Las brujas de Zugarramurdi izan da asteburuko izarra. Hugo Silva eta Mario Casas aktoreek eromena sortu dute Donostian. Pelikulak Bilboko zuzendariaren klitxe guztiak diru eta dibertigarria den arren, De la Iglesiaren zinea gustuko ez dutenek beste zerbait aukeratu beharko lukete. Horrez gain, Asier Altunak ere atzo aurkeztu zuen Zela Trovke laburra.
Erritmoa hartzen hasi gara eta aurtengo sail ofizialak duen aniztasuna argi geratu da. Lehiaketaren barruan Le week-end filma ikusi dugu lehen orduan. Paris amodio eta pasioaren hiriburua da eta bikote askok bertan konpontzen dituzte euren arteko ezberdintasunak.
Nick eta Meg Britainia Handiko bi irakasle dira, eta Parisera itzuli dira eztei-bidaia egin eta handik urte askora, beren arteko harremana biziberritzeko. Hori, baina, ez da horrela gertatuko eta gauzak ez dira uste bezain borobilak izango, edo bai? Behingoagatik, bikote baten krisitik Paris ezagutzeko aukera originala da.
Dudarik gabe, Las brujas de Zugarramurdi-k enbaxadore ezin hobeak izan ditu, atzo iritsi ziren Hugo Silva eta Mario Casas Donostiara eta ordutik nerabeen bihotzen erritmoak gora egin du. Maria Cristina hotela gaztetxoz bete zen eta oihuak Kursaaletik ere entzuten ziren. Batzuetan izarrek filma bera ezkutatzen dute.
Baga, biga, higa… Laboak ez luke inoiz amestuko bere abesti ezaguna Alex de la Iglesiaren film batean egongo zela. Filma entretenigarria da oso, eta Kursaaleko areto nagusia goraino bete da. Lehen fotogramatik zuzendariaren aztarna ironikoa antzematen da eta, aldekoek gogotik txalotu duten arren, bere unibertsoaren jarraitzaile ez direnek, aldiz, gaindosi galanta jaso dute. Pelikula arina dirudi, eta horregatik, akaso, bere ñabardurak ez dira horrenbeste nabari. Zeharka bada ere, De la Iglesiak aurre-produkzio lan sakona egin du. Hala ere, euskal sinbolo eta etnografiari etekin galanta ateratzen dio. “Pelikula sakona baino gehiago, produktu entretenigarri bat egin dut”, aipatu du zuzendariak.
Gizonezkoen inozokeria, emakumeen gaiztotasuna, matriarkatua… Zuzendariak guztia kolokan jarriko du, eta hau guztia gutxi balitz, Casas eta Silvak ez dute heroi galantaren papera egiten. Alex de la Iglesiaren hasierako lanak gustuko dituztenek gogotik disfrutatzeko film bat da.
Atzo iritsi zen arren, Carmen Maurak atseden hartzeko denbora gutxi izan du. Goiza elkarrizketak egiten pasa ostean, eguerdian filma eta Donostia Sariaren prentsaurrekora ere etorri da. Bere naturaltasunak bereganatu egiten zaitu eta izar gehienek beharko luketen izaera dauka Maurak.
Ez da lotsatu eta bere arrakastaren sekretua aldakortasunari egotzi dio: “Ez naiz paper jakin batean geratu eta nire fisiko arruntari esker oso lan anitzak egiteko aukera izan dut”. 68 urte dituen aktoreak argi utzi du: “Gaueko galan ziurrenik hunkitu egingo naiz”. Adina aipatzean ere bere xarma azaldu digu: “Gaztetasuna, bertute bat baino gehiago, ezaugarri bat da”.
Aktoreak Donostia Saria jasoko du gaur, Zugarramurdiko sorginak Alex de la Iglesiaren azken filmaren estreinaldiaren aurretik, eta eitb.com-ek zuzenean emango du ekitaldia, 21:30etik aurrera.
Perlak eta Zuzendari berriak
Atzokoa egun borobila izan zen. Lehenik Paraiso filmak komedia batek behar dituen elementuak nola bateratu erakutsi zigun. Hasieran, bikote potolo baten bidai baten filma izango dela iruditu arren, gidoiak laster beste norabide bat hartuko du. Dieta batek ezustean bikotearen erlazioa goitik behera aldatuko du eta 80ko hamarkadako abesti ezagunen bitartez barre egiteko aukerak oso ugariak izango dira.
Hirokazu Kore-edak, aurreko pelikuletan egin duen moduan, ikuslea hunkitzea lortu du. Familiak bere istorioen muina izan ohi dira, eta aurten ere gauza bera egin du. Ryota aita zorrotza da eta semea modu zorrotz batean heziko du. Bat-batean, baina, berak eta emazte Midorik ezusteko dei bat jasoko dute ospitaletik. Haien 6 urteko semea, Keira, ez da beren semea. Ryotak bere bizitza aldatuko duen erabaki bat hartu beharko du: seme naturalarekin ala hazi duen semearekin geratu. Negarra, barrea… Emozioak barrutik kanpora ateratzen dizkizun film horietako bat da Soshite chichi ni naru / Like Father, Like Son.
Debagoienak egin du bere aurkezpena
Atzo aurkeztu zuen Asier Altuna Kixi-k bere Zela Trovke laburmetraia. Kimuak ekimeneko beste lan batzuekin batera, sesio bateratu bat egin zuten. Principe aretoa bete egin zen eta euskal ekoizleen lanek oso kritika onak izan zituzten.
Aurtengoa uzta ona izan da, eta ea arrakastaren bidetik urtetan jarraitzeko aukera duten.
- SORPRESA: Paraiso filma. Mexikotik honaino etorri dira paradisua norberak sortu beharreko toki bat dela gogorarazteko. Aurtengo harribitxi horietako bat izan da. Dieta batek ez du inoiz horrenbesterako eman. A! Las brujas de Zugarramurdi-ko hasierako tituluak demasak dira!
- ONA: Mario Casas eta Hugo Silvak sortu duten folklorea. Zinemaldi batean, film aukeraketa garrantzitsua den moduan, jarraitzaileen garrasiak ere ezin dira falta, eta atzo gogotik egin zuten garrasi jarraitzaile askok.
- TXARRA: Hirokazu Kore-eda Cannesera joan izana. Nire zuzendari gustukoenetako bat da. Japoniarraren film guztiak Donostiako Sail Ofizialean egoteko maila dute, baina Cannes Cannes izango da beti.
- OSO TXARRA: Kimuak film laburretara joan ez izana. Programazio kontuengatik ezinezkoa izan zen eta zoritxarrez, medioek ez diote oihartzun handirik eman. “Euskoglamourrak” ez du katxe handirik izango, baina hemen egindako laburmetraiek, tartean Zela Trovke-k, atentzio apur bat merezi dute.
(Argazkiak: Haritz Dendategi)