Xabi Labaien gogoan

Saiatu sarean arrastoa topatzen eta ez duzu irudirik lortuko, edo oso-oso ezkutuan, akaso. Normala da; Xabi, ez zen lehen lerroan ibili zale. Ez zen argazkien lagun, bai fokuena, ordea; izan ere, fokuak ere norbaitek jartzen baititu artistek distira egin dezaten. Antzerkian erabiltzen zituen pare bat fokuek ze argi ikusgarri ematen zuten! Isilik, trabarik egin barik, atzeko lanean, baina beti fin, zintzo eta inurri legetxe. Pertsona on bat galdu du artisteoak, artisten lagun zen soinu teknikari apal eta on bat. Lagun bat galdu dugu Bergara-Soraluze-Elgeta ingurumariakook. Gutxirekin asko egiten zekien musikazalea izan da niretzat beti Labaien. Xabi. Niretzat Txabi. Txabi Labaien. Telefonoko kontaktu zerrendako laguna.

1996ko hasierak izango ziren Moraurekin egin zela Gaztelupeko Hotsak zigiluaren sorrera. Ordukoan ere bueltan-bueltan zen Labaien. Nik ezagutu nuen geroxeago. Deabruakeko Imanol, Joni eta Haritzekin batera. “Dana lanbrotute ikustot” emankizunak utzi ninduen pla! Begiak zabal-zabalik. Aranbarri, Izagirre, Otamendi… Eta Mattin eta Xabi Ubeda, eta Aintzane Astigarraga ere bazebilen. Ikusten eta entzuten dut begiak itxiz gero Sarrionandiaren Kiromantzixa errezitatzen: “Ekarrixu ona eskumako eskue; amen iñok estotzu ainke eingo ta; onuntzatxuau baña ikumille eees; sabaldu eskuuue; ta lusetu atzamarrok; es bilddurtu.”. Begiak itxita ikusten ditut Amaia eta Txabi Labaien ere. Oso arduratuta emanaldiarekin estetikarekin. Handik gaurdaino harreman dezentea izan dut Liskerreko teklatu jotzaile eta kantari zenarekin. Ahotsarekin jokoak egitea oso zuen gustuko mikroa pizteaz bat. Bazetorren aspaldiko Seska taldean jotzetik, edo gerora Euskal Herriko mugetatik kanpo jardun zuen Mikel Herzog bergararrarekin aritzetik. Nik “Dana lanbrotute ikustot”-en ezagutu eta egin nuen lagun. Zer zen emanaldi hura! Ze tipo apal eta gertukoa ezagutu nuen han!

Gerora Mikel Urdangarinekin batera dezentetan, Moraurekin berarekin, Pettirekin, Tapiarekin… Eta Gaztelupe tabernatik pasatu diren artista pila galantarekin gogoratzen dut. Soinu mahaiaren atzean. Xarrarekin eta Ubanerekin eskuz esku. Ez dakit seguru zergatik, baina Fly Shit-ekin ere erlazionatzen dut eta bereziki Rogelio Botanzekin. Dezentetan Soraluzen jotakoa, eta baita Elgetako Gaztetxean banda osoarekin (dozena bat lagun) edota Espaloia Kafe Antzokian ere. Ederra izan zen 2004aren bueltan Botanzek Alfonso Sastrerekin egin zuen emanaldia Espaloian. Goi mailako emanaldia! Mahai bueltan batu ginenon artean zen Labaien bera ere, besteak beste disko horretako, “Rogelio botanz canta a Alfonso Sastre” bideoan Amaia eta Xabi Labaien ibili zirelako buru-belarri.

Ahotsak.eus proiektuan ere egin zituen hainbat lan. Eta ez da denbora asko azken lana Goienarekin egin zuenetik. Danbaka musika lehiaketako kontzertu guztien soinu-nahasketa egin du berak telebistan emanaldia eman aurretik. Kontzertuko grabazioak pistaz pista jaso eta post-editatu. Lau egunean lau talderen ordu erdiko materiala entregatzera etortzen zen Goienara Danbaka osteko eguaztenetan. Zelako fina! Ze maitasun musika-lanean!

Ez da erraza izango ahazten. Seguru nago apal-apal jardungo duela dagoen tokian dagoela musika ikasgaiak ematen: “ez du egin behar “ro-ro” ezta “fi-fi” edo “pfi-pfi” ere, “tz” horiek ez dute luzeak izan behar gure belarrietarako. Ahotsa entzun behar da garbi. Garbi baina ez altuegi. Garbi eta ulertzeko moduan. Apala eta gure musikazaletasuneko irakasle bat. Eskerrik asko, Txabi!

Oh.: Goienak ere eman du berria: https://goiena.eus/bergara/1689100236156-xabier-labaien-musikari-eta-soinu-teknikaria-hil-da

2 comments on “Xabi Labaien gogoan

  1. Ander Elorza(Fly Shit)(e)k dio:

    Aupa Iban! Hitz politxak eta benetakuak, holakua zan Txabi isilian lan eta lan. Edozein saltsa artistikotan sartzeko beti prest.
    Fly shitekuokin be sartu zan hainbat enbajadatan, bi diska “Bizitza, baina nola bizi?” eta “Arnas bakoitzetik ernetzen” grabau, nahastu eta masterizau zittun. Lehenenguan teklauak sartu zittun pare bat kantutan eta bixetan guk be ez dakigun detailiak. Beti laguntzeko prest zegonez bide lagun izan ginun sasoi baten, kontzertuetako teknikari edota parranda lagun bezela. Batezbe Eloyekin kontzertuz kontzertu ibiltzen zan euren musika zaletasuna hasetu nahixan.
    Haundi bat juan jau!
    Aupa Txabi, betirarte!

  2. AMAIA LABAIEN ARRIBAS(e)k dio:

    Eskerrik asko Iban!! ondo ezagutzen zenuen, holakoa zen. Jarrai dezala bere bidea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude