Garagardo pare baten truke

Hasier Arraizek bere kontrako epaiketaren harira adierazi du (Euskadi Irratian), hainbatek elkartasuna adierazi diola era publikoan, baina izan dela era pribatuan elkartasuna adierazi dionik ere. Azpimarratu du pribatuan izan dela hauteskundeak daudelako ekainaren 26an. Dudarik balego, beraz (inoiz utzi zaio?), antzezte-sasoia abiatu dugu.

Eta, horri tiraka, Izquierda Unidak eta Podemosek bart lortutako akordioa islatzeko gaurko egunkari espainiar baten izenburua aipatu nahi nuke: “Garzonek IU eman dio Iglesiasi, 8 eserlekuren truke”; tira, titularra barik, horri emandako erantzuna.

Berehalakoa izan baita @AGarzonen berak emandakoa: Twitter bidez, ia gauerdia zela, El Mundoren azala bertxiotu du zera esanez:

El Mundo argiratzen duen Unidad Editorial enpresak 224 kazetari kaleratuko ditu (EAEko ordezkaritza ere kendu egingo du). Eta, horixe salatzeko erabili zuen IUko ordezkari nagusiak El Mundo egunkariaren azalaren eta titularraren jokoa: Iglesias eta Garzon garagardo botilatxo banakin agertzen diren argazkia, “El pacto de los botellines” gisa bataiatu dutena (argazkia hainbat lekutan argitaratu dute).

Ekimen hartzea

Gustatu zait IUko ordezkariak eman duen erantzuna, nola ekimena hartu duen eta, gainera, kritika egiteko erabili duen El Mundoren informazioa. Aurreko hauteskunde kanpainan ere IUko hautagaiak sare sozialez egin zuen erabilera asko aipatu zen: originala, freskoa eta ausarta izan baitzen, bere buruaz barre egiten zuen eta umore beltza zein ironia izan zituen ezaugarri. Bere kanpainan aritu ziren #LaCueva deitu zuten komunikazio-taldeko kideek aldez aurretik oso ondo definitu zuten sare sozialetan egin asmo zutena, eta, gainera, askatasunez jokatu zuten ironia hori baliatuz.

Ildo horretan, beraz, atzo gaueko txioak erabateko zentzua hartzen du: El Mundoren azpi-jokoen kontra zuzenean jo gabe, langileen kontra hartu dituen enpresa-erabakiak salatzeko greba egingo duten kazetarien alde eginez (). Eta 5.400 aldiz bertxiotu da 9 orduan Garzonen mezua eta beste horrenbeste atsegin lortu ditu.

Publiko mugatua

Sare sozialek espektro txikia ordezkatzen dute gizarte osoa kontuan izaten badugu; gainera, ez du hartzen adin tarte osoa. Baina garbi dago mugimendu politiko berri edo aurrerakoiagoa ordezkatzen duten alderdiek hortxe badutela erakusleiho bikaina eta badabiltzala erabiltzen. Gainera, komunikabide tradizionalek ere sarean esaten dena jasotzen dute, oihartzuna emanez.

Ekainaren 26ra bitartean kanpaina amaigabea egingo zaigu, baina, era berean, interesgarria izango da eta aztertzekoa mezuak zabaltzeko moduak, medio tradizionalak erabat posizionatuta baitaude, eta lehia maila dezente igoko dela dirudi. Eta, hain justu, estrategiak aldez aurretik ondo definitzeak ekarriko du sare sozialen erabilera egokiagoa; jakinda, lehen esan bezala, publikoaren zati txikia dela hor aritzen dena. Baina eztabaida-plaza horrek, hainbatek ukatzen segitzen duten arren, garrantzia gehiago hartuko du oraingo hurrengo hauteskundeei begira.

Argazki azkar bat

OH:@hizpidea irratsaiorako prestatutako kolaborazioa

Kategoriak Politika, sare sozialak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Zorion agurrak eta denetariko mezularitza azkarra

Facebook sare soziala salataria dela bagenekien. Hori dela eta, jende askok ez dio bere jaiotza-egunaren berri eman damututa kendu duenik ere ezagutzen dut. Hala ere, bere egunean modu publikoan jarri genuenok Facebooken ari diren gure “lagunak” aktiboak diren neurtzeko tresnatzat erabil genezake. Horixe bururatu zait asteon: urtebetetze eguna era publikoan dudala baliatu, jendeak zoriontzeko erabiltzen duen ikusteko; bestela ez bainaiz batere ibilia Facebooken: oso gutxitan logeatzen naiz, eta oso denbora gutxitu eskaintzen diot denbora lerroari Twitterri ez bezala―.

Zorion agurrak eta idatziko mezuak

Segurutik banitateak bultzatuta ekin diot post honi; bestela zertarako ibili adi ea nor dabilen eta nor ez urtebetetze zorion agurrak idazten? Ondo esan dut, idazten: hori izan da nagusi, niri dagokidanez behinik behin.

Mezu bidez komunikatzen gara

Ikusitakoak ikusita, kortesiazko mezuak (kariñotik hori bai! Ez duk nik dudan jarriko!) nagusitzen dira zorion agurren egunean. Facebook sare sozialari dagokionez, esaterako, hainbat erabiltzaile mota sailkatu daitezke :

    • Profilean idazten dutenak
    • Norberak egindako sarrera baliatzen dutenak “atsegin” dutela adieraztek
    • Messenger mezularitza sistema erabiltzen dutenak.

Azken horrek, era pribatuagoan zoriontzeko aukera ematen du: jasotzaileak baino ez du ikusten mezua; era horretan, mezu pertsonalagoak idazteko baliatzen ditu mezulariak. Baina Facebook salataria bezain efikaza da Whatsapp talderen batean zoriontzen zaituen lehenengo laguna ere! Izan ere, memoria onena duenaren sokari tiraka iristen dira gainerakoen zorion agurrak. Eta, hori dela eta, bakoitzaren ordutegia ezagutzeko aukera ere badago. Mezu mota ere antzerakoa izaten da kasu honetan: taldekide guztiek ikus dezaketenez, mezuak publikoak direla esan genezake; hortaz, kortesiazko testuak nagusitzen dira. Era pertsonalagoan idatzi nahi duenak bakarkako mezuak bidaltzen ditu, taldeetatik aparte.

Gmail! Bai! Sasoi batean Gmaileko txat-adiktoa izan nintzen! Gerora, ordea, jendeak erabiltzeari utzi dio, edo bakarrik utzi naute (hori ere izan daiteke). Hala ere, e-posta ere balekoa da, agendari tiraka, lagunak zoriontzeko. Hau ere testua da, Facebook, Whatsapp edo Messenger mezularitza sistematan legez. Eta, talde aukera ere bai: posta zerrendak. Hemen ere, nahikoa izaten da batek hara mezua idaztea atzetik beste hainbat posta zerrenda kide ere gehitzeko.

SMSak

Bai, badira oraindik Internetera konexiorik ez daukatenak ere. Nik neuk lagun bat daukat. Benetan diotsuet. Oraindik ere Nokia apurtezin horietakoa dauka, eta ez nabil txantxetan! Funtsean Whatsapp edo Facebook mezuen luzera eta hoztasun maila bera transmititzen dute sms mezuek, baina vintage usaia duenez, beste begi batzuekin begiratzen zaie.

Zoriono agurrak guztira

A! Telefonoa!

Eskerrak mugikorrak telefonoak izaten segitzen duen eta batzuek, gutxienekoek, deitzeko darabilten! Horri eskerrak, zorion agurra elkarrizketa luzexeagoa izatera igarotzen da eta eskertzekoa da; batez ere, bestela tarterik ez dugulako hartzen lagunekin, etxekoekin edo ikaskide ohi eta lankide ohiren batekin hizketan egiteko. Horrelakoetan, inoren urtebetetzea aitzakia perfektua izaten da telefonoko agendara jo, laguna lokalizatu eta sorpresa emateko!

Laburbilduz, Twitter ez bezala, Facebook lagun arteko hartu-emanetarako sare sozial gisa erabiltzen dugu. Mezularitza sistemen artean, berriz, Whatsapp dugu jaun eta jabe; Telegram erabiltzeko ohitura ez dago hain zabaldu gure artean.

Kategoriak Ispiluari begira | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Lilatoian ahalduntzen segitu nahian

[Berria (2016/03/22), Elena Laka Muñoz eta Marijo Deogracias Horrillo]

Konfiantza, autoestimua, askatasun sentsazioa eta, gainera, beldurrari aurre egiteko gaitasun sentipena. Hori guztia eragiten zion korrika egiteak Katherin Switzer New Yorkeko maratoia irabazi zuen lehenengo emakumeari; 1974an izan zen.

Irudia: Katherine Switzer at the 1968 Boston Marathon

42 urte geroago, kalea hartzea, lekua izatea nahi dugulako, ikus gaitzaten, guk ere eskubidea badugulako, gai garelako, beldurrik ez dugula erakusteko, berriz ere parte hartu genuen Lilatoian. Aurten 27. aldia izan du emakumeen lasterketak. Gauza dezente aldatu dira emakume feminista talde batek lehenengoz antolatu zuenetik; besteak beste, antolaketan. Izan ere, emakume haiek era amateurrean egiten zuten lana profesionalizatu egin da.

Eta aurten ere, kalea hartu dugun arren (Donostian), lekua okupatu (Bulebarretik San Martinera, Kursaalera, Nafarroako etorbidean dagoen gasolindegira eta atzera Bulebarrera) eta, nahiz eta inoiz baino emakume gehiago elkartu garen, ez gaitu ia inork ikusi. Akordatu orduko egin ditugu bost kilometro eta kaleak «normaltasunera» itzuli dira, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Gure aldarrikapen moreak (elastikoak behingoz gorriak egingo ote dituzte, arrosa alboratuta) apenas izan du oihartzunik igande goiz euritsuan; baina eguraldi txarra ez da oztopo. Lasterketa berezi horren ordutegia aurreratzeak ekarri du gure oihu eta aldarrikapenak ezkutatzea. Ez da posible kaleak morez betetzeko ahalegina egin dugun 5.000 emakume di-da desagertzea, arrastorik laga barik. Baina, izan da posible: lasterketaren ordua aurreratuta: jende gutxiagok ikus gaitzan; kirol lasterketa «normal» batean orduarekin parekatzeagatik; kalera orduko «normaltasuna» egon dadin; turistak, bisitariak eta donostiar onak kalera ateratzen direnerako emakume zalapartariek alde egin dutela ziurtatuz.

Eta, bide batez, Donostiatik kanpokoak ginen emakumerik gehienak zigortuz eta logistikan deskalabrua eraginaraziz, ordu hain goiztiarretan ibili behar izateagatik. Kontziliazioaren kontrako neurriak gehiagotan doaz emakumeen aurka, eta ordu-aurreratzearen atzetik, nahita ala nahi gabe, hori ere badago.

Baina ez da hori izan gure salaketa kaleratzea eragin duen «aldaketa» bakarra.

Imajinatzen duzue lehen mailako futbol taldeko jokalariak zelairatzen direnean, bozgorailuetatik inor esaten aritzea: «venga, chicos; poneros guapos para la foto!». Edo futbol taldeko txapeldunari saria ematen dion sari-emailea ponteko izenez bakarrik aipatzea? Bada, horiek ere gertatu ziren Lilatoian. Speakerraren mikrotik entzun behar izan genuen horrelako perlarik, eta sari-emaileak Amaia edo Edurne ziren. Are, sari-emaile bakarrak izan zuen izen-deitura: saria eman zuen gizon bakarraren aipamena izen-abizenez egin zuen speakerrak —emakume sari-emaileena, izen hutsez—. Denak emakumeak ginelako, speakerra gizona zelako, berdintasunaren aldeko kirol proba bat zela kontuan hartu ez zelako, emakumeok kalea hartzeko daukagun eskubidea seriotzat jo ez zelako.

Kontzertua: Live at Berlin Phillarmoniker, 1984

Jakin badakigu Lilatoiaren sustatzaileek zergatik ekin zioten orain 27 urte bakarrik emakumeentzako karrera antolatzeari. Baina duda egiten dugu antolaketa profesionalizatzeak ez ote dituen aldarrikapen haiek alboratu. Zerbait handitzat hartzen genuen lasterketa, Horrela hitz egin zuen Zarathustrak musikarekin hasita (orain arte egiten zen moduan); une ederra zen abiatze hori! Aurten espazioko odiseak eta argitzeak kendu eta reggeaton-arekin konformatu behar izan dugu, aurretik, beroketako zunba gaztelera huts-hutsean egin ostean. Berriz ere proba hau kirol lasterketa «normalen» barruan sartu nahian?

Ez gara dekorazio objektu, gure asmoa ez da Donostiako kaleak ordu batzuetan alaitzea. Baina sentsazio horixe izan genuen, eta komentario asko izan ziren ildo horretan. Gizartearen erdia gara, aukera-berdintasunean jarduteko eskubide osoa daukagu. Beraz, zergatik nahi gaituzte ezkutatu? Ahalduntzea kalea hartzea ere bada, hortaz, hobeto goiz erdian, orain arte bezala; eta ahalduntzea menetik, babesetik eta itzaletik ateratzea ere baldin bada, hobeto berba egokiekin.

Luis Peraltaren argazkiak

Kategoriak Ispiluari begira | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Azpidatziak era automatikoan sortzea lortu du Vicomtech-IK4 enpresak

Jatorrizko hizkuntzan zein itzulpen-hizkuntzan azpidatziak sortzeko balio du garatutako teknologiak (HBB4ALL europar proiektuaren barruan garatu dute).

Ahotsa era automatikoan ezagutu ahala, azpidatzi automatikoak sortzen ditu Vicomtech-IK4k garatutako teknologiak; hori bakarrik ez: itzulpen automatikoa ere egiten du. Era horretan, zuzeneko ikus-entzunezkoetan azpidatziak azkarrago eskaintzea lortu dute.

Proiektu-pilotua da oraingoz, baina HBB4ALL telebista digitalaren estandarretan sortutako multimedia-edukiei teknologia irisgarria aplikatzea lortu dute.

Garatutako teknologiak ikus-entzunezko edukiaren jatorrizko hizkuntzan zein itzulpen-hizkuntzan sortzen ditu azpidatziak eta edozein gailutan kontsumitzeko dago pentsatuta, Interneti lotutako telebistak barne.

Azpidatzien automatizazioak prozesua azkartzea ekarriko du. Izan ere, gaur egun azpidatziak sortzeko prozesuak hainbat urrats baititu: entzuten dena profesional batek errepikatzen du eta makinak bere ahotsa ezagutzen duenez, horretarako egokituta baitago, azpidatziak sortzen ditu; hau guztia, jakina, kontrolatutako ingurune baten egin beharra dago, makinak inolako soinu-interferentziarik izan ez dezan, besteak beste.

Oraingoz, ingelesez eta gazteleraz sortzen ditu azpidatziak. Baina, Vicomtech-IK4 enpresak aurretik garatutako SAVAS proiektuak darabilen ahots-ezagutzaileak beste hainbat hizkuntzekin ere lan egiten du: euskara, italiera, frantsesa, alemanera eta portugesa. Beraz, baliteke, teknologia ontzen duten heinean, euskarazko azpidatzi automatikoak izatera ere iristea.

Gehiago irakurri: @panoramaAV

 

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Telebistaz txiokatzen dena neurtzeko garrantzia

Telebista ikusteko modua aldatu dela esatea ez da berria. Touchvie-ko zuzendari orokor Jose Luis Florezek dioenez, 19:00etatik aurrera Google orojakileari egiten zaizkion galderen %20 telebistan ikusten ari denaren inguruan dira.

Telebista-programatzaileak ere jakitun dira telebistan emango dutena ikusteko sofan esertzeko lana hartzen duenak, ez diola pantaila bakarrari begiratzen. Badakite ikusten ari den horren inguruko komentarioak egingo dituela sare sozialetan. Horregatik, audientzia hori neurtzen hasi dira audimetria-enpresak; gaur-gaurkoz audientzia sozialak ez du betiko audimetria ordezkatuko, baina dudarik ez dago oso baliagarria dela adi jarraitzea:

  • Diru-iturri gisa, publizitatea saltzeko modua da: AEBetan egindako ikerketa baten arabera, telebistari buruzko txioen %90ek arreta gehiago jartzea eragiten du, akzioren bat egitera eramaten baitu ikuslea (Elena Neira, “El espectador social” liburuaren egilea). Hala, ohikoa izaten da telebista saioek traolak proposatzea saioari buruz iritziak zabaltzeko sare sozialetan, Twitterren bereziki. (Ikusi bideo honetan, marka zehatz bati buruz egindako komentarioen garapena; ikusgarria! https://youtu.be/ZSa5mHyA8xw).
  • Audientzia ezagutzea: Telebista-saioaz ikusleak duen iritzia ezagutzeko aukera ematen du, unean bertan. Enrique Martinek (Tuitele) dioenez, telebista-kateei eta ekoizleei engagement maila hobetzen laguntzen die, eta audimetriaren ratingean islatuko da; Nielsen hasi ei da horretan.
Iturria: tuitele.tv

Iturria: tuitele.tv

Grafikoak erakusten duenez, era guztietako saioei buruz aritzen dira ikus-entzuleak sarean. 2013an, esaterako, Espainiar estatuan, 4,5 milioi Twitter-erabiltzailek txiokatu zuten telebista-saioren bati buruz; Twitter-erabiltzaileen %78, Tuiteleren datuen arabera.

Zein da, beraz, betiko audientziaren eta audientzia sozialaren neurketen aldea? Kuantitatibotik kualitatibora, iritzia sortzen duen audientziara igaro garela. Sare sozialetan iritzia ematen ari den audientziak bere burua bakarrik islatzen du, baina iritzia-sortzailea da, eragin egin dezake. Horregatik komeni da balioan jartzea. Arazoa? Kasu honetan ere kuantitatiboa litzateke, hau da, zenbat iritzi-emaile behar ditu telebista-saio batek kopurua adierazgarria dela esateko?

#Tumatxak saioaren azkeneko emanaldia eskaini du ETB1ek asteon. Audientzia-datuak ez dira “onak” izan:

Hala ere, sarean, izan du oihartzunik. Kontuan izan Tweetbider-ek ematen duen debaldeko aukerak neurketa mugatuak egiten dituela eta ez duela, ordaindu ezean, alderaketarik egiten uzten:

Iturria: https://www.tweetbinder.com/rs/VRmcLpUH4MO

Iturria: https://www.tweetbinder.com/rs/VRmcLpUH4MO

Umap-ek egiten du euskal txiolarien jarraipena: “azken 3 urteotako datuak aintzat hartuta, 20.000 txiolari inguru aritu gara denbora-tarte horretan euskaraz Twitterren”. 2015eko urrian 6.939 erabiltzaileri egin zitzaion jarraipena, eta 387.126 txiotatik  euskaraz izan ziren %54,30; eguneko, 6.781.

#Tumatxak saiora itzulita, ez daukagu zehazterik zenbat jende aritu zen sarean saioaz hizketan emisioa izan zen bitartean, baina Umap-en zerrendan lehenengo joera izan zen; euskal txiolariok ETB1 ikusi eta komentatu genuen, alegia. Hortaz, “zenbat” galderari erantzuterik egon ez arren –ez du inork behar bezalako jarraipenik egin horretaz–, azpimarratu egin beharko da duen balio erantsia, ohiko audientziaren aldean: preskriptore naturala da; ikusmina eta iritzia sortzeko agenterik onenak dira ikusle horiek. Gainera, fideltasuna neurtzeko ere balio du audientzia sozialak, baita fan-klubak gehitzen joateko ere; baina horretarako saioek denboran iraun egin beharko lukete: ETBn ohiko bihurtzen ari den 3 edo 4 aste baino gehiago, behintzat!

KantarMedia audimetria-enpresa 2014ko abenduan hasi zen audientzia soziala neurtzen. Bi hilabete eta erdian 1,3 Twitter-erabiltzailek gutxienez behin telebistaz txiokatu zutela neurtu zuen: %42 emakumezkoak, %58 gizonezkoak. Guztien artean, denbora horretan 15,5 milioi txio egin zituzten telebistari buruz. Musikari buruzko saioek –eta kultura saioek– daukate ehuneko baxuena: %2.

Iturria: Kantar Twitter TV Ratings

Iturria: Kantar Twitter TV Ratings

#txumatxak musika ardatz hartzen duen kultura saioa izanik, eta ahaztu barik saioaren ikusle askok eta askok ETB1 ikusteko ohiturarik ez daukagula –urteetan gustuko programazio faltaren ondorio; (bestelako iritziak onartzen dira)–, ez lirateke baztergarriak izan beharko Twitterren saioak eragin dituen elkarrizketak. Target eta programazio-antolatua zehazten joateko esperimentu gisa hartuta ere, kontuan izan beharrekoak direlakoan nago.

SocialTVri buruzko aurreko artikulua 2013ko uztailean egin nuen.

Kategoriak sare sozialak, Web Telebisten inguruko inkerketa | Utzi iruzkina

Neskari listu egin aurpegira, eta ez da ezer gertatzen

Trenean sartu ahala sumatu nuen bien arteko rollotxarra. Hasteko aukeratu zituzten aulkiengatik: bagoiaren horma kontra bakarrik dagoena, eta pareko bakarkakoa.

Ez mariatzeko, trenaren norabidean zegoen lehenengo eserlekua aukeratu nuen nik, neska gazte atzerritar biren ondoan. Alboko lauko eserlekuan eguzkitakoak jantzita zeramatzan emakume bat zihoan, bakarrik, eta atzeko alde banatan, beste hiru gizon eta emakume bi.

Ikuspegia primerakoa neukan bikoteari begira egoteko. Mutila zarataka ari zitzaiolako, behin eta berriz altxatu nituen begiak Twitterretik.

Eztabaida lehenagotik zetorren, baina entzun nion neskari ari zitzaiola mutikoa:

-Zergatik ibili behar duzu beti hari begira! Beti hari zara hari kasu egiten! Nik ere deitu dizut! Memela! Lela!

Neskak isilik, mugikorrean idazten segitzen zuen. Halako batean, mutila bere ondora gerturatu, eta bizkarra ematen eseri zen, bagoiko ateari begira, nire aldera begira. Aurrez aurre neukan orain mutikoa. Atzera zarataka hasi zitzaion neskari: “ahora te levantas, lo coges y me lo das”, entzun nion; tabako paketea lurrera bota zuela ohartu nintzen, neska altxatzen ikusi nuenean. Neskak, jakina, ere ez zion gogo onez itzuli zigarro paketea, baina entzun behar izan zizkionak eta gero, ze gutxiago!

Derrepentean, nire barruan sortu zen amorrazioak goia jo zuen. Mutilak paketea hartzeaz batera, burua neskaren aldera itzuli eta listu egin zion aurpegira! 10 zm-ko tartean, aurpegira txistua!

Atentzioa deitu nion. Ezin izan nintzen isilik geratu. Baina, hain izan zen instintiboa nire erreakzioa, ze, ahotik atera zitzaidana “oye! Así no se trata a las personas, y menos a quien tienes a tu lado!” triste bat esatera besterik ez nintzen iritsi. Marmarka hasi zitzaidan mutila eta “a mí no me insultes” erantsi nuen; “no te he insultado pero no tengo tiempo para perder contigo”, erantzun zidan (hortxe amaitu zen kontua. Hurrengo geralekura bitartean mutilak ez zuen ezer gehiago esan, ezta egin ere, baina biak jaitsi ziren geraleku berean).

Ondoko emakumeak, eguzkitakoak jantzita zituenak, begirada nigana zuzentzen zuela sumatu nuen, eta nirekin batera eserita zeuden neska gazte atzerritarrak ere, begira neuzkala ikusi nuen, zer gertatu zen asmatu ezinda (bietako batek ikusiko zuela pentsatzen dut, nik bezala, mutikoa parez pare baitzuen).

Ikusitakoaren inguruan inork ez zuen ezer komentatu; hitz erdi bat egin. Bikotea trenetik jaitsi zen hurrengo geralekuan, Zaldibarren, eta ez nuen atzekoen komentario bakar bat bera ere entzun. Eta horrek ernegatu ninduen. Gure hoztasunak, gure paso egiteko gaitasunak. Leku publiko batean, jendez inguratuta eta egun argiz, neskaren kontra hain era matxistan oldartu dela ikusi genuenok, ziur naiz, gauza bera pentsatu genuela: zer ez du egingo tipo horrek bakarrik daudenean! Eta, hala ere, keinu bat bera ere ez han ginenon artean.

Kategoriak Ispiluari begira | Etiketak , | 4 iruzkin

Espainiaren tragedia komikoa

Esperpentoa izan dute ahotan hainbat ordezkari politikok Kataluniako azken gertaerak definitzeko. Jadanik lehendakari ohi den Mas barregarri geratu dela esan dute popularrek eta leize-zulo mediatikoak. Esperpentoak, ordea, Valle-Inclani esker, esangura askoz zabalagoa dauka, eta haitzulo setatiko bizilagunak ulertzen laguntzen digu. 98ko belaunaldiko idazle galiziarrak europar zibilizazioaren desitxuratze grotesko legez definitu zuen Espainia, eta hark sortutako Max Estrella pertsonaiak esan zuenez, “espainiar bizitzaren zentzu tragikoa sistematikoki desitxuratutako estetikak ematen du”; beraz, Valle-Inclanen arabera, erreforma gauzatzeko ezintasunetik sortzen da esperpentoa.

Raxoiren gobernua tematu egin da Kataluniako gizarteak era demokratikoan bozkatu zuen aldaketa debekatzen eta oztopatzen. Hala ere, aurrera egiten asmatu dute Katalunian. Bai, hiru hilabete igaro dira eta, inork espero ez zuenean, Masek atzera egin du, eta, CUPek jarritako baldintza nagusia beteta, Kataluniako Errepublika sortzeko presidenteak –Masek berak proposatutakoa– kargua hartu du. Ez da debalde izan –ikusi dugu–, eta ikusgai dago bidean nork laga duen gehiago. Ara egunkariko kazetari Antoni Bassasek domekan zioenez, Masen ohiko jokaldia izan da azkenekoa eta inork ezingo dio ukatu duen gaitasun taktiko izugarria: “Alde batera egin du, baina bidean CUP eraman du”.

Ezin dugu ahaztu esperpento literatura-generoaren ezaugarri dela ironia. Batzuek ironikotzat jo dute, esaterako, Junts Pel Siren eta CUPen arteko akordioa noiz iritsi den: Antonio Baños CUPen zerrendaburuak (1.515nako berdinketaren ostean) gauzatu ez den dimisioa eman ondoren, eta zerrendan haren hurrengo den Anna Gabriel Bilbora joana zenean.

Ironikoa edo ez, Katalunian izendatu dute independentziaren aldeko president berria; Espainian, aldiz, Patxi Lopez da Kongresuko presidente.

(Puntua aldizkarirako kolaborazio gisa argitaratua, 2016/01/16)

Kategoriak Politika | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Odol mamitu desatseginak

Odol mamituak liburuaren hasiera gogorra egin zait, bortitza; egonezina. Xehetasun horiek guztiek goragalea ere eragin didate, letretatik burua altxatzeraino; arnasa hartzeko, deskribapenak irudikatu arazi didaten horretatik aldentzeko. Benetan, desatsegina; gordinegia.

Alaine Agirre (Elkar, 2014).

Alaine Agirre (Elkar, 2014).

Baina, era berean, irakurketa erraza dauka Alaine Agirreren lanak, kontraesana dirudien arren. Kontakizunaren hasierako krudeltasuna samurtu egiten da, horrelakorik esan badaiteke protagonistaren desesperazio maila ikusita. Baina gustatu zait, erritmoa duelako, erritmoa izan dezan ahalegindu delako autorea.

Eta sortzen duen giro horien guztien artean, alfabetoko hizki soilekin izendatutako pertsonaien gogo-aldarte desorekatu horien guztien artean, ni neu G-ren desesperazioarekin geratu naiz. Oker ez banago hau ere behin baino ez da agertzen A-ren bizi-indarren gorabeheren kontakizunean, baina hunkitu egiten duen istorio labur-luzea ikaragarria iruditu zait, gordin(egi)a:

Gaur G sartu dute hemen. Laurogeita hemezortzi urteko gizona. Terapian kontatu du emaztea hil zitzaiolako saiatu zela bere buruaz beste egiten. Zaharregia dela, mundu honetan pixoihalen kontsumoa igortzearen errudun. Bizitza bukatu zaiola, oroitzapenen beteta dauzkala poltsikoak, ez zaiola gehiago kabitzen, ez daukala astirik denbora nola pasatzen den begira egoteko; ematea zain daukala. Zain daukala, eta ez duela atzean inor uzten. Ez seme-alaba, ez senide hurbil, ez lagun. Bukatu zaiola bizitza. Eta heriotza eskuetatik erauzi nahi diotela” (Alaine Agirre, Odol mamituak. 2014: 74).

Kategoriak Ispiluari begira | Etiketak , | Utzi iruzkina

Bazen ordua ETB1ekin gozatzeko!

#Berandubainolehen @iarantzabalek botatako txioari kasu eginez, Euskal Telebistak atzo estreinatu zuen elkarrizketa-saio berriaz nire iritzia idaztea pentsatu dut.

Bota nuen neuk ere, saioa hasi orduko, uneko sentsazioa:

Zintzoa izan nintzen, ez zen postureoa. Eta saioa bizi eta ikusi ostean, formularekin, baina batez ere estiloarekin, asmatu dutela esan nahiko nuke. Fermin Etxegoienek daukan patxada horrek gustua ematen du. Telebistak berezko duen teatro-jiterik ez nuen sumatu; egia da elkarrizketatuen naturaltasunak lagundu zuela horretan. Natural antzean euskaldun bi ikusi genituen elkarrizketa batean zein bestean, @Jozulinek esandako moduan:

Bakoitzaren “jardunaren” bueltako galderak zeuden gidoian, baina erantzunetatik galdera berri asko sortu ziren behin eta berriz; eta, erantzunak! Giro onean, lasai, konfiantzan dagoenak botatzen dituenak, zintzo eran.

Onintza Enbeitak estu hartu zuen Etxegoien; euskal gizonen matxismoaz hain natural berba eginez —bide batez, deserosotasunik sumatu ez—; ederra! Handik aurrerakoak ere zintzo erantzundakoak izan ziren; ados egon ala ez, era librean emandako iritziak entzutea plazera izan zen.

Mikel Pagadiren elkarrizketak mugimendu gehiago izan zuen —doakie kameralariei nire elkartasuna!—. Villabonatik paseoan zirela elkarrizketatu zuen Etxegoienek Pagadi. Guk aurrez aurre ikusten genituen, baina kameralariak atzeraka ibili beharra izan zuten, ez tarte laburrean! Interesgarria izan zen umorea hizpide hartuta bien arteko hitz jokoa, alferrikako plantarik egin barik, antzeztu barik; narritatzaile, baina tarteka euskal umoreak hartzen duen tonu, nola esan, aiixxxxx!, hori gabe.

Lau saio bakarrik?

Berrian Urtzi Urkizuk egin zion elkarrizketan zioen Etxegoienek lau atalerako kontratua duela #berandubainolehen saioak: “Lau atal ziurrenik ez dira asko, baina genero honetan bada erronka bat aintzat hartzeko modukoa”. Bada, horixe, eutsi erronkari! Batzuk baikara era horretako euskal telebistaren zale izateko publiko potentziala; adinagatik ere izan daiteke:)

Audientzia-emaitzak, ondo

22.000 ikusle izan zituen ETB1eko saioak eta aipagarriena dena: %5,5eko kuota gazteen artean, @urrutikoaginteak azaldu duenez:

Kategoriak Kazetaritza | Etiketak , , | Iruzkin 1

Eta, zergatik ez “indecente”?

Iturria: El Zapping Del Mono

Elhuyar hiztegiak gazteleraren “decente” berbaren euskarazko lehenengo adieran, adibide hauxe ematen du: “era uno de los pocos políticos decentes: politikari zintzo bakarrenetako bat zen”. Justu Sanchez sozialistak Raxoy popularrari leporatutakoaren kontrakoa. Zehazki, zera esan zion Pedro Sanchezek: “El presidente tiene que ser decente, y usted, sr. Rajoy, no lo es”. Segurutik, decente-ren aldeko hautua egin zuen, indecente-k askoz ere esanahi gogorragoa duelako:

DECENTE INDECENTE
  • 3  adj. gizalegezko, gizatasunezko

Iturria: Elhuyar hiztegia

Eta, hala ere, debatea bertatik bertara —tira, alboko gela bitatik— jarraitzen egon ziren Iglesias eta Rivera eskandalizatu egin omen ziren (Juan Cruz-i irakurri diot), zalapartari aritu zelako sozialisten hautagaia —ziur naiz, gutariko edonori galdetuz gero, goiko taulako bigarren zutabeko edozein erabiliko genukeela PPko gobernua definitzeko orduan—. Gainera, hain debate formatu zurrun eta aspergarri horrek behar zuen bada, horrelako zerbait, eta halaxe ulertu zuen Raxoyk: “hasta aquí hemos llegado”, ez zuen, ba, esan!

Baina zer espero zuen, bada, presidente espainiarrak? Ohituta beharko luke! Ala, ez diote kongresuan oposizioko taldeetakoek, gogorragoak botatzen bere jarrera eta bere gobernuaren kudeaketa kritikatzen dutenean?

Bai, jakina, askotan entzun dituela hori baino berba gogorragoak, baina, egia da, baita, presidentea ez dela inoiz bakarrik egon horrelakoetan: bere taldekideen txaloek babestu izan dutela beti; eta atzo, ai atzo: atzo ez zuen txalorik entzuteko aukerarik izan: gizon koitadua.

 

Kategoriak Politika | Utzi iruzkina