Burutik kendu ezin dudan arren (pentsa familiak), ahaztu minutu batez ez hanka eta ez bururik ez duen atentatuaren gordintasuna.
Adierazpenak eta adierazpenak entzun ditugu, grabatu, editatu, eman… Dena eta denetarikoa jasotzea izan da gure nahia eta hein batean lortu ere lortu dugu.
Izan da adierazpenak euskaraz ere egin dituenik, eta erdaraz ere egin dituenik, zelan ez. Baita bakarrik erdaraz eta bakarrik euskaraz egin duenik ere. SER katekoa haserretu egin da, bai, euskaraz bakarrik egin dutenean haserretu da bakarrik. Badakizue, elebitasuna.
Bizitza bizitza da, handiena
Imanol Murua
kazetariak idatzitakoa oso osorik mezu honetan. Idazten ekin naiz,
baina asmatu ez. Ulertu ere ez dut ulertzen gertatzen dena eta azaldu… ezin berbak josi saiatu naizen arren. Berria egunkaritik hartua:
Zaila da bizkarrezurrean behera hotzikara ez sentitzea, albistea
entzunda. Euskal herritar bat beste euskal herritar bati hurbildu zaio,
gizaseme bat beste gizaseme bati, bost tiro eman dizkio eta hil egin
du. Isaias Carrasco, 42 urteko arrasatearra, PSE-EEko zinegotzi ohia.
Bi alaba eta semea, aitarik gabe. Emaztea, alargun. Gurasoak, semea
betiko galduta. Inoiz konpondu ezingo den kaltea.
ETAk erabaki du Isaias Carrasco hiltzea. Giza eskubideen artean
oinarrizkoena, bizitzeko eskubidea, kendu egin dio euskal herritar
bati, giza eskubide guztien jabe beharko lukeen gizasemeari.
Garai batean PSE-EEko zinegotzia izan zelako aukeratu bide du
ETAk Isaias Carrasco. 2003ko hauteskundeetan 2.375 arrasatearren botoa
jaso zuen zerrendako kidea. Ikuspegi politikotik, gaur egun inolako
ardurarik ez zuen herritarra. Bizkartzainik ez zuena. Alderdi
sozialistako militanteen artean, katebegi ahulena.
Kargurik gabeko militantearen aurka eginez, alderdi
sozialistari bete-betean jotzeaz gain, PSOEko -edo PPko- kideen artean
jomuga izan daitezkeenen taldea, mehatxatuen taldea, izugarri handitu
du ETAk, lehendik ere oso zabala zen zirkulua are gehiago zabalduz.
Lekutan daude Komando Autonomo Antikapitalistek 1984an Enrique Casas
senatari sozialista hil zutenean -hauteskunde kanpaina baten bukaeran,
hura ere- ETA militarrak eta Herri Batasunak hilketa hura arbuiatu
zuteneko garaiak, politikari bat hiltzea onartezintzat zutelako.
Ataka zailean dago ezker abertzalearen ildo nagusia, bere
osoan. Joko politikoaren zelai ofizialetik kanporatua, buruzagi
politikoak espetxeratuta, eskuak lotuta eduki nahi dute Estatuko
aginteguneek. Politikaren zelaian pausoak emateko ezinduta, egunetik
egunera zailago du prozesuaren alternatiba prozesua dela sinestea.
Politika egitea eragozten badizute, nekez sinetsiko baituzu politikaren
aukeratan.
Eta, ataka horretan, bidegabekeriari bidegabekeriarekin
erantzuteko hautua egin du ETAk. Batasunak, EAE-ANV eta beste
hainbestek jasaten duten bidegabekeria politiko eta humanoari
erantzuteko, autobideko ordainleku bateko langilea hil du. Gorpu bat
mahai gainean, Espainiako Gobernuaren eta alderdi nagusien politika
baldintzatzen saiatzeko.
Jatorrian, arazo politikoa dago. Itsuak ere ikusten du. Gatazka
politikoa. Herri baten erabakitzeko eskubidearen ukazioa. Jakina da
gatazka politikorik gabe ETArik ez legokeela, hilketarik ez legokeela.
Baina itsuak ere ikusten du gatazka politikoa konpondu ezinik
jarraitzearen ondorio derrigorrezkoa ez dela ETAk ekintza armatuak
egiten jarraitzea. Atentatuak egitea, ETAk esku artean dituen
aukeretako bat da. Isaias Carrascoren heriotza, ETAren erabakiz ekidin
zitekeen tragedia da.
Atentatu bakarra den, edo ziklo armatu gordin baten hasiera,
ETAk erabakiko du. Gertaera honek ezker abertzale politikoan
zalantzarik gabe eragin duen ezinegonak biderik egingo duen, inoiz
jakingo dugu. Eta atzokoak konponbidea zer neurritaraino zailduko duen,
denborak esango du.
Bitartean, Bernardo Atxagak idatzi eta Jabier Muguruzak abestutakoa gogoratzea merezi du. Bizitza, bizitza da.
‘Un tesouro português’ plaentxiarren eskutik: Ventos de Saudade
Plaentxiarrek bertakotutako kantu portugaldarra, zehatzago. Zergatik fadoa? Amalia Rodrigues-ek dioen moduan:
Amodioaz, zeloez,
hausterre eta suaz
min eta bekatuaz
hori dena badenez
hori dena da tristea
dena da fadoa.
Gustuko dutelako dira fadolari plaentxiarrak, edukiak, kantuerak eta musikak erakarrita: gitarra espainiarrarekin eta erritmoari egoki eutsiz: Jon Basauri; gitarra portugaldarrarekin eta musikaren pisua eramanez: Domentx Uzin orkestra gizona; zeharkako txirula fado taldeetan ikustea oso zail den arren ondo josten diren melodiak haizeetan: Ane Ugalde; ahotsean, berriz, erregistro zabaleko ahots garbia eta sakona, Chaile-a esku biekin hartuta ahotsa nahi eran goratu dezakeena: Arianne Unamuno.
Lau taldekideak dira kantuen aurkezle, hitzen itzultzaile edo kantuen norakoen azalpen-emale. Irudikatzen du inork Portugalera bidaian joan, Portugaleko lau seme-alabarekin tril egin eta euskal kantuez osatutako dozenatik gorako errepertorioa entzutea, esaterako Coimbran? Ba utopiatxo hori errealitate egiten dute Ventos de Saudade taldekoek. Benetako lau euskaldun fadolari portugesez kantuan, euskarazko azalpenak lagun eta sentimenduak eraginez.
Lisboako zerua ikusi zuten Espaloia Kafe Antzokira gerturatutako 200 lagun inguruk. Txaloak Amalia Rodrigues edo Misiaren fadoetan. Bisetan Marizaren hiru: Recusa, Loucura (musikari poeta eta entzuleak gogoan hartuta) eta Faco Curvo. Maria Bobonneren bat ere jo zuten horrela esaten duena:
Bem pensado
todos temos nosso fado
E quem nasce mal fadado
melhor fado não terá.
Izan ere, ondo pentsatuz gero bakoitzak badu fado bat eta Espaloian batutako jendetzak 15 fadoren artean aukeratzerik izan zuen. Ibiltarte handia duen ikuskizun duina.
Goizeko laurak baziren eta gu fadoak entzuten oraindik. Sarri moduan, bigarren kontzertuak ematen du, gutxienez, taula gainekoak beste. Fadoak eta fadoak ordu txikitan, eta aspaldi entzun bariko euskal kantu batzuk, eta rockeroagoren bat ere… Geratzen direnek bakarrik gozatzen duten horiek mometuok. Zelako gaba ona!
Zein erabili: huelga edo greba?
Nik egin dut aukera: huelga erabiliko dut. Baina zuen iritzia jaso gura nuke. Zuek ontzat emango zenukete esaldi hau Goienkarian agertuko balitz? “huelgak eragin handia izan du Debagoienean”.
Gaztelerazko “huelga” berbatik hartuta erabiltzen dut nik “huelga”. Frantsesez, berriz, “grève” erabiltzen dute eta hortik “greba”. Bai, lanuztea ere agertzen da hiztegietan baina…
Sareko lagunek galderari erantzundakoa jaso dut blogeko mezu honetan. Itzul eta Eibartarrak zerrendatik hartu ditut erantzunok. Bietan naiz partaide eta biak dira eztabaidagune irekiak.
Xabier Mendigurenek erantzun dit bizkorren eibartarrak zerrendan: Goienkarirako nik ontzat emango nuke “huelga” hitza erabiltzea. Segituan etorri da Amatiñoren erantzuna ere: Gehiago esango deuat, “grebak” bajaukak “huelgak” ez daukan konnotazio semantikoa. “Huelga” naturalagoa dok, “garbiagoa”, karga ideologiko gutxiago, ondorioz, “sinesgarrixagoa”.
Hau irakurrita galdetu diot ia zer esan gura duen karga ideologico gutxiago dioenean. Erantzuna da!: Ia, batetik, “huelga” ondo daok, primeran daok eta Debagoienako jendiak, zeozer egittekotan, huelgia egin juan, ez grebia. Kazetaritza, bertsolaritza moduan, ez dok gramatikari eta irakaslieri errezoia emoteko, lelenguan aitzeko baino. Horrez gainera, berbok euren balore semantikua jakek, nahiz-ta bardin esangura izan. Subirotasuna/burujabetza, asanblada/biltzarra, greba/huelga etab. etab.
Nere ustez, egun horretan, lanik ez egittiaren alde gehixago ahalegindu zittuan subirotasuna-asanblada-greba taldekuok,
burujabetza-biltzarra-huelgakoak baino. Orduan, behin gertatuezkero, eta arrakastaz gaiñera –ondo ulertu bajuat–, “huelga” berbiak “unibersaldu” egitten jok “grebian” arrakastia. Baina, tira, hik galdetu, nik erantzun, iñori ardura ez jakozen ñabardurak…
Eibartarrak zerrenda oso bizia da, euskaraz dagoen biziena eta niretzako interesgarriena ere bada. Han jasotakoek bete naute, baina Itzul-eko jendearen iritzia jasotzea ere gura nuen, nire iritziaren aldekoegiak bakarrik batu ditudalakoan… Itzul-etik:
- Eneko Gotzonek: Nik ez. “Greba” erabiliz gero, zergatik “huelga” ez? “Lanuzte” ere erabil dezakezu. Zuk erabaki.
- Gotzon Egiak: «Opor-otsa dok txaide zabalan,/ -ukabil sendo, soñanzki urdiñ-» zioen Estepan Urkiagak, «Langille eraildu bati» poeman. Sarasolak ere jasotzen du, bigarren adieran: «2. 1918 (G. er.) Lanuztea. OPOR EGIN. Lanera edo eskolara huts egin. Gaur Josebak opor egin du.» Egun, bakaziñuekin daukagu berdinduta, baina… Bai, badakit, «Opor egunak eragin handia izan du Debagoienean» ez zen ber gauza izango. Ez eguna, ez esaldia 🙂
- Xabier Andonegik: Nik ez dut uste huelga ongi dagoenik euskara batuan. Ez dator, dakidala, hiztegi batuan. Ez dio axola greba nondik datorren, edo zein bidetatik etorri zaigun. Kontua da euskara batuan greba esaten dela eta hori erabat normalizatuta dagoela.
- Karlos del Olmok: Orotarikoan huelga bat baino gehiago dago eta grebaren kontura azalpenezko edo polit bat: _Nahasdura bat hiri batean, errebolta edo _greva_ bat langilen artean_. Elsb _Fram_ 183. Ez da […] huelgarik, grebarik edo lan uzterik izan_. MEIG VIII 37.
- Jon Agirrek: Goienkarian testua batuaz badago -esaldia behintzat badago-, nire iritzia da, “huelga” ez dagoela ondo erabilita. Baina euskalkian balego, edo azpieuskalkian edo euskalki aldaeran, orduan batuaz onartuta ez dauden bestelako hitzak erabiltzea egokia litzateke, delako hizkuntza aldaeran erabiliak badira. Bestea tranpa da.
- Xabier Andonegik berriz: Beste gai bati buruz ari zela, Ibon Sarasolak hauxe idatzi zuen. erabili.com: “Eta Euskal Herri osoari begira telefonoa pausatu lehenetsiko bagenu, euskara batuaren une hoberenetara itzuliko ginateke, arkitu edo huelga erabiliagoak gorabehera aurkitu eta greba hautatu ziren uneetara; hots, euskara batua Euskal Herri osoari begira eraikitzen genuen une gogoangarri haietara.”
- Mikel Morris-ek: Nire ustez, “huelga” ez da erabili behar, prentsan ez behintzat. “Pertenezitu”, “joditu”, eta “bentana” hitzen mailan jarriko nuke. “Huelga” español hutsa da (uelga “etxeratuko” al dute, noizbait?). Ez da, ez, nazioarteko hitza. “Grève” internazionalagoa da. Portugesez “greve” esaten dute, errumanieraz “greva”, eta beste hizkuntzetan ere “grève” hitzaren baliokideak agertzen dira. Nazioarteko mailan, “grève” eta “strike” (strajk, streik, eta antzekoak agertzen dira zenbait hizkuntzatan) gehienik erabiltzen diren hitzak dira. Lanuztea ingelesezko “work stoppage” delakoaren antzekoa da. Dena den, huelga e(u)spañola da. Hitz hori baztertzea, euskara zainduan behintzat, komeni da.
Hauek denak irakurrita Eibartarrak zerrendara jo dut berriz. Gertukoa dut zerrenda eta iritzi eskea egin dut lotsa barik. Komentatu diet Itzul-en esandakoak zeintzuk diren eta jaso ditut beste iritzi batzuk:
- Elena Laka: Iban, ni ez naiz itzultzailea, (eta orain konturatzen naiz behar bada horrelako eztabaidarik ez izateko laga niola itzultzaile izateari, besteak beste), baina aitak ondo sarmar erakutsi zidan euskaraz eta Goinkariaren irakurle fina naiz, eta portadan irakurriko banu “huelgak Debagoienean ez dakit zer”, ondo irudituko litzaidake. Horra neure iritzixa.
- Garikoitz Araolaza: Deja vu. Ez naiz akordatzen zein hitzekin, baina izan genuen eztabaida hau. Ondo idazteko noren irizpideak jarraitu nahi dituzue? Hori erabakitakoan erantzuna erraza izango da.Dena dela, hizkuntza hiztunek egiten dugu, eta nork daki, igual hemendik 10 urtera euskara batuan “huelga” hitza hobetsiko da.
- – Serafin Basauri: Irakorrittakuak irakorri eta gero be, begittantzen jata eibartarrontzat “huelga” edo “uelga” berbiak daukan tradiziñua kontuan , “greba” berbia guztiz postizua dala baitta Goienkarirako be. Euskara Batuaren alde gare, baiña ez dot zenbaitt jokabide ulertzen, esate baterako: takian-potian eta edozein erregistro idatzittan eta baztar guztietan “pairatu” gora eta “pairatu” behera daguan enpatxua, euskara batuan “sufritu”, “aguantatu”, “jasan”, “eroan” ez balegoz bezela.
- – Oier Araolaza: Toribio Etxebarrian lexikoiak sarrera moduan dakar “Huelgia”. Hauxe diño berak: “Euskerizado al generalizarse la llamada cuestión social”. Nik hauxe ulertzen dot hortik: Eibarren ere huelgak egiten hasi ziranian, berbia bera euskara “bihurtu” zala… Adibide bat ere jartzen dau: “Quintana Hermanos-en lanteixetan Eibar-en lenengo huelgia”. Eibarko Hiztegian ere jasota dago sarrera, Toribiok esandako gauza berekin: http://www.eibarko-euskara.com/hiztegia.php?ek=xehe&zein=3594
- – Leire Narbaiza: Aupa, Huelga bezain erdelduna da greba neretako. Zuzen-zuzenian auzo erderatik hartuta. Hiztegi batuan ez dator huelga, baiña normal-normala da gure artian. Goienkarixan eta batuan nere eritxixan egokixa da. Iruñan eta Baionan irakortzeko balitza, biherbada, ez. Itzultzaille batek “tranpa” berbia aittatu dau. Ez da tranpia. Herri beste batua dagoz. Eta debagoienako batuan hulega sartzen dala uste dot Guardasola eta bentania askondako barbarismuak dira. Juanmartin Elexpuruk Cum laude etara eban doktore tesixan bentana berbia defendatziagaittik…
- Eneko Astigarraga: Eibarko forjarien kantan “lan uztea” erabiltzen da: “Gaur forjariak lana utzirik gatoz guztiok kalera …”. Baina uste dut bertsolaria ez zela eibartarra. Serafinekin bat, “huelgia” ein dogu edo huelgia dago, “greba” baino normalago entzuten da Eibarren. Ibanek galdetu duelako estrainakoz nabil iritzia emoten hizkuntz kontu hauetan, baina guztiz ezjakina naiz.
- Oier Gorosabel: Jojo Bidart kazetarixak kontau zeskuan Arrosako billera baten: Lapurdi, Baxenafarroa eta Xiberuako euskal irratixetan batuaz egin nahi dabe, baiña haiñ egitten jake entzuliei arrotza eze, “iparraldeko batua” izeneko gauza bat desarrollau bihar izan dabe albistiak amankomunian emoteko.
Bizkaia irratixan, antzera gertatzen da, “bizkaiera batuakin”.
Urte batzutan batzera, batzera joeria egon da, eta oiñ ostera euskalkixetara itzultzekua. “Greba”n aldekuak beste denpora baten ataskauta geratu dittuk, Iban. HUELGA eta kitto.
Gerora etorri dira Itzul-etik beste pare bat erantzun:
- Karlos del Olmok berriz idatzi du huelga Euspañola dela esan dutenei erantzunez:
Euslpañola? Alegia, euskaldun batek (Txirritak, adibidez)
natural-natural darabilen mailegu irentsia? Nazioartekotasunaren
izenean mendebaldeko euskaran ondo erroturiko mailegu bat alde batera
utzi behar? Hain gara hitzez aberats ze botatzeko moduan ere garen?
Hamaika ikusteko jaioak gara, benetan! Dena dela, beste gauza askotan
bezala, iritziak iritzi, erabakiak erabaki, gustuak gustu eta
gomendioak gomendio, hiztunak guren duten bidetik joan doaz, hizkuntza
bizi guztietan legetxe, bestalde.
ANTXOKO HUELGA
Jose Manuel Lujanbio, Txirrita, 1919
Mila bederatzi ehun kunplitu eta hemeratzigarren urtean,
huelga baten bidez okertu gera Antxoko partean;
buruzagia balitz bezela oiartzuarren tartean,
guri bengantzan hasi zerate oso gorroto fuertean;
beti gogoan izango degu bizirik geran artean.Adenda moduan: Zelan ahoskatzen dute greba berba hori euskalkikotzat ez
dutenek (alegia, mendebaldeko gehienek)? Nik huelgia entzunda nago
kalean… eta ez euspañolen ahoan, jakina. Eta lan uzterik ere nekez
egingo du lanik barik, behar egiten duen nekezaleak… Lekukotasunak
lekukotasun, Mitxelenak berak greba, huelga eta lanuzte erabiltzen
zituen… Dena dela,
zergatik da hobea (nazioartekoa izan arren) frantsesetik hartutako
mailegua gaztelaniatik hartua baino? Gustatu ala ez, euskal hiztunen
masa mendebaldekoa da (nori berea zuzenbidea izateak lege behar luke
hizkuntz erabakietan ere).
- Alfonso Mujika: Arrazoi osoa duzu, Karlos. Txirrita eta Mitxelena euspañolez gainera, Urruzuno, Arrese-Beitia, Ugalde eta Eguzkitza ere idazle euspañolak izan ziren; baita Joseba Sarrionandia, Andu Lertxundi, Josu Zabaleta, Inazio Mujika, Pablo Sastre… Eta gu, inozook, ezta ohartu ere. Beharrik, iritsia da itsuok argituko gaituena.
Eta bai, hauek denak irakurrita huelga erabiliko dut lasai asko. Ez lasai asko bakarrik, baita konbentzimenduz ere. Pentsatzen dut adibide xume hau izan daitekeela pentsamolde oso baterako lagun.
Eskerrik asko, benetan, zuen iritzia eman duzuen guzti-guztioi.
Egunkaria libre
- Egin bisita: www.egunkaria.info
- Informazioa gazteleraz blog berri honetan: www.javierortiz.net/voz/egunkaria
Egun osoa euskaraz nabigatzen hasi arte
Gaur goizean goizetik nago Donostian. Lehen orduan kafetegi batean euskaraz eskatu eta erantzun dit zerbitzariak, baita hizketaldia egin ere; zazpiko (Batura Movile, Vicontech, Euskaltel, Itelazpi eta Goiena) bilera bat egin dugu proiektu baten gainean euskara hutsean, eta gustoa ematen du; Kursaalean Jaurlaritzak gonbidatutako beste bilera bat arratsaldean eta hau ere, normala den moduan, euskaraz; Gero ziber batera joan naiz kontsulta txiki bat egitera eta euskaraz egin dit portu ondoan dagoen lokutoriokoak. Fenomeno!
Eguneroko bistazoa egitera joan, Sustatun sartu-eta…:
Tu navegador está configurado en español
Configurado en español… Pena izan da. Hurrengoan noanean ordenagailu horixe hartuko dut eta ez du letrero horrek irtengo. Badakizue, ekintxa txiki horietako bat. 🙂
Aste akabera tristea
Politika jarraitzen dut, edo hobeto esanda euskal politika. Tokikoago diren albisteak langai ditut, eta astean bat egin dute tokikotasunak eta politikak.
Bergarako epaitegiko leherketak gure atentzioa erakarri zuen eta baita han batutako kazetaritza egiteko modu xelebreak ere. Zuzenekoak egiteko 5 parabolika, kamara pila bat, kazetariak elkarrizketatuei berba handiak atera guran… Demasa! Kazetaritza egiteko modu ezberdinak daude, zorionez. Baita politika egiteko moduak ere.
Guk ere leherketa horixe genuen albiste eta saiatu ginen inplikatuei mikroa zabaltzen. Kaltetuei, herritarrei, kolore guztietako politikariei… Gura zuenak izan zuen mezua gertukoenei zabaltzeko aukera.
Ilegalizazioak epaitegiko leherketa tapatu zuen garrantzian. Ez da kasualitatea izango bariku hori aukeratzea Madrilek notizia emateko. Garrantzia handiagokotzat dut albiste triste hori eta baita gerora etorri diren atxiloketak ere, tartean ezagunak.
E-posta trukea izan dut lagun batekin eguerdian eta nik berari:
- Irabazten ete daren egoten nok pentsatzen aspaldixan.
Berak niri:
- Eurek irebazten ibilttiek enau hainbeste arduratzen. Geu galtzen gabizela jakittiek beste ez, behintzet.
Astelehena tristea izaten da, baina aste akabera hau ere…
Sarrera ordainduta baino jende gehiagok ikusi du ordaindu barik Gu ta gutarrak
Euskal Herrian Gu ta gutarrak bertso-musika taldea izango da teknologia berrien indarra ondo erabiltzen duen bakarrenetarikoa. Gertutik bizi izan dut Unai eta Igor blogariek lortzen dihardutena: bertsozaletu eta musikazaltzen dute ikuslea.
Ez da zerotik hasten, noski, eta bloga ez da ezerezetik sortutako mirari bat. Talde lan handia dago zuzenekoei zuzendua, ondo egindako lana, eta emanaldi on horretatik abiatzen da dena. Lan artistikoak ez du pegarik.
Blogak ez dio ikuslerik kentzen zuzenekoei, alderantziz:
- Lehenengo, emanaldi hori publizitatu egiten da. gutagutarrak.eu blogean irakur daiteke zein emanaldi datozen. Post batean ere jartzen dute, normalean. Gonbidatua egongo dela esaten den arren ez da zehazten zein den. Herriko edo ingurukoren batek zeozer egingo duela badakigu denok, hala ere.
- Emanaldiaren berri jasotzen dute gainontzeko hedabideek (tradizionalak ere begiratzen diote blogari ze informazio iturri ona da eta errotik hartzen dute edukia, sortzaileek beraiek emana).
- Emanaldi ostean, bi-hiru egunetara agertzen da beste post txiki bat erretratu batekin. Han esaten da zein izan den gonbidatua, eta laburpen txiki bat (dena loturekin Internetek eskatzen duen letxe).
- Bi kamerarekin grabatzen dute emanaldia eta Premierrekin editatu gero. Youtubera igo eta voilà!! Emanaldiaren zati bat edozeinen eskura blogean.
Horrek berorrek sortzen du hurrengo emanaldietarako gosea, zuzenekoetara joateko gogoa eta Internet bidez jarraitzekoa ere bai (bueno, nerekin egindakoak… baina gehienetan bai): Internet erabiltzaileek ikusi eta irakurri egiten dute, gero lagunari gomendatu ikustea, harek lagunei… zurrunbiloa sortuta dago eta haruntz-honuntzean power point pisutsurik bidali barik, gainera! Loturak nahikoa dira, zer da ba Internet loturak ez badira?
Ez dakizkik estatistikak, baina bi datu edozeinek ikusteko moduan daudenak: Jon Sarasuaren martxoaren 4ko partehartzea 1.800 lagunek ikusi dute. Baigorrin otsailaren 10ean (urte bete gutarkerian!) egindako saioa 2.100 lagunek ikusi dute.
Triste honek parte hartutako “hIbanerak” saioa, “Barra ertzeko habanerak” 250 lagunek ikusi dute astebetean. Flipantea! Espaloian ditugun helburuak bikoiztu egin dituzte. Guk kultura programatzen dugu ahalik eta jende gehienak gozatu dezan, besteak beste. Eskerrak helburua ez dela dirua egitea ze saio hau 10 egunean jende gehiagok ikusiko du saretik! Sarrera ordaindu barik sarrera ordainduta baino jende gehiagok! Eta gu, zelan ez, pozik! Biba gutarrak!
Sekretua? lana. Musika talde askotxo dabil managerrak aurrera aterako dituztelakoan…
¿Configurados en Español?
Gero eta bizkorrago doa Internet eta susmoa daukat denok ez goazela abiada berean. Bizkor, nabigatzaile eta euskal enpresei esker, eta ez webguneen orriak bizkor zabaltzen zaizkigulako (operadoreek engainatzen gaituztela uste duzu zuk ere, ezta?). Euskarazko hainbat erreminta izan dira notizia Argian: VLC Media Player, Euskaltube, Elebila… Pentsa, inbentario bat ere osatu da euskarazko informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriena! Tresnak baditugula zabaldu behar dugu orain, jendeari komunikatzea tokatzen da eta horretan ez gabiltza ondoegi.
Euskarazko tresnak badaude sarean, baina erabiltzen ditugu? Argian irakur zitekeen otsaileko datuek ziotena (Eustat): EAEko Internet erabiltzaileen %99,7k gaztelania erabiltzen dute nabigatzeko. Euskaraz nabigatzen dutenen kopuruak %1,5eko gorakada izan du eta gaztelaniaz egiten dutenen kopurua %2,4 igo da. Zer egin dugu datuak hobetze aldera? Zakurraren putza!
Datu horiekin konparazioan Sustaturen batzuk (lehen sei hilabetekoak): Sustatura sartzen diren lagun gehienen nabigatzailea Explorer da, baina beherantz doa (iaz %65, aurten %55) eta Firefox-Mozilla gorantz (%31 vs. %40). Bestalde, nabigatzailea euskaraz konfiguratuta daukaten erabiltzaileen kopurua asko hazi da (%44), baina oraindik hiru bisitaritik bik erdaraz daukate konfiguratuta nabigatzailea (harrigarria, portadan dagoen oharra kontuan hartuta). Sustatun ez da egin euskara plangintzarik emaitzok lortzeko, baina lortu da datuak hobetzea. Euskara hutsez dihardugunok ez genuke antzerakorik egin behar gure webgune eta gure blogetan? Jarriko dugu Tu navegador está configurado en español mezua?
Erremintak batetik eta bestetik edukia. Jarraitzen dugu edukia sortzen, baina ez gura beste. Wikipedian (badugu erreminta) 25.000 artikulura ez gara heldu. Blogariak (badira erremintak) 6.000 inguru izango gara eta bizirik 3.000. Bi datuok ez dira txarrak, hobetzekoak bai, baina ez txarrak. Kontrara, oraindik euskara apaingarri baino ez duten webguneak daude, URLa gaztelera hutsez dutenak ere makina bat, edo gaztelera hutsez webgunea aurkeztu eta laster euskaraz ere egingo dutela esan bakarrik egiten dutenak. Sociedadesgastronomicas.com modukoak, esaterako.
Iaz kexaz ginen Internet ez delako irratian, paperetan eta telebistan agertzen. Ba aurten gehiago agertzen da. Telebistetako albistegietan ere agertzen da, Euskadi Irratian badira blogariak tarte finkoarekin, paparean ere gero eta tarte handiagoa… Internet bada iaz baino gehiago. Hurrengo urtean beste saltotxo bat.
oh.: Euskal kulturaren urtekarirako Argiako lagunek eskatu zidaten artikulua.
Gu ta gutarrak Elgetan: chapeau!
Hain zailla da… hain zailla da bertsolari jarduna… Minutu bi ziran, baiña ez neukan bape asmorik bi minuturako bertsolari izateko. Lagunek eginddako gonbittari ezetza erantzutia ez zan tokatzen, hala eta be. Bertsolari ez gazonandako papelakin fatia hain txarto ez zeguala auto-konbentzidu eta Osborneren potruekin fan nintzan fokopera. Bideua jarri dabe blogeruek.
Maitte dittut honek bertsolari bixok eta taldekidiak be ezagunak ziran neretako. Ebentuak berak errespetua emoten zostan: Espaloiko taula gaiña izatiak, ezagun eta lagunak begira egotiak, kantuan trabatziak, Espaloian batutako ehunka ikusliak… eta batez be errespetu haundixa emoten zostan bertsuak berak, ze bertsuok Igor eta Unairi botatzekuak ziran, ez edozeiñi.
Bertsuak osatzeko bertsolari haundi baten laguntzia be eskatu neban, ze akojonau xamar nenguan. Ez zan hitzaldi bat egittia, edo eskola bat emotia unibertsitatian, edo zutabe bat idaztia, edo aurkezpen bat… Ez, bertsotan egittia zan! Eskerrak lagun onak dakadazen inguruan eta esan gura nebana errima barruan sartzen lagundu zosten barikuan bertan. Eskerrik asko Julen.
Amaren ta semiaren nik zer egitten dot hemen ni ez naiz bertsolarixa berbekin lan egin arren kooperatibista apal nahiz hitzen bazkide naizen sekulan ez dot ikasi errimekin jolas egitten Baina behin mikro aurrian Goitik behera begiratzen laister konturatzen da bat zelan zortedunak diren itzultzaile, gidoilari idazle eta abesten danian jardun leike bat bertsolarixa izaten. |
Berandu da gelditzeko onena da bajatzia eutsi! ondo esanei ta besteiak hoba a(h)aztia kontuak kantatzeko hau bikotiau da hobia euren lana da hitzekin margolanak marraztia Nahi dotset gonbidapena bihar dan lez eskertzia baiña nahi bada hurrenguan probetxuzko izatia tablauan baiño hobeto barra_onduan alkartzia. Ta trago fresko batekin mundua arreglatzia. |
Esperientzia barrixa izan da neretako eta eskertu biharrian nago Ying eta Yang-i. Behin trantzia pasauta azkenengo puntuari kaso egitten hasi giñan, hau da, mundua arreglatziari eta trago freskuak edatiari. Luze fan zan arregluoi eta biharko dittugu beste gauren batzuk be. 🙂
Boskotian lana bildurgarrixa. Zuzenekua oso ona, diskua gainditzen dabena. Jendia gustura egon zala begibistakua zan ze bisak eskatzeko orduan indartsu eskatu ziran. Berbiak indar haundixa dauka, bestelako edozein zaratak baiño haundixagua zorionez, eta musikiak lagundua danian errazago sartzen dala be esango neuke. Ikusten da Elgetara etorri aurretik ordu asko eta asko egon dirala Josu Zabalakin.
Zortedun sentidu nintzan barikuan, etxian bertan, holako espektakulu bat ikusteko aukeria izan giñualako. Zorionak egitten dozuen lanagaittik eta gurera etortziagaittik eskerrik asko. Chapeau! Gora Gu ta gutarrak.