Danok Egunkaria izan ginenekoa

Bost urte igaro dira, bai  bost. Amak esandako esaldia gogorarazi dit Iñaki Uriak gaur. Iñakik dio “Donostian Egunkaria itxi eta berehala antolatutako manifestazioak. Egunkaria aurrera! izan zen
jendearen oihua, eta seguruen lortu zuen «hurrena zein?», euskalgintzan
zabaldutako galdera mamuari, eta iragarritako beste zenbait polizia
operaziori frenoa jartzea”.
Nire amak Egunkaria itxi zuten egun hartan telefonoz deitu zidan eta gauza bera galdetu zidan: “hurrengo zein?”.
Nire amak galdetu zidana askorik pasa zitzaigun burutik. Orduan “Anboto Durangaldeko astekaria”n ari nintzen lanean. Gogoan daukat Egunkaria itxi eta berehala sortu zen elkartasun mugimendu haren bitartez jaso genuela erredakzioan “Danok gara Egunkaria” zioen banerra. Ez genuen dudarik izan: Anbotoren mantxetari gehitu genion.

DanokGaraEgunkaria

Eta halaxe atera zen aste horretako Anboto, baita hurrengo bi astetako astekariak ere.
Joan zen astean atzera pasa nintzen Durangotik eta egungo zuzendariari, Xabierrei, gogora ekarri nion orduko Anboto; gaur hona ekarri nahi izan dut gogora.
Aitziberri ere esan nion egingo nuela. Anbotoren 60. zenbaki hura atera genuen arte, Egunkariko langilea zen.

Bost urte igaro dira, azkar esaten da. Gaur ere Andoainen elkartuko dira hainbat eta hainbat euskaltzale Egunkariaren itxiera salatzeko, euskararen kontrako desprestigio kanpaina salatzeko. Atzera entzungo dugu “Denok gara Egunkaria”; ze, gustatu ala ez Egunkariak zuen ildo editoriala, euskara hutsez genuen egunkari bakarra zen. Eta egin zutena injustizia kalifika ezina izateaz gainera, gu guztion kontrakoa izan zen.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude