Gaur ez, beranduago etorri naizelako Gasteizera. Baina atzo goizean, Barazarrera igotzeaz batera, pare bat metro aurrerago zegoena antzemateko ere nahikoa lan izan genuen gidariok.
Horrelakoetan, laino artetik autoak eta kamioiak beharrean (ordu horretan nahi baino gehiago), besterik agertuko ote daitekeen pentsatzeko joera izaten dut. Hobe izaten da adi joatea, aurrekoak frenatu duela igarri orduko, haren gainean egoten baizara; baina, gertaera katastrofikoetan barik ametsetarako aukera ere ematen du egoera horrek. Autoa ezin duzu geratu; aurrera egin beharrean zaude, derrigorrean; begiak gehiago zabalduta ere berdin ikusten duzu (ezer gutxi); pareko bidetik datozen ibilgailuen argiak ñimiak zerbait badatorrela ohartarazi orduko pare-parean aurkitzen duzu trailer erraldoi bat… Hala ere, ematen du amesteko aukera: tunel luze eta amaigabeetan sartzen zarenean errepikatzen den sentsazio bera (Eskoriatzarainoko autobide berria hartu neun joan zen astean Gasteiztik, eta… ze tunel amaigabe; 3 km lurpean!). Ta, gainera, laino itxi horrek normalean beldurrezko filmetan erabili ohi izaten den errekurtsoa izan arren ere, hortxe etorri nintzen zerbait ederra aurkituko nuela lainoaren bestaldean. En pin… amestea debalde izaten denez, ba atzoko Gasteizerako bidea horretan eman nuela.