Lotuegi bizi gara euskal gatazkari, ala?

Hilabete pasatxo da Karmen Irizarri Euskadi Irratian entzun niola esaten gure herriko ditxosozko gatazka dela eta, askotan geratzen zaizkigula eguneroko arazoak alde batera, eztabaidatu barik eta, are okerragoa dena, soluzionatu barik. Pentsatu  nuen orduan arrazoia ez zitzaiola falta Karmeni. Gure herri honetan politikaren inguruan gertatzen direnak, edo gertatzen ez direnak, direla egunkarietako artikulurik gehienak betetzen dituzten kontuak. Aspaldi honetan, gainera, adierazpenen inguruan osatutako albisteak dira irakurtzeko eta entzuteko ditugun gehienak; gutxitan, oso gutxitan, izaten dira politikoen lanari esker, gizartean eragiteko eta herritarren onerako diren kontuen inguruan aritzen diren albisteak irakurtzeko aukera izaten dugula. Joan zen astean ere, Berriako zuzendari Martxelo Otamendirekin horren inguruan aritu ginen: beste batek esandakoari erantzun beharra dela politikoen egiteko nagusia azkenaldi honetan eta horren erru handi bat, hein baten, prentsa arduradunek dutela: bere jefea egunkari, irrati, telebista edo Interneten agertzearren, hitz jarioan aritu dadila dugu prentsa arduradunok helburu. Baina hedabideetako arduradunek ere noizbait aldatu beharko dute “txipa” eta benetan albiste denari lekua egitearen aldeko apustua hartu beharko dute; akaso, era horretan, politikoek inora ez doazen adierazpenak egiteari utziko diote eta gure gizartearen eguneroko arazoei soluzioak bilatzen denbora gehiago emateko aukera izango dute.

Ez da erreza neurria hartzea, seguru. Baina ahalegintzea ere bada herritarren ordezkari izateko aukeratu dituzten horien ardura. Gero, jakina, hedabideek ere horri lekua egin beharko diote. Izan ere, askotan gertatzen da, gai sektorialen inguruan lerro gutxi batzuk baino ez direla agertzen egunkarietan eta, aldiz, hark edo besteak esan duenari ematen diotela izenbururik nagusienak.
Baina, berriz ere, Karmen Irizarrek esaten zuena gogora ekarriz, zergatik diogu hainbesteko erreparu-edo, herritarrok bizi ditugun egoeren inguruan jarduteari? Gutako zenbatek ez dugu ezagutzen etxebizitza bat bilatzeko arazoak dituzten lagunak, itzelezko lanordu mordoan aritu eta hilabetea igarotzeko justu dabiltzan soldatekin bizi direnak, langabezian urte luzez biziraun beharra daukaten pertsonak, etxetik kanpo lanean ari diren gurasoek seme-alabekin egoteko duten denbora eskasia… Asko dira herri honetan ditugun arazoak eta egoera politikoa dena delakoa izanda ere, soluzionatzeko ditugu oraindik. Agian, ahalegin, ardura edo denbora gehiago inbertitu beharko genuke egunerokotasunean hainbeste eragiten duten egoera horiek identifikatzen, aztertzen eta soluzionatzen eta herri honen arazo larri horri denbora gutxiago eskainiz, akaso, egingo genuke. Batek bestea ez du kentzen, baina lotuegi bizi gara euskal gatazkari, ala?

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude