2 urte, 4 hilabete (eta egun bat)

Lander Garrok zuzendutako film-dokumentalaren harira, Puntua, 2020-09-11

Jakinda ere utopia bat zela, Conchita Salinasek 2 urte, 4 hilabete film dokumentalean esaten duen moduan, derrigorrezko soldadutzaren kontra egin zen borroka “borroka antimilitarista zen, bakearen aldekoa, armagintzaren kontrakoa, gerren aurkakoa”.

Ez zen, hainbatek esaten zuten bezala, soldadutzatik libratzeagatik; ez behintzat Antzuolako Intsumiso Taldean. Inplikatu egin ginen, Kakitzat mugimenduan parte hatu genuen, bileretara joaten ginen, manifestazioetara, herriko jaietako kamisetak egin ziren, pegatinak atera, txosna jarri jaietan. Eta epaiketetara joan. Guztiak ez ziren joaten eta atxilotu ere egin zituzten kideetako batzuk eta polizia-etxean gaua pasarazi zieten; eta aurretik espetxean hilabete batzuk egin zituenik ere egon zen, intsumisioagatik kondenatua espetxe zigorra betetzen. Alkatea ere kargua betetzeko gaitasunik gabe laga zuen epaile batek, soldadutzara joan behar ziren gazteak erreklutatzeari uko egiteagatik.

Horrekin guztiarekin gogoratu naiz Lander Garroren lana ikusten. Ez zelako bakarrik soldadutza egitea tokatzen zitzaien mutilen mugimendua izan; intsumisio mugimenduaren arrakasta komunitatearena izan zen.

Egia da gure belaunaldia inplikatu zenerako, bide luzea egina zuela intsumisoen mugimenduak, baita Antzuolan ere. Baina gure belaunaldiko mutilei tokatu zitzaienean buru-belarri ekin genion: soldadutzari ez!

Gogoratzen zarete udaletxean asteburuko baraualdia egin genuenekoa? Zenbat jende elkartu zen plazara atera ginenean? Taldea izan baitzen Antzuolako Intsumisoena; talde-lana, elkartasuna, kontzientzia hartzea.

Orduko une eta emozio asko gogorarazi dizkit dokumentalak. Egin kontu, Antzuolako intsumisoen abokatu Gorkarekin gogoratu naiz. Gure amak ez zuen ezagutu, baina haren telefono dei asko erantzun zituen, epaiketa-egunak noiz izango ziren esateko deitzen baitzuen.

Tamalez, derrigorrezko soldadutza bertan behera laga orduko amaitu zen intsumisoen mugimendua gurean ere. Ez genuen jakin mugimendu antimilitaristari eusten, ez genuen asmatu horretan. Baina, iraun zuen bitartean sekulako elkartasun olatuak hartu zuen herria eta hori, behintzat, ez daukat ahazteko.

Aukera baduzue, zoazte zinemara dokumentala ikustera; gainera, #kulturaseguruada.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude