Eroskiko produktu zuriak, orain zuriagoak

Iritzi zaie Eroski-ko produktu zuriei (bere markakoak) jantzia aldatzeko txanda.

2004ko urtearen hasieran Consum eta Eroski banandu zirenean, beste lan askoren artean, itxura egokitu beharra ikusi zuten. Ez da lan makala izan behar-ba milaka produktu desberdin dituen enpresa erraldoi baten itxura aldaketa egitea!

Aurretik nonbaiten irakurrita banuen, enpresaren hainbat markarekin hasiko zirela, eta gero, poliki-poliki produktuen itxura aldaketarekin jarraituko zutela. Horrela, banandu eta aste gutxira marka eta izen berriak aurkeztu zituzten: Eroski, Eroski Center eta Eroski City… Orain, produktu zuriei iritsi zaie txanda.

Gaur, erosketak egiterakoan konturatu naiz aldaketarekin. Hasiera baten pentsatu dut azkenaldian Eroskin sentitzen dudan zorabioaren ondorioa zela; izan ere, aspalditxo ez dago patxadarik Eroskin (Arrasaten, behintzat), ez dakit handitze obragatik den ala zergatik den baina, produktuek ez dute bi aste jarraian egiten toki berean! Jakineko trikimailua da eroslearen ohiturak apurtzea, baina niri, behintzat, sekulako amorrua ematen dit horrek. Ez dut, egia esateko, oso “fidelizatzailea” ikusten marketing “ohitura” hori.

Harira. Oraingo diseinuan zuri koloreak toki handiagoa eta berezia hartu du. Diseinu berria izan arren, badu aurrekoarekin lotura: kolore gamak (artoa potearen kasuan marra berdea), elementu desberdinen kokapena eta neurriak (logoak, ezaugarri teknikoen fitxak)…

Nabarmenagoa da oraingo diseinua, argiagoa, sinpleagoa eta modernoagoa, baina aldi berean estandarragoa; orain arteko itxurak nortasun propio handia zuen, dotorea zen (natur-folk samarra), eta orain, estandarizatu egin dira, beste hipermerkatuek duten itxurari arrimatu dira.

Ikusi ditudan produktuen irudi berrien ezaugarri nagusiak, bi hauexek beraz: etiketaren fondo zuri nabarmena eta produktuaren argazki siluetatuarekin egindako jokoa.

Tipografia aldetik, orain arteko Bodoni estiloko letra mota klasikoa alde batera utzi eta Interstate familia irakurterraza aukeratu dute.

Iruzkin bat “Eroskiko produktu zuriak, orain zuriagoak” bidalketan

  1. Juan Luis

    Bai, Goio, zuk esaten duzun moduan, nazkagarria da Arrasateko Eroskin erosketak egitea, hainbeste aldaketekin, gero eta zailagoa baita produktuak aurkitzea. Imajina noraino heldu den nahaste-borrastea, zer Goienkarian supermerkatuaren planoa eta guzti (oso kutreak, bide batez esanda) jarri behar izan dute, jendea galdu ez dadin eta bezeroek produktuak aurkitu ditzatela apalen artean. Londoneko metroa bailitzan!
    Ah, Goio, kontuz artoaren kaduzidade-datarekin. ; )

    Erantzun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude