afari mediokre bat egiten. Suposatzen baita Jon Sarasua itzultzen bada bertso afari hori izango dela kristona eta nik ezin diot listoi horri erantzun. Bestetik, miresmena sentitzen diat hireganako, esatearako -Amets Arzailusi diotso- ez da niri begira egoteko garaia.

Aurkezpena: Euskal kulturgintzaren estrategiak

Euskal Kulturaren oinarriez-eta jardun zuten atzo Koldo Mitxelenan. Formatuaz ere berba egin daiteke, baina hori beste baterako. Kasu honetan, eta edukia zelan eman behar den garrantzitsua bada ere, edukiak zuen garrantziarekin geratu nintzen. Zelako eduki sakona dagoen atzo aurkeztu zuten horretan. Taula gainean bost lagunetik lau gertukoak: Iñaki, Nekane, Julen eta Jon. Lorea Agirre ere bazen, baina ez dut tril egin berarekin atzoko aurkezpenera arte. Ezagunak gehienak eta zer esango zuten irrikaz nengoen, entzuteko prest, ikasteko prest. Bostak MU-ko sorguneak ikertegikoak.

Serio egin dute lan eta aurkeztu zuten Aldundiko kultura eta euskara departamentuak enkargatutako txosten bat: “Euskal kulturgintzaren estrategiak”. Azterketa kualitatiboa, subjektiboa eta aberatsa. 127 elkarrizketaturi hitza eskatuta eta 200 orduko transkribapenarekin mamitutako txostena.

Niri gustatu zitzaidan “euskaldun” berbaren pisua mahai-gaineratzea “euskal”, “vasco” eta abarrekoen ondoan. Magisteritzako garai haietan ere nahikoa lan eman zidan euskaldun definizio zorrotzeko horrek. Ikaskideren baten ama euskalduna ez zela eskola orduan esateak ere ekarri zituen buruhausteak. Gustatzen zait hain basikoa dirudien hori entzutea: euskarak egiten gaitu euskaldun.

Berriz entzun nuen Bagaran zein lehenago ere entzuna nuen “merkatua, gizarte zibil autoeratua eta administrazio publikoek” osatzen dutela kulturgintzak bizi duen eremua ere. Eta guztiz ados nago gizarte zibil autoeratuak duen garrantzia azpimarratzean. Gustatzen zait eta bizi dut hori egunerokoan bertan. Bat egiten dut, baita ere, euskal kulturgintzak eskain dezakeen onena gertutasuna, berezkotasuna eta benetakotasuna direla.

Hamasei oinarriren gainean egin zuten berba eta bat edo beste gehitxoago aletu ere bai. Aletzeok izan ziren interesgarrienak entzule honendako. Gero etorri ziren kulturgintza biziberritzeko estrategia batzuk hamabi puntura ekarriak. Gehienekin egiten dut bat. Txostena (papera) ekarri dut etxera eta birpasatuko ditut, gogoz irakurriko dut kultur bizitzaren azterketa kualitatiboan elkarrizketatuetatik atera dena ere. Egon ez zinetenok non irakurri? ez dakit sarean jarri duten. Gustura emango nuke lotura bat eta horrela kanpo-hedapena mimatu. Ez dut topatu.

EuskalKulturgintzaEstrategiak

Kuriositate bat: txostenean internet “I” txikiarekin idazten dute Sorguneakeko lagunek eta bagara batzuk “Internet” idazten dugunak 2010ean 🙂

**Argazkia: Maite Goñi: http://plixi.com/p/62953063

Gure herrixa posturazalia da, auzua be bai

Gustoren ikusi eta gogokuen doten posturetako bat bonboniana izan zan. Seguruenik barru-barrutik bizi izan giñualako kuadrilla guztiak. GOITBko lankidiek erreskatauta ordukua irudittan. Kazetari lanetan zein eta… 🙂 Ia animatzen dan besteren bat bonboniakin.

Gure kuadrillan egon dira gehixago: “ezetz Urbixara 35 minutuan” edo “baietz zuen kuadrillakuak baiño lehenago asto karreran”, edo “trontzan baietz zuek baiño bizkorrau moztu enborrok”, edo baietz ezer jan barik egon astebete, siropiakin bakarrik”, edo asko ez dala egin zeben mendi-antxitxiketaldixa: “Elgeta-Intxorta-Udalatx-Elgeta ibilbidia zeiñek lehenau”. Boteprontuan akordatzen jatazen batzuk baiño ez dira.

Gure herrixa eta baitta auzo izandakua be

Oin, barriz, 20 urte dala eginddako postura bat berriz egingo da, iraillak 6 betetzen dittuanian. Oingo astian betetzen dira 20 urte Uberako Kaxkajuai posturia irabazi zotsala Juan Martín Elexpuru Aiako erregiak (Uberatik Elgetara hiru aldiz ordubetian baietz eta ezetz). Eguenian, 19:00etan egin bihar dau berriz saiuoi. Oinguan postura barik, baiña Uberatarrren bat izango da epaille eta denpora-hartzaile. Ur-trago bat emotera gerturatu biharko dot, gutxienez.

Elexpuruk esaten daben moduan, “Badakik, hemen zoratuta eztagona, eztabelako nahi.”

Zelako inddarra daken posturek herrixa bizirik eusteko. Ezetz?