Ez da gure manifestazioen modukoa

Ez da gure manifestazioak bezalakoa. Tira, euskal herritar karneta emango balute parte hartutako manifestazio kopuruagatik, ni karnet bakoa nintzateke. #daitort, ez naiz manifetan aditua, baina gutxi batzuetan bai egon naiz. Horregatik, ostiralean, klimaren aldeko Bilboko manifestazioa hasteko zain nintzela, burutazio horixe izan nuen: hura ez zela gureak bezalakoa. Bai, La Casillan manifa hasteko zain eman izan dugu denbora behin baino gehiagotan, baina manifestazio hori “kontrolpean” zutela dudan ipini barik inongo momentutan. Aldiz, Guggenheimeko zabalgunean manifa bat hasteko zain egoteak, hasteko eta behin, deslekuan nengoela sentiarazi zidan. Hara batu ziren gazteen adinak ere zer pentsatua eman zidan, eta zer esanik ez, hara gehitu ziren ekologista beteranoak (hainbeste jende ingurumenaren aldeko protesta batera elkartuko zirenik inoiz!) zain bezala ikusteak. Ze, horixe zen itxura: mundu guztia zain zen han, baina inork gutxik zekien norantz aterako zen manifestazioa, ez zein izango zen manifestazio burua, ezta pankarta ze ordezkarik eramango zuten ere.

Eta, gauzak horrela, 19:00etan deituta zegoen deialdira, gutxika-gutxika hasi zen jendea hurbiltzen eta 19:30 aldera, gunea jendez lepo zela, Bilboko atrakzio turistiko ezagunenaren eskaileretan gora, normal eran igotzerik ez dagoen Frank Gehryren eskaileretan gora, hasi zen jendea, Puppyren ondotik pasatu eta Moiuarantz abiatzeko. Arratsaldeko 8etatik gertu abiatu ziren azkeneko manifestariak. Eta, irratira bueltatu nintzenean, horixe esan nion lankideari: a ze desantolakuntza; ez da gure manifestazioak modukoa.

Baina, agian, horregatik funtzionatu zuen barikukoak. Mugimendu sozial desantolatuak beharbada jende gehiago erakartzea lortzen du, herri honetan ohituegi baikaude fagozitatzen diren mugimenduetara. Eta, esango nuke, B planetarik ez dagoela oihukatzen duten gazteek abiarazi dutenari ez diogula oraindik neurria hartu.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude