Joan da urtebete; oso-osorik joan ere. 365 egun, bere ordu, minutu, segundo eta urtaro guztiekin. Urtebete, beste behin ere, lanpostuz aldatu nuela bete dira justu gaur, irailaren 2an. Urte biren ondotik atzera ere egunero etxean lo egiten ahalbidetu zidan lanpostuan hasi nintzen gaur urtebete: 2019ko irailaren 2an ekin nion Euskadi Irratian, Bilboko egoitzan. Harrezkero, tokatu zaiguna ikusita, lekutan geratu dira orduko nire kezkak! Nork esango zidan, zigun, 2019ko irailaren 2ko hartan, 2020ak ekarri diguna?
Hala ere, ikasturte berri honetan ere badaukat iaz bezala hasiera berri guztiek eragiten dituzten ezinegonak. Izan ere, egiteko berrian hasi dut 20-21 ikasturtea: albistegiak lagata, programetako lan-taldera gehituta. Aurrerantzean, Olaia Urtiagak gidatzen duen Baipasa irratsaioko lan-taldean arituko naiz, Bilbotik. Eta hau azpimarratzekoa iruditzen zait ze, lankide guztiak Donostian izango ditut eta Bilbon bakarrik egongo naiz. Tira, Euskadi Irratiak Bilboko delegazioan dituen lankideekin batera egongo naiz, jakina; baina, esateko, irratsaio horren Bilboko ordezkari neu ibiliko naiz, eta horrek ere badauka bere zera aldekoa eta kontrakoa. Baina horrek baino gehiago arduratzen nau, ordea, lankide berriekin konpontzen asmatzeak, izaera desberdinez eta erritmo anitzez osatutako lantaldean lekua aurkitzeak. Ze, zer gara, ez bada talde zaleak? Gure lekua topatu nahia bihurtu dugu gure bizitzako leit motive. Diogu ez zaigula axola besteek gugandik zer dioten, edo nola ikusten gaituzten. Baina, susmoa dut, postureo hutsa dela hori. Axola zaigu kidetzat onartuak izatea eta, nolabait, komunitateko partaide garela jakitea.
Kanpoan bakardade gehiegi dagoelako, hotz egiten duelako.
Albistegiko lankide bati entzun nion atzo 91 urteko gizonezko batek bere buruaz beste egin zuela, labainkada batez; adinekoen egoitza batean gertatu da. Atentzioa eman dit bere bizitzarekin amaitzeko erabakiak baino gehiago moduak. Baina, bere esku zuena erabili du gizonak. Bakarrik zegoen; sufritzen; emaztea galduta; bizi-pozik gabe.
Ohartu beharko gara komunitatea zaintzea, kide sentiaraztea, zaintzea dela gure esku badagoena. Zer bestela?
Ikasturte hasiera on guztioi! Jakinda ere, ez dakigula zer izango den datorkiguna eta orain artekoak ikusita, edozer izan daiteke. Oraindik ez da 2020 amaitu, baina atzera ere hasi beharra daukagu!