Zein erabili: huelga edo greba?

Nik egin dut aukera: huelga erabiliko dut. Baina zuen iritzia jaso gura nuke. Zuek ontzat emango zenukete esaldi hau Goienkarian agertuko balitz? “huelgak eragin handia izan du Debagoienean”.

Gaztelerazko “huelga” berbatik hartuta erabiltzen dut nik “huelga”. Frantsesez, berriz, “grève” erabiltzen dute eta hortik “greba”. Bai, lanuztea ere agertzen da hiztegietan baina…

Sareko lagunek galderari erantzundakoa jaso dut blogeko mezu honetan. Itzul eta Eibartarrak zerrendatik hartu ditut erantzunok. Bietan naiz partaide eta biak dira eztabaidagune irekiak.

Xabier Mendigurenek erantzun dit bizkorren eibartarrak zerrendan: Goienkarirako nik ontzat emango nuke “huelga” hitza erabiltzea. Segituan etorri da Amatiñoren erantzuna ere: Gehiago esango deuat, “grebak” bajaukak “huelgak” ez daukan konnotazio semantikoa. “Huelga” naturalagoa dok, “garbiagoa”, karga ideologiko gutxiago,  ondorioz, “sinesgarrixagoa”.
Hau irakurrita galdetu diot ia zer esan gura duen karga ideologico gutxiago dioenean. Erantzuna da!: Ia, batetik, “huelga” ondo daok, primeran daok eta Debagoienako jendiak, zeozer egittekotan, huelgia egin juan, ez grebia. Kazetaritza, bertsolaritza moduan, ez dok gramatikari eta irakaslieri errezoia emoteko, lelenguan aitzeko baino. Horrez gainera, berbok euren balore semantikua jakek, nahiz-ta bardin esangura izan. Subirotasuna/burujabetza, asanblada/biltzarra, greba/huelga etab. etab.
Nere ustez, egun horretan, lanik ez egittiaren alde gehixago ahalegindu zittuan subirotasuna-asanblada-greba taldekuok,
burujabetza-biltzarra-huelgakoak baino. Orduan, behin  gertatuezkero, eta arrakastaz gaiñera –ondo ulertu bajuat–, “huelga” berbiak “unibersaldu” egitten jok “grebian” arrakastia. Baina, tira, hik galdetu, nik erantzun, iñori ardura ez jakozen ñabardurak…

Eibartarrak zerrenda oso bizia da, euskaraz dagoen biziena eta niretzako interesgarriena ere bada. Han jasotakoek bete naute, baina Itzul-eko jendearen iritzia jasotzea ere gura nuen, nire iritziaren aldekoegiak bakarrik batu ditudalakoan… Itzul-etik:

  • Eneko Gotzonek: Nik ez. “Greba” erabiliz gero, zergatik “huelga” ez? “Lanuzte” ere erabil dezakezu. Zuk erabaki.
  • Gotzon Egiak: «Opor-otsa dok txaide zabalan,/ -ukabil sendo, soñanzki urdiñ-» zioen Estepan Urkiagak, «Langille eraildu bati» poeman. Sarasolak ere jasotzen du, bigarren adieran: «2. 1918 (G. er.) Lanuztea. OPOR EGIN. Lanera edo eskolara huts egin. Gaur Josebak opor egin du.» Egun, bakaziñuekin daukagu berdinduta, baina… Bai, badakit, «Opor egunak eragin handia izan du Debagoienean» ez zen ber gauza izango. Ez eguna, ez esaldia 🙂
  • Xabier Andonegik: Nik ez dut uste huelga ongi dagoenik euskara batuan. Ez dator, dakidala, hiztegi batuan. Ez dio axola greba nondik datorren, edo zein bidetatik etorri zaigun. Kontua da euskara batuan greba esaten dela eta hori erabat normalizatuta dagoela.
  • Karlos del Olmok: Orotarikoan huelga bat baino gehiago dago eta grebaren kontura azalpenezko edo polit bat: _Nahasdura bat hiri batean, errebolta edo _greva_ bat langilen artean_. Elsb _Fram_ 183. Ez da […] huelgarik, grebarik edo lan uzterik izan_. MEIG VIII 37.
  • Jon Agirrek: Goienkarian testua batuaz badago -esaldia behintzat badago-, nire iritzia da, “huelga” ez dagoela ondo erabilita. Baina euskalkian balego, edo azpieuskalkian edo euskalki aldaeran, orduan batuaz onartuta ez dauden bestelako hitzak erabiltzea egokia litzateke, delako hizkuntza aldaeran erabiliak badira. Bestea tranpa da.
  • Xabier Andonegik berriz: Beste gai bati buruz ari zela, Ibon Sarasolak hauxe idatzi zuen. erabili.com: “Eta Euskal Herri osoari begira telefonoa pausatu lehenetsiko bagenu, euskara batuaren une hoberenetara itzuliko ginateke, arkitu edo huelga erabiliagoak gorabehera aurkitu eta greba hautatu ziren uneetara; hots, euskara batua Euskal Herri osoari begira eraikitzen genuen une gogoangarri haietara.”
  • Mikel Morris-ek: Nire ustez, “huelga” ez da erabili behar, prentsan ez behintzat. “Pertenezitu”, “joditu”, eta “bentana” hitzen mailan jarriko nuke. “Huelga” español hutsa da (uelga “etxeratuko” al dute, noizbait?). Ez da, ez,  nazioarteko hitza. “Grève” internazionalagoa da. Portugesez “greve” esaten dute, errumanieraz “greva”, eta beste hizkuntzetan ere “grève” hitzaren baliokideak agertzen dira. Nazioarteko mailan, “grève” eta “strike”  (strajk, streik, eta antzekoak agertzen dira zenbait hizkuntzatan) gehienik erabiltzen diren hitzak dira. Lanuztea ingelesezko “work stoppage” delakoaren antzekoa da. Dena den, huelga e(u)spañola da. Hitz hori baztertzea, euskara zainduan behintzat, komeni da.

Hauek denak irakurrita Eibartarrak zerrendara jo dut berriz. Gertukoa dut zerrenda eta iritzi eskea egin dut lotsa barik. Komentatu diet Itzul-en esandakoak zeintzuk diren eta jaso ditut beste iritzi batzuk:

  • Elena Laka: Iban, ni ez naiz itzultzailea, (eta orain konturatzen naiz behar bada horrelako eztabaidarik ez izateko laga niola itzultzaile izateari, besteak beste), baina aitak ondo sarmar erakutsi zidan euskaraz eta Goinkariaren irakurle fina naiz, eta portadan irakurriko banu “huelgak Debagoienean ez dakit zer”, ondo  irudituko litzaidake. Horra neure iritzixa.
  • Garikoitz Araolaza: Deja vu. Ez naiz akordatzen zein hitzekin, baina izan genuen eztabaida hau. Ondo idazteko noren irizpideak jarraitu nahi dituzue? Hori erabakitakoan erantzuna erraza izango da.Dena dela, hizkuntza hiztunek egiten dugu, eta nork daki, igual hemendik 10 urtera euskara batuan “huelga” hitza hobetsiko da.
  • Serafin Basauri: Irakorrittakuak irakorri eta gero be, begittantzen jata eibartarrontzat “huelga” edo “uelga” berbiak daukan tradiziñua kontuan , “greba” berbia guztiz postizua dala baitta Goienkarirako be. Euskara Batuaren alde gare, baiña ez dot zenbaitt jokabide ulertzen, esate baterako: takian-potian eta edozein erregistro idatzittan eta baztar guztietan “pairatu” gora eta “pairatu” behera  daguan enpatxua, euskara batuan “sufritu”, “aguantatu”, “jasan”, “eroan”  ez balegoz bezela.
  • Oier Araolaza: Toribio Etxebarrian lexikoiak sarrera moduan dakar “Huelgia”. Hauxe diño berak: “Euskerizado al generalizarse la llamada cuestión social”. Nik hauxe ulertzen dot hortik: Eibarren ere huelgak egiten hasi ziranian, berbia bera euskara “bihurtu” zala… Adibide bat ere jartzen dau: “Quintana Hermanos-en lanteixetan Eibar-en lenengo huelgia”. Eibarko Hiztegian ere jasota dago sarrera, Toribiok esandako gauza berekin: http://www.eibarko-euskara.com/hiztegia.php?ek=xehe&zein=3594
  • Leire Narbaiza: Aupa, Huelga bezain erdelduna da greba neretako. Zuzen-zuzenian auzo erderatik hartuta. Hiztegi batuan ez dator huelga, baiña normal-normala da gure artian. Goienkarixan eta batuan nere eritxixan egokixa da. Iruñan eta Baionan irakortzeko balitza, biherbada, ez. Itzultzaille batek “tranpa” berbia aittatu dau. Ez da tranpia. Herri beste batua dagoz. Eta debagoienako batuan hulega sartzen dala uste dot Guardasola eta bentania askondako barbarismuak dira. Juanmartin Elexpuruk Cum laude etara eban doktore tesixan bentana berbia defendatziagaittik…
  • Eneko Astigarraga: Eibarko forjarien kantan “lan uztea” erabiltzen da: “Gaur forjariak lana utzirik gatoz guztiok kalera …”. Baina uste dut bertsolaria ez zela eibartarra. Serafinekin bat, “huelgia” ein dogu edo huelgia dago, “greba” baino normalago entzuten da Eibarren. Ibanek galdetu duelako estrainakoz nabil iritzia emoten hizkuntz kontu hauetan, baina guztiz ezjakina naiz.
  • Oier Gorosabel: Jojo Bidart kazetarixak kontau zeskuan Arrosako billera baten: Lapurdi, Baxenafarroa eta Xiberuako euskal irratixetan batuaz egin nahi dabe, baiña haiñ egitten jake entzuliei arrotza eze, “iparraldeko batua” izeneko gauza bat desarrollau bihar izan dabe albistiak amankomunian emoteko.
    Bizkaia irratixan, antzera gertatzen da, “bizkaiera batuakin”.
    Urte batzutan batzera, batzera joeria egon da, eta oiñ ostera euskalkixetara itzultzekua. “Greba”n aldekuak beste denpora baten ataskauta geratu dittuk, Iban. HUELGA eta kitto.

Gerora etorri dira Itzul-etik beste pare bat erantzun:

  • Karlos del Olmok berriz idatzi du huelga Euspañola dela esan dutenei erantzunez:
    Euslpañola? Alegia, euskaldun batek (Txirritak, adibidez)
    natural-natural darabilen mailegu irentsia? Nazioartekotasunaren
    izenean mendebaldeko euskaran ondo erroturiko mailegu bat alde batera
    utzi behar? Hain gara hitzez aberats ze botatzeko moduan ere garen?
    Hamaika ikusteko jaioak gara, benetan! Dena dela, beste gauza askotan
    bezala, iritziak iritzi, erabakiak erabaki, gustuak gustu eta
    gomendioak gomendio, hiztunak guren duten bidetik joan doaz, hizkuntza
    bizi guztietan legetxe, bestalde.
     ANTXOKO HUELGA
     Jose Manuel Lujanbio, Txirrita, 1919
     Mila bederatzi ehun kunplitu eta hemeratzigarren urtean,
     huelga baten bidez okertu gera Antxoko partean;
     buruzagia balitz bezela oiartzuarren tartean,
     guri bengantzan hasi zerate oso gorroto fuertean;
     beti gogoan izango degu bizirik geran artean.

    Adenda moduan: Zelan ahoskatzen dute greba berba hori euskalkikotzat ez
    dutenek (alegia, mendebaldeko gehienek)? Nik huelgia entzunda nago
    kalean… eta ez euspañolen ahoan, jakina. Eta lan uzterik ere nekez
    egingo du lanik barik, behar egiten duen nekezaleak… Lekukotasunak
    lekukotasun, Mitxelenak berak greba, huelga eta lanuzte erabiltzen
    zituen… Dena dela,
    zergatik da hobea (nazioartekoa izan arren) frantsesetik hartutako
    mailegua gaztelaniatik hartua baino? Gustatu ala ez, euskal hiztunen
    masa mendebaldekoa da (nori berea  zuzenbidea izateak lege behar luke
    hizkuntz erabakietan ere).

  • Alfonso Mujika: Arrazoi osoa duzu, Karlos. Txirrita eta Mitxelena euspañolez gainera, Urruzuno, Arrese-Beitia, Ugalde eta Eguzkitza ere idazle euspañolak izan ziren; baita Joseba Sarrionandia, Andu Lertxundi, Josu Zabaleta, Inazio Mujika, Pablo Sastre…    Eta gu, inozook, ezta ohartu ere. Beharrik, iritsia da itsuok argituko gaituena.

Eta bai, hauek denak irakurrita huelga erabiliko dut lasai asko. Ez lasai asko bakarrik, baita konbentzimenduz ere. Pentsatzen dut adibide xume hau izan daitekeela pentsamolde oso baterako lagun.

Eskerrik asko, benetan, zuen iritzia eman duzuen guzti-guztioi.