Gazteak antolatutako #Imagin jaialdira joan ginen zapatuan. Ez da ohikoa izaten emakumeak abeslari dituzten hiru musika talde batera ikusteko aukera izatea eta horrek ere erakarri ninduen.
Rural Zombies taldearekin hasi zen jaialdia. Zestoarren despedidakoa izan zen, gainera. Taldea desegitea erabaki dute, musika-taldeak merezi duen kalitatea bermatzeko zailtasunak dituztelako, jarduera profesionalari ere eutsi behar diotelako. Alegia, beste behin ere: rock & rollak ez du dirurik emanen. Euren webgunean azaltzen dute dena.
Kontua da, baina, Juliak zeraman elastikoari begira egon ginela hainbeste denbora, ohartu ginen arte: Cicatriz taldeak kaleratu zuen lehenego diskoaren, #Inadaptados (1986), azaleko irudia! Aho bete hortz geratu ginen. Hainbeste ze, zaharrunoen komentarioa ere egin genuen: bera jaio baino dezente lehenagokoa da, baina! Bo, ez dakit zenbat urte dituen, baina hala behar du.
Gure artean pentsatu genuen elastikoak bazuela istorio bat. Seguru ginen horrekin. Gainera, Julia Urreagari ematen zion halako itxura arduragabea, punka ez nuke esango, baina feminitate mainstrean horretatik zeharo aldentzen dena, eta Rural Zombiesen doinu erari lotua ere ez nuke esango –halakorik balego, behinik behin. Baina, gustatu zitzaidan adierazmen hori.
Izaro Andresek hartu zuen eskenatokia jarraian. Hura ere soiltasunez jantzita, bere ahotsari leku guztia ematen. Besoak suabe airean mugitzen zituen eta gerria dantzan ere jarri zuen tarteka, baina modu delikatuan, sentsualean nahi bada, baina txorrada barik. “Gora borroka feminista!” oihukatu zuen. Argiago, ezin.
Baina, duda barik niretzako sorpresa Cristina Lizarraga izan zen, Belako talde mungiarraren abeslari eta tekla-jotzailea. Lehenago ere ikusi izan dut, baina gehienetan teklatua jotzen abesten zuen; beraz, ezin askorik mugitu. Baina, a ze indarra! Eskote handiko soineko estu, arroxa bizi-bizi bat aldean zuela! Teklaturik ez oraingoan, beraz, dantzara eman zen hasieratik. “Emakumeak aurrera etorri”, esaten hasi zen Lore Nekane Billelabeitia baxu-jotzailea ondoan zuela; hura ere soinekoa jantzita, setazko kamisoia zirudiena. Baina soinekoek transmititu zezaketena di-da desagertu zen emakume bien indarrarekin. Hortik aurrerakoa iraultza feminista!
Alegia, holako pentsamendua izan nuela jaialdi amaieran, Julia (Rural Zombies), Izaro (Izaro Andres) eta Cris eta Lore Nekane (Belako) ikusi ondoren: ze emakume indartsuak eta ze estilo-itxura desberdina, baina, aldi berean, honda berean: izaera, pertsonalitatea eta emakumetasuna aldarrikatzea, konplexurik gabe, txorrada barik. Cicatrizek abesten zuen bezala #inadaptados kantan: “somos punkis mutantes, inadaptados, automarginados, seres en un mundo de retrasados”.
Oharra: era berean adierazgarria jaialdira hurbildu zen jende kopurua txikia.