Txistuak edo(ta) txaloak instituzio(ei)ari

Oraingoan ere Sarasuar batek eman dit ba blog honetan idazteko puntua. Aurrekoan Aitor Sarasuaren bertsoak ziren. Oraingoan Jon Sarasuaren koplak. Faktoria saioan entzun berri ditut eta erdizka entzun… Faktoriako lagunei ia non dauden galdetu eta zast! segituan esan didate hemen zeudela: Imanol Epelderen blogean.
Aurretik, zerbait irakurri nion Andoni Egañari ere Berrian. Egia esan, Egaña, txaloei zentratuagoa txistuei baino. Hauxe azken puntua:

Min hartzen dutenen aldekoa naiz. Ulertu ezinik
geratzen direnena, finean, fin ari direla uste dutela adierazten
duelako. Horregatik jotzen dut naturaltzat Kutxa Fundazioaren gizarte
alorrerako eta komunikaziorako arduradunak azaldu duen arrangura eta
gogoetarako nahia. Naturaltzat jotzen dudan bezala, txistu jo nahi
duenak txistu jo ahal izatea, eta jotzea. Izan zen beste kontu bat
Illunben, egiazki berria, niretzat esanguratsuagoa eta luzera arrisku
handiagoak ekarriko dituena: agintari batzuei txalo jo zitzaien. Eta
horrek bai ez duela erremedio onik!

Eta Jon Sarasuak, berriz kopla hauek kantatu ditu “piskat estutu ezkero hi izan hinteken horri”
beti ere interesgarri eta libre jarduteko modua ematen duten Putzuzulo Amets Fabrikan. Kopletan jarduteak oinetakoetan harri txintxarrak izatearen pareko omen, edo lokatza aipatu daiteke, edo fregatua, edo..:

Kargudunek erregalo.
Zein jator zein txorimalo
bereizi ezean, malo.
Lasai jo batzuei txistu
ta beste batzuei txalo.

Sari banaketan doa
min subliminal mordoa
baezpare itxi ahoa.
Prudentziaz oholtzan kantuz
ez da aipatzen laidoa.

Bertsogintzaren elizan
progresismoa kalizan
ta kontsentsua gerizan.
Ardi beltzen artaldean
zeinek nahi du txuri izan?

Txistujotzaile petoa
bi hankadun panfletoa
ia dugu etxekoa
distantzian begiratuz
espezimen konpletoa.

Txistulari txistulari.

Honi, horri edo hari

lehen instituzioari.

Ta orain sinpleki

hire alderdiko ez denari.

Txistu-jotze anonimo.

ausardizko keinu irmo

laido izkutu maximo.

aurpegira egindako

mintzoaren antonimo

Ematen du ba zer pentsatua txistuek zein txaloek. Ni denei txaloak jotzearen aldekoago. Eskerrik asko, Imanol Epelderi hau dena jaso eta zabaltzeagatik.

Xabier Iturbe Kutxako presidentearen hitzaldia euskara hutsean

Gaur goizean Arrasateko Kulturaten egon naiz. BBK eta Kutxaren fusioaz entzun eta irakurri ditugu demasak, baina gaur Kutxako presidentearen ahotik entzuteko aukera izan dugu fusioaz uste duena. Hitzaldia euskara hutsean izan da eta publikoan egongo ziren 70-80 lagun inguru, gehienak enpresarioak. Bai, baziren euskaraz tautik ere ulertzen ez dutenak. Hala ere, hitzaldia euskara huts eta garbian egin du.

Aurrera goaz bai, aurrera goaz eta garaiotara egokitu beharko dugu euskaltzaleon mezua ere. Presidentea etorri da Debagoienera eta euskara hutsean egin du, konplejo barik. Horixe esan diot hitzaldia amaitu duenean, eskertzen dela hitzaldia euskara hutsez egin izana, beti ez dela gertatzen eta abar. Xabier Iturberen erantzuna hauxe: ni euskalduna naiz.

Hitzaldiko bideorik ez, baiña hemen uzten dut GOITBn egin diogun elkarrizketa (15 min)