Erretiroa hartu du gure amak. Bere 65. urtebetetzean eskuratu du erretretarako eskubidea; ofiziala, alegia. Domekan ospakizun bikoitza izan genuen, eta zein pozik zegoen! Baina are ilusio handiagoa egin zion aitaren opariak: gitarra! Ez edozelakoa, gainera! “Gitarra española” zioen amak; horixe jotzen jakin nahi izan duela betidanik eta orain, astia izango duela horretan hasteko!
Harrezkero bueltaka nabilkio bizitza-asmoei. Egunerokoak garamatza denboran aurrera, eta burua altxatu artean ez gara ohartzen zenbat buelta oso eman dituen erlojuak. Geroko, atzoko, udako oporretarako, hurrengo urterako… Zenbat holako esamolde bete gabeko asmo bakoitzaren atzetik?
Gure amak 70eko hamarkadan ama izateko etxetik kanpoko lana, bulego-lana, laga zuen beste hainbat emakumek bezala. Anaia eta biok hazita, berriro ekin zion etxetik kanpo lan egiteari: garbitzaile aritu zen urte luzez. Zer diren gauzak: bulego-lanean jarraitzeko aukera galdu zuen umeak hazteagatik; eta gero, gure ikasketak ordaintzen laguntzeko, atzera ekin zion etxetik kanpo lan egiteari, enpresa bateko garbitzaile gisa, orduan. Afaltzeko orduan iritsi zen etxera urte luzez, eta beti lantegi bera garbitzen ibili bazen ere, hainbat enpresak azpikontraturik aritu zen behar horretan, harik eta “errentagarri” izateari utzi zion arte.
Orain, azkenean bai, beretzako denbora hartuko du gure amak. Eta asko pozten nau horrek, baina, era berean, lotsa ere eragiten dit orain arte horretarako astirik ez duela izan ohartu izanak.
Bejondeizula, ama! Gozatu erretiroa, eta ea noiz izaten dugun hainbesteko ilusio egin dizun gitarra entzuteko aukera!