Eta hemendik aurrera zer?

Listo, jada badakigu nork irabazi dituen Espainiako hauteskundeak; dudan ia Marianok eutsiko dion oposizioko talde nagusiko buru izateari. IUren galera nabarmena denez, Llamazaresek hartu du, emaitzak ezagutu bezain pronto, kargura atzera ere ez aurkezteko erabakia. ERC “normaltasunera” itzuli da; 2004ko 8koa ez zen “normala” izan eta lehen zituen 2 ordezkaritik bat igo da.
Baina eta zer pasa da EAEn? EAJk kontuak egin izan balitu, eta EAk ere bere bakarkako aukera egin izan ez balu, emaitzak beste batzuk lirateke eurentzako. EBk IUren islarena egin du eta Aralarrek izatekotan ere Gipuzkoan zerbait, baina oraindik ere bidea egiteko.
Abstentzioa ere igo da; ez akaso eguenean zena beste, baina igo da; beraz, edo planto eskariagatik edo benetan sinistuta, baina zertxobai igo da.
Baina eta hemendik aurrera zer? Espainiako hauteskundeetara euskaldunak bakoitza bere aldetik aurkezten segitu behar dugu/dute ala badago abertzale-soberanisten arteko elkarlanerako betarik?
Orain dela hilabete batzuk koadrilan esaten zidaten “ia ba batera joateko aukera horrek urteten daben”. Ez zen horrela izan, baina igarri da bai, handiagoen aurrean zerbait lortu nahi bada, indar metaketak praktikatu beharko ditugula. Ala?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Ikusi duzu nire titizorroa?

Joan zen aste osoan Euskadi Irratian eman zuten Ohean antzezlanaren estreinaldiaren iragarkia. Ikusmina sortu zitzaidan eta horretan nenbilela, sarrera bi eskuratu nituen (orain dela ia 20 urte irabazi nituen Mecano ikusten joateko sarrerak eta harrezkero ez dut lehiaketetan zorterik izan, baina eguenean Euskadi Irratitik deitu zidaten Arriagan igandean sarrera bi zain izango nituela). Aukera aprobetxatu nuen eta aspaldiko partez euskarazko antzezlan batez gozatzera joan nintzen. Eta gozatu nuen, bai. Oso gustura izan nintzen Arriagako aulki zaharkituetan Maskaradarena irauten duen ordu eta erdian.

Matxalen de Pedro eta Aitor Beltran primeran daude. Eurak dira taula gaineko aktore bakarrak, baina ez pertsonaia bakarrak. Ohe erraldoi baten txortan hasten dute antzezlana; biluzik biak, sexu gosez; Aneren plazer oihuak entzuten dira argi epel batek ikustarazten dizkigun oihal zurien artetik.

Era horretako eszenak antzerkian ez dira ohikoak, baina ez dira inondik inora deseroso egiten. Han batu zen publikoaren batez besteko adina ikusita, nago askori egin zitzaigula ezagun bi pertsonaiek bizi dituzten pasadizoak. Ordu eta erdi hotel bateko ohe baten inguruan da antzezlan osoa, baina era guztietako sentimenduak eragin arazteko ahalmena izan dute bi aktoreek, Carlos Paneraren zuzendaritzapean. Unai Elorriagak euskaratu du Matias Bize txiletarraren jatorrizko film baten oinarritutako gidoia eta eman dio bai bere ‘puntua’ getxoztarrak.

– Ikusi duzu nire titi-zorroa?
– … Titi-zorroa? Zera… ta zuk nire ipur-oihala?

Hortik aurrera burko borroka egiten duten bitartean Euskaltzaindiaren arauen inguruan barre algara dezente eragin zizkiguten. Eta, marrazki bizidunen Fran/Aitorren kanta-saioa ere apartekoa izan zen, hura zen barre algara! Txalotua izan zen bere sesioa eta baita Ane/Matxalenek egiten duen Tina Turnerren interpretazioa, bikaina!

Beste musika, antzezlana laguntzen duen musika, Rafa Ruedak sortu du; ohe sesioa girotzen laguntzen du sortutako doinuak eta trantsizioa egiteko, giro aldatzeko, egoki ematen du.

Gau batez elkartu eta hotel batera joateko aukera egiten duten bi pertsona heldu dira Ane eta Fran; errez egiten zaie elkarren barrena hustea sexu saio baten eta bestearen artean; hasteko bi ezezagun direlako eta, bestetik, badakitelako atzera ez direla ikusiko. Nork ez dizkio  norberaren sentimendu eta sekretu ezkutuen berri eman inoiz ezezagun bati, ezagunari baino lehenago? Terapia modu merkea da ezezagun batekin barrenak hustea; behin hustuta, norbera ere lasaiago geratzen da. Zailago egiten zaigu askotan ondoko lagunmin, maitale, ohelagun edo amari kontatzea.

Pasadizoetako asko ezagun egin zitzaizkidan eta uste dut horrek ere eragin zidala antzezlana gustura ikusten egotea. Gustatu zitzaidan  antzerkia atzo, eta gustatu zitzaidan hainbeste euskaldun euskarazko antzezlana ikustera joan ginela jakitea.

Aukera duenak ikus dezala Ohean antzezlana.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 4 iruzkin

Iritsi da superastelehena

Gaueko hamarrak
aldera jokatuko da ZPRaxoi hautagaien arteko bueltako
partidua. Llamazares, bigarrenez,
kanpoan geratuko da eta atzo Paisek argitaratutako inkesta ikusita –IUk talde
parlamentarioa galtzeko arriskua ei dauka– jota behar du gizonak; beharbada Marianoren neskatoaren bila hasi
beharko du Jordi Évole ‘Folloneroa’
lagun duela (sareko frikien artean itzelezkoa jokoa eragin duten bi
pertsonaiek). Kinielarik egitekotan oraindik sasoiz gaude; PP ala PSOE? Nor
aterako da garaile Madrilen? Hala ere, horrek baino jakinmin gehiago eragiten
didate Gipuzkoako emaitzek. Asteburuko inkesten arabera PNV eta PSE lehian ari
dira nagusi izateko eta orain arte EAk izan duen diputatua ere arriskuan dago (Alzelaik segika du Aralarko Irazabalbeitia eta pixka bat
hurrunxeago, EBko Lopez). Zapatuan
amanean Dabid anaiak ezker
abertzaleaz galdetu zidan; ezker abertzale ofizialaz, abstentzioaz, alegia.
Esan nion aukeran hori ere baduela, libreki bada behintzat.

Atzo, berriz, Ynestrillas Gernikara zetorrela-eta, ni
Bilbora joan nitzan Maskaradaren Ohean
antzezlana ikustera; aukera baduzue, joan ikustera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Pertsona ‘zintzoei’ deia

Elhuyarrek dioenez zintzo, onest, zuzen, prestu eta ondradu parekoak dira.  Gutariko gehienon antzera, pentsatzen dut. Hortaz guztioi egin digute dei gaur Iruñetik hautagai independentistek; hala irakurri dut garan.
Hiztegia 3000ak  adiera gehixeago ematen dizkio “honrado” horri:

  • 1 decente; decoroso/sa: zintzo, zuzen, itxuroso, deduzko, eratsu

  • 2 recatado/da, pudoroso/sa: begiratu, zuhur, erako

  • 3 razonable; justo/ta: bidezko, onezko, zuzen, egoki

  • 4 honrado/da: zuzen, zintzo, prestu, hitzeko, ondradu

Dei horren ondotik ze ondorio atera beharko dugu? Abstentzioaren alde egiten ez duen herritarra ez dela ondradua?, ez dela zintzo jokatzen ari?, ez duela zuhurtziaz jokatu, ez duelako aukera egokiaren alde egingo?
Botoa ematea zein ez ematea herritarrok daukagun eskubidea da.  Beraz, nire iritziz bata zein beste zintzoa izango da bere idealekin eta gogoekin.
Abstentzio aktiboak duen balio erantsia paso kontziente bat egitearena litzateke, baina, botoa nori eman ez dakienak eta abstentzioaren alde egiten badu hori ere abstentzio aktibo bat egiten arituko da ala beste barik beste askok egiten duten moduan, eta nik neuk ere inoiz egin dudan moduan,  paso sinple bat egiten arituko da? Eta, hauteskundeetara aurkezten diren hautagai eta alderdiez beste barik erabat paso egiten duen hori, ere bozka ematera ez denez joango, herritar zintzoa da?
Ia norbaitek azaltzen didan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Praileaitzen inguruko indusketak, arriskutsuak?

Miren
Azkarate Kultura Sailburuak, talde popularrak eskatuta, azalpenak eman
ditu Legebiltzarreko kultura batzordearen aurrean Praileaitzeko
kobazuloaren eta inguruko maldaren gainean.

Azaroan izan zen sailburua
azalpenak ematen eta orduan eman zituen Aranzadikoak egiten ari ziren
ikerketaren ondorioen gaineko xehetasunak. Han, agerraldi hartan
bertan, Aranzadikoek azaldu zuten ez zutela inolako txostenik aurkeztu
“ofizialki” lana amaitu barik zegoelako.

Agerraldiaren ondoren
Aralarrek, PSEk eta EHAKk aurkeztutako legez besteko proposamena onartu egin
zuen legebiltzarraren osoko bilkurak, abenduaren 13an: Jaurlaritzak
babes dekretua alda zezala, jarduera guztiak geldiaraz zitzala eta lege
esplizituagoak gara zitzala horrelako guneak benetan babesteko eskatzen zen ekimen hartan. (Testu
osoa hemen
).

Gaur,
atzera ere, oraingoz ahoz eta aurrerago-edo idatziz jasoko duen txosten
batek esango duena aurreratu du kultura sailburuak. Arte arkeologikoan aditua den ikerlari
britaniar baten ondorioak azaldu ditu Azkaratek batzordean eta, besteak
beste, zera bota du “hay que tener cuidado con las posibles
modificaciones de las condiciones ambientales causadas por las
excavaciones arqueológicas”.

Ikusteko
dago nola jasoko duen Paul Petite britaniarrak bere ondoriak, baina
zer esan nahi izan du Azkarate andereak? Praileaitzen egiten ari diren
ikerketa arkeologikoek kalteak eragingo dizkiotela Praileaitzi?
Ikerketa horiek ez ziren bada Praileaitzen ondare arkeologikoaren
garrantzia behar den moduan aitortzeko eta babesteko behar diren neurri
guztiak behar den moduan ezartzeko?


Bitxia,
gutxienez, iruditu zait Azkarate andereak eman dituen azalpenen artean,
lau bat bider edo azpimarratu duela, aditu britaniarrak kontatu dion
apunte hori. Egia da esan ere egin duela Uraren Euskal Agentzia ari dela
baita Praileaitzen malda horren inguru hori aztertzen, eta harrobiaren
ustiaketa, maldari dagokionez, geratuta dagoela. Baina zergatik
insistitu nahi izan du Azkarate andereak “egiten ari diren, edo
egitekoak diren indusketa arkeologikoek eragin ditzaketen ingurumen
aldaketak zaindu beharko liratekeela”?


Legebiltzarkideen
galderei erantzunez, bigarren txanda baten, Azkarate andereak aitortu
egin du dekretua aldatu behar bada aldatuko duela, baina horretarako
behar-beharrezko dituela hori egiteko motibazio juridiko sendoak
izatea; izan ere, ez baita gauza bera motibazioak paisagstikoak
badira, edo meandroaren inguruan Ingurumen Sailaren menpe dagoen Uraren
Eukal Agentzia egiten ari den ikerketaren ondorioak (Mutrikuko kultura
elkarteak eskatuta), edo dekretuak babesten dituen haitzuloari kalte
egiten dioten bestelako argumentazioak. Bata zein beste dekretua
aldatzeko baliagarria litzateke, baina argudio juridiko sendoak izan
nahi ditu Azkarate andereak, gerora ere epaiketa izango duelako
harrobia ekoizten duen enpresak horrela erabakitzen badu.


Bazirudien
ate bat irekitzeko asmoa erakutsi duela kultura sailburuak “dekretoa
aldatu behar bada aldatuko da” esan duenean, baina gero berriz ere ekin
dio euren aditu britainiarraren kezkak errepikatzeari, hau da, “al arqueólogo le preocupa mucho más la actividad humana que se de en la cueva o las consecuencias de los estudios de la fase 3″. Bitxia.

“Praileaitzen lagunak”

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Danok Egunkaria izan ginenekoa

Bost urte igaro dira, bai  bost. Amak esandako esaldia gogorarazi dit Iñaki Uriak gaur. Iñakik dio “Donostian Egunkaria itxi eta berehala antolatutako manifestazioak. Egunkaria aurrera! izan zen
jendearen oihua, eta seguruen lortu zuen «hurrena zein?», euskalgintzan
zabaldutako galdera mamuari, eta iragarritako beste zenbait polizia
operaziori frenoa jartzea”.
Nire amak Egunkaria itxi zuten egun hartan telefonoz deitu zidan eta gauza bera galdetu zidan: “hurrengo zein?”.
Nire amak galdetu zidana askorik pasa zitzaigun burutik. Orduan “Anboto Durangaldeko astekaria”n ari nintzen lanean. Gogoan daukat Egunkaria itxi eta berehala sortu zen elkartasun mugimendu haren bitartez jaso genuela erredakzioan “Danok gara Egunkaria” zioen banerra. Ez genuen dudarik izan: Anbotoren mantxetari gehitu genion.

DanokGaraEgunkaria

Eta halaxe atera zen aste horretako Anboto, baita hurrengo bi astetako astekariak ere.
Joan zen astean atzera pasa nintzen Durangotik eta egungo zuzendariari, Xabierrei, gogora ekarri nion orduko Anboto; gaur hona ekarri nahi izan dut gogora.
Aitziberri ere esan nion egingo nuela. Anbotoren 60. zenbaki hura atera genuen arte, Egunkariko langilea zen.

Bost urte igaro dira, azkar esaten da. Gaur ere Andoainen elkartuko dira hainbat eta hainbat euskaltzale Egunkariaren itxiera salatzeko, euskararen kontrako desprestigio kanpaina salatzeko. Atzera entzungo dugu “Denok gara Egunkaria”; ze, gustatu ala ez Egunkariak zuen ildo editoriala, euskara hutsez genuen egunkari bakarra zen. Eta egin zutena injustizia kalifika ezina izateaz gainera, gu guztion kontrakoa izan zen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Emakume agintariak akaso, alderdietako bozeramaile berriz…

Gaurko Berrian 
ordezkari politikoen adierazpen sortari begira geratu naiz; diotena irakurri beharrean
atentzioa deitu didana zera izan da: 10 adierazpenetatik 8 gizonezkoenak izatea
(beste bietan ez zen jartzen noren izenean ziren esandakoak; taldearen izena
ageri zen). Gogoratu dut Paisek atzo osatu zuen erreportajea: Berdintasun
Legeak agintzen duen parekotasunak ordezkari politikoetan dakarren aldaketa
txikia, alegia: emakumeak zerrendan joan badoaz, baina kasurik gehien-gehienetan ez
doaz ordezkaria lortzeko aukera dagoen postuetan.

Hau ere, emakumeek
bizitza publikoan dugun parte hartzearen beste adibide bat da. Ibili
bagabiltza, baina dirudienez ez dugu behar beste agintzen-edo. Egungo politikarien
artean, EHAK-k dauka emakume aurpegia Euskal Herriko alderdien artean, Plazandreok
alde batera utzita (erakundeetan ordezkaritzarik ez duen alderdia delako). Egia da hainbat erakundetan emakumeak direla agintari nagusi: EAE  eta Nafarroako 
parlamentuetan eta Gipuzkoako BBNNetan, esaterako. EAEn lehendakariordea ere badugu eta Españan ere presidente
ordea emakumezkoa da -eta webgune ez ofiziala duen Madrilgo erkidegokoa ere emakumea da. Alemanian ere emakumezkoa da presidentea. Haratago Txile eta Argentina aipatu genitzake;
eta, akaso, AEBk ere emakume baten
aurpegia izango dute. Baina kasu horiek gugandik urruti samar daude. Gurean, gizonezkoek egindako politikaren inguruan ari gara egunero; eurak dira alderdietako bozeramaile. Erakundeetan ere urte gutxien emakumezkoek egiten dute eta badira gainera, aginte apur bat eta politikan jantziago egiten diren emakume politikarien kasuan ere, alderdiak (gizonezkoek) bigarren lerra pasarazten dituztenen kasuak ere (esango nuke EAJk ere antzeko zerbait egin duela bere zuzendaritza berria aukeratzeko orduan).

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Athleticekua ni? bai zera!

Atzo, atzera be, Athleticen partidua ikusi neban telebistaz. Errege osteko astean hiru partidu ikusi nitxuan, Kanarietan nenguan arren. Asteburukoa eneban ikusi, baina atzo bai. Aspertu egin nitzan. Futbolaz ez dot ulertzen eta horrek be asko esaten dau, baina hala ta be, aspertu egin nitzala argi daukat.
Nagorek, koadrilako athletic zale amorratu eta adituak, “azkenean Athleticekoa egingo zara” esan zidan berriz be atzo. “Zertarako?, zuek moduan sufritzeko? Ez, eskerrik asko”. Ze, atzo be, lagun danak han ibili ziran “ui, ui,, ala, ui” eta ez dakit zenbat kontu esaten. Benetan gaizki ikusten ditxut partidua egoten danetan nire lagunak. Ixa danak sozioak dira eta arrazoia be badauke bai emaitza txarren aurrian protestan jarduteko; baina hori baino gehixau da: partidua amaitxu bitxartian nerbixotatik jota egoten dira, jokalarixei protestak bakarrik ez, animuak be emoten dotse (Aranzubiari ez, hari egurra besteik ez), entrenadorea, ahal dala, errespetau egitten dabe… Pentsau leike zale-modeloak direla. Baina, neu hobeto bizi naizela uste dot: hain gaizki ez pasatzearren partiduak irauten ditxuan horrek miñutu danak, horreatik bakarrik enaiz athleticekua egingo.
Egia esateko, Reala bigarren mailan dagoenetik ere, interes gutxiagorekin jarraitzen dut futbol taldeen nondik norakuak. Bizkaian bizitzeak eta Realak Athleticen maila berean jokatzean, bazeukan bere zera, baina aurten ba…
Hala ta be, Nagorek, akaso, azkenian arrazoia izango dau eta atlheticekoa egingo naiz; athleticen partiduak erakusten ditxuzten tarbenako zalia-edo.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

Lotuegi bizi gara euskal gatazkari, ala?

Hilabete pasatxo da Karmen Irizarri Euskadi Irratian entzun niola esaten gure herriko ditxosozko gatazka dela eta, askotan geratzen zaizkigula eguneroko arazoak alde batera, eztabaidatu barik eta, are okerragoa dena, soluzionatu barik. Pentsatu  nuen orduan arrazoia ez zitzaiola falta Karmeni. Gure herri honetan politikaren inguruan gertatzen direnak, edo gertatzen ez direnak, direla egunkarietako artikulurik gehienak betetzen dituzten kontuak. Aspaldi honetan, gainera, adierazpenen inguruan osatutako albisteak dira irakurtzeko eta entzuteko ditugun gehienak; gutxitan, oso gutxitan, izaten dira politikoen lanari esker, gizartean eragiteko eta herritarren onerako diren kontuen inguruan aritzen diren albisteak irakurtzeko aukera izaten dugula. Joan zen astean ere, Berriako zuzendari Martxelo Otamendirekin horren inguruan aritu ginen: beste batek esandakoari erantzun beharra dela politikoen egiteko nagusia azkenaldi honetan eta horren erru handi bat, hein baten, prentsa arduradunek dutela: bere jefea egunkari, irrati, telebista edo Interneten agertzearren, hitz jarioan aritu dadila dugu prentsa arduradunok helburu. Baina hedabideetako arduradunek ere noizbait aldatu beharko dute “txipa” eta benetan albiste denari lekua egitearen aldeko apustua hartu beharko dute; akaso, era horretan, politikoek inora ez doazen adierazpenak egiteari utziko diote eta gure gizartearen eguneroko arazoei soluzioak bilatzen denbora gehiago emateko aukera izango dute.

Ez da erreza neurria hartzea, seguru. Baina ahalegintzea ere bada herritarren ordezkari izateko aukeratu dituzten horien ardura. Gero, jakina, hedabideek ere horri lekua egin beharko diote. Izan ere, askotan gertatzen da, gai sektorialen inguruan lerro gutxi batzuk baino ez direla agertzen egunkarietan eta, aldiz, hark edo besteak esan duenari ematen diotela izenbururik nagusienak.
Baina, berriz ere, Karmen Irizarrek esaten zuena gogora ekarriz, zergatik diogu hainbesteko erreparu-edo, herritarrok bizi ditugun egoeren inguruan jarduteari? Gutako zenbatek ez dugu ezagutzen etxebizitza bat bilatzeko arazoak dituzten lagunak, itzelezko lanordu mordoan aritu eta hilabetea igarotzeko justu dabiltzan soldatekin bizi direnak, langabezian urte luzez biziraun beharra daukaten pertsonak, etxetik kanpo lanean ari diren gurasoek seme-alabekin egoteko duten denbora eskasia… Asko dira herri honetan ditugun arazoak eta egoera politikoa dena delakoa izanda ere, soluzionatzeko ditugu oraindik. Agian, ahalegin, ardura edo denbora gehiago inbertitu beharko genuke egunerokotasunean hainbeste eragiten duten egoera horiek identifikatzen, aztertzen eta soluzionatzen eta herri honen arazo larri horri denbora gutxiago eskainiz, akaso, egingo genuke. Batek bestea ez du kentzen, baina lotuegi bizi gara euskal gatazkari, ala?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Tapaki arriskutsua, 120ko abiaduran

Atzo, martitzenean, Barazar gainera iritsi eta elurra ikusi nuen errepide bazterrean. Elur gutxi, baina nahikoa argazkia beste bat izateko; aurreko eguneko kolore bera zuen, zuria, baina oraingoan izotza beharrean elurra zen. Gasteizerarte elurra lagun bide bazterretan eta orduan, haizea zebilelako-edo, ikusi nituen Debagoienera doan autobide markatzen duten bide-seiñale tapakiekin.

bideseinaleArriskutsuak

Karteletik ateratzen ziren eta hara eta hona ari ziren, izara beltz erraldoiak. Pentsatzekoa da neurtuta izango dituztela oihal erraldoi hoiek karteletan irauten duten denbora zenbatekoa den ze, jarri berriak dira eta jada hegan egiteko gogoz dira. Inork sustorik hartu ote du gainera etorri zaiola-eta? Horixe pentsatu nuen autoa gidatzen nindoala.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1