Egilearen artxiboa: admin

The Guardian berria

Gaur astelehena, irailaren 12an, Britainia Handiko The Guardian egunkaria goitik behera aldatuta kaleratuko da: diseinu berria, neurri berriak, orri guztiak koloretan… hau da, sekulako aldaketa.

Betidanik asko gustatu izan zait The Guardian-en itxura. Ikusmen handia sortu zitzaidan diseinu berria prestatzen ari zirela irakurri nuenean, hain da ona orain arteko diseinua!.. ba, beno, Interneten ikusi ahal izan ditudan irudiak ikusi eta gero txundituta geratu naiz: zelako polita ematen duen diseinu berriak. Gezurra ematen du, lehen ederra eta orain ederragoa!

Eskubiko irudian, agur esateko bereziki koloretsu kaleratu duten izara neurriko azken azala; ezkerraldean, berriz, diseinu berria duen zero zenbaki bat ikus daiteke.

Hona hemen, The Guardian berrien nondik norakoak:

  • Neurria. Berliner formatoan kaleratuko da hemendik aurrera. Berliner formatoa guk ezagutzen dugun tabloide neurria baino handiagoa da baina, orain arte beraiek erabili duten izara neurria baino dezente txikiagoa.
  • Diseinua. Goitik behera aldatu dute diseinua bai egunkarian baita eguneroko gehigarrietan ere.
  • Tipografia. Neurrira eta propio diseinatutako tipografia erabiliko dute egunkarian. Guardian Egyptian izena du tipografia berriak.
  • Kolorea. Egunkari osoa koloretan izango da gaurtik aurrera. Ikusten denez, egunkari honetan ez diote (beste batzuk ez bezala) beldurra kolorea erabiltzeari!

Diseinu berriaren gaineko zehaztasun gehiago hemen aurki dezakezue.

Bi eta bat

Bi argitalpen hauek esku artean izaten ditudan bakoitzean berdina pentsatzen dut: zertarako jarri birritan izena mantxetan?

Kuriosoa da El Correo egunkariarekin eta Argia astekariarekin gertatzen dena; bakarrarekin konformatu ez, eta birritan jartzen dute izena azalean.

El Correo berriro diseinatu zutenean, zabaldu zen behin-behinekoa izango zela bi mantxetak jartzea, eta irakurlea itxura eta izen berrira (ordura arte, El Correo, gainera, Español eta del Pueblo Vasco ere bazen-eta) ohitu eta gero, kendu egingo zutela zaharra… Makina bat urte pasatu da harrezkero, eta ikusten denez, El Correo-ko irakurleak ez dira berrikuntzetara samur ohitzen diren horietakoak…

Astekariaren kasuan, ez dakit zein izango den “Argia” hitza azalean birritan azaltzearen arrazoia… Handiena garbi dago mantxeta dela, baina eskuineko behetik gorakoa? Bigarren horri ez diot nik zergatia antzematen…

Hala ere, izena birritan jartzearen kontu hori ez da prentsan bakarrik gertatzen… Badago Arrasaten, adibidez, giltzak egiten dituen enpresa oso ezagun bat, JMA izenekoa; ba, hark ere berdin, birritan izena!…

Desberdintasuna da kasu horretan giltza moduko ikur berri bat sortu zutela, logo zaharra eta berria gehituta…

Ez dakit nik, aukeran, izen larregitxo…

Kolorea prentsan eta zuri-beltzezko iritziak

Aurreko batean, *”La gestión del color en los diarios españoles de difusión nacional”* pdf dokumentua jaitsi nuen “Revista Latina de Comunicación Social”:http://www.ull.es/publicaciones/latina/200512delolmo.pdf webgunetik.

Artikuluan, *Abc, El Mundo, El País, La Vanguardia eta El Periódico de Catalunya*ko egunkarietako diseinu arduradunen iritziak agertzen dira. Gaiak, besteak beste, honako hauek: kolorearen erabileraren zentzua, kolorea eta seriotasuna, kolorea eta salmenten gorabeherak, irakurle gazteak eta kolorea…

Jesús del Olmo Barberok egindako lan honetan ez dago beste munduko nobedaderik baina, oso gustura irakurtzen da.

Era guztietako iritziak daude artikuluan, hala ere, denen artean David Garcíarenak (*El País*eko arte zuzendaria) eman dizkidate bereziki atentzioa. Kolorearen erabileraren gainean esandakoak bai topikoak, zaharkituak eta aurreiritziz betetako ideiak! Begira, bestela, zelakoak botatzen dituen:

  • “Un diario a color es menos creíble, menos serio y de menor calidad
    informativa. Yo creo que cuanto más color menos credibilidad”.
  • “La moderación en los recursos gráficos se corresponde con un periódico de más calidad y así lo identifica el lector. (…) Yo mantengo que no da la misma credibilidad un periódico a todo color que un periódico en b/n”.

Eskerrak, beste diseinu arduradunak ez direla hain tristeak eta iritzi interesgarriagoak botatzen dituztela!

Badakizue, lanerako bueltarekin ez bazarete nahikoa deprimitu irakurri David Garcíaren hitzak.

Diseinu trans-generikoa

Orain aste batzuk dela, Sustatu.com-en irakurri nuen enpresa batek emakumeentzat propio diseinatutako ordenadore eramangarria (“eskuko poltsa baten itxura duena”) jarri duela salgai.

Albistea, orain arte, bale, ez da oso gauza arraroa: talde zehatz batendako diseinatutako eta ekoiztutako produktu zehatz bat merkaturatu dela, kasu honetan, emakumeendako ordenadorea…

Harritu ninduena produktua bera ikusteak izan zen! Aluzinatuta geratu nintzen. Kontua da, gauza ultra-berri eta bereziki emakumeendako diseinatutako produktu hori oso-oso antzekoa dela (diseinuz behintzat, eta diseinua da, batez ere, produktu honetan saltzen dena) orain ia sei urte beste enpresa batek saltzen zuen ordenadorearekin konparatuz gero: produktoaren kontzeptua, forma, eramangarria izatea egiten duen kirtentxoa…

Ikusi iruditan, ezkerrean, orain bost urte deskatalogatuta dagoen Apple-en iBook modelo unisex-a: eskubian, ordez, orain emakumeendako bereziki diseinatutako ordenagailu “berritzailea”…

Marketing-aren bideak ulertezinak dira gero! Orain arte, ohituta geunden genero batendako egindako produktuak -merkatua eta negozioa handitzeko asmoarekin- bestera zabaltzen (prakak, krema hidratanteak…) baina, ikusteko nengoen, berez, genero biendako sortutako zer edo zer, epe motz batera, genero batendako bereziki sortuta eta eginda moduan saltzea…

Hurrengo teknika, akaso, generoka eta urteka txandaka saltzea. Batek daki.

Foto-gezurra

Austriako Kleine egunkariko diseinugileek bai zortea: ez dagoela material grafiko egokirik? Ez dago arazorik, sortu egiten da behar den irudia, eta listo!

Nahiko dramatikoak ez zirela, antza, Londrestik banan-banan agentziak bidalitako argazkiak, eta beraiek errealitate berria sortzea erabaki zuten (zuzendariaren baimenarekin -edo agindupean- suposatzen dut), bi argazki nahastuz.

Zenbat halako egongo da, gau egun, prentsan eta telebistan!… kontua da, australiar hauek ez direla batere fin ibili, eta foto-gezur hori “sortzeko” atentatu izan ondoren, segurutik gehien zabaldutako irudietako bat erabili dutela…

Horrelako collagea ikusi eta gero, ea nork sinesten duen argazkiarekin batera doan testua… Hau bai dela “diseinugile sortzailea” izatea!

Bizkortasun grafikoa

Aurreko mezuko (Zenbakiekin dantzan) erantzun batean, Mathiasen kopilotuak dio oso gustukoa duela Olinpiadetarako Madrileko kandidaturaren logoa, eta gainera, oso praktikoa dela erabilgarria izan daitekeelako hurrengo batean ere… Ba, antzeko iritzikoak omen dira Marca egunkarikoek…

Sekulako bizkortasuna erakusten dute kirol egunkari honetan azalak diseinatzerakoan: tipografian oinarritutako jokoak, irudiekin egindako txantxak, izenburuak modu ironiko edo elementu grafiko moduan erabilita…

Duten ohiturak eta estiloa ezagututa, nahiko iragargarria zen 2012 urteko Olinpiadetarako Madrilen aukeraren aldeko apustu (grafikoa ere) egitea, eta beraien webgunean ikus daitekeen moduan, egunak eman dituzte gaiarekin lotutako ikututxoak azalean kokatzen.

Harrigarria da zein modu sinple eta eraginkorrean nahastu duten beraien mantxeta eta Madrilgo kandidaturaren logoaren ideia. Ezkerreko azala, nominazioaren bezperakoa da, eskubikoa, berriz, Madrilgo kandidaturak ezetza jaso eta hurrengo goizekoa…

Ausartak dira diseinuan, segurutik, gure kioskoetan eros daitekeen egunkaririk ausartena. Izenburuak jartzerako orduan txafardero samarrak badira ere, orokorrean, oso ondo asmatu dute argitaratzaile-erosle harremanean eta estiloan. Esango nuke “Marca-ren estilo”tik asko dugula ikasteko gure “euskal esparru komunikatibo” klasikorro honetan.

Marca-k, munduko ondoen diseinatutako saria jaso zuen SND elkarteak antolatutako lehiaketaren azkenengo edizioan.

Zenbakiekin dantzan

Diseinuan, zenbakiek jokoa ematen dutela garbi erakusten dute hurrengo hiru adibide itxurosoak.

Lehena, Bo5t diseinu talderen logoa da; bigarrena, aurten, San Ferminetan aurkeztu den gazte peña berri batena da; eta, azkena, 2012 urteko Olinpiadak antolatzeko (asmoa zuen) Madrileko kandidaturaren logoa da.

Irakurketa-ariketa kuriosoak planteatzen dituzte halako diseinuek. Nola irakurri behar dira? Zein hizkuntzatan? Poliglota (samarra) izatea, halakoetan, plus bat izaten da.

Ezkerrekoak, irakurtzen jakitea besterik ez du eskatzen, hori bai, euskaraz ez badakizu grazia guztia galtzen du “Bost”-“5” horrek.

Erdiko adibidean, derrigorrez Iruñea zer den, eta euskara apur bat (bat, bi, hiru, lau, esaten, gutxienez) jakin beharko duzu, zer edo zer antzemateko. Beste edozein hizkuntzatan peñaren izen honek ez dauka inolako zentzurik. Leloa ere aproposa dute 3indarrok hauek: “Guztiak txuri, gu gorri”.

Eskuma aldeko logoa irakurtzeko, jeroglifiko zalea izatea lagungarria izango da, eta ia ezinbestekoa, geografia apur bat jakitea eta erdarazko eta latinezko zenbakiak ezagutzea.

Portzierto, Olinpiada kontu honekin, euskaldunok berriro ere Madrilen eta Parisen arteko interesen erdi-erdian. Azkenean, guk, ez irabazi, ez galdu.

Eroskiko produktu zuriak, orain zuriagoak

Iritzi zaie Eroski-ko produktu zuriei (bere markakoak) jantzia aldatzeko txanda.

2004ko urtearen hasieran Consum eta Eroski banandu zirenean, beste lan askoren artean, itxura egokitu beharra ikusi zuten. Ez da lan makala izan behar-ba milaka produktu desberdin dituen enpresa erraldoi baten itxura aldaketa egitea!

Aurretik nonbaiten irakurrita banuen, enpresaren hainbat markarekin hasiko zirela, eta gero, poliki-poliki produktuen itxura aldaketarekin jarraituko zutela. Horrela, banandu eta aste gutxira marka eta izen berriak aurkeztu zituzten: Eroski, Eroski Center eta Eroski City… Orain, produktu zuriei iritsi zaie txanda.

Gaur, erosketak egiterakoan konturatu naiz aldaketarekin. Hasiera baten pentsatu dut azkenaldian Eroskin sentitzen dudan zorabioaren ondorioa zela; izan ere, aspalditxo ez dago patxadarik Eroskin (Arrasaten, behintzat), ez dakit handitze obragatik den ala zergatik den baina, produktuek ez dute bi aste jarraian egiten toki berean! Jakineko trikimailua da eroslearen ohiturak apurtzea, baina niri, behintzat, sekulako amorrua ematen dit horrek. Ez dut, egia esateko, oso “fidelizatzailea” ikusten marketing “ohitura” hori.

Harira. Oraingo diseinuan zuri koloreak toki handiagoa eta berezia hartu du. Diseinu berria izan arren, badu aurrekoarekin lotura: kolore gamak (artoa potearen kasuan marra berdea), elementu desberdinen kokapena eta neurriak (logoak, ezaugarri teknikoen fitxak)…

Nabarmenagoa da oraingo diseinua, argiagoa, sinpleagoa eta modernoagoa, baina aldi berean estandarragoa; orain arteko itxurak nortasun propio handia zuen, dotorea zen (natur-folk samarra), eta orain, estandarizatu egin dira, beste hipermerkatuek duten itxurari arrimatu dira.

Ikusi ditudan produktuen irudi berrien ezaugarri nagusiak, bi hauexek beraz: etiketaren fondo zuri nabarmena eta produktuaren argazki siluetatuarekin egindako jokoa.

Tipografia aldetik, orain arteko Bodoni estiloko letra mota klasikoa alde batera utzi eta Interstate familia irakurterraza aukeratu dute.

Tipografiagintza

Tipografiagintzan oinarrizko ideia interesgarriak biltzen dituzten bi dokumentu argitaratu dituzte www.unostiposduros.com tipografiaren gaineko webgunean.

Lehenengoan, “Offf_reglas basicas” izeneko dokumentuan, hizkien gaineko informazio kuriosoa azaltzen da: espazio eta distantzien arteko desberdintasunak, neurrien eta alturen proportzioak…

Bigarrenean, “Fontographer” izenekoan, eta modu larregiko publizitarioan, programa horren erabilerarako hasierako urratsak erakusten dira. Ulertzeko, Fontographer da tipografiagintzan, Photoshop izan daitekeena argazki tratamenduan, hau da, salgai daudenen artean gehien erabiltzen den programa.

Dokumentua hauek, Macromedia Flash Player erakoak dira, eta irakurri ahal izateko doako utilitate hori behar da.

Aipatutako webgunean, argitalpenen gaineko berriak, galderak egiteko tokia, eztabaidatzeko foroa, eta oro har, tipografiarekin zerikusia duen informazio ugari sareratzen da. Tipografia gustuko izanez gero, merezi du noizean behin bertara jotzea.

Zakil design

Logo desegokien adibideak klasikoak bilakatu dira, honez gero, sarean.

Batera eta bestera, akaso, gehien zabaldu diren bi adibideak batere fidagarria ez den pediatrarena eta bete-betean ikerketetara dedikatzen den zentruarena izan daitezke (portzierto, bigarren horretan agertzen dena pagoda bat omen da!).

Aipatutako bi logo horiek Microsiervos.com blog ezagunean ikusi nituen aspalditxo. Bada, orain, blog berdinean, oso lotura interesgarria jarri dute zakil logo lehiaketa batera.

Benetan, harrigarria da logoa aukeratzerakoan enpresa eta erakundeen arduradun batzuk erakusten duten inozentzia… hori bai zakil festa!

Baina, ez dago hain urrun ere joan beharrik, geurean ere egon badaudelako zakil design-en euskal adibide itxurosoak. Logoa ez bada ere, begira kartelean erakusten den altzaldia…