Antifrankistak. Nafarroa. Alonso
Jon Alonsoren Hodei berdeak (Susa, 2003) nobela (?) hau Naparra: kasu irekia irakurri ostean hartu izanak hobeto laguntzen dit ulertzen Alonsoren gaitasun handien katalogoa. Blog honetan bertan lore ugari eskaini izan dizkiot egileari eta ez dut uste beraz hortan gehiegi sakondu beharra dagoenik, baina obra honetan bere narratzaile eta ikertzaile bertuteak erakusten ditu.
Has gaitezen liburuaren egituratik, izan ere, ez da ohikoa euskal literaturan halakorik. Joseba Jaka bekaren magalean idatzi zituen lerrook Alonsok eta bi ahotsetan kontaturiko istorio honetan narratzaile bat beka baten aitzakian nobela ari da idazten eta bestea, bere lehengusua dena, ikerketa historikoa. Bi ahotsak txirikordatzen dira eta honela muga lausoa ezartzen du Alonsok fikzioa eta historiaren artean, pertsonaia errealak eta asmaturikoak nahastuz besteak beste.
Narratzaile fina da idazle iruindarra. Har dezagun 279. orrialdeko paragrafo hau adibide gisa: Ia inor ez dabil kalean. Goiz da, eta euriaren promesa ez da ibiltariak animatzeko akuilurik onena. Hodei berunkarek kontzientzia txar batek adina pisatzen dute. Sabelean dauzkan tximeletek barrenak gardosten dizkion su dantza itxurako bat hasi dute, orain, hitz egingo balu, hodeiek iragartzen duten trumoiaren orroa bezala izango zen, ez halabeharrez ozena, baina bai askatzailea; zainak atezutik askatuko zituzten berbak izango ziren, itomena arinduko zioten ukendua. Hau formari buruzko adibidea da baina edukian ere ez da besamotza Alonso, urrutira joan gabe, aparta egin baitzait Irurtzungo Bi Aizpe arrokatan ezarritako ikurrina ezarpen klandestinoaren kontakizuna. Inguruabar tekniko konplexuak bikain eta sinesgarri narratzen ditu. Edota, beste itsaso baten ertzean, Uruguaien Hego Konoko diktadura odoltsuen bezperatan lanean ari diren CIAko agenteen ibilerak.
Historialari gisa ere badu bere mamia egileak. EAJren borroka antifrankistaren narrazioa egiten du gerraondotik hasita, mosaikoa osatuz Iruñeko irabazle nahiz galtzaileen bizitzen zipriztinekin. Ondoren Beroiz familia ardatz hartuta 1962ko Municheko “kontubernioa”, alderdiko erbesteratu zahar-ekintzaile gazteen arteko konponezinak, bonbak jartzea, hautu gisa zilegi jo zuen EGI hura, Eusko Bazterraren praxia, Artajo eta Asurmendiren heriotza, OPUSen sorrera, Urmeneta eta euskaltzaletasuna, CIA edo CESIDen infiltrazio susmoak erresistentzia antifrankistan… Hainbat hipotesi uzten ditu lerro artean Alonsok, ulertu nahi duenak uler dezan.
Zeharo gomendagarria gure herriaren iragan hurbila Iruñetik ulertzeko, egileak gure historiari buruz uzten dizkigun hausnarketa interesgarriez pentsatzeko (Euskal Herria tablero handiago baten pieza besterik ez da) eta irakurriz gozatzeko.