Alproja dantza

Gangsterrak. Hammett. Noir.

Nobela beltz generoaren sorrera kokatzen du akademiak Dashiel Hammett, zuen ezagutzatik abiatuta errealitatearekin lotu baitzuen generoa; eragin zuena Ernest Hemingway edo Raymond Chandler bezalako autoreen estiloan. Batez ere Depresio Handiak eragindako hondamendian kokatu zituen bere lanak, 29ko burtsa krakaren biharamunean.

Ez zen alferrik Pinkerton etxe ezaguneko detektibea izan gaztaroan.Tuberkulosi atakeek eta alkoholismoak bere osasuna erasan zuten. Horrez gain, bi Mundu Gerratan aritutakoa zen borrokan Estatu Batuen armadan. Heroikeriak aguro ahaztu ziren bere kasuan jaioterrian eta sei hilabetez egon zen espetxean ezkertiarra izateagatik 50ko hamarkadan McCarthy senatari tristeki ezagunaren ekimenez. Ez zuen kiderik salatu, nahiz eta bere jarduerei buruz deklaratu. Anfifaxista zen.

Maltako belatza da akaso bere obrarik ezagunena. Nik, baina, Kristalezko giltza, Igela 2014, Xabier Olarra eta Esti Lizasok itzulia, irakurri dut gustora asko. Bertan, Taylor Henry gaztea nork hil duen deskubritu behar du Ned Beamont jokalar eta alprojak, bere lagun Paul Madvigi laguntzeko. Tartean familia bi gurutzatu dira maitasun kontuetan, Madvigtarrak eta Henrytarrak, bi gangster handiki daude nor baino nor, Madvig eta O’Rory, eta tartean erdipuriko sikarioak, taberna ilegalak eta detektibe pribatuak.

Ez da ohiko nobela beltza. Beamont tipo azkarra da, azeri hutsa, baina ez da detektibea. Ez da pezkiza zalea, ez du arrastoa usaindu eta bere galbidea izan arran hura jarraitzea beste erremediorik ez duen ehiza zakurraren senik. Hain justu, horretarako du kontratatua berak detektibe propioa, Jack, ez zaizkiolako intersatzen kontu horiek. Hor dago akaso Hammetten bertutea, nobelan beste hainbat gai lantzen dituela krimena ardatz harturik: laguntasuna, berezki Madvig eta Beamonten artean, politikaren kiratsa, polizia-epaile-hedabideen saldukeria (The Wire baino zazpi hamarkada arinago), klase borroka… Bukaeran garai baten erradiografia intersgarria uzten digu egileak eta botereak, handi-nahikeriak, giza talde bati egiten dion konponbide gabeko kaltea.

Bukatzeko, itzulpena azpimarratu nahi nuke, duen hizkuntza aberats eta apartagatik. Horren adibide, liburuko lehen pasartea:

Dado berdeeek zirurika gurutzatu zuten mahai berdea; biek aurrealdeko pareta batera jo, eta punpa egin zuten atzera. Bata berehala gelditu zen, hiruna tanto zuriko bi ilara berdin gainaldean zituela. Bestea, berriz, mahaiaren erddiraino joan zen zanbuluka eta tanto bakarra erakutsiz gelditu zen.

Ned Beaumontek erremuskada arin bat egin zuen.

-Hum!- eta irabazleek beren dirua jaso zuten.

Harry Slossek dadoak jaso, eta bere eskutzar iletsu zurbilean klinkarazi zituen.

Tabernak ireki dituzte gaur Aretxabaletan. Han izanik, hona naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude