Helduaroa. Zerocalcare. Rebibbia.
Ez dakit jabe garen Farmazia Beltza egiten ari den lan eskergaz. Dabid Zapirain eta Koldo Almandozek gidatzen duten botikak honezkero baditu sendagai solbente batzuk, amamaren belar tradizionalak eta laborategi germaniar modernoetako kimika dosiak, irakurle askorentzat gozagarri. Plazer handia da irakurle garenontzat hori eta jada Michele Rech edo Zerocalcareren euskarazko laugarren komikia esku artean eduki ahal izatea luxu komunala da, BeƱat Irasuegik esango zukeen gisara. Aipu merezia eta berezia irabazia du ere Koldo Izagirrek itzulpenarekin eginiko ahaleginak, beste batzuk teorizatzen dutena praktikan jartzen ahalegintzen baita. Arrakasta lortuz nire ustez, modu eraginkorrean.
Zerocalcare-Armadiloaren igarkizuna (Farmazia Beltza, 2021) komikian, izenburuak berak dioen moduan, igarkizuna dago barren-barrenean. Armadilloaren igarkizuna: horrela esaten zaio logikaz eta objektibotasunez mozorrotutako argudio subjektiboak edo irrazionalak erabiliz menderik mende mina, ezina eta etsipena elikatzen dizkigun aurreikuspen baikor orori. Amen. Kasu honetan argumentuan Hertzainak musika taldeak ez pentsa gehi, esaiok horrekin laburbildu zuena dago agerian, baina askoz gehiago barren-barrenean.
Izan ere, agerikoa bada ere Camilleri gustuko duela esateko Zerok duen ezintasuna, komikiak beste hamaika gai lantzen ditu. Gure heziketa sentimentalaz jarduten du gure maskulinoaz batez ere, lan prekarietateaz, gaztetako lagun taldeen desegiteaz, blokeo emozionalak ekar dezakeen utzikeria pertsonalaz, gazte hiltzen den lagun batek egiten digun itaunaz eta abar. Gainera, biziki maite dut hori Zerocalcareren kasuan, pasada bat da Erromako aldirietako gazte batek eta naizen Musakolako gazte honek adinkide izanik zenbat gauza partekatu dugun: bideojokoak, filme nahiz musika erreferentziak, maskulinitatearen eraikuntza…
Zerocalcarek umorez jarduten du. Umorez bere buruari buruz eta umorez inguruneari buruz, nabarmentzeko modukoa da arlo honetan indie azokaren deskribapena. Halaber, algara artean, karga sakoneko galderak jaurtitzen ditu. Niri hau geratu zait iltzatuta: badakigu nola agurtu poliziak hil duen laguna baina ez anorexiak hildakoa. Zer pentsa emango dit hurrengo egunetarako armadiloari izkin egitea lortzen badut, minduko garenaren beldur bizitzaren fruitu gozoak ukatzen dizkigun piztia zeken horri.